1995.eko Maiatzaren 3ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko maiatzaren hirugarrena. Arratsaldeko zazpiak eta laurdenetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza eta Pello Garbizu Azkue.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Jose Mª Boto Sancho, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Jose Varela Pampin ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.

    Lehenbizi, alkateak, beste gai bat sartzea proposatu du, urjentziaz, zerrendan: Euskalerriaren desmilitarizazioari buruzko mozioa, Lezoko Intsumiso Taldeak aurkeztua.

    Osoko bilkuran diren zinegotzietatik zazpik ados daude proposamen honekin: alkatea bera, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta J.A. Dozagarat, zinegotzi independientea. Pello Garbizu abstenitu egin da. Beraz, gehiengo osoaren aldeko botoa jaso duenez, osoko bilkura honetan eztabaidatuko da gai berria ere, galderen eta eskaeren aurretik.

    1.- 1995EKO MARTXOAREN 1EAN ETA APIRILAREN 6AN EGINDAKO OHIKO OSOKO BILKURETAKO AKTAK ETA MARTXOAREN 8AN EGINDAKO OSOKO BILKURA BEREZIKO AKTA ONARTZEA.

    Martxoaren 1ekoa aurreko osoko bilkuran egindako zuzenketekin onartu da.

    Martxoaren 8koa aldaketarik egin gabe onartu da.

    Apirilaren 5eko aktari (5ean egin baitzen plenoa, deialdian apirilaren 6an esaten badu ere) honako zuzenketa hauek egin dizkiote. Hala, bai euskarazko eta bai erderazko aktetan, 19. orrialdeko 12. gaiko 6. lerroaldian, "Musika Eskolako irakasleen euskeraren derrigortasun data 95eko apirilera aldatzea" esan ordez "95eko irailera aldatzea" esan behar du.

    Laugarren gaian (2. orrialdea), notaritzetan euskararen erabilerari buruzko akordioan, "UEMAk egin duen proposamena" esan ordez "UEMAk eta beste udal batzuk" esan behar du. Gai berean, eta zuzenketa honen ondoren, erderazko aktara itzuli den zatia falta da euskarazkoan. Hau da jaso behar den zatia:

    "Alde horretatik, notario zerbitzurik ez dutela euskaraz ematen esan du, nahiz eta Euskal Autonomi Elkarteko legeak eta Nafarroko Komunitatekoek eskubide hori bermatzen duten. Hala berean, dokumentuak erabileraren legezkotasuna justifikatzen duela eta eskatu eskubidea bermatzeko eskatzen dioetela Notarioen Elkargoari esan du".

    Zuzenketa hauek egin ondoren akta onartu egin da.

    2.- BATZAR NAGUSIETARAKO ETA UDALETARAKO HAUTESKUNDETAKO MAHAIA OSATUKO DUTEN KIDEAK IZENDATZEKO ZOZKETA.

    Hauteskunde legeak agindu bezala maiatzaren 28an izango diren Batzar Nagusietarako eta udaletarako hauteskundetako mahaia osatuko duten kideak izendatzeko zozketa egin da.

    3.- LEZOKO INTSUMISO TALDEAK LEZOKO UDALARI EUSKALERRIAREN DESMILITARIZAPENA ETA EJERZITOEN DEUSEZTAPENARI BURUZ AURKEZTEN DION MOZIOA.

    Alkateak mozioa aurkeztu du. Mozioak honela dio hitzez hitz:

    "Lezoko intsumiso taldeak Lezoko Udalari honako proposamena luzatzen dio, eztabaida eta onar dezan.

    EUSKALERRIAREN DESMILITARIZAPENA, EJERZITOEN DEUSEZTAPENA!

    Gaur arte guztian ikusi ditugunak ikusi eta gero, bi aterabide faltsutatik bat aukeratzeko esaten digute armadari ez obeditzeagatik gauden egoeratik irten nahi badugu: gartzela zigorra ala inabilitazioa. Hortik, ordea -badakigu ondo-, ez dator konponbiderik.

    Bai gartzela-zigorrak eta bai inabilitazioak, gizartetik kanpora utzi nahi du intsumisoa, eta intsumisioa arazo dela azaldu. Arazoak, ordea, armadatik beste inondik ez datoz, armada izatetik, izan ere, agintariek pentsatzen duten bezala ez pentsatzea zigortu nahi dute. Ezin dugu ametitu intsumisoa delinkuente jotzea. Orain atera nahi duten Zigor Kodeak, "demokrazia"ren Zigor Kodeak, delinkuente jotzen du intsumisoa. Herriak, ordea, behin baino gehiagotan erakutsi du horren kontrakoa sentitzen duela eta intsumisioarekin dagoela. Eta guk ere horregatik pentsatzen dugu herriak ez duela onartuko intsumisioa zigortzerik.

    Gure iritziz, benetazko arazoari ekin behar zaio: soldadutza eta armada izate hutsari, armatan dirua botatzeari... justizia oinarri duen gizartea lortzeko galdu behar liratekeen gauza horiei guztiei. Hargatik hots egiten dugu guk, intsumisioari laguntzeko ez eze, armadaren kontra egiteko beste modu batzutan ere laguntzeko: objezio fiskalean, tiro-zelaiak eta arma fabrikak (Euskalerrian franko baita) galarazteko lanean edota munduan diren gudetako biktimekiko solidaritatea azaltzen.

    Hori guztia iristeko, ordea, protagonista gizarteak izan behar duela jotzen dugu guk, dudarik gabe. Intsumisoak ematen duen ejenpluari begiratzeko esaten dugu guk, intsumisoa delako armadak galdu, ezkutatu eta gehiagoren gehiago ez azaltzeko borrokan aintzindari dena.

    Beraz, gartzela eta inabilitazio zigorrei kontra egitetik hasi eta nahitaez soldadu joan beharra edo haren ordezko lana egin beharra kentzea beharrezko eta ezinbesteko ditugu, lehendabiziko urrats, armadak ezkutarazteko, ezin baita bizi armada izanda.

    Proposamenak:

    - Udal honek abolizioaren aldeko manifestuarekin bat egitea, bere osotasunean.

    - Zigor Kode berriaren aurreproiektuan aurreikusten diren inabilitazio zigorrak arbuiatzea eta udalaren eremuan zigor hauek ez aplikatzeko konpromesua hartzea.

    - Behin eta berriro ere, Jaizkibel mendiaren desmilitarizazioa aldarrikatzea eta bereiziki herriko sarreretan hau adierazten duten seinale txartelak ipintzea (1987ko azaroaren 12ko udal erabakian jasota dagoen bezala).

    - Akordio honen berri ematea, bai komunikabideei, bai agintari militar eta zibilei eta bai herrian bandoen bidez".

    Alkateak hizpidea eman die osoko bilkuran diren Intsumiso Taldekoei. Haiek, lehenbizi mozioa defenditu dute, eta ondoren, hartutako akordioak betetzeko konpromezua hartzea eta herrian dagoen sentimendu antimilitarista jasotzea eskatu dute.

    Alkateak dio aldeko botoa emango diola Herri Batasunak mozioari, hartutakoa erabakiak betetzeko konpromezuarekin. Gaurko prentsan esaten dena gogoratuz, fiskalak Gipuzkoako 30 udal salatu dituela soldaduska kontuan ejerzitoari ez laguntzeagatik, Lezoko Udala ere horien tartean delarik. Era berean, fiskalaren jarrera salatu du, udalaren autonomia eta soberaniaren aurka doalako.

    Beste parteartzerik gabe, mozioa bere osatunean bozkatzea proposatu du. Bozketa egin ondoren, AHO BATEZ ONARTU DUTE Lezoko Intsumiso Taldeak Euskalerriaren desmilitarizapena eta ejerzitoen deuseztapenari buruz Udalari aurkeztu dion mozioa.

    4.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    1. Alkateak dio onartuta direla 1993 eta 1994 urteetako kontu orokorrak.

    2. Alkateak aipatu du sei zinegotzik sinatutako eskaera bat errejistratu berri dela Udalean. Idatzian, hirigintzari buruzko iharduketa publiko bat osoko bilkuran eztabaidatzea eskatzen dute. Adierazi du bilkura honetako gai-zerrenda banatua zegoela ordurako eta bi egunetan ez dagoela eskatu diren informeak egiteko astirik; dena den, hurrengo pleno batean sartuko dela gaia. Idatziak Hirigintza Legediaren kontra emandako lizentzia batzuk baliogabetzeko tramiteak hastea eskatzen omen du. Alkateak gogoratu du osoko bilkurari ez dagokiola baliogabetzea, behar bada tramiteak astea bai.

    Alkatearen ustez, idatziaren helburua hauteskunde garaian probetxu politikoa ateratzea da, zalantzazkoa zuzentzea ez baina. Esan du idatzia aurkeztu duten zinegotziek askotan hautsi dutela herri honetako hirigintza-araudia. Horren adibide, Gobernu Batzordean egondako garaian emandako lizentzia hauek aipatu ditu: 91-11-20an Elena Juaristiri emandakoa; 92-06-25ean Kostalderi emandakoa; 92-07-15ean, Kostalderi; 92-11-25ean Miren Garmendia Urzelayetari; 93-02-03an Kostalderi; 92-12-23an Algeposari gehiegizko altuera eta okupazioa.

    Horiezaz gainera, hirigintza-gaietarako arduradunak izan zuen jarrera salatu du, Algeposarekin izandakoa batipat (hirigintza-gaietarako arduradunak han lan egiten baitu), eta Javier Guibertekin izandakoa: 1991eko uztailean Javier Guiberten eskaerari eman zion lizentzia ilegala, 1992ko otsailean lizentziarik gabe obrak egin zituztela, 1993ko apirilean Carlos González Aldayk etxe bat bota zuela inongo lizentziarik gabe... Horiek guztiak, Jesus Mª Martiarenak onartu zituen, berak lan egiten duen enpresa nabarmen benefiziatuz, esan du.

    Alkateak uste du aurreko Gobernu Batzordeak, Iñake Urrestarazuk, Pello Garbizuk eta J.Mª Martiarenak batipat, berek egin zituzten ilegalidadeak ikusita, bestei eskatu baino lehen berek egindakoak zuzentzen hasi beharko zutela. Haren ustetan, aurkeztutako idatziaren helburu bakarra idatziaren 2. eta 3. puntuan jasotzen direnak dira: erabakiak hartu zituztenei zigorrak jartzea, espedienteak irekitzea eta probetxu ateratzea hauteskunde garaian.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, arratsaldeko zortziak eta laurdenetan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna