1994.eko Maiatzaren 11ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko maiatzaren hamaikagarrena, arratsaldeko zazpiak. Ohiz kanporako bilera izan du Udalbatzak Udaletxeko Biltzar Aretoan. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, José Mª Boto Sancho eta José Varela Pampin, zinegotziak, bildu dira.

    Martzial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue ez dira bileran izan.

    Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionaria.

    Lehendakariak saioa ireki eta nornahirentzako izendatu, eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, zerrendako gaiak aztertzen hasi dira.

    1.- 1994ko apirilaren 6an egindako osoko bilkurako akta irakurri eta onartzea, hala balegokio.

    Aho batez onartu dute 1994ko apirilaren 6an egindako osoko bilkurako akta. Nolanahi ere, honako alderdi hauek zuzentzekotan:

    Hamabosgarren orrialdeko bigarren lerroaldiaren hasieran, honako hau erantsi behar da: "Iturginaren kontu horren gainean".

    Hamalaugarren orrialdeko 9. lerroaldian, 2.939.409 pta. eraikuntza-zergatan bildu zutela sartu behar da.

    2.- Xabier Loiola Aristi Udaleko Idazkari Nagusi izendatzeko proposamena.

    Udal honetako Idazkaria (2. mailakoa) hartzeko lehiaketa ohizkoaren Epaimahaiak maiatzaren 4an bildu eta gero egin duen proposamena ikusi eta Lehendakaritza eta Erregimen Juridikoko Departamentuaren Foru Aginduz (G.A.O., 12) onetsitako oinarri amankomunetako hamalaugarrenean xedadutakoari jarraituz, Udalbatzak, gehiengo osoz, beheko erabaki hori hartu du. A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat alde izan dira, eta J. Varela eta J.M. Boto astenitu. Hauxe da erabakia:

    1.- Xabier Loiola Aristi proposatzea Udal honetako Idazkari Nagusi, hura baita jarri diren baldintzak betetzen dituen izangai bakarra, guztira 8,63 puntu lortuz.

    2.- Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea proposamena, behar den tramitea egin dezan.

    J.M. Botok ez dagoela konforme eta agirian jartzeko eskatu du, zeren M. Mitxelena alkatearen ordezko zegoela jarrita arauetan eta, hala ere, alkatea Epaimahaiko izan baitzen, M. Mitxelena ere Epaimahaian izan zela.

    Alkateak -J.M. Botok dioena hala dela ikusi ondoren-, M. Mitxelenak ez zuela botoa emateko eskubiderik eta proposamenik ez zela aldatu erantzun dio.

    3.- Xabier Olano Jauregi Udaleko Kontuhartzaile Nagusi izendatzeko proposamena.

    Udaleko Kontuhartzailea (2. mailakoa) hartzeko lehiaketa ohizkoaren Epaimahaiak maiatzaren 4an bildu eta gero egin duen proposamena ikusi eta Lehendakaritza eta Erregimen Juridikoko Departamentuaren Foru Aginduz (G.A.O., 12) onetsitako oinarri amankomunetako hamalaugarrenean xedadutakoari jarraituz, Udalbatzak, gehiengo osoz, beheko erabaki hori hartu du. A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat alde izan dira, eta J. Varela eta J.M. Boto astenitu. Hauxe da erabakia:

    1.- Xabier Olano Jauregi proposatzea Udal honetako Kontuhartzaile Nagusi, hura baita jarri diren baldintzak betetzen dituen izangai bakarra, guztira 5,32 puntu lortuz.

    2.- Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea proposamena, behar den tramitea egin dezan.

    Hirugarren gai honezaz, honako saio hauek agirian jartzeko eskatu dute:

    J.M. Botok, M. Mitxelena Epaimahaian izateaz lehen esan duena esan du berriz.

    Era berean, pertsona errespetatzen dutela baina kontrako botoa emango dutela, zeren ez zaiola ondo iruditzen Lezoko Udala Herri Batasuneko mahai nazionalaren jubilazio-tokia izatea. Kargu horrekin ez daukala onartzerik, izan ere, etorriko balitz ez litzatekeela etorriko eta etorriko ez balitz ba... Eta inork ere ez dakiela zer gertatuko den hemen.

    J. Varelak, berriz, zera esan du: lehen ere Xanti Val eta mahai nazional osoa hemen dugu, eta Udalbatza izan beharrean mahai nazionala jarri dezakegu Udalean.

    Alkateak komentario horiek alperrik direla eta pertsona lanpostu horretara aurkezteko gai den begiratu behar dela, eta legeak ikusiz gero gai dela ageri dela.

    Oraingoz, Olano, pertsona, errespetatzen duela esan du J. Varelak; Herri Batasuneko mahai nazionala Lezoko Udalean izaterik, ordea, ez duela errespetatzen, Landa eta Idigoras besterik ez direla falta mahai nazionala osorik edukitzeko. Azkenik, haren lekuan J. Varela bera jartzeko eskatu du, ea hark baino gehiago lapurtzen duen ikusteko.

    Alkateak esan duenez, langileak behar bezala prestatuta dauden eta behar bezala aritzen diren ikusi behar da, eta hala bada, J. Varelak alde batera utzi beharko luke zer alderditakoa den.

    J.M. Botorentzat, ordea, hortxe dago koxka, zeren, esan duenez, guk bakarrik ahazten dugu kontu hori, zuek zeron "adiskideekin" jokatzen baituzue.

    Alkateak dio, hor esan dituenei kontu egitera, J.M. Botok Udaleko langileak iruzur eginda hartzen ote dituzten irudipena duela esan litekeela.

    Hauta-probetan ez daukat egoterik, ez boto eta ez hizpiderik ez dut, eta zeuok egin eta zeuok desegiten duzue, esan du J.M. Botok.

    Alkateak, ordea, hori ez dela hala esan dio, J.M. Botok ere baduela eta epaimahaietan izateko bidea. Beharbada, ez duela hauta-probak zaintzen aritzeko gogorik izango; nolanahi ere, epaimahaietan parterik ez hartu eta gero atzetik kritikatzen aritzea alperrik dela, tabernako kontuak direla horiek.

    Hala, epaimahaietan parte hartu aurrena, hauta-probak zaindu hurrena eta, irudipen txarrik izanez gero, epaimahaiari azaldu behar zaiola esan du Alkateak.

    J.M. Botok, berriz, ea nola joan behar duen hark epaimahaietara esan dio, ea zer kargurekin.

    Epaimahai guztietan izaten dela aurkaritzako ordezkari bat erantzun dio Alkateak.

    Orduan, J.M. Botok, epaimahaian zer egin behar duen esan du, botoa emateko eskubiderik ere ez duela eta. Alkateak, berriz, besteek egiten dutena egin beharko duela hark ere erantzun dio; gainera, gehienetan, izaten duela botoa emateko eskubidea, oraingoan (Idazkaria eta Kontuhartzailea hartzeko epaimahaia) halako aukerarik izan ez badu ere.

    M. Mitxelenak ere parte hartu du eta han entzuten ari dena handiskoa iruditzen zaiola esan du. Izan ere, pertsona bat hartu behar den guztian kontu igoala entzun behar izaten dutela; orain hartzera doazen pertsona hartzeak J.M. Botori-eta min ematen diela eta horixe besterik ez dela gertatzen han.

    J.M. Botok baietz esan du, min handia ematen diola; ez ordea pertsona hartzeak.

    J. Varelak, ez zaiola Alkateak esandakoa, tabernako kontuak direlako hori, asko gustatu esan du. Zeren, tabernako kontuak balira, ez zirela osoko bilkura egiten arituko, tabernan egongo zirela. Gainera, ez hark eta ez beste inork ere ez diola halako konturik entzun tabernan, kontu haiek sagratuak direla eta harentzat.

    Xabier Olano izendatzeko proposamenaren gainean, hark ez duela baldintza guztiak betetzen dituenik Xabier Olano beste inor aurkeztu ez izanaren kulparik esan du Alkateak. Eta proposamenarekin konforme ez badaude, J.M. Botok eta J. Varelak, hura politikoa dela eta ez presentatzeko esan behar diotela X. Olanori. Hori, ordea, ez daukatela egiterik, zeren X. Olanok, oinarrietan jartzen duenez, bere burua posturako aurkezteko eskubidea duela. Gainera, badela garaia batzu-batzuk epaimahaia zertarako den eta zer aginpide dituen jakiten hasteko.

    J.M. Botok, berriz, arin-kontu asko ari direla esaten (tabernako kontuak direlakoa-eta) eta hark ez daukala egindako guztia zuzen egin dutenik sinestu beharrik esan du, ez diotela epaimahaian izaten uzten eta. Aurkaritzako batek besterik ez daukala epaimahaian egoterik eta, hortaz, Herri Batasunekoak hiru direnez, nahi dutena atera dezaketela eta aurkaritzari ez diotela aukerarik izpirik ere ematen.

    Edozein moduz ere, pertsona baietz, errespatzen duela esan du J.M. Botok; lehen gertatukoa berriz gertatzea, ordea, ez duela ametitzen: pertsona bat ekarri eta sartuko den ala ez den ez jakin, eta sartzen bada ere, egongo den ala ez den jakiteko biderik izan ez.

    J.M. Botoren gainean ere apika horixe bera esango dutela lantegian esan dio Alkateak. Izan ere, Lezoko Udaleko zinegotzi dela eta batzuetan, zer kargu edo eginkizun duen, ez dela lanera joango.

    Ez duela zipitzik ere ulertu eta alperrik aritu dela hizketan esan dio J.M. Botok Alkateari.

    Ondoren, botazioa egin (emaitza lehen adierazi dugu) eta onartu egin dute proposamena.

    4.- Proposamena, 4. S.O.-eko (Lopene) Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedienteari hasierako onespena ematea.

    Alkateak, gaia aurkezte aldera, espedienteak aurrekoak egin dituela eta ez dutela batere oharrik jaso esan du, eta behin betiko testua Hirigintza Batzordeak aurkeztua dela.

    J. Varelak, berriz, askotan aztertutako kontua dela eta, kudeatzen duenari iraultza-zerga ordaintzen segitzea denez, hark kontra emango duela botoa esan du.

    Ondoren J.M. Botok hitz egin du, eta ea Hirigintza Batzordeak egindako diktamena ala Alkatetzeko proposamena den galdetu du, Alkateak firmatuta dagoela eta.

    Gauzak behihn garbitu nahi dituela esan du Alkateak, zeren informazio-batzordeak izaten direla eztabaida eta informeak egiteko tokiak. Kontu hau ere informazio-batzordean aztertu zutela eta han ez zuela inork ere beste proposamenik azaldu; beraz, Hirigintza Batzordearen proposamentzat hartu behar dela.

    J.M. Botok, ordea, ez diola ulertu zer galdetu nahi zion esan dio Alkateari, agiriaren goialdean diktamena jartzen duela baina barrenean Alkateak izenpetua dagoela esanahi zuela hark. Gainera, diktamenak, bileran nor ziren ere ez duela jartzen.

    Batzordeko diktamena batzordeko lehendakariak izenpetu behar zuela esan du Idazkariak, baina, batzordeko lehendakaria eta Alkatea pertsona bera direnez, agiriak prestatu dituenak ez diola, agi denez, inportantziarik eman alderdi horri eta ez dela aldea zegoenik konturatu.

    J.M. Botok berriz ekin eta hura hango lotsagabekeririk handiena dela esan du, eta hala ordaintzen diola H.B.-k botoa J.A. Dozagarati. Hala ere, eginahalak egingo dituela lehenago onartu zutena egin dadin. Egiten ari direna J.A. Dozagarati ordaintzeko ari direla egiten, hura dela eta interesik handiena duena. Arrizabalaga alkate zela ere, eginahalak egin zituztela lurraldea industriarako izendatzen, baina ezin izan zuela; orain lortu duela eta haren mesedetan besterenetan ez dela eta horrek min ematen diola.

    Ondoren J.A. Dozagaratek hartu du hitza, eta Udalean daraman denbora horretan J.M. Botok beste zerbait erakutsiko ziola uste zuela esan dio. Gainera, Etxebizitza sailburuordea, Maturana jauna, babes ofizialeko etxeak sustatzen ari dela eta, hartarako, halako betebehar batzuk -hirilurraren %75 babes ofizialeko etxeak egiteko uztea, esate baterako- jarri dizkiela Herriei. Horregatik, ez duela ulertzen, biak partidu batekoak izanda, batek mutur bateko jokabidea eta besteak bestekoa izatea eta, gainera, J.M. Botoren jokabidea Maturana jaunaren jokabidearen kontra dagoela.

    Hurrena, kontua pasatzen ari omen dela eta, ezjakina oso lotsagabea izaten dela esan dio J.M. Botori, babes ofiziala duten etxeak etxebizitza sozialak direla eta. Era berean, ea era horretako etxeek zer dakarten badakien galdetu dio.

    Ehunetatik hogei, esan dio J.M. Botok.

    J.A. Dozagaratek esan duenez, bala-bala aritzen da J.M. Boto hizketan, eta babes ofizialeko etxeak egiteak duen helburua soziala dela. Hala berean, J.M. Boto Lezoko Arau Ordezkatzaileen promotoreetakoa izan zela eta han ez dela ageri babes ofizialeko etxeak egiteko aukerarik esan du.

    Azkenik, errespetu piska bat izateko eskatu dio J.A. Botori, hark izan diola eta, aritualdi guztiak errespetatu baitizkio.

    J.M. Botok, ordea, J.A. Dozagaratek tergibersatu besterik ez duela egiten esan du, eta hark badakiela J.A. Dozagaratek adina eta gehixeago ere.

    J.A. Dozagaratek, berriz, demostratzeko esan dio.

    Hamaika mila metro karratutan 74 etxebizitza egitea jarriz gero, arrunt buelo handia izan beharko litzatekeela adierazi du J.M. Botok, eta ikaragarrizko dentsitatea iruditzen zaiola onartu asmo dutena, lehen ere, Hirigintza Batzordean, esan zuela eta.

    J.A. Dozagaratek jakinarazi dionez, %66 da dentsitatea, legeak uzten duena baino gutxiago, alegia, eta Benta Berrin (Donostia), O. Elorza alkate dela -J.M. Botoren partidukoa-, %90.

    Beste alde batera, Lezoko Arau Ordezkatzaileak egin zituztenean, hura ere tarteteko zelarik, gaurko beharrik eta eskerik ez zegoela eta ez zutela babes ofizialeko etxerik egitea pentsatu esan du.

    Hari ez zaiola Donostian eta Usurbilen gertatzen denik interesatzen esan dio J.M. Botok, Lezoko kontuak besterik ez zizkiola interesatzen hari.

    Ondoren, J. Varelak, ea 1986an, irailean, bere lagun batzuei, Lopenen sekula ez zela futbol-zelairik egingo esan zien galdetu dio J.A. Dozagarati.

    J.A. Dozagaratek, ordea, ea egia den paroa kobratuz lanean aritu zela galdetu dio.

    J. Valerak baietz erantzun dio.

    J.A. Dozagaratek, berriz, futbol-zelaiaren gainean galdetu dionaren erantzuna ezezkoa dela esan dio.

    Segidan, J.A. Dozagarat "zaborra" besterik ez dela eta ez duela errespetatuko esan du J.M. Botok.

    J.A. Dozagaratek, berriz, ea bera zer delakoan dagoen galdetu dio J.M. Botori; zentsura-mozioko hartan, bi testigu bertan zirela, penarik handiena hilearen azkenean 100.000 pta. etxera ez eramateak ematen ziola esan zuela eta.

    J.M. Botok, ordea, hori gezurra dela eta J.A. Dozagaratek gauzak nahastu besterik ez dituela egiten. Hala berean, ea J.A. Dozagarat botorik eman gabe ez zukeen gelditu behar galdu dio Idazkariari, parte duela hor eta.

    Idazkariak, parte badu ez duela botorik eman behar erantzun dio. Parte izan eta hala ere botoa ematen badu, berriz, botazioa inpugnatzeko bidea dagoela; aurrena, ordea, demostratu egin behar dela parterik duen.

    Hurrena Alkateak hitz egin du. Esan duenez, harro dago Arau Ordezkatzaileetan egin duten aldaketarekin, Arau Ordezkatzaileetan ez zena egitea ekarriko duela eta: babes ofizialeko etxeak egitea. Eta, hartara, pertsona orok duen eskubiderik beharrenezkoetako bat, etxebizitza edukitzea, bete egingo dela.

    J. Varelak ere babes ofizialeko etxeak egiteko konforme dagoela esan du, baina J.A. Dozagaratek kudeatutako lurretan ez egitekotan.

    J.M. Boto ere horren aldeko azaldu da.

    Horiek guztiak horrela, botazioa egin dute. Hala, Lezoko Antolaketarako 4. Sistema Orokorreko Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedientea egin (Luciano Paguegi Bilbaok), Antolaketarako Araudiko 125. artikuluak jarritakoa bete eta oharrak jasoz irizpide eta aterabide nagusienak ezarri, eta teknikariak eta legelariak egindako informeak ikusi ondoren, Udalbatzak, Hirigintza Batzordeak proposatuta, behean datorren erabakia hartu du. Gehienak, legeak jarritakoa betez, alde izan dira: A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, M. Mitxelena, J. Pontesta, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagarat; J.M. Boto eta J. Varela, berriz, kontra izan dira. Hauxe da erabakia:

    Bat: Lezoko Antolaketarako 4. Sistema Orokorreko Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedienteari, Luciano Paguegi Bilbaok egina, hasierako onarpena ematea.

    Bi: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu eta erabakiaren iragarpena egitea hilabetez. Bitarte horretan, espedientea ikusi, aztertu eta alegazioak egiteko bidea izango da. Gipuzkoako lau egunkaritan ere irarkia jarriko da.

    Idazkariak jakinarazi duenez, elkarteak ikus-onetsi gabe dago proiektua eta lehenbailehen ikus-onetsi beharko da.

    5.- Proposamena, 2. Sektoreko gainaldeko lursail bateko (16.425 m2 dituena eta hiri bihurtzerik ez dagoena) Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedienteari hasierako onespena ematea.

    Lehendabizi J. Varelak hitz egin du, eta lehengo kontua garbitzen ez duten arte hark kontrako botoa emago duela esan du.

    J.M. Botok, berriz, ez dagoela egin nahi duten aldaketa egiteko arrazoirik esan du: lehengo futbol-zelaia ttattarra zela -hala esan zutela- eta oraingoa ere halaxe dela. Era berean, gaur edo bihar, ezertarako ere balio ez duela ikusitakoan, erantzukizuna norena den garbitu beharko dela.

    Futbol-zelaia egiteko tokirik egokiena zein ote den eta deskuidoan 4. Sistema Orokorrean eginez gero Lopene espropiatzea zer kostatuko litzatekeen eztabaidan aritu ondoren, eztabaida saioa bukatutzat eman eta botazioa egin dute.

    Beraz, Lezoko Antolaketarako 2. Sektoreko gainaldeko lursail bateko (16.425 m2 dituena eta hiri bihurtzerik ez dagoena) Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedientea egin (Luciano Paguegi Bilbaok), Antolaketarako Araudiko 125. artikuluak jarritakoa bete eta oharrak jasoz irizpide eta aterabide nagusienak ezarri, eta teknikariak eta legelariak egindako informeak ikusi ondoren, Udalbatzak, Hirigintza Batzordeak proposatuta, behean datorren erabakia hartu du. Gehienak, legeak jarritakoa betez, alde izan dira: A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, M. Mitxelena, J. Pontesta, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagarat; J.M. Boto eta J. Varela, berriz, kontra izan dira. Hauxe da erabakia:

    Bat: Lezoko Antolaketarako 2. Sektoreko gainaldeko lursail bateko (16.425 m2 dituena eta hiri bihurtzerik ez dagoena) Arau Ordezkatzaileak aldatzeko espedienteari, Luciano Paguegi Bilbaok egina, hasierako onarpena ematea.

    Bi: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu eta erabakiaren iragarpena egitea hilabetez. Bitarte horretan, espedientea ikusi, aztertu eta alegazioak egiteko bidea izango da. Gipuzkoako lau egunkaritan ere irarkia jarriko da.

    Botazioa egin ondoren J.M. Botok utzi egin du Biltzar Aretoa, eta J. Varelak, berriz, hurrengo puntuan bere burua osoko bilkuratik kanpora jotzen duela esan du. Hala ere, ez da Aretotik kanpora joan.

    6.- Euskal preso politikoen eskubide penitentziario eta penalen errespetuari buruzko mozioa, Herri Batasunak aurkeztua.

    K. Legorburuk aurkeztu du gaia eta esan du gizarteko alderdi askok salatu dutela euskal preso politikoek jasaten duten egoera, erabat lotsagarria.

    Salaketa horrekin bat heldu eta, Herri Batasunak, mozio hau aurkeztu du, pertsonak dituen beharreneko eskubideak errespetatu daitezen. Eskubideok erabakian jarritako hiru puntuetan bildutakoak dira.

    Horiek horrela, mozioa aho batez onartu dute (J. Varelak ez du botazioan parterik hartu). Erabakia:

    "Lezoko Udalak adierazten du euskal preso politikoek honako hauetarako eskubidea dutela:

    1.- Eranskinean aipatzen diren presoek dituzten baldintzapeko askatusun-eskaerei bidea eman dakien. Kode Penalak xedatzen duen gartzelaldia sobera bete dutelako, eta, horrenbestez, aske utz daitezen berehala.

    2.- Arautegi Penitentziarioko 60. artikuluan xedatutakoa beteaz, bertan aipatzen diren baldintzak beteta, gaixotasun fisiko eta psikiko sendaezina nozitzen dutenei baldintzapeko askatasuna eman dakien.

    3.- Jaioterritik, gizarte eta famili ingurunetik hurbileneko gartzeletan egoteko eskubidea dutela, askatasunik gabeko egoeran dauden bitartean".

    7.- Alkatetza eta Delegatuen informeak.

    Alkateak Aurrekontuaren zenbateko zatia bete den adierazi du, eta baita 1994ko Aurrekontuko gastuak eta sarrerak ere zenbateraino bete diren.

    8.- Galderak eta eskaerak.

    Uraren zikloari buruzko erabakien gainean Udalak eta Añarbe mankomunitateak egindako ziurtagirien arteko aldea azaltzeko eskatu du J. Varelak.

    J. Pontestak dio mankomunitateak uraren zikloari buruzko informea egitea erabaki zuela, lau puntu zituela informeak eta Letamendia jaunak eta teknikari batek egin zutela informea bileratik aterata.

    Hala, laister ekarri zutela lehenbiziko zirriborroa, gero beste bat ekarri zutela eta hari buruzko botazioa egin zutela. Akatsa J. Pontestak egin zuela esan du, botazioak nahastu zituela eta.

    Aktaren bukaera.

    Iluntzeko zortziak eta laurdenean, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, Alkate-Lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta sendetsi egiten dut.

    Eguna