2003.eko Maiatzaren 22ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko maiatzaren 22an, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

Ez dira bertan izan Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), Gurutze Sein Cordero (EA) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Egoki irudituz gero, 2003ko martxoaren 14an, apirilaren 11an, apirilaren 29an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an egindako bilkuretako akten onartzea.

Martxoaren 14koa, apirilaren 11koa eta Maiatzaren 14koa aldaketarik gabe onartu eta sinatu egin dira.

Apirilaren 30koan, zuzenketa bat egitea onartu da: erdaraz idatzitako aktan, bileran izan ziren zinegotzien zerrenda egiten denean Gurutze Sein zinegotziaren izenak ez du agertu behar, ez baitzen bilerara etorri.

2.- Kontu ematea: Epaitegi Gorenak Batasuna taldea ezabatzeko emandako agindua; Alkatearen 181. Dekretua, udal aurrekontuan kredituak bideratzeko.

Batasuna taldearen desegiteari buruz Eusko Jaurlaritzatik bidali duten Epaitegi Gorenaren erabakiaren berri ematen da. Alkateak dio, erabakia udal autonomiaren kontrakoa dela eta, udal hau Batasuna talde politikoaren disoluzioaren aurka azaldu zenean esan zuen bezala, demokraziaren aurkako erabakia.

Pello Garbizuren hitzetan, martxa geldiezina da Estatuak hartu duena.

Imanol Esnaolaren esanetan, eredu turkoa da azken 5 urteetakoa. Eraso gehiago etorriko omen dira. Reflexioa hiru elementutan oinarritzeko eskatu du: bat, estatua gerra kondizioak sortzen ari da eta ez dago inor hori defendatzeko, ez mundu ez Euskal Herri mailan, ezta Eusko Jaurlaritza bera ere. Bi, legalitate paraleloa sortzen ari gara: lehen ikastoletan, kulturan, e.a. egin bezala, tristeak izanik alderdi autonomistek lortu dituzten eta saldu dituzten aukerak. Hirugarren elementua, Espainiaren kolaboratzaile diren administrazioak.

181. dekretuaren kontu eman da.

3.-2003-01-01eko egunean Udal Biztanle Erroldak dituen zenbakiak onartzea.

2003ko urtarrilaren 1ean Lezoren errolda datuak eman dira eta onartu dira. Hauek dira:

2002/01/01

GIZONEZKOAK

EMAKUMEZKOAK

GUZTIRA

2.960

2.964

5.924

2003/01/01

BAJAK

100

78

178

ALTAK

130

129

259

2003/01/01

GIZONEZKOAK

EMAKUMEZKOAK

GUZTIRA

2.990

3.015

6.005

4.-Proposamena, Aurrekontuaren Aldaketa, apartekoak eta osagarriak (1/2003).

Alkateak erabaki proposamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz:

" Kreditu aldaketaren espedientea bideratzen ari delarik, Aparteko Kredituen eta Kreditu Osagarrien modalitatean, 2003-05-14 datako 180. dekretuaren bidez hasitakoa, eta Kontu eta Ogasun Batzordean 2003-05-19 datan aztertu ondoren, quorum faltaz diktaminatu ezin izan zenez, Alkateak Udalbatzari proposatzen dio ondorengo akordio hau hartzea:

BAT: Udal honetako aurtengo ekitaldiko Aurrekontuan eragina duen Aparteko Kredituren modalitateko Kreditu Aldaketaren espedientea onartzea, aurkeztutako proposamenaren arabera eta partidaka segidan laburbiltzen den bezala:

BI: Hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea, erreklamaziorik egongo balitz egin ahal izateko. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, akordio hau behin betikotzat joko da, eta txosten honekin Aurrekontu Orokorrak onesteko ezarritako izapide berberak jarraituko dira."

Pello Garbizuk Hazienda Batzordean egin zuen galdera bera egin du, ea nondik ateratzen diren gastu zenbaki horiek. Dokumentu pila eman omen zioten baina ez omen da argi jasotzen zein den egindako gastua, ez kiroldegi eta igerilekuaren kasuan ezta "Izartu" kasuan.

