1996.eko Uztailaren 9ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko uztailaren bederatzigarrena. Arratsaldeko zazpietan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea) lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jose Luis Ruiz Navarro, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Recalde González eta Rafael Salaberria Etxezurieta.

    Iñake Urrestarazu Azurmendik, Jose Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek ezin izan dute bileran izan.

    Pello Garbizu Azkue ez da bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.

    0.- ZINEGOTZI KARGUA HARTZEA RAFAEL MIGUEL SALABERRIA ETXEZURIETAK.

    Alkateak proposamena aurkeztu du, eta, Hauteskunde-Junta Zentralak igorritako dokumentazioa egiaztatu ondoren, Rafael Miguel Salaberria Etxezurietak zinegotzi kargua hartu du.

    Rafael Miguel Salaberria Etxezurietak Mª Karmen Viaña Balda ordezkatuko du, azken honek zinegotzi karguari uko egin baitzion.

    1.- ONARTZEA, EGOKI JOZ GERO, 1996KO EKAINAREN 5EKO OHIKO BILKURAKO AKTA.

    Aho batez onartu da 1996ko ekainaren 5eko akta.

    2.- MOZIOA, SENIDEAK AURKEZTUA, INFORMAZIO BATZORDEA SORTZEKO PRESOEN EGOERAREN JARRAIPENA EGITEKO.

    Senideek aurkeztutako mozioa irakurri du Agustina Pontestak, euskaraz, udal-batzordea eratu eta jestioak egiteko etengabe euskal preso politikoen eskubideak errespeta daitezen. Hauxe dio mozioak:

    "Zortzi hilabete pasa dira jada udalbatza honek euskal preso politikoen inguruan hainbat erabaki hartu zituenetik. Dakizuen bezala, udal honek hartutako erabakiak honela zioen:

    1.- Preso eta beren familiarren oinarrizko eskubideen baldintzarik gabeko errespetoa.

    2.- Udalak bere egitea presoek eta beren familiarrek egindako eskaera, hau da, euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzea.

    3.- Baldintzak betetzen dituzten preso guztien baldintzapeko askatasunaren aplikazioa, berehala eta txantaiarik gabe:

    a) Kartzela zigorraren 3/4ak bete dituztenei: JUANITO TRECET.

    b) Gaixotasun larriak sufritzen dituzten guztiei.

    4.- Udalbatza honek hartutako erabakiak Gasteiz edo Nafarroako Parlamentuko Giza-Eskubideen batzordera, komunikabideetara eta familiarrengana bidal ditzan, eta aipatutako batzorde horri akordioak bete daitezela eska diezaion.

    5.- Udaletxe honek goian aipaturiko akordioak burutu daitezen konpromezua har dezan.

    Denbora aurrera joan ahala gure senitartekoen egoera ez da batere hobetu, orduz gero Juanito Trecet hiru alditan trasladatua izan da, Emiliano Viaña funtzionarioengatik mehatxatua, 600tik 1200 kilometroetara daude, presio eta txantai egoerak areagotu egin dira, adibidez Juanito Treceten aita bere semea ikusi gabe hil zen honi trasladua ukatu egin baitzioten.

    Guzti hau ikusirik, ezinbesteko ikusten dugu udal honen iharduketa. Azaroan aprobatutako bosgarren puntutik abiatuta, alegia "Udalak hartutako akordioak burutuko zituelako konpromezua...", momentu gogor hauei aurre egiteko, udal honek ekintzetara pasatu behar duelakoan gaude. Sakabanaketa politakaren aurkako iritzia eta euskal presoei dagozkien eskubideen aldeko defendatzaileak agertu zineten neurrian, Lezoko Udalari zera eskatzen diogu:

    BAT: Lezoko euskal preso politikoei dagozkien eskubideak bermatu ahal izateko, hots, baldintzapeko askatasunaren aplikazioa eta setentzia jatorrizko lekuan, Euskal Herrian, betetzearen aldeko jestioak etengabe egiteko Udal Batzorde bat eratzea.

    BI: Udal Batzorde honek ekimen ezberdinez osatutako lan iraunkor bat burutzea, besteak beste, herriko presoak bisitatu eta beraien egoeraren berri izan ondoren Lezon publiko egitea Udalaren izenean. Eta baita espetxeetako zuzendari, zuzenbide epaileei eta "instituciones penitenciarias"eko arduradunei bilerak eskatzea Udalaren izenean, hauei, presoen egoera eta dagozkien eskubideak zeintzuk diren helarazteko eta legeak dioena bete dezaten exijitzeko.

    HIRU:Bilerak egin ondorenean, balorazio publikoa egin, eta erantzuna ezezkoa izan ezkero, salaketa egin.

    LAU: Lezoko herritarrei eta bereziki elkartei Udal Batzorde honen eraketaren berri ematea, eta parte hartzeko gonbita egitea".

    Aho batez onartu dute mozioa.

    3.- BERRESTEA ALKATEAREN 101. DEKRETUA: ZERBITZU-ALDIAN IZENDATZEA JUAN Mª ZABALA BURGETE EGINKIZUN ANITZETARAKO PEOI ARITZEKO.

    Udalak, 1996ko otsailaren 22an egin zuen osoko bilkuran, zerbitzu-aldian izendatzea erabaki zuen udaltzain bat, eginkizun anitzetarako peoi aritzeko.

    Hala, antolaketa arrazoiak bitarteko direla, Udaltzaingoko kideekin bilera batzuk egin eta ordezkari sindikalekin hitz egin ondoren, obretako brigadara bi udaltzain pasatzea jo zen egoki, nahiz eta bigarrena izendatzea atzeratu egin zen udaltzain bat bajan zegoelako istripuan min hartuta.

    Juan Mª Zabala Burgetek alta hartu duenez, Alkatetzak, 101. dekretua bitarteko dela, zerbitzu-aldian izendatzea erabaki zuen, eginkizun anitzetarako peoi aritzeko.

    Botazioa egin eta gero, onartu egin dute 101. dekretua, zortzi boto alde izan baitira: alkatearena (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko gainerako zinegotziena (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jose Luis Ruiz Navarro eta Rafael Salaberria Etxezurieta) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bat kontra: EAko zinegotzi bat (Mirari Recalde González).

    4.- AZALTZEA 4 SISTEMA OROKORREKO LURREN JABEEK SARTUTAKO ERREKURTSOAN, ETA IZENDATZEA, HALA BEREAN, ABOKATUAK.

    Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailak Lezoko Udalari jakinarazi dionez, Josefa Elena Echeveste Martiarenak eta beste batzuek errekurritu egin dute Udalak 1995eko apirilaren 5ean hartutako erabakia: behin betiko onartzea II. Sektoreko iparraldean den 16.300m²ko lursail bateko Arau Ordezkatzaileak aldatzea; 9. aldaketa espedientea.

    Auzitegiak, hala berean, espedientea bidaltzeko eskatu du hogei egun baino lehen, eta baita ohartarazi ere jakinarazpenak dei egiteko ere balio duena, herri-administrazio hau auzibideetan azaldu dadin dei egiteko.

    7/85 Legeko 22.2j artikuluak, apirilaren 2koak, berriz, Udalaren osoko bilkurari ematen dio aginpidea ekintza administratiboak eta judizialak egiteko.

    Hala, alkatetzak proposaturik, alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko gainerako zinegotziak (Maixabel Unzain Zapiain, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro eta Rafael Salaberria Etxezurieta) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) alde, eta EAko zinegotzi bat (Mirari Recalde González) astenitu egin denez, behean heldu den erabakia hartu du osoko bilkurak:

    BAT: Azaltzea, Lezoko Udala, Josefa Elena Echeveste Martiarenak eta beste batzuek administrazio honekiko sartutako errekurtsoan, gioan aipatutako 1995eko apirilaren 5eko erabakiaren kontrako errekurtsoan.

    BI: Joseba Belaustegi Cuesta, Jaione Karrikiri Garaño, Aitor Garin Santamaria, Iñigo Santxo Uriarte, Agurtzane Goiriena Lekue eta Jose Antonio Lozano Murga izendatzea legelari; eta Yolanda Kortajarena Martinez, Jose Manuel Dorremochea Aranburu eta Jose Luis Martin Jaureguibeitia prokuradore, Lezoko Udala defenditu dezaten lehen esandako errekurtsoan eta auzi horretatik sortzen diren gainerakoetan.

    HIRU:Aginpidea ematea alkateari (edo hark eskuordetza emandakoari) auzietarako aginpide orokorra eman diezaien, orobat, lehen aipatutako legelariei.

    5.- DIRULAGUNTZA ESKATZEA BAKE-EPAITEGIRAKO.

    121/1996 Dekretua argitaratu zen ekainaren 12an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Maiatzaren 28ko dekretu horrek Euskal Autonomi Erkidegoko Udalentzako laguntzak arautzen ditu, Bake-Epaitegiaren ihardunak dakarren gastuari eta behar dituen inbertsioei aurre egiteko bidea izateko.

    Hala, 4. artikuluak jartzen duenez, dirulaguntzak izango dira inbertsiotan gastatutakoarentzat.

    Hori horrela, informatika ekipoa (ordenagailua eta inprimagailua) erostea proposatzen dut, Bake-Epaitegian jartzeko, zerbitzua mekanizatu eta hobetzeko.

    Aurrekontua, gutxi goiti-behiti, 350.000,- pezeta da. Hala, aipatu dekretuko 2 a) artikuluak dakarrenari jarraiki, eta Alkatetzak proposaturik, hona osoko bilkurak hartutako erabakia:

    BAT: Dirulaguntza eskatzea eta inbertsioari ekiteko hitza ematea baldin eta eskatutako dirulaguntza iritsiko balitz.

    6.- ONARTZEA 1993, 1994 ETA 1995EKO UDALAREN KONTU OROKORRAK.

    1993., 1994. eta 1995. urteetako Udalaren kontu orokorrak aurkeztu eta botazioa egin ondoren, onartu egin dituzte, zortzi boto alde izan baitira: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko gainerako zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jose Luis Ruiz Navarro eta Rafael Salaberria Etxezurieta) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta bat kontra: EAko zinegotzi bat (Mirari Recalde González).

    7.- ALKATEAREN ETA ZINEGOTZI ESKUORDEDUNEN INFORMEAK.

    Jesus Mª Martiarenak, Ogasun Batzordeko lehendakari den aldetik, aurtengo lehenbiziko seihilabetea eta gero Udalaren kontuak zer egoeratan dauden erakusteko agiria eman die alderdietako zerrenda buruei.

    8.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    Mirari Recaldek dio aurreko plenoan egindako galdera gaur erantzuteko gelditu zela eta, ea zer bide jarraituko den galdetu dio alkateari egiten diren galderei erantzuteko.

    Alkateak erantzun dio ahal duenean erantzungo diela galderei, eta informeren bat behar duenean, berriz, informea eskuratzen duenean.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zazpiak eta hogeiean (19:20). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna