2003.eko Otsailaren 27ekoa

Lezon, 2003ko otsailaren 27an, goizeko 10:15 orduetan hasi du Gobernu Batzordeak BILKURA EZOHIKO PREMIAZKOA Alkatetza Gelan Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta Mikel Mitxelena Iza eta Inmaculada Muñoz Martinez zinegotziak bertan direlarik.

Idazkari gisa Xabier Loiola Aristi aritu da.

DEILDIAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA

Alkateak bileraren premiazkotasunaren arrazoiak eman ditu: Lezoko Udaleko Langile Funtzionarioen Ordezkaria den Imanol Ugaldek, atzo erregistratu baitu udalean bulego orokorretako langileen asanbladak enpresak proposatutako lan-egutegiari uko egitearen erabakia eta martxoaren 3tik hasita egin bide den bi ordu greba adierazpena. Guzti horregatik batzarkideak gonbidatu ditu ondorengo aztergaia izango duen bilera egitera:

1.- 2003ko Udal bulegoetako lan ordutegiaren onarpena.

2.- Udal gainontzeko zerbitzuetako 2003ko lan egutegien onarpena.

Gobernu Batzordea kide guztiak ados daude bilera egitearekin. Behin deialdiaren premiazkotasuna berretsita, batzordea aztergaiarekin hasi da.

1.- 2003ko Udal bulegoetako lan ordutegiaren onarpena.

Alkateak dio urtarrilaren 22an ordezkari sindikalari 2003ko lan egutegi proposamena igorri ziola. Bertan astean arratsalde bat eta hiru orduz udal bulegoak irekita izateko proposamena egiten zen. Ordezkaritza sindikalari egindako proposamenean jasotzen ziren haren arrazoiak. Udal Gestio Taldean ere egun berean banatu eta azaldu zitzaien departamentu arduradunei proposamen bera.

Inongo erantzunik ez zen jaso. Horrela, otsailaren erdialdera bigarren proposamena luzatu zitzaion langileen ordezkariari. Proposamena berria zen, zehatzagoa: arratsaldeko saioa bi ordukoa eta astelehenetan egitea jasotzen zuen; baita, abuztuak 1, abenduaren 24 eta 31 egunetan bulegoak itxita izatea proposatzen zen.

Atzo jaso da idatzizko erantzuna: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan Lezoko udaleko langile funtzionarioen ordezkariak astean bi orduko greba adierazpena erregistratu izanaren agiria aurkeztu baitu udal erregistroan langileen ordezkariak. Idatzian diotenez, greba enpresak proposaturiko lan-egutegiarekin adostasunik ez dagoelako egingo da.

Guztia hau kontuan izanik urtarrilaren 22an pasatako proposamena onartzea proposatu du alkateak.

Hau da martxoaren 1etik aurrera udal bulegoetan indarrean jarri nahi den lan egutegi eta ordutegia:

LAN EGUTEGIA:

  • Astelehenetan, goizez eta arratsaldez (2003. Urtean, 33 arratsalde).
  • Asteartetik ostiralera, goizez.
  • Uztaila eta abuztua, goizez bakarrik.

LAN ORDUTEGIA:

  • Goizez: 6h. Astelehenetik ostiralera.
  • Arratsaldetan: 3 ordu. Astelehenez.

SARRERA-IRTEERA MALGUTASUNA:

  • Sarrera ordua: 7:30-8:00.
  • Irteera ordua: 13:30-14:30.

JENDAURREKO ORDUTEGIA:

  • Goizez: 8:00-13:30.
  • Astelehen arratsaldetan: 16:00-19:00.

OPOR EGUNAK:

  • 26 opor egun.
  • Opor egun horietatik, lau astelehen hartu daitezke arratsaldez lan egin beharrekoak. Oporretarako arratsaldez lan egin beharreko lau astelehen baina gehiago hartzen badira arratsaldean sartu beharreko 3 orduak errekuperatu egin beharko dira.

ZUBIAK:

- Bat bakarra: Abuztuaren 1a.

Proposamena ahobatez onartu dute batzordekideek. Horren berri langileen ordezkariari emango zaio eta ohiz egiten den bezala, udal departamentu buruei, bakoitza bere departamentuetan jakinarazi dezan. Sarrera/irteera erlojuaren ondoko oholean ere jarriko da erabaki hau.

Alkateak langile eta langileen ordezkariei deia egiten die konflikto honen konponketarako behar diren elkarrizketa guneak osatzeko.

2.- Udal gainontzeko zerbitzuetako 2003ko lan egutegien onarpena.

Alkateak proposatuta ahobatez onartu dituzte ondorengo lan egutegiak: etxez-etxeko laguntzaileena, brigadako langileena, euskara eta kultura dinamizatzailearena, udaltzain buruarena, musika eskolako administrari laguntzailearena, liburuzainarena eta kiroletako zuzendariarena.

Aktaren bukaera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 10:45 orduetan eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 309.805.etik 309.808.era zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

Eguna