Alkateak dio Izarturen kasuan badela koadro bat non erakunde bakoitzak urtez urte ipini beharrekoa zehazten den. Kiroldegi eta igerilekuaren kasurako proiektuak jaso ez zituen hobekuntza obrak finantzatzeko omen dira, eta gastuak onartzen direnean argiago geratuko omen da.

Gaia diktaminatu gabe dagoenez, lehenik proposamenaren urjentzia bozkatu da. Urjentziaren alde zazpi boto izan dira, alkatea eta Batasunako sei zinegotziena eta hiru abstentzio, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Behin urjentzia onartuta, proposamena bera bozkatu eta onartu da., aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasunako sei zinegotzienak), aurkako bat (EAko zinegotziarena) eta bi abstentzio (EAJ eta PSEko zinegotzienak)

5.-Etxez-etxeko zerbitzuaren prezioak arautzen dituen ordenantza onartzea.

Ima Muñozek, gizarte gaietarako zinegotzi delegatuak, aurkeztu du gaia. Lezoko udalean ez omen dago ezer araututa eta batik bat errenta baxukoei kopuru handiak kobratzen omen zitzaizkien. Hori zuzentzera dator eskualde mailan eta Diputazioaren aholkuarekin aurkezten den ordenantza hau.

Honela dio proposamenak:

" Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileak egin behar duen ekarpena arautzea.

Udal zerbitzu horren erabiltzaileak egiten duen ekarpena arautzeko eskualdeko udaletako teknikariek landu duten txostena ikusirik eta maiatzaren zazpiko ongizate batzorde bileran araudi proposamena aztertu ondoren.

ERABAKIA:

BAT: Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak egin behar duen ekarpena arautzen duen proposamenari haserako onarpena ematea.

BI: Jende aurrean jartzea hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdun orok alegazioak aurkezteko aukera izan dezan."

Pello Garbizuk dio ordenantzaren testua ez dela batere argia eta zalantzaz betetako terminoak dituela. Horregatik beste errepaso bat beharrezkoa dela dio.

Ima Muñozek gogoratu du testua eskualdeko teknikariek prestatutakoa dela, gaur egungo egoerarako baliagarria, eta praktikak eta erabilerak zehaztuko dituela egin beharreko aldaketak.

Alkateak dio, hutsuneak hutsune, batzordean tratatutako testua dela. Gogoratu du hasierako onarpena dela eta jendaurreko epea erabil daitekeela egin beharreko zuzenketak egiteko.

Gaia diktaminatu gabe dagoenez, lehendabizi proposamenaren urjentzia bozkatu da. Urjentziaren alde zazpi boto izan dira, alkatea eta Batasunako sei zinegotzienak, eta hiru abstentzio, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Behin urjentzia onartu ondoren, proposamena bera bozkatu da. Proposamena onartzearen alde zazpi boto izan dira (alkatea eta Batasunako zinegotzienak) eta hiru abstentzio (EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak). Ondorioz, proposamena onartu egin da.

6.-S-3 Sektorean egingo diren Babes Ofizialeko etxebizitzen esleipena arautzen duen baldintza plegua onartzea.

Hirigintza Batzordean alkateak aipatu zuen gai hau etxebizitzak egiteko azalera eskubidea esleitzeko egingo den osoko bilkura arte atzeratuko zuela, baina, ohartu gabe gaurko gai-zerrendan sartua zegoela. Horregatik gaur mahai gainean ustearen aldeko proposamena egin du.

Aho batez onartu da mahai gainean uzteko proposamena.

Pello Garbizuk dio badirela zenbait kuestio zuzendu beharrekoak, adibidez, etxebizitza hutsik geratzen bada Eusko Jaurlaritzarentzat dela.

Alkateak dio, gaur mahai gainean uzteak baldintzei egin beharreko zuzenketak egiteko denbora gehiago izatea ere suposatuko duela.

7.-Arau Subsidiarioen Errebisiorako aurrerapen dokumentuaren onarpena.

Alkateak aurkeztu dio osoko bilkurari udal planeamendu orokorraren errebisiorako abantze dokumentua.

Legealdiko lanaren ondorio bezala aurkeztu du dokumentua, irizpideak lantzen bai Elhuyarrekin bai Ikertalderekin egindako partehartze zabal baten ondorioa; proposamen zehatz eta abiapuntu sendo bezala aurkeztu du dokumentua.

Gogoratu du legealdi honetan 1998an udalak onartutako Hirigintza Diagnostikoari jarraitu zaiola, hirigintza batzordea testigu delarik lehenik diagnostikoak erakutsitako unean uneko arau aldaketak burutuz (Donibane kalea, S-3, Kaxko Zaharreko zenbait unitate,...); Kaxko Zaharra eraberritzeko plana martxan jarriz; lurralde antolaketan ere aurrerapenak emanez, zenbait ikerketa sakon eginaz, ingurune fisikoarenari buruzkoa edo N-1 eta Gaintxurizketa inguruan alternatiba ikerketak eginaz aldundiak aurkeztutakoei; Herriondo ingurua babesteko plana; lur industriala gehitzeko arau aldaketak, Salvarena kasu; ekipamenduak lortzeko aurrera pausoak, 3. adinekoentzat proposamen zehatzak landuz.

Gogoratu du irizpideak lantzen egin den lana: Elhuyarren aholkularitza teknikoarekin herritarren parte hartzearekin landutako proposamena, Ikertalde enpresarekin azken hilabeteetan egiten ari dena, ...

Hori guzti hori, diagnostikoak zehaztutakoak, hirigintza batzordeak landutakoak eta irizpideak zehazten herri partaidetzakoak, proposamen-dokumentu ireki bezala aurkezten den Aurrerapen Dokumentu honetan jaso omen da.

Dokumentu irekia omen da, lau hilabetez, udal hauteskunde eta udara tarteko, jendaurrean jartzea proposatzen dena.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio lau urte egon direla honen zain. Legealdiko azken plenoa ez dela momentu egokia horren aurkezpenerako. Abantze dokumentu izateko oso dokumentu zehatza dela, zehatzegia. Nahikoa denborarik ez omen du izan aztertzeko, astelehenean aurkeztu baitzen eta zalantza ugari sortzen omen zaizkio industria, etxebizitza, e.a.etarako egiten diren proposamenekin.

Alkateak dio helburua ez dela orain eztabaidatzea. Orain jendaurreko ekarpenak sustatzeko denbora dela. Dokumentua zehatza izateak, proposamen konkretuak egiteak, lagundu egingo omen dio herritarrari bere ekarpenak ere zehazten. Hurrengo dokumentuak erraztu egingo omen ditu, abiapuntu sendoa eta landua delako aurkezten den hau. Donostialdeko PTP ere planteatua dagoenez, momentu egokia omen da Lezok ere bere dokumentua ateratzeko, orain arteko denbora ondo aprobetxatu delarik.

Alkateak dio, bi egunetan, ekainaren 10ean eta 12an, dokumentuaren aurkezpen publikoak egingo direla eta horietara gonbidatuak daudela zinegotzi eta herritar guztiak.

Abantze dokumentua onartzea eta jendaurrera lau hilabetez ateratzeko alkatearen proposamena aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasunako sei zinegotziena) eta hiru abstentziorekin (EAJ, EA eta PSE zinegotzienak) onartu da.

8.-Herriondoko Plan Berezia eteteagatik Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean tarteraturiko helegitearen berri ematea eta berrestea, 179 dekretua.

Alkateak, Aldundiko Diputatu Kontseiluak Herriondo Plan Bereziaren behin betiko erabakia etenda utziz hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa berrestea eskatu dio osoko bilkurari.

Osoko bilkurak berretsi egin du alkateak errekurtsoa aurkeztuz emandako 179. dekretua, aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasunako sei zinegotzi) eta hiru abstentzio (EAJ,EA eta PSEko zinegotziena).

9.-Beheko solairuen erabilpenari dagokionez Arau Subsidiarioen aldaketaren behin behineko onarpena.

Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena hau da:

" Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3 eta 5 poligonoak zein S.2 sektoreari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentuari behin behineko onarpena.

Lezoko Udalak 2003ko martxoaren 14an osoko bilkuran Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3, 5 eta 30 poligonoak zein S.1 eta S.2 sektoreei dagokion Arau Subsidiarioen aldaketaren aurrerapen dokumentua onartu zuen.

Akordio honen iragarkia 65 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 4an, prentsa idatzian ere argitara eman zen aipatu akordioa.

Haserako onarpenarako dokumentu hau hilabete batez informazio publikoan egon da Udaletxeko Hirigintza Sailean. Epe horretan dokumentu honen inguruan ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu.

1976 Lurzoru Legearen Testu Bateratuko 40., artikuluak eta ondorengoetan esaten denari jarraiki.

ERABAKIA:

BAT: Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3 eta 5 poligonoak zein S.2 sektoreari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketa jasotzen duen dokumentuari behin behineko onarpena ematea.

BI: Espediente osoa diligentziaturik Gipuzkoako Foru Aldundira Igortzea Arau Subsidiarioen aldaketa honi behin behineko onarpena eman diezaion."

Alkateak dio jendaurreko epean ez dela inongo alegaziorik izan.

Diktamena onartu egin da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, Batasuna, EAJ eta PSEko zinegotziak) eta abstentzio bat ( EAko zinegotziarena).

10.-103 poligonoko solairuartekoei dagokien Arau Subsidiarioen aldaketaren haserako onarpena.

Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena hau da:

"Arau Subsidiarioetako 103 Industri poligonoko zehaztapenen aldaketa jasotzen duen dokumentuari haserako onarpena:

Lezoko Udalak 2002ko martxoaren 10an Alkatetza Dekretuaren bitartez Arau Subsidiariotako 103 Industri Poligonoan aldaketaren irizpide eta zehaztapenak jasotzen zituen aurrerapen dokumentua onartu zuen.

Akordio honen iragarkia 59 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen matxoaren 27an, prentsa idatzian ere argitara eman zen aipatu akordioa.

Aurrerapen dokumentu hau hilabete batez informazio publikoan egon da Udaletxeko Hirigintza Sailean. Epe horretan dokumentu honen inguruan ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu.

1976 Lurzoru Legearen Testu Bateratuko 40., artikuluak eta ondorengoetan esaten denari jarraiki.

ERABAKIA:

BAT: Arau Subsidiarioetako 103 Industri Poligonoko zehaztapenen aldaketa jasotzen duen dokumentuari haserako onarpena ematea.

BI: Jendaurrean jartzea hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdun orok alegazioak aurkezteko aukera izan dezan."

Alkateak dio, proposamen honekin gutxiegi erabilita dauden espazio batzuk erabili ahalko direla, industriarako metro karratu gehiago lortuz, lur berri gehiago okupatu beharrik gabe.

Diktamena onartu egin da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, Batasuna, EAJ eta PSEko zinegotziak) eta abstentzio bat ( EAko zinegotziarena).

11.- Andreseneko Tolarietako zehaztapen azterlanaren behin betiko onarpena.

Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena hau da:

"Zehaztapen Azterlana: UAD. 8 Andreseneko Tolarieta, Behin Betiko onarpena:

Lezoko Udalak 2003ko apirilaren 10eko 139 Alkatetza Dekretuaren bidez, UAD.8 Andreseneko Tolarieta Exekuzio Unitatearen Zehaztapen Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2003ko apirilaren 30ean, 80 zenbakidun alean. Prentsa idatzian ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 15 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Arkitektoaren txostena kontuan izanik:

Erabaki Proposamena:

BAT: UAD. 8 Andreseneko Tolarieta Exekuzio Unitateko Zehaztapen Azterlanari Behin Betiko onarpena ematea arkitektoaren txostenean azaltzen diren baldintzak kontuan izanda."

Diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasunako beste sei zinegotziak) eta hiru abstentziorekin (EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak).

12.- S-3ko Plan Partzialaren dokumentua onartzea behin betiko erabakiak eskatu bezala.

Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena hau da:

" Lezoko S-3 Alorreko Planari egindako zuzenketak onartzea:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2003ko apirilaren 1eko batzarraldian S-3 Alorreko Planari behin betiko onarpena ematea erabaki zuen.

Aipatu onarpena ematearekin batera, hilabeteko epea eman zion Lezoko Udalari erabaki horretan adierazten ziren akatsak zuzenduko zituen dokumentazioa aurkez zezan Foru Aldundian, Udal Batzarrak onartu ondoren.

Lezoko S-3 Alorreko Plan zuzendua ikusi ondoren

ERABAKIA:

BAT: Lezoko S-3 Alorreko Planari egindako zuzenketak onartzea

BI: Lezoko S-3 Alorreko Plan zuzendua Gipuzkoako Foru Aldundira Igortzea."

Diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasunako beste sei zinegotziak) eta hiru abstentziorekin (EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak).

13.-Errenteria eta Lezoko Udalerrien arteko mugalerroa zehazteko aktaren onarpena.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Honela dio proposamenak:

" Errenteria eta Lezoko udalerrien arteko mugalerroa zehazteko egindako eragiketaren elkarren arteko aktaren onarpena:

2002ko maiatzaren 10ean eta ekainaren 21ean egindako batzarretan udalaren Osoko Bilkurak Errenteria eta Lezoko udalen arteko mugak zehazteko espedientea hasi eta eginkizun horretan arituko zen batzordea izendatu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu du lan horietan eta lan horien emaitza bezala maiatzaren 5ean bi herrien arteko mugalerroa zehazteko egindako eragiketaren elkarren arteko akta sinatu zuten udalerrietako bi batzordeek.

Gipuzkoako udalerrien mugaketa arautzen dituen martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauaren 22,1 artikuluaren arabera "mugaketaren akta, agiri osagarri guztiak berarekin dituela, mugaketak ukitutako udalen batzarrera eramango da hilabeteko epean, batzarrak onar dezan." TOALaren 47,2, c) artikuluaren arabera onarpenak batzarkideen 2/3en aldeko botoa behar du.

Guzti honengatik, Alkatetza honek Osoko Bilkurari darama ondorengo

ERABAKI PROPOSAMENA

BAT: Onartzea Errenteria eta Lezoko udalerrien arteko mugalerroa zehazteko egindako eragiketaren elkarren arteko akta, 2002ko maiatzaren 5ean bi herrietako batzordeak sinatutakoa.

BI: Erabakia Errenteriako udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaritza Departamentuari jakinaraztea."

Alkateak dio proposamenak gaurko errealitatea eta etorkizuneko garapena hartzen dituela kontutan: Errenteriak Olibeteko eremua eta Papresakoak argitzen omen ditu eta Lezok herriko sarrera eta Larrañaga inguru hori. Hitz egina omen dago eta jasoa ere bai Errenteriako Plan Orokor berrian Larrañagako eraikin eskubideak Campsako eremuan kokatuko direla. Hori Lezori ondo datorkio. Udalen helburu orokorrak eta bigarren mailako beste batzuk, Alkoleraren eraikinarena kasu, lortzen omen dira proposatutakoarekin. Dena den, esan du, badela ados ez dagoen batzorde kide bat, aktan jasotzen den Lezoko zinegotzia den Mikel Mitxelenaren desadostasuna.

Mikel Mitxelenak hartu du hitza eta proposamena mahai gainean uztea eskatu du. Gogoratu du Lezoko udalak 1995eko apirilaren 5ean hartutako erabakiz, Errenteriako udalari baimena eman ziola Lezoko lursailetan (Olibet eta trenbide ingurukoetan) OTA jartzeko. Orduan jarritako baldintza ez omen du oraindik bete Errenteriak, hau da, nahi zuten lezoarrek baimendutako toki horietan aparkatzeko txartela eskuratu ahal izatea, Lezoko lurrak baitziren 100 aparkaleku inguru dauden lur horiek. Legealdi honen hasieran berriro tratatu omen zuen gai hau Errenteriako Golmaio zinegotziarekin: inongo eragozpenik ez omen zion jarri eta tren geltokiaren aurrean Errenteriak rotonda bat egingo zuela aipatu omen zion. Mugen batzordea bildu aurretik Golmaiorekin bilera egin omen zuen berriz, udaltzain buruarekin batera, eskatuz komeni zela aparkalekuen gaia behin betikoz erabakitzea. Bilerari buruz Lezotik bidalitako faxa irakurri du Mitxelenak. Ez omen du inongo erantzunik jaso Errenteriako Udalaren partetik.

Mikel Mitxelenaren iritziz ikaragarria da, Errenteriako udalaren portaera ikusi eta gero, proposatzen den mugaketa hau onartzea. Errenteriako udalaren jarrera prepotenteak bultzatzen omen du jarrera hori hartzera, ez baitio erantzun behin eta berriz Lezok egindako eskaerari. Bestalde geltoki eta Alkolera inguruan zehaztu diren mugekin ere ez dago ados, Lezoko lurra izan behar duelako geltokirainokoa eta egingo den rotondaren erdiraino, eta ez proposatzen den bezala gaur egun dagoen semaforo artekoa, Lezori geltokirainoko irteera moztuz.

Pello Garbizuk dio bere iritziz helburu nagusiak beteak daudela eta OTArena konpontzea zaila ikusten duela.

Mahai gainean lagatzearen proposamena da lehenik bozkatu behar dena eta hura onartzeak izango lituzkeen ondorioez aritu dira bilkuran direnak. Erabakirik ez hartzeak ez duela esan nahi proposatutako mugaketarekin adostasunik eza dagoenik eta araudiek aurreikusitako epeak ez zirela beteko, udal hauteskundeak direla medio, hurrengo osoko bilkura eratu arte ezingo baita erabaki hau hartu, bere onarpenak gehiengo berezia behar baitu.

Bileran diren zinegotzi guztien adostasunarekin gaia mahai gainean uztea erabaki da.

Alkateak hurrengo korporazioari honako hau esan nahi dio: Errenteriako udalak erantzun egin beharko dituela Lezok egindako eskaerak; erantzuna baloratu egin beharko duela; bere ustetan muga batzordeek beraien egin beharra modu txukunean bete dutela, helburua ez zelako zein ziren benetako mugak baizik eta gaur eguneko arazoak eta hirigintza garapenak ekar ditzakeenak konpontzea (Olibet, Larrañaga, Lezoko sarrera, ...); gainontzeko helburuak bigarren mailakoak direla; eta, azkenik, proposatutakoarekin Lezok irabazi egiten duela.

14.- Antxilastegiko Agroaldearen esleipena.

Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena hau da:

"Antxilastegiko Agroaldea Esleitzea:

Lezoko Udalak 2003ko martxoaren 14 egindako osoko bilkuran Antxilastegin udal lursail bat Agroaldea bezala kudeatzeko proiektua eta baldintza plegua onartu zituen.

Lizitazioaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2003ko apirilaren 14an, 71 zenbakidun alean.

Proposamenak aurkezteko epean, bakarra aurkeztu da, Behemendi Mendi Nekazaritza elkartearena hain zuzen ere.

2003ko apirilaren 6an kontratazio mahaiak egindako bilkuran aipatu lursaila Behemendi Mendi Nekazaritza elkarteari esleitzea proposatu zuen.

Proposamena:

BAT: Antxilastegin udal lursail bat Agroaldea bezala kudeatzeko esleipena Behemendi Mendi Nekazaritza elkartearen alde egitea.

BI: Akordio hau jaso eta hurrengo egunetik hasita 30 eguneko epean Behemendi Mendi Nekazaritza elkarteak kontratua izenpetu beharko du Lezoko Udalarekin, horretarako esandako epea baino lehen baldintza pleguko 16., atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Udal honetara.

HIRU: Behemendi Mendi Nekazaritza elkarteak Antxilastegin udal lursail bat Agroaldea bezala kudeatzeko egin duen eskaintza ekonomikoa urtero eguneratuko da Erkidego Autonomoan indarrean dagoen K.P.I. kontuan izanik."

Aldeko bederatzi botorekin (alkatea, Batasunako zinegotziak, EAJ eta PSE) eta abstentzio batekin (EAko zinegotziarena) diktamena onartu egin da.

15.- Galde eskeak.

Ez da ezer ere galdetu.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:50 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.570.etik 310.581.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna