2004.eko Ekainaren 2ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2004ko ekainaren 2an, 8:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Ocerin Ibañez (EA taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Isabel Lopez Aulestia (IU-EB taldea) eta Maria Luz Anglada Gonzalez (PP taldea)

Ez da bilkurara etorri Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Egoki irudituz gero, apirilaren 28ko osoko bilkurako akta onartzea.

Erdaraz idatzitako aktan, lehenengo orrian, bilerara azaldu diren zinegotzien zerrendan etorri ez zen Aitor Ocerin Ibañez zinegotziaren izena kendu behar da. Aldaketa horrekin akta onartu eta sinatu egin da.

2.- Diktamena: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetarako Sailaren Elkarlan-Hitzarmena onartzeko, Urban Egitarauaren barruan zenbait ekintza finantzatzearren.

Alkateak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak aurkeztu diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“ Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2004ko maiatzaren 19an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE-EE) eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Urban Egitarauaren barruan zenbait ekintza finantzatzeko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako Sailarekin Elkarlan-Hitzarmena onartzea

BI: Hitzarmen hori izenpetzeko Alkatea ahalmentzea.”

Ahobatez onartu da diktamena.

3.- Diktamena: Pasabideak arautzeko ordenantza aldatzeko.

Alkateak Barne Batzordeak aurkeztu diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“Ibiak arautzeko Ordenantzari 1995eko martxoaren 1ean eman zion Udalbatzak Osoko Bilkuran hasierako onarpena eta, urte bereko uztailaren 5ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, zk. 127.

Bide publikoan aparkatzeko dagoen eskasia-arazoa arintzeko beharrak eraginda sortu da aldaketa-proposamena, behe oinetako lokaletan ibilgailuak sartzeko ibi-baimenak emateko dauden mugak murriztuz.

Ordenantzen gaztelerazko bertsioan, 9.2.b) atalak baldintza gisa ezartzen du, ibilgailuak gordetzeko lokalak “… betiere libre eduki behar duela 5 ibilgailurentzako edo gehiagorentzako espazioa eta gutxienez 100 m² azalera”.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten, eta baina ibilgailuak aparkatzeko espazio-falta hori arinduko luketen, lokaletarako ibi-eskaerak badaude eta, beraz, aipaturiko testua aldatzea proposatzen da.

Bestalde, Ordenantzaren euskarazko bertsioari, araudi-testuetan beharrezkoa den zehaztasun semantikoa falta zaio, legokiokeen terminologia juridikoa baliatzen ez duelako.

Ez dira horiek Ordenantzak bere baitan dauzkan akats bakarrak baina, aldakuntza sakon eta osoagoari ere lehenbailehen ekin beharko zaion arren, horrek atzerarazi egingo liguke gaur egun dauden behar eta eskaerei erantzuna ematea.

Horiek horrela, Kepa Garbizu Azkue, Iñake Urrestarazu Azurmendi, María Luz Anglada González eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinen aldeko botuekin, Pertsonal eta Barne Batzordeak, behean heldu den AKORDIOA diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Aipaturiko 9.2.b) atalaren testua ondorengo beste honekin ordezkatzea: “Betiere libre eduki dezala BI TURIMSO- IBILGAILU EDO GEHIAGORENTZAKO nahikoa espazio, NOLANAHI ERE IBIAK BIDE PUBLIKOAN APARKATZEA ERAGOZTEN DIEN TURISMO-IBILGAILUEN ZENBATEKOA GUTXIAGO IZATEKOTAN.”

BI: Euskaraz testuaren itzulpen eguneratua eta osoa egitea.”

Diktamena ahobatez onartu da.

4.- Diktamena: 2004ko ekitaldirako Ordenantza Fiskalen zenbait aldaketarako.

Ogasun eta Kontuetako zinegotzi delegatuak Ogasun eta Kontuetako Batzordeak maiatzaren 19an onartutako diktamena onartzea eskatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

“ Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2004ko maiatzaren 19an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), Mikel Antxon Arrizabalaga (P.S.E.) eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2004/2005 ekitaldirako Musika Eskolako tasa eta hobarien aldaketa onartzea, espedientean zehazten den bezala.

BI: Establezimenduak irekitzearen eta Lizentzia urbanistikoen gaineko ordenantza fiskalen aldaketak onartzea, espedientearen arabera.

HIRU: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren ordenantza fiskalaren aldaketa onartzea, tarifei buruzko eranskinaren ordez espedientean bateratzen dena bertan jasoz.”

Jende artetik Aitor Sarasolak hartu du hitza eta dio egia dela irekiera eta jarduera tasen ordenantzaren testua aldatzen dela, baina baita ere zerbitzu horien tasak aldatzen direla, horretarako beharrezkoa den kontuhartzaileak egin beharreko txosten ekonomikorik gabe, guzti horrek prozedimenduaren urraketa inportantea izanik. Erdi ezkutuan aurkezten diren tarifa aldaketa hauek udalaren kaltetan direla dio Aitor Sarasolak, baita industria handien mesedetan eta txikien kaltetan. Esate baterako aldaketa honek onura emango omen dio laster baimen hauek eskuratu beharko lituzken guztiok ezagutzen dugun Lezoko enpresa handi bati, gutxiago ordaindu beharko baitu aldaketa honen ondoren. Bere proposamena da ordenantzaren tarifak lehen zeuden bezala uztea.

Diktamena ahobatez onartu da, aldaketari hasierako onarpena emanez eta jende aurreko epea irekiz.

5.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak dio udal langileen hitzarmen kolektiboa dela eta badirela zenbait arazo eta greba daudela deiturik Erkidego Autonomo mailan. Langileen ordezkariak tokian tokiko negoziazio mahaiak irekitzeko eskaera egin omen dute eta gobernu taldearen jarrera Eudeletik defendatzen den erkidegoko mahaia osatzearena omen da. Dena den langileen ordezkariak egindako eskaera erantzun egingo omen da.

Alkateak, informazio gisa izandako zenbait bileren gai zerrenda banatu dizkie zinegotziei: Oarsoaldean maiatzaren 25ean izandako bilerarena, Badia Berrin egindakoarena eta San Markoseko Mankomunitatearena.

Jesus Mari Martiarenak dio Portuko Kontseiluan izandako bileran ez zela Lezon eragina duen ezer.

Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu dio ea zer hitz egin zen gai zerrendan azaltzen den kanpoko kaiaren gaian. Jesus Mari Martiarenak dio ez zela ezer tratatu Errenteriako alkateak bileratik alde egin behar izan zuelako.

Mikel Antxon Arrizabalagak ere galdetu du zertan den errauste plantaren auzia, ea zein diren hautatu diren herriak , nola erabakiko den, e.a.. Alkateak dio protokolo bat sinatua dagoela hautatze metodoa zehazten eta gaiaren jarraipen batzorde bat ere badagoela.

6.- Alderdien Legea indargabetzeari buruzkoa mozioa.

Alkateak EAJ, EA eta EB-IU taldeak aurkeztutako mozioa irakurri du eta bere onarpena eskatu osoko bilkurari. Honela dio mozioak:

“ ALDERDIEN LEGEA INDARGABETZEARI BURUZKO MOZIOA

Joan den martxoaren 14ko hauteskunde orokorrek Estatu osoan eragin duen hauteskunde egoera azken zortzi urtean izan denaren dezente ezberdina da PPren porrota azken batean terrorismo arazoaren erabilera eta manipulazioak eragin baldin badute, PSOEren garaipena elkarrizketa berreskuratzearen aldeko adierazpen itxaropentsuek lagundu dute.

Azkenean Aznar – Rajoy tandemaren porrota ETA hauteskunde arma gisa erabiltze latzaren aurkitzeak eragin badu, José Luis Rodríguez Zapatero jauna La Moncloara sartzea honako aro hau bezala nabarmentzen da: terrorismoaren aurkako beharrezko borroka soil-soilik legezkotasun guztitik at indarkeria burutzen duten siglen aurka izan dadin, eta ez inolako politika egitasmoren aurkakoa.

Aznar jaunaren gobernuek ETA eta Euskal Herriaren arteko, zein gure gizartea normaltzearen oraingo marko juridiko-politikoa demokratikoki gainditzeko mahai gaineratutako egitasmo legitimoen eta ETAren arteko identifikatzea nahi izan bazituzten, hautagai sozialistak bere adierazpenetan argi eta garbi, eta behin eta berriz, erakunde elkarrizketa berreskuratzearen aldeko, eta tirabira estrategia eta etengabeko askatasun murrizketa nagusitu diren aldia gainditzearen aldeko apustu egin du.

Herritar guztiei dagozkien eskubideen murrizte eta tirabira estregia hau larritasun bereziz gauzatu da ezker abertzalearen ohiko siglek hauteskundeetara jo dezaten ekiditeko ad hoc onartutako legegintzan, honek hamar milaka herritarrei eskubide zibil eta politikoak kentzen dizkietelarik.

Beraz, elkarrizketa politiko eta instituzionala bultzatzeko beharrezkoa den baretasun giroa berreskuratzeko, euskal eta espainiar gizartearen gehiengo nabarmenean arbuio sentimenduak eragiten dituzten ETAren ekintzek eta zenbait hamarkadatan zehar terrorismoaren basatikeria eta ankerkeriaren aurka ozenki hitz egiteko gai izan ez direnekiko azaldutako ulertezin etikoek sortutako nahaspilan kendutako eskubide politikoak nahitaez bueltatzea beharrezkoa da.

Guzti honengatik, Lezoko Udal Korporazio honek:

1. Joan den martxoaren 14ko hauteskundeek osatutako Diputatuen Kongresuari begirunez eta hotsandiz erreklamatzen dio, Alderdi Politikoei buruzko 6/2002 Lege Organikoa berehala indargabetzea, herritar guztiei beren interesen zein ideologiaren arabera egokiagoa deritzoten aukera politikoa hartzeko dagozkien eskubideak berrezar daitezen.

2. Edozein agerkunde terroristari beren gaitzespenik kementsuena eta arbuiorik erabatekoena berritzen dizkio, eta atentatuen biktima guztiekin elkartasunean bat egiten du, horien egilea izan dena izan dela, batez ere joan den martxoaren 11n Madrilen gertatutako ekintza lazgarrien biktimekin, hiri horri beren elkartasuna, hurbiltasuna, laguntza eta miresmena erakusten dizkiola, lezoarrok inoiz ahaztuko ez dugun tragediaren aurrean hango herritarrek izan duten portaerarengatik.”

Mikel Antxon Arrizabalagak hartu du hitza. Dio legearen helburua ez dela mozioak dioen bezala “herritar guztiei beren interesen zein ideologiaren arabera egokiagoa deritzoten aukera politikoa hartzeko dagozkien eskubideak “ deuseztea. Babes legea omen da, agian inperfektoa baina egoera are inperfektoari aurre egin nahi diona, haien zuzen Euskal Herrian bizi den biolentzia politiko egoerari. Legearen helburua biolentzia hori ez bakarrik ez kondenatu baizik eta jarrera grabeagoak egiten dituzten partidu edo listak legez kanporatzearena omen da.

Egoera irauten duen bitarterako eta lege egokiagoa aurkitu bitarte PSE alderdia lege hori mantentzearen aldekoa dela dio, babes legea den heinean.

Mozioaren bigarren erabaki proposamenaren ez omen du ondo ulertzen ezin baita aldi berean egon biktimenkin eta alderdi armatuei lagundu baino gehiago egiten duten alderdi politikoak bizitza politikoan parte hartzeko aldarrikapenarekin.

Isabel Lopez Aulestiak dio PSE desmarkatu egin beharko zela PP gobernuan egon den denboran egindakoarengandik eta politika egiteko modu berri bati hasiera eman beharko liokeela. Mozioa legearen aurka eta solidaritatearen aldekoa dela dio. Ez omen dira lege bereziak behar legearen kontrako jarreretatik babesteko.

Mari Luz Angladak dio Partidu Legearen alde dagoela egoera gaur egun dagoen bezala mantentzen den bitartean eta nahiz eta mozioaren bigarren puntuarekin ados egon mozioaren aurka bozkatuko duela.

Jende artetik Iker Salaberriak hartu du hitza eta mozio honen atzean zer dagoen galdetu du. Bere ustetan ez dago koherentziarik gobernu taldeak mozio honetan esaten duena eta Lezoren Alde plataformari eskubideak ukatuz hartutako erabakiekin (ordezkaritza onartzea, informazioa, batzar deialdiak ez bidaltzea, ...). Ez omen du esperantzarik Madrilgo Diputatu Kongresutik etorri daitekeenarekin eta ba omen da garaia udalak berak bere erantzukizunak hartzeko eta mozioarekin koherentziaz jokatzeko. Azken 25 urteetan zinegotzi izandako zenbaitek egindako eskaera gogoratu du Iker Salaberriak, Lezoren Alderen ordezkaritza aintzat hartzeko eskatuz udalari. Eskaera hori estaltzeko aurpegi zuritze bezala ikusten du gaurko mozio hau.

Jende artetik Imanol Esnaolak dio mozioaren testuak ez diola inongo aipamenik egiten Lezori. Eskatu du hurrengorako mozioa Lezon aplikatzea. Salatu du herrian izan diren gertaera gogorren aurrean inongo adierazpenik ez egin izana, nahiz eta udaleko bi zinegotzi auzipetuak eta espetxeratuak izan auzi politikoarengatik. Mikel Antxon Arrizabalagari esan dio bere alderdiarekin ere kezkatzeko ez besteenarekin bakarrik, batik bat zenbait taldekideek GAL goraipatuz esaten dituztenak entzun eta gero, Rodriguez Ibarrak esandakoak gogoratuz.

Mikel Antxon Arrizabalagak ustez benetako gaia zera da, ea demokraziaren joko arauetan onar daiteken biolentzia edota terrorismoa eta galdera horri Batasunaren inguruko jendeak ere erantzun beharko liokeela. Dena den, alderdi politiko batzuen jarrera salatu nahi du. Bere ustez badira mehatxatuen egoera ahazten duten alderdi batzuk. Horrela batzuk mehatxatuak eta besteak ilegalizatuak eta alderdi perfektu horiek egoerari etekina ateratzen. Nahiko jarrera fariseoa edo hipokrita dela dio. Legea hain txarra bada ez betetzeko esan die gobernu taldeko alderdiei, ezin dela kexa eta salaketa egin eta egoeragatik probetxua ateratzea.

Besterik gabe mozioaren bozketa egin da eta onartu egin da, aldeko zortzi botoekin (alkatea eta EAJ, EA eta EB-IU taldeetako zinegotzienak) eta bi aurka (PSE eta PP taldeetako zinegotzienak).

7.- Galde Eskeak.

7.1.- Mari Luz Angladak, azken plenoan Y trazatuari berak aurkeztutako mozioa defendatzerik ez bazuen ere bertan ez zelako, salatu nahi du gai horretan Iker Salaberriak esandakoa, mozioa erdara hutsean aurkeztea errespetu falta zela: euskarari errespetua omen dio, baina ez dakiela eta bere ama hizkuntzan eta ofiziala den hizkuntzan aurkeztu zuela mozioa eta horrela egingo duela alkateak besterik eskatzen ez dion bitartean.

Jendartetik Iker Salaberriak dio esandakoak esatera behartuta sentitu zela euskaldun bezala udaleko jardunerako erdara hutsean dokumentu bat aurkezten duen alderdi politikoak euskarekiko errespetu falta suposatzen duelako.

Jendartetik Imanol Esnaolak gogoratu du 1982 geroztik badela Euskararen Hizkuntza Normalizaziorako Legea, alderdi guztien adostasunarekin onartua eta haren espiritua defendatzea eta aplikatzea alderdi guztien erronka ere badela.

7.2.- Jende artetik Aitor Sarasolak bi galdera egin ditu:

7.2.1.- Zertan den Txingudiko Mankomunitateak egin nahi duen errauskailuaren proiektua jarraipena egiteko otsailaren 5ean eskatutako informazio eta batzorde eraketa.

Alkateak dio informazio biltzen ari direla eta haren araberako erabakiak hartuko direla.

7.2.2.- Zertan den Algeposa inguruko herribidearen auziaren jarraipena egiteko otsailaren 5ean eskatutako informazioa eta batzordea, 2003ko azaroan sei hilabetetan auziari konponbidea emango zitzaiola esan baitzen.

Alkateak dio auzia juridikoki aztertzen ari direla eta behar bada epea luzatu egin beharko dela.

7.3.- Mikel Antxon Arrizabalagak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Zinegotzi Delegatuari Batzordea deitzeko eskatu dio hurrengo gaien inguruko azalpenak bertan emateko: Auñamendiko Babes Ofizialeko etxebizitzetarako onartu eta baztertuen eta izandako erreklamazioen inguruko informazioa; Arau Subsidiarioen idazketa prozesua zertan den; eta 3 Sektorerako Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako exekuzio proiektuaren nondik norakoak, apartamentu tutelatu eta eguneko zentroaren proiektuak barne.

7.4.- Jende artetik Mikel Mitxelenak lau galdera egin ditu:

7.4.1.- Ea noiz tratatuko den berak eta beste zinegotzi ohi batzuk herri plataformen debekua dela eta zenbait herritarren udal ordezkaritzaren arazoa konpontzeko egindako proposamena.

Alkateak dio datarik ezin diola eman baina gaia aztertuko dela.

7.4.2.- Ea udalak baimenik eman duen tren geltoki ondoan egin behar dituzten obretarako eta ea haien nondik norakoak ezagutzen dituen udalak.

Alkateak dio begiratuko dutela gaia.

7.4.3.- Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuari galdetu dio ea noiz arte jarraitu behar duen udalak Añarbeko ur hornidurarako hodiak konpontzen. Oraingo gobernu taldeari leporatu die aurrekoek herriko ur azpiegituran egindako lana hankaz gora botatzea. Altamiran dagoen ur matxura eta ur jarioa konpontzea urjentea dela dio, ea zergatik ez den ezer egiten galdetu du.

7.4.4.- Eraikuntza arloko greba dela eta herrian dauden obra ugariak bi astetan geldirik egoteak sortu lezakeen segurtasun arriskuengatik kezkatuta eta zenbait obren egoera lotsagarria ikusirik , eskatu du udalak gestioak egitea zenbati erakundeen aurrean (Eudel, Adegi,...) egoera lehen bai lehen konpondu dezaten.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta XXXX.etik 310.XXX.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna