Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko urtarrilak lau, arratsaldeko zazpiak. Udalbatza Udaletxeko Biltzar Aretoan bildu da, ohiz kanpoko eta premia handiko osoko-bilkura egiteko. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate-Lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta José Varela Pampin, zinegotziak, bildu dira.
Martzial Zabaleta Salaberria eta J.M. Boto Sancho ez dira etorri.
Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionariak.
Lehendakariak saioa ireki eta nornahirentzako izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, gai-zerrendako puntuak aztertzen hasi dira.
1.- "Nazio osoan iharduteko gai diren funtzionarientzat gordetako postuak konkurtsoz betetzeko berariazko arauak onartzeko proposamena".
Alkateak aurkeztu du gaia esanez nazio osoan iharduteko gai diren funtzionarientzat gordetako postuak konkurtsoz betetzeko arauak abenduaren 27an egin zuen bileran aztertu zituela Barne Batzordeak eta han izan zirela, halaber, gai honi buruzko informeak. Arauak, gainera, urtarrilaren 10a baino lehen bidali behar direla Foru Aldundira.
Alkatearen aurkezpena bukatu denean, I. Urrestarazuk hartu du hitza, eta esan du hura ez dagoela konforme epaimahaiaren osaketarekin, zeren Ordizia eta Zumaian ere honelako konkurtso baterako arauak prestatzen ari direla esan dutela baina lojikoena herri horietako arauak osoko-bilkurara ekarri dituztenekin konparatzea izango litzatekeela.
Ildo horretatik, I. Urrestarazuk dio, diferentzi bat epaimahaiaren osaketan dagoela, epaimahaia jende gutxiegiz osatua dagoela iruditzen zaiola eta ez aurkaritzako kiderik, ez teknikari gehiagorik ez langileen ordezkaririk ez dela ageri bokal gisa epaimahai horretan. Beraz, esan du, epaimahaian lau partaide gehiago egon beharko liratekeela: bi teknikari (administrazio orokorreko teknikari bat eta nazio osoan aritzeko gaitasuna duen bat), aurkaritzako kide bat eta langileen ordezkari bat (hitza bai baina botorik izango ez duena).
Alkateak dio proposamen hau hautaketarako arauei erantsiko zaiela.
Hurrena, J. Varelak, ea gai hau abenduaren 28ko saioan ez zegoen sartzerik galdetu dio Alkateari.
Alkateak erantzun dio abenduaren 27ko bileran aztertu zuela Barne Batzordeak gai hau, eta, 28ko osoko-bilkuran sar bazitekeen ere, premia handiko gaitzat, eraginkorragoa eta zuhurragoa iruditu zitzaiela gaurkoan sartzea.
I. Urrestarazuk hartu du jarraian hitza, eta Lezoko plaza ateratzeko gutxienez iritsi beharreko puntu batzuk jarri beharra dagoela esan du: puntu guztien % 25, legeak jartzen duenez.
Alde horretatik, P. Garbizuk, maiatzaren 14ko 731/93 Errege Dekretuko 14.2 artikulua aipatu du: "Udalbatzak badu bidea puntu guztien halako gutxieneko bat biltzen ez duen izangaia bazterrean uzteko, nahiz eta puntuazio hori guztiaren %25 baino handiagoa izan".
Gai honen inguruan halako saio batzuk egin dituzte: batzuk legeak gutxieneko puntuaziorik jatzeko biderik ematen duela diote, eta beste batzuk, berriz, ezetz; batzuk, komeni dela diote, eta beste batzuk ezetz. Azkenean, Idazkari eta Kontuhartzaile plazak ateratzeko gutxienez iritsi beharreko puntu batzuk jarri ala ez jarri botazioa egiteko gelditu dira.
Hala, bada, osoko-bilkurak botazioa egin du eta gutxieneko puntu batzuk iritsi beharrik ez izatea erabaki. Gehiengoa soila izan da, A. Sarasola, M. Mitxelena, K. Legorburu, G. Arrillaga eta J.L. Agirretxek ezezkoa botatu dute, J. Pontesta eta J.A. Dozagarat astenitu egin dira, eta P. Garbizu, I. Urrestarazu, J. Varela eta J.M. Martiarenak baiezkoa botatu dute.
Ondoren, gaia osoko-bilkuraren iritzira jarri da. Idazkariak legearen alderditik egin duen informea -zer ihardunbide jarraitu behar duen erakusten duena- eta Barne Batzordearena -aldekoa dena-, ikusi, eta Epaimahaiaren osaketa aldatzearekin batera, hauxe da Udalbatzak hartu duen erabakia:
Udalbatzak, Lezoko Udaleko Idazkari eta Kontuhartzaile postuen traslado konkurtsoko arauak onartzea erabaki du, aho batez. Arauok, akta honi gehitzea -I Eranskina- eta, halaber, lehenbailehen Gipuzkoako Foru Aldundiko Aholkularitza-Juridikoko Departamentura bidaltzea erabaki dute, hark bere tramiteak egin ditzan.
2.- "Eguzkik aurkeztutako mozioa, tximistorratz erradioaktiboak kentzeari buruzkoa".
Alkateak, Eguzkik tximistorratz erradioaktiboak kentzeari buruz aurkeztutako mozioa azaldu du, esanez Enresa lantegiari eskatu diotela Lezon dauden tximistorratzak ken ditzan.
Esan duenez, Lezon hiru tximistorratz erradioaktibo daude: CAMPASAkoa, Altamirakoa eta Joannes Etxeberri eskolakoa.
Beraz, mozioak dioena kontuan hartuz, Enresari lehen esandako tximistorratzak ken ditzan eskatzea litzateke egin beharrekoa.
P. Garbizuk hartu du hurrena hitza. Gai honekiko aginpidea Alkateak duela eta, ikusten denez, zerrenda egina dagoela esan du. Hari, Alkateak osoko-bilkuraren babesa nahi duela iruditzen zaiola, gero enpresariari esijitu ahal izateko.
Beste alde batera, abenduaren 17an aurkeztutako idatziaren erantzuna emateko garaia badela iruditzen zaiola.
Hala berean, lehen ere hala moduzko gauzak egin dituztela esan du; 88an, esate baterako, osoko-bilkuran aztertu zutela gai hau, eta eskari batzuk egin bazituzten ere ez zutela ezertarako balio izan. Gainera, orduan ere bazekitela Altamirako tximistorratza erradioaktiboa zena.
Alkateak erantzun dio egotez ez dagoela eragozpenik eskaria Alkateak edota Gobernu Batzordeak egiteko, baina beti ere osoko-bilkuraren eskariak indar handiagoa izaten duela, eta beste herri batzuetan ere osoko-bilkuretan hartu dituztela era honetako erabakiak.
Horiek horrela, Eguzkik tximistorratz erradioaktiboak kentzeko aurkeztutako moziari buruzko botazioa egitea eskatu du Alkateak. Mozioa gehiengo osoz onartu dute. Baiezkoa A. Sarasola, I. Urrestarazu, K. Legorburu, J.M. Martiarena, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena eta J.A. Dozagaratek eman dute, J. Varela astenitu egin da, eta P. Garbizuk ez du botazioan parte hartu. Hauxe da erabakiak dioena:
- Udalak, Lezon dauden tximistorratz erradioaktibo guztien zerrenda, zehatza bezain mehatza, egitea.
- Udalak, ahal duen bezain laister, ENRESAra bidaltzea zerrenda, tximistorratzak kentzen lehenbailehen has daitezen.
- ENRESAk tximistorratz guztiak segituan kentzerik ez badauka, erorita, utzita eodta arrunt hondatuta daudenak behintzat (baleude) kentzea.
- Udalak, hiru hilez behin behintzat (seguruenera ere beharko da eta), ENRESAren lana begiratzea, arrisku handiko tresna horiek lehenbailehen ken daitezen.
3.- "Alkatearen 114. dekretua berresteko proposamena".
Espediente guztian Udalaren aldezpena egiteko José Mª Suso Vidal izendatzea proposatzen duen Alkatearen 114. dekretua aztertu ondoren, J. Varela ez beste zinegotzi guztiek, Alkatearen 114. dekretua berrestearen aldeko botoa eman dute, eta, beraz, berretsia gelditu da.
Hala, J. Varelak, egindako hitzak aktan jaso daitezen eskatu du. Esan duenez, alde batetik ados dago, baina bestetik ez, zeren abenduaren 28a baino lehenago ez dagoela ohiz kanporako osoko-bilkurarik egin beharrik esaten ari direla baina jartzez jar zitekela osoko-bilkura bat egun horren aurretik, edo bestela, ezin izango balitz, 28koaren barruan sar zitekeela; ordea ez zutela egin eta dekretuz egin zutela.
4.- Haurtzaindegia.
G. Arrillagak aurkeztu du gaia. Esan du Gizarte Ongizateko Batzordean aztertu zutela azaroaren 30ean eta diktamena egin zutela osoko-bilkurari haurtzaindegiaren egoera aztertzeko batzorde berezia sortzea proposatzeko.
I. Urrestarazuk dio, 1993ko apirilaren 31n egindako osoko-bilkuran, Haurtxo haurtzaindegiaren egoera eta beste alderdi batzuk -ekonomia-egoera, esate baterako, eta horren jakitun zegoela Udala, haurtzaindegiarekin hartu-eman handia zuelako- aztertzeko batzorde berezia sortzea erabaki zutela, eta orduan garbi geratu zela batzordea desegin egingo zutela eginkizun hori betetzen zuenean.
Maiatzaren 17an egindako osoko-bilkuran, berriz, lehen esandako batzordea desegitea erabaki zuten, hala proposatu baitzuen Alkateak. Beraz, orain haurtzaindegiaren egoera aztertzeko batzorde berezia sortzea proposatzea ilojikoa dela esan du I. Urrestarazuk.
Beste alde batera, diktamenak batzordean aurkaritzako batere kiderik ez izatea ekartzea kritikatu du, aurkaritzakoek ezer esatekorik ez dutela ematen duela eta.
G. Arrillagak erantzun dio batzorde horretan aurkaritzako inor ere ez izatea Gizate Ongizateko Batzordera joan ez zelako izango dela noski.
I. Urrestarazuk, ordea, batzordeko saio guztietara joateko ahaleginak egiten dituela esan du, eta joaten ez bada ezin izaten duelako izaten dela, gaia interesatzen ez zaiolako ez baina.
Alkateak dio, I. Urrestarazuk eskatutakoa, aurkaritzako kide bat ere batzordean izatea, proposamenaren barruan sartuta gelditzen dela.
P. Garbizuk hartu du hitza jarrian, eta esan du batzordeak sortzea, ez sortzea, desegitea eta hori guztia joku triste xamarra iruditzean zaiola, eta hura ez dela holako jokoetan sartuko. Beraz, ez duela botazioan parte hartuko.
Horiek horrela, Alkateak, osoko-bilkuraren iritzira jarri du Haurtxo haurtzaindegiaren egoera aztertzeko batzorde berezia sotzeko proposamena. Proposamena gehiengo osoz onartu dute. Baiezkoa A. Sarasola, J. Pontesta, M. Mitxelena, G. Arrillaga, K. Legorburu, I. Urrestarazu, J.M. Martiarena eta J.A. Dozagaratek eman dute, J. Varela astenitu egin da eta P. Garbizuk ez du botazioan parterik hartu. Hauxe da erabakia:
Haurtxo haurtzaindegiaren egoera aztertzeko batzorde berezia sortzea. Batzordeak zazpi kide izango ditu: Gizarte Ongizateko Ordezkaria (G. Arrillaga), Kultura eta Hezkuntzako Ordezkaria (K. Legorburu), aurkaritzako kide bat, Gizarte Laguntzailea (D. Jimenez), Udaleko Idazkaria (Miren Bruño), aholkulatza-juridikoa egingo baitu, haurtzaindegiko hezitzaile bat (Miren Jone Salaberria) eta gurasoen ordezkari bat (Jesus Mª Iñarra).
Aktaren bukaera.
Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, Alkate-Lehendakariak, arratsaldeko zortziak hamar gutxiagoan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.