Planak,besteak beste, hiru proiektu biltzen ditu Lezorentzat: Altamirako igogailu berriaren oinezkoentzako bidea, gazteentzako gizarte alokairuko etxebizitzak eta plataforma logistiko intermodalaren proiektua.
Azken honen baitan, Udalak garapen industrialari bultzada emateko eta Lezoko industriagunea handitzeko plataforma logistikoan eskuragarri egon litezkeen lurren azterketa egiteko eskatu du.
Eusko Legebiltzarrak hiru zonalde degradatuenen -Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea- garapen sozioekonomikoa gauzatzeko plan bat egiteko eskaera egin zien erakundeei. Legebiltzarraren eskaerari jarraiki, lehen pauso modura Talka Plana sortu da. Idatzi honek 18 neurri zehatz ditu: 11 orokor eta gainerakoak zonaldi bakoitzari lotuak. Eta beraz, horietatik 4 dagozkio Oarsoaldeari. Talka Plan honen baitan Lezok 230.000 euro jasoko ditu herriko irisgarritasuna hobetzeko.
Beraz, plan honen baitan, alde batetik, Altamirako igogailu berriaren oinezkoentzako bidea eraikiko da, eta era berean, gazteentzako zuzkidurako etxebizitzak ere eraiki eta plataforma logistiko intermodal berriari buruzko proiektua egingo da. Proiektu horiek helburu dute Altamirako auzoaren irisgarritasuna hobetzea, Lezoko gazteen emantzipazioa erraztea eta udalerriaren ekonomia sustatzea.
Altamirako igogailu berriaren pasabidea
Altamira auzoko irisgarritasuna hobetzeko ekintzen artean, Lezoko Udalak herriko lehen igogailua eraikitzeari ekin dio herritarren mugikortasun eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Lan horiek, beraz, lezoar guztien eta bereziki Altamirako bizilagunen beharrei eta eskariei erantzuten diete.
Horregatik, auzoaren irisgarritasuna hobetuko da jada eraikitzen ari diren igogailu baten bitartez, eta honi loturik, pasabide bat eraikiko da igogailua lotzeko igerileku eta auzoarekin.
Gazteentzako zuzkidurako etxebizitzak
Gazteentzako zuzkidurako 50 etxebizitza eraikiko dira Aralar kalean. Lezoko Udalak etxebizitzak eraikitzeko zorua Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du eta Jaurlaritzak eraikiko ditu aipatu etxebizitzak. Bere ardura izango da, baita ere, horien kudeaketa. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzen gehienezko alokatzea 5 urtekoa izango da, egoera berdinean dauden gazteek ere aukera honetaz baliatu daitezen.
Plataforma logistiko intermodalaren proiektua
Proiektuaren helburua da Portuaren jarduna sustatzea korridore Atlantikoa zeharkatzen duten edukiontzirik gabeko merkantziadun itsasontziak erakartzeko estrategia baten bitartez. Baita, plataforma logistiko intermodal berriari esker, inguruko industria garapenari behin-betiko bultzada ematea ere. Izan ere, honek, portura sarbide zuzena izango du eta tren, kamioi eta itsasontzien artean merkantziak batetik bestera pasatzeko aukera izango da. Eta horrek, Gipuzkoako industria sarearen lehiakortasuna areagotzea ekarriko du. Lezoko intermodalak urtean 4 tona inguru merkantzia mugituko dituela aurreikusten da.
Hori dela eta, proiektuaren baitan Lezoko garapen industrialari bultzada emateko eta industriagunea handitzeko plataforma logistiko honen baitan eskuragarri egon litezkeen espazioen inguruko azterketa egitea eskatu du Udalak.
Aipatu bezala, proiektu horiek Talka Planaren parte dira eta epe laburrerako neurri zehatzak dira. Epe ertain eta luzerako neurriak zehazteko, hiru zonalde degradatuen garapen sozioekonomikorako plan bat landuko da, neurri gehiagorekin eta aurrekontu handiagoarekin, hiru zonaldeen egoeraren analisi sakona egin ondoren.