Euskararen aldeko apustuan, hizkuntza ikasteko eta bultzatzeko eskaintzen dituen diru-laguntzekin batera, Lezoko Udalak 100%ean ordaintzen ditu aisialdirako begirale edo zuzendari ikastaroak.
Udalaren helburua da Lezo euskararen arnasgune izaten jarraitzea eta horretarako lanean jarraituko du, orain arte bezala, euskararen sustapena bultzatuz eta hizkuntza ikasteko erraztasunak eskainiz.
Lezoko Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Euskara Sailak hizkuntzaren ezagutza eta hobekuntza sustatzeko helburuarekin eskaintzen dituen diru-laguntzen artean aisialdira bideratzen duen laguntza lerroa balioan jarri eta ezagutarazteko. Prentsaurrekoan izan dira Jesus Mari Martiarena alkatea, Ion Pombar kultura eta euskara zinegotzia eta Joxe Mari Iraola, euskara teknikaria.
Izan ere, hizkuntza mailan, Lezoko Udalak apustu irmoa egiten du euskararen alde eta helburu du esparru guztietan euskara babesten, bultzatzen eta sustatzen jarraitzea, Lezo euskararen arnasgune izaten jarraitzeko.
Bide horretan, urtero Udalak hizkuntza ikasteko eta bultzatzeko eskaintzen dituen diru-laguntzen harira (euskara ikasteko matrikularen %100arekin laguntzen du) gaurkoan aisialdiarekin loturikoak jarri ditu mahai gainean; hain zuzen, aisialdirako begirale edo zuzendari ikastaroei zuzendurikoak.
Horri lotuta, Ion Pombar zinegotziak azaldu du aisialdian ere euskararen erabilera bultzatzen eta sustatzen jarraitzeko, Lezoko Udalak 100%ean diruz lagunduko dituela begirale edo zuzendari izateko egiten diren ikastaroak. “Aisialdiari dagokionean, Udaletik aurrera eramaten diren ekintzetan, euskaraz hitz egitea bermatu eta bultzatu nahi dugu eta horretarako begirale euskaldunak behar izaten ditugu, beraz bidezkoa eta egokia iruditzen zaigu interesa dutenei Udaletik formazio hori lortzeko erraztasunak eskaintzea”, adierazi du.
Zinegotziak azaldu du duela bost urte inguru jarri zela martxan diru-laguntza lerro hau eta garrantzitsutzat jo du herritarrei ezagutaraztea, ikastaro mota hori egiteko interesa duen lezoar oro animatuz. “Asko eta askotarikoak dira Udalak esparru desberdinetan eskaintzen dituen diru-laguntzak eta sarritan, herritarrek ez dakite edo ez dituzte ondo ezagutzen bakoitzari dagozkionak. Horregatik uste dut garrantzitsua dela noizbehinka horiek ezagutaraztea, horri esker agian, zalantzak dituen norbaiti behar duen azken bultzada hori ematen laguntzen baitiogu”, adierazi du Pombarrek.
Gauzak horrela, aisialdi begirale edo zuzendari ikastaroaren matrikularen 100%a jasotzeko, ezinbestekoa izango da ondorengo baldintzak betetzea:
- Lezon erroldatuta egotea, gutxienez azken urtea.
- Zorretan ez egotea Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
- Ikastaroa euskaraz egitea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
- Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua ateratzea.
Baldintza horiek betez gero, behin ikastaroaren alderdi teorikoa amaitu dela ziurtatzean, Udalak matrikularen 100%a ordainduko dio eskatzaileari.
Amaitzeko, Pombarrek euskararekiko Udalaren konpromiso eta apustu irmoa berretsi du: “Udalaren helburua da Lezo euskararen arnasgune izaten jarraitzea eta, horretarako, etengabe lanean jarraituko dugu, orain arte bezala, euskararen sustapena bultzatuz eta hizkuntza babestu eta ikasteko erraztasunak eskainiz”, amaitu du.