2008.eko Urriaren 1ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko urriaren 1ean, asteazkena, 19:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Silbia Folgueira Fernández, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez da bileran izan Roberto Sánchez Sánchez zinegotzia.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2008ko ekainaren 4ko ohiko bileraren akta, uztailaren 17ko ezohikoarena, irailaren 3ko ezohikoarena eta irailaren 17ko irailaren ezohiko eta premiazkoaren aktak onartzea.

Lau aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

Beste gaiekin hasi aurretik, alkateak dio Enrique Figueroa zinegotziak, uztailaren 17an kargu hartu eta gero, abuztuaren 26an erregistratutako idatzi bidez EAJ-PNV udal taldeko kide izatea erabaki duela.

2.- 2009. ekitaldirako ordenantza fiskalak onartzeko diktamena (2008KO290002).

Silbia Folgueirak, ogasun gaietarako zinegotzi delegatuak, diktamenaren nondik norakoak azaldu ditu. Orokorrean KPIaren araberako igoera proposatzen omen da, abuztua bitarteko erreferentzia harturik, %4,9ko igoera. Igoera horren salbuespenak ere ba omen dira. Hala, lehen sektorea lagundu nahirik ibilgailuen zergan traktoreen gaineko zerga %10ean jaistea proposatzen omen da; berdin zilindrada txikiko motorrekoena, kotxearen aldean hobetsiz, kutsadura gutxiago eta aparkamentu toki gutxiago behar dutelako horrelako ibilgailuek. Jabari publikoen erabileragatik aipatu %4,9ren igoera orokorra aplikatu omen da, merkatuaren kasuan izan ezik, gaurko prezioetan uztea proposatzen dute herri bizitza sustatzen laguntzen duelako. Bestalde, aurreko urteetako ordenantzetan udal areto nagusia bileretarako eta ezkotzetarako erabiltzeagatik prezioak aurreikusten ziren bezala, orain aurkezten direnetan irisgarritasun arazo gutxiago duten beste udal lokal batzuen erabilera ahalbideratuko eta eskaini ahal izango omen da. Kirolaren inguruko tasak azaltzeko kirol zinegotzi delegatuari eman dio hitza, eta honek esan du azken urteetan egin ez den errepaso orokor bat egin zaiela ordenantzei.

Honela dio onartzea proposatzen den diktamenak:

"Haziendako delegatuak azaldu ditu 2009. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontu-hartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak Iñigo Esnaola, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren abstentzioarekin ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo ordenantza fiskal hauen aldaketari:

  • Zergen kudeaketa eta bilketaren eta beste zuzenbide publikodun sarrera lokalen ordenantza orokorra.
  • 3.Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen zerga
  • 4.- Eraikuntzen zerga
  • 6-2 Ibilgailuen sarrerak eta ibiak
  • 6.3 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa
  • 6-4 Udal lokalak erabiltzearen tasa
  • Kotxeak erretiratzea
  • 7-1 Ura
  • 7.-. Estolderia
  • 7-3 Zaborra
  • 7-4 Herriko kanposantua
  • 7-5 Autotaxi lizentziak
  • 7-6 Jarduera lizentzia
  • 7-7 Establezimenduak irekitzea
  • 7-8 Hirigintza lizentziak
  • 7-9 Eskaera bitartez emandako dokumentuak
  • 7-11 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak
  • 7-12 Futbol zelaia
  • 7-13 Ludoteka
  • 7-15 Material kulturala.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Kepa Garbizuk dio ez dela guztiz egia Silbia Folgueirak esandakoa. Ibilgailuen zergak, Lezon diren 77 traktoreena jaitsi bada ere, inguruko herrietakoa baino garestiagoa izaten jarraitzen omen du. Hori bera gertatzen omen da 9 eta 12 zaldiko ibilgailuen gaineko zergarekin, inguruko herrietakoa baino garestiagoa omen da Lezon diren 931 automobilei aplikatu nahi zaiena. Kirol prezioetan %4,9 baino igoera handiagoak dezente omen daude, alokairuetan batik bat, eta baita kontraesanak ere, sozioentzat garestiagoak diren prezioak jartzen direlako, adibidez fisioterapeutaren lehen saioan. Plusbalioaren ordenantzari bere taldeak proposatutako hobaria, 4/2003 foru arauan oinarritutakoa, ez onartzea, eta ohiko eta ez ohiko etxebizitzen arteko bereizketaren zailtasuna bera ere, beste hainbat arrazoi omen dira ordenantzei emango dieten botoa erabakitzerakoan.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da. Alde zortzi boto izan dira, hiru kontra (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa) eta abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena.

Jesus Mari Martiarenak aktan jasotzea nahi du deialdiarekin banatutako diktamenak ez duela batzordeko lehendakariaren sinadurarik.

3.- Trafikoko araudiaren hasierako onarpenari aurkeztutako erreklamazioa erantzuteko eta araudia behin betikoz onartzeko diktamena (2008UD290001).

 

Jon Legorburuk, zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, araudiaren beharra azpimarratu du. Onartu du behar bada ez dela akatsik gabea, baina EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako erreklamazioak izan duela erantzun teknikoa, non egindakoetatik bat bakarra onartzea proposatzen den. Gonbidatu ditu, bai erreklamazioa aurkeztu duen udal taldea bai gainontzekoak, trafikoