1993.eko Apirilaren 29ekoa

    Agiri mota

    Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko apirilaren hogeitabederatzian, hamaika orduak eta hogeita hamar minutuetan bildu da, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Udal Plenoa, egun honetarako deitutako urgentziazko batzarraldi berezia ospatzeko xedez, lehen deiari erantzunez, Iñake Urrestarazu Azurmendi Alkate A.ren lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Josu Mirena Pontesta Garmendia J.,Jemma Arrillaga Albisu A., Karmele Legorburu Irazu A., Jose M. Boto Sancho J., Jose Antonio Dozagarat Andueza J., Martzial Zabaleta Salaberria J., Pello Garbizu Azkue J., Jose Luis Agirretxe Mitxelena J. eta Mikel Mitxelena Iza J.

    Jose Varela Pampin J., Aitor Sarasola Salaberria J. eta Jesus Martiarena Jaca J. ez daude bertan.

    Idazkari gisa, Miren Bruño Azpiroz A. behin behineko funtzionaria aritu da. Bertan izan da ere, Udaletxe honetako Kontuartzailea den Pedro Etxarri Ollokiegi J.

    Lehendakaritzak batzarraldia ireki eta publiko deklaraturik eta honi hasiera eman ahal izateko beharrezkoa den quoruma badagoela Idazkaritzak egiaztatu ondoren, Aztergai Zerrendan sartutako gai bakarrari tratatzeari ekin zaio.

    0. - Landuko den gaiaren urjentziazko izaera berrestea.

    Zenbaiat eztabaida izan ondoren puntu hau botaziora eramanik, deialdiaren urjentziazko izakera berretsirik geratu da bertan diren zinegotzi guztien aldeko botuez.

    1. - Sanitate-Urgazpen Zerbitzua maiatzaren 30era arte luzatzeari buruz Udaletxe honetako langileen asanbladak egindako eskaeraren onespen proposamena.

    Alkate Ak, langileen asanbladak egindako proposamena aurkeztu du, esplikatuz ezen Udaletxeko langileek gaur hartzen den erabakiaren arabera hilabete batez, hau da, maitzaren 30era arte, Sanitate-Urgazpen Zerbitzua SASFALen bidez jasotzen jarraituko dutela edo bestela automatikoki Gizarte Segurantzan sartuko direla.

    Idazkaritzak, gauzak azkarregi eta nahasmendu haundiz egiten ari direla dio, dagoen informazioa oso urria dela eta zenbait kasu konkretu, Patxi Apalategi J.rena adibidez, nola geldituko den jakiterik ez dagoela. Era berean arriskutsua iruditzen zaio maila honetako erabaki bat hain informazio gutxitan oinarrituta hartzea; hori dela eta, egokia iruditzen zaio hilabeteko epea ematea gauzak nola geldituko diren ikusi ahal izateko.

    Boto Jk dio, egokiena funtzionariak Gizarte Segurantzan sartzea dela eta erabaki hori hartzeko hilabeteko epea egon dela, baina jendeak denbora pasatzen utzi duela aurrez beste korporazioen erabakiak ezagutu ahal izateko.

    Esan du ere, egoera honetan jarraitzea pribilegio bat dela langileentzat, eta pribilegioak nahi dituenak logikoa dela ordaindu behar izatea. Horretaz gain, ez dago inongo txosten ekonomikorik eta juridikorik Gizarte Segurantzan ez sartze horrek suposatuko lukeen kostuaz.

    Boto Jk adierazitakoari dagokionean, Idazkaritzak dio, alde batetik, 480/93 Dekretua B.O.E.n Apirilaren 3an argitaratu zela, Apirilaren 1erako atzeraeraginez, Udaletxera Apirilaren 7an iritsi zela eta Aste Santua pasa arte ezin izan zela aztertu. Azpimarratu du ezinbestekoa dela lehenbizi Foru Aldundiaren erabakia ezagutzea.

    Bestalde, Kontuhartzaile Jk esan du ezin dela funtzionarien integrazioaren kostuari buruzko txostenik eman, Apirilaren 31era arte ezin bait da jakin zein izango den SASFALen jarraituko duten langileen kopurua eta, ondorioz, integrazio kostua langile bakoitzeko.

    Alkate Ak adierazi du funtzionariak Gizarte Segurantzan sartzearen alde dagoela, ez bait da logikoa estatuak langile guztientzat nahitaezko Gizarte Segurantza sortzea eta bertako langileak Gizarte Segurantza horretan sartuta ez egotea. Hala ere, integraziorako erabili den metodoa arraroa eta bat-batekoa izan denez, hilabeteko epea eskatu du datu gehiago lortu eta erabaki arrazoituagoa hartu ahal izateko.

    Legorburu Ak dio bere taldeari gaizki iruditzen zaiola Udaletxeko langileak bi kategoritan banatuak egotea (funtzionariak eta laboralak) eta Gizarte Segurantzan integratzearen alde dagoela publikoa delako eta hobetu beharra dagoelako. Esan du ere, langileak berandu mugitu direla eta gaia horrela eramatearen errua Udal arduradunena dela.

    Alkate Ak erantzun du hori horrela egin bada informazio ezagatik izan dela, egunero iristen bait dira gai horri buruzko berri ezberdinak zail gertatzen delarik edozein erabaki hartzea.

    Mitxelena Jk dio Herri Batasuna Gizarte Segurantzaren alde dagoela bainan Euskal Herrian, eta ez Madrilen, finkatutako Gizarte Segurantza baten alde. Bestalde dio datu falta nabarmena dela eta jakina dela SASFALen barruan Donostiako Udalak eta Foru Diputazioak duten indarra bainan azken finean hemen aztertu beharreko gauza bakarra Lezoko Udal Langileek aurkeztutako proposamena dela.

    Mitxelena Jk galdetu du Udaletxeko langileek SASFALen jarraitu ezkero zein izango den apirila eta maiatzaren arteko kostuen diferentzia.

    Kontuhartzaileak dio, zenbat sartzen diren araberakoa izango dela kostua eta orain hori jakitea ezinezkoa dela eta azken batean kostu hori dela Udaletxeari ordaintzea eskatu zaiona langileek aurkeztutako proposamenaren c) atalean.

    Legorburu Ak proposatu du, luzapen honekin gastuak handituko balira, onuradunen eta Udalaren artean nolabaiteko konponketara iristea.

    Azkenean ikusirik, 1.993ko apirilaren 1ean indarrean sartu zen apirilak 2ko 480/1993 Errege Dekretua, zeinaren bidez Udal Administrazioko funtzionarien Gizarte Segurantzako Erregimen Berezia Erregimen Orokorrean sartzen den.

    Ikusirik, era berean, 5. Xedapen Orokorrean (sanitate-urgazpenari eta pertsonal aktiboaren ILT deritzonari buruzkoa) ezartzen dela, Udal Korporazioek, integrazio egunerarte sanitate urgazpena inoren baliabideez, hitzarmen bidez edo era mixtoak erabiliz jasotzen zutenek, sanitate urgazpena ematen jarraitu ahal izango dutela integrazio datan luketen eran, beti ere, 1.993ko apirilaren 30a baino lehen, aurrez erakunde sindikal ordezkakorrenekin kontsultatuz, eta Plenoaren akordioz, horrela erabakiko balute.

    Udalbatzaren Osoko Bilkurak, Langileen Asanbladak proposaturik, bertan diren zinegotzi guztien aldeko botuekin Boto Jren aurkakoa ez ezik, ondorengoa erabaki du:

    a) Maiatzean zehar, SASFALen bidez, funtzionari aktiboei sanitate urgazpena ematen jarraitzea, ondorio hauetarako.

    1. - Gaixorik dauden funtzionariengan integrazio horrek duen eragina aztertzerik izateko.

    2.- Pertsonal aktibo, pasibo edo laborala banan bana sartu edo ateratzeko aukera aztertzerik izateko.

    b) Maiatzean zehar urgazpen horrek dakarren kostu osoa Udalak bere gain hartzea.

    Aktaren amaiera.

    Eta beste aztergairik ez dagoenez, Alkate-Lehendakariak, hamabi orduak eta hogeitamar minutuetan, bukatutzat eman du batzarraldia, nirekin batera bertan diren zinegotzi guztiek sinatzen duten akta hau jasorik, eta nik, Idazkari gisa, hau guztia ziurtatuz.

    Eguna