Eskaintza hau nagusiki ikasle helduei zuzendua dago eta interesa duten pertsonek urriaren 14tik 25era bitartean eman beharko dute izena
Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolak eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko epea urriak 14, astelehena, zabalduko da eta urriaren 25 arte izango dute, interesdunek, ikastaro horietan matrikulatzeko aukera. Matrikulazioa Musika Eskolan bertan egin beharko da, 16:30etatik 20:00etara.
Ikastaro eskaintza hau nagusiki ikasle helduei zuzendua dago (13 urtetik gorako pertsonei, alegia). Dena den, badira zenbait salbuespen eta kasu horietan, ikasle gazteek ere izena eman ahal izango dute.
Musika eskolak jarraian azaldutako musika tresnen inguruko ikastaroak eskainiko ditu: trikitixa, pianoa, klarinetea, saxofoia, txistua, flauta, perkusioa, biolina, biola, biolontxeloa, akordeoia, tronpeta, gitarra, baxu elektrikoa, bateria, atabala, Darbuka*, tronboia*, tuba* eta bonbardinoa*. Bestalde, bertakoak diren musika tresnen inguruko ikastaroak ere eskainiko dira: txalaparta*, panderoa*, alboka* eta dultzaina*. (* ikurra dutenak haur eta helduentzako ikastaroak dira)
Era berean, bestelako ikastaroak ere antolatu dira: Musika Hezkuntza helduentzat (+75), Musikoterapia, behar bereziak dituzten haurrekin; Musika Hezkuntza Goiztiarra (1-3 urte bitarteko haurrekin), musika elektronikoa, Ganbara Musika eta errepertorioa edota talde instrumentalak: konboak, folk, rock, elektronikoa…
Informazio gehiago eskuratzeko 943 52 99 99 telefonora deitu daiteke edota tgarbizume@lezo.net helbide elektronikora mezua bidali.