2003.eko Apirilaren 11ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko apirilaren 11an, 19:35 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Iñaki Labaka Loperena (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martinez (Batasuna) Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE).

Ez dira bilkurara etorri: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA), Gurutze Sein Cordero (EA), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), azken bi hauek etorri ezin izanaren berri aurrez eman dutelarik

Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

1.- Musika Eskolako tasak eta hobariak onartzeko proposamena, 2003/2004 ikasturterako.

Kontu eta Hazienda Batzordeak gaia diktaminatu ez duenez, 2003ko apirilaren 10eko bilkura, quorum faltaz, ez baitzen egin, Alkateak Udalbatzari proposatzen dio ondorengo akordio hau hartzea:

ERABAKI PROPOSAMENA

BAT.-"Tomas Garbizu" Lezoko Udalaren Musika Eskolako 2003/2004 ikasturteko tasak eta hobariak aldatzea.

BI.- Aplikatuko diren tarifak hauek dira

HIRU.- Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula:

Alkateak dio proposatu den igoera %4koa dela eta ez azken urteetan izandako %10arena. Igoera haiek eskolaren gastuak hiru herenetan banatzearen aldeko apustua zuten (udala, Jaurlaritza, erabiltzaileak) eta hartutako erabakiek bere fruituak ematen ari dela dio. Dena den kexatu da Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoaren faltagatik, urtez urte erabakitzen duelako bere laguntza.

Mikel Mitxelenak dio proposamena Eskolako Gida Batzordeak onartutakoa dela.

Proposamena diktaminatu gabe dagoenez lehenik haren urgentzia bozkatu da. Urgentziaren alde zortzi zinegotzi azaldu dira (alkatea, Batasunekoak eta EAJkoa) eta aurka bat (PSEkoa).

Urgentzia onarturik proposamena bera bozkatu da. Alde zazpi boto izan dira, alkatearena eta Batasuneko gainontzeko zinegotziena eta bi abstentzio, EAJko eta PSEko zinegotzienak.

Beraz, proposamenak behar zuen gehiengoaren aldeko botoarekin hasierako onarpena eman zaio.

2.- "Correos y Telégrafos" erakundeari Guillermo de Lazon, 1-3 lokalaren erabilera lagatzeko proposamena,

Alkateak aurkeztutako proposamenak honela dio:

" Lezoko udalerrian posta bulegoa behar dela ikusi da.

CORREOS Y TELEGRAFOS enpresa-erakunde publikoak, bere inbertsio planen barruan, ez du aurreikusi posta bulegorik jartzea Lezon.

Hala ere, badago posta bulegoa jartzeko erakunde horrekin hitzarmena sinatzerik, beti ere Udalak lokala lagatzen badio bulegoa jartzeko, gutxienez hamabost urtez.

Horregatik, Hazienda Batzordeari udalaren osoko bilkurari ondorengo erabakiak hartzeko proposamena egin dezala eskatzen diot.

ERABAKI PROPOSAMENA

BAT.- "Posta eta Telegrafo" enpresa-erakunde publikoari, Guillermo de Lazon, 1 eta 3 zenbakian dagoen lokala dohain lagako zaio.

BI.- Lokala 15 urterako lagako zaio baina Udalbatzarraren erabakiz eta legez egin behar diren tramiteak egin ondoren, kontratua berriztatu ahal izango da; lagapen aldia "Posta eta Telegrafo" enpresa-erakunde publikoak lokala benetan hartzen duen egunean hasiko da.

HIRU.- Egokitze gastuak, ura, argia, garbiketa-lanak, mantenua, e.a., "Posta eta Telegrafo" enpresa-erakunde publikoaren pentzutan izango dira, lokala hartzen duen egunetik aurrera; noiz hartuko duen, erakunde bien artean erabakiko dute.

LAU.- Lagapenak ez dio "Posta eta Telegrafo" enpresa-erakunde publikoari gainbaliorik ekarriko ez eta zerga gehigarririk sortarazi, irabazteko asmorik ez dagoelako eta helburua gizarteari eta jendeari zerbitzatzea delako.

