2013ko urriaren 3a, ezohikoa eta presazkoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2013ko urriaren 3an, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ezohikoa eta Presazkoa egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Angel Portugal Formoso, Luis Garrido Corral eta Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldea).

Ez dira bileran egon Mikel Arruti Salaberria, Eneko Lartige Zabaleku, Garazi Kuesta Unzain, Naroa Tubilla Ziganda (BILDU udal taldea) Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldea), eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1. Deialdiaren urgentzia berrestea.

Alkateak, deialdiaren urgentziaren arrazoiak azaldu ditu.

Udalbatzak aho batez, onartu du deialdiaren premia.


2. EH BILDUK aurkeztutako mozioa, HERRIRA plataformako atxilotuei buruzkoa.
Alkateak, mozioa onartzea proposatzen du. Honela dio mozioak:
“Pasa den astelehenean, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazio poliziala burutu eta hamazortzi euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak. Iraganeko gertakariak ziruditenak errepikatu ziren tamalez gure herrietako kaleetan.
Egoera berri bat ireki da Euskal Herrian bereziki ETA erakundeak behin betiko su etena iragarri zuenetik. Aitzitik, PPren gobernuak hasieratik uko egin dio errealitate berri honi eta gatazka behin betikoz konpontzeko dagoen aukerari muzin egin dio.
Are gehiago, gatazka armatuaren baitan sortutako estatu estrategia eta baliabide guztiak bere horretan diraute. Euskal presoen eskubideak ez errespetatzeaz gain, gure herrian oinarrizko askatasun demokratikoak oraindik orain ez dira aintzat hartzen. Egoera horien baitan kokatu behar da hain zuzen Herriraren aurka Auzitegi Nazionalak burututako operazioa.
Euskal presoen euskal herriratzearen eta euren eskubideen aldeko gehiengo sozial, sindikal eta politikoa dago gure herrian eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako jarreratik abiatuta, Herriraren eta atxilotutako hamazortzi kide horien lana, aipatu gehiengo sozial horri begirako ekimenak eta elkarguneak eskaintzea zen. Hau da, giza eskubide guztien errespetuan oinarrituz, gehiengo baten aldarrikapenaren alde egitea.
Burututako operazio polizial honek hain zuzen lan hori oztopatzea du helburu, gehiengo sozial, sindikal eta politiko horren aldarrikapena kaleetatik ateratzea, ezkutatzea. Giza eskubideen aldarrikapena dena kriminalizatzea. Eta unea ere ez da kasualitatea, hain zuzen ere Estrasburgoko Epaitegiak betirako kartzelaratzea ezartzen duen doktrinaren epaia publiko egitera doanean. Konponbide prozesu batek guztion ekarpenak eskatzen dituenean, PPren gobernuak, iraganeko errezetekin erasotzen du egoera berria; konponbidearen aukerari kalte izugarria eraginez.
Guzti horrengatik udal honek ondoko ebazpenak onartu nahi ditu:
1.- Lezoko Udalak Herriraren kontra burutu den operazio poliziala eta atxiloketak herri hone gehiengoari eta konponbide prozesuari egiten zaizkion eraso gisa ulertzen dituela azaldu nahi du.
2.Lezoko Udalak Herriraren kriminalizioa helburu izan dezaketen ekimenak bertan behera utzi eta atxilotutakoen berehalako askatasuna eskatzen du.
3. Lezoko Udalak euskal presoen euskal herriratzea eta bere eskubide guztien aldarrikapena bere egiten du, giza eskubide guztien errespetuaren alde dagoen bezalaxe. Norabide horretan larunbat honetarako deituta dagoen manifestazio nazionalarekin bat egiten dugu.
4.- Presoen eskubideen errespetuaz gain, gatazka politiko eta armatuaren parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei prozesuari etengabeko ekarpena egin eta jarrera eraikitzearen bitartez laguntzea eskatu nahi diogu.”
Mozioa, aho batez onartzen da aldeko 5 botoekin.


Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:40ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 930183tik 930184ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna