- 1. Deialdiaren urgentzia berrestea.
- 2. BILDU eta EAJ udal taldeak Elorrioko udalak Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruko adierazpen instituzionalarekin bat egiteko aurkeztutako mozioa (2014ALO50009)
Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2014ko otsailaren 13a, osteguna, goizeko 11:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA ETA PREMIAZKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Eneko Lartige Zabaleku, Angel Portugal Formoso, Luis Garrido Corral, Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldea), Kepa Garbizu Azkue eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldea)
Ez dira bileran egon: Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Garazi Kuesta Unzain, Naroa Tubilla Ziganda (BILDU udal taldea), Xubero Ubillos Apaolaza (EAJ-PNV udal taldea) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.
1. Deialdiaren urgentzia berrestea.
Alkateak, deialdiaren urgentziaren arrazoiak azaldu ditu. Gertaera larri baten aurrean Bilduk eta EAJk adostutako adierazpena lehenbailehen onartu nahi dela.
Udalbatzak aho batez onartu du deialdiaren premia.
2. BILDU eta EAJ udal taldeak Elorrioko udalak Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruko adierazpen instituzionalarekin bat egiteko aurkeztutako mozioa (2014ALO50009)
Honela dio, Elorrioko udaleko adierazpen instituzionalak:
“Elorrion, 2014ko otsailaren 6an.- Arkaitz Bellon Blanco Elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean.
Heriotza honen aurrean, Elorrioko Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz. Horregatik, Elorrioko Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin, konfiantzazko medikuak autopsian parte hartzea, alegia.
Elorrioko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen dauz, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen dau:
Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian.
Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
Elorrioko udalak heriotz honen inguruabarrak argitzeko prozesuari jarraipena egiteko konpromisoa hartzen dau eta jakinen ganeko informazioa familiagaz alkarbanatzeko.
Adierazpen hau honako erakunde hauetara bidaltzea proposatzen da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra”
Mozioa, aho batez onartu da, aldeko 8 botoekin (6 BILDU udal taldekoak eta 2 EAJ-PNV udal taldekoak)
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak goizeko 11:10ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1106079tik 1106080ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.