BOST.- Laga den ondasuna ezarri den epearen barruan zehaztutako erabilerako bideratzen ez bada, edota laga denerako jarduera kendu bada, orduan lokala eskubide osoz Lezoko udalaren esku geratuko da.

SEI.- Alkatea den Aitor Sarasola Salaberria jauna, erabaki hau betetzeko beharrezkoak diren dokumentuak sina ditzan ahalmentzea."

Batzarkidei hitza eman aurretik zuzenketa batzuk egiten dizkio proposamenari. Hirugarren erabaki proposamena argiago utzi asmoz hau esan behar du "Egokitze gastuak eta ura, argia, garbiketa-lanak, ...". Laugarren erabaki proposamenean zergen inguruan honako hau gehitzea proposatu du alkateak: ... ez eta zerga gehigarririk sortarazi (ez obra, ez irekiera ezta jarduera baimenen gaineko tasarik).

Imanol Esnaolak proposamenaren balorazio politikoa egiten du. Herriari zerbitzua ematea ekarriko diolako egiten dela nahiz eta ezin ahaztu nahi Correos Estatu espainoleko monopolioa dela eta horren ordez euskal posta zerbitzu publikoa aldarrikatu behar dela eta ea burujabetzarekin aukera hori lortzen den.

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez lehenik proposamena tratatzeko urgentzia bozkatu behar da. Urgentzia ahobatez onartu da.

Proposamena, alkateak egindako zuzenketekin, ahobatez onartu da.

3.- Diktamena, beheko solairuen erabilera aldaketa arautzen duen ordenantzaren behin betiko onarpena.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Hirigintza Batzordearen 2003-03-31ko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Lezoko Udalak 2003ko urtarrilaren 17an egindako udalbatzan Behe Solairuen erabilera aldaketa arautzen duen Ordenantzari haserako onarpena eman zion.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2003ko otsailaren 19an, 33., alean. Informazio publikoan egon den epean ez da alegaziorik aurkeztu. Haatik epez kanpo aurkeztu da alegazio idatzi bat, hain zuzen ere Xabier Esnaolak aurkeztua.

Bestalde Lezoko Udalak haserako onarpena jaso zuen testua moldatu egin du indarrean sartu berri diren araudiak jasotakoarekin bat etor dadin aipatu ordenantza. Nolanahi ere ordenantzaren haserako egitura eta funtsak bere horretan darrai, beraz egindako aldaketak ez dute inondik ere ordenantza eraldatzen.

Raimundo Mendiburu Arkitektoak egindako txotena kontuan izanik

7/1985 Toki Erregimenaren Oinarriak arautzen dituen Legearen 49 artikuluak esandakoa aintzat hartuz.

Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoa alde dela eta Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Xabier Esnaolak egindako alegazioa errefusatzea

BI: Behe Solairuetako erabilera aldaketa arautzen duen ordenantza behin betikoz onartzea.

HIRU: Ordenantza honen testua bere osotasunean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea".

Diktamena ahobatez onartu da.

4.- Diktamena, S.3 Sektoreko lursail baten azalera eskubidearen esleipena eta lagapena onartzea.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Hirigintza Batzordearen 2003-03-31ko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Lezoko Udalak S-3 sektorea sortu berri du, lurzoru ez urbanizagarriaren sailkapena zuen lur eremu bat lurzoru urbanizagarri bilakatzearen ondorioz, derrigorrezkoa den Planeamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa prozesua aurrera emanda. Arau aldaketa honi Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman dio 2003ko urtarrilaren 28an.

S-3 sektorearen zehaztapenak garatzeko gainera, Plan Partzial bat izapidetu du. Dokumentu honi ere Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman dio 2003ko apirilaren 1an.

Sailkapen honen aldaketaren helburua babes ofizialeko etxeak egitea da, hain zuzen ere 56 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusten da arestian aipaturiko Arau Subsidiarioen aldaketan eta S-3 sektoreari dagokion Plan Partzialean. Era berean Eguneko Egoitza, tutoretzako 7 etxebizitza lagundu eta Lezoko Udalaren Ongizate Sailaren bulegoak egitea ere aurreikusten da aipatu Plan Partzialean.

S-3 sektorea osatzen duen lurzorua udal jabegokoa denez, udal lurzoru ondare publikotzat hartu behar dugu, bete behar duen helburua kontuan izaten badugu 20/1998 Lurzoru Ondare Publikoen Legea aintzat hartuz.

S-3 sektorearen baitan 4.200 metro karratuko azalera duen "A" Lursailean kokatzen dira planak onarturiko egoitza aprobetxamenduak eta gainerako eraikuntzak (garajeak eta ongizateari loturiko azpiegiturak). Beraz lursail honetan eraiki behar dira planak aurreikusten dituen 56 etxebizitza babestuak, garajeak, Eguneko Egoitza, tutoretzako 7 etxebizitza lagundu eta Lezoko Udalaren Ongizate Sailaren bulegoak.

Lezoko Udalak egokiago irizten dio "A" lursailaren kokatuko diren etxebizitza eta eranskinen jabetza osoa besterentzea baino hauen azalera eskubidea besterentzea, horrela ondare publikoa berriro ere bere osotasunean 75 urte ondoren udalaren jabetzara itzuliko baita.

Bestalde Eguneko Egoitza, tutoretzako 7 etxebizitza lagundu eta Ongizate Sailaren bulegoak Lezoko Udalarentzat izango dira prezio jakin baten truke. 56 etxebizitza babestuetara loturik ez dauden garajeen azalera eskubidea ere besterenduko da.

Aipatu eraikuntza guzti hauek Raimundo Mendiburu Abad Arkitektoak egindako exekuzio proiektuan jasotzen eta aurreikusten dira.

20/1998 Lurzoru Ondare Publikoen Legeko 8 eta 9 artikuluak, Toki Entitateetako Ondare Erregelamenduaren 112 eta ondorengo artikuluak, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Testu Bateratuaren 73 eta ondorengo artikuluak, 1976ko Lurzoru Legearen Testu Bateratuaren 171 eta ondorengo artikuluak eta 1992ko Lurzoru Legearen Testu Bateratuaren 287 artikuluak eta ondorengoak jasotakoa kontuan izanik.

Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoa alde dela eta Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Raimundo Mendiburu Abad Arkitektoak S-3 sektorerako egindako exekuzio proiektua onartzea

BI: Udal Jabegokoa den eta S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" Lursailaren azalera eskubidea esleitzea eta lagatzea lehiaketa publikoaren bitartez.

HIRU: S-3 sektoreko "A" Lursailaren azalera eskubidea esleipena eta lagapena arautzen duen baldintza plegua onartzea.

LAU: Kontratazio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialena argitaratzea".

Idazkariak argitu du baldintza orriaren 11. oinarrian aipatzen den kopurua BEZ barne dela.

Alkateak azaldu ditu asmoaren nondik norakoak. Hiru helburu orokor omen ditu : babes ofizialeko etxebizitzak egin, Ongizateko alorrean eta plan gerontologikoan esandako azpiegitura lortu eta auzoak beharrezko dituen garajeak egin.

Alkateak dio etxebizitzak lezoarrentzat izango direla, laster onartuko direla zein baldintzak bete beharko dituzten erosleak eta Udalak emango diola enpresa eraikitzaileari onuradunen zerrenda. Azpimarratu du etxebizitzak 75 urtetarako utziko direla.

Pello Garbizuk dio proposamenaren inguruan aurrez adierazitako sakoneko argudioak ez dituela errepikatuko. Bai ordea diktamenaren data gaizki dagoela, ezin baita martxoaren 31ean sinatu apirilaren 1ean onartutako diktamena. Baita ere kexatzen da plegua erdara hutsean dagoela euskararen udal ordenantzaren 7. artikuluak dioenaren aurka.

Alkateak onartzen du euskararen akatsa. Iturriak erdaratik datozenean eta itzulpen eta sortze erritmoak parekoak ez direlako sortutakoa omen da. Euskara erabilera normalizatze ahaleginetan Hirigintza departamentua aurrera pauso nabarmenak ematen ari omen da eta ildo horretan arduradunaren plazarako egitear dagoen izendapenak ere laguntzea espero duela.

Mikel Antxon Arrizabalagaren iritziz lotsagarria da dokumentazioa modu horretan aurkeztea: zinegotziei igortzen zaiena euskara hutsean, plegua erdaraz bakarrik eta gero kartelak eta bi hizkuntzetan. Ba omen dirudi zinegotzien lana zailtzeko egiten dela.

Gaiari buruz dio ez dela edozer gauza babes ofizialeko etxebizitzak egitea, baina bere taldea abstenitu egingo dela batez ere ez zaielako iruditzen leku aproposa denik. Altamiran eraikitakoen aurka ere arrazoi berdinagatik egon omen ziren.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio jakin behar dela etxebizitzak eskuratzeko zein baldintza eskatuko zaizkien lezoarrei.

Bere ustetan espedientean proposamenaren estudio ekonomikoa falta da, operazioaren eta azaldutako kantitateen biabilidadea justifikatuko lukeena. Bere ustetan koste handiko urbanizazioak daude, proiektu eta zuzendaritza ordainsariak oso altuak dira. Gai honetan kritikatzen du inongo lehiaketarik gabe " a dedo" emandako kontratua dela proiektua egitearena eta obra zuzendaritzarena.

Alkateak dio urbanizazio proiektua 90 miloi pezeta ingurukoa dela, ez dela hain exajeratua. Jendaurrean egongo den 15 egunetan ikusiko omen enpresak interesatuak dauden edo ez. Proposamenaren azken onuraduna udala eta herria omen dira. Etxebizitzak eskuratzeko baldintzak plenora ekarriko omen ditu. Lekuaren egokitasunari buruz Lezon ez omen dago gaur egun no eraiki.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio azken aitzaki hori gobernu taldearen erruagatik dela, ez baitu beste lurrik klasifikatu ez baitu udal hirigintza plana landu eta mahai gainean jarri.

Gai honen inguruan eztabaida luzatu egin da alkatea eta Imanol Esnaolaren ustez korporazioak behar izan diren arau aldaketa eta lur klasifikazio egin ditu eta oposizioak ez du leku proposamen bakar bat ere egiten. Mikel Antxonen ustez planifikazio gabezia da arazoa.

Alkateak dio etxebizitzak egitearena gestioaren ondorioa dela. 1997/2001 epealdian eta biztanleen araberako Elkarte Autonomoko estatistikan babes ofizialeko etxebizitza gehien eraiki duen herria da Lezo: 1.000 biztanleko 30 egin baitira. Hurrengo herrian 1.000 biztanleko 11 eraiki omen dira. Lezon gutxi eta beste herrietan baino gehiago. Gestioa kritikatu omen daiteke baina zenbakiak hor daudela dio alkateak. Ezin omen dira egin 14.000/16.000 pezeta /m² erosiz babes ofizialeko etxebizitzarik. Planik ezak ez omen du ezer oztopatu Lezon egin behar izan diren aldaketak egin direlako. Ordainsariei buruz dio elkargo profesionalak onartutako tarifak baino merkeagoa direla pleguan jasotakoak.

Mikel Antxon Arrizabalagak gogoratu dio tarifak libre negoziatu daitezkeela profesional hauekin.

Mikel Mitxelenak dio inportanteena obra kontrolatzea dela eta ez Altamiran Eusko Jaurlaritzak egindako desastrea. Honi Mikel Antxon Arrizabalagak dio ordaintzeak ez duela esan nahi lanak ondo egingo direnik.

Beste parte hartzerik gabe diktamena bozkatu da. Aldeko zazpi botorekin (Alkatea eta Batasunako zinegotziak) eta bi abstentziorekin (PSEko Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin eta EAJko Pello Garbizu Azkue zinegotzienak) diktamena onartu da.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.542.etik 310.548.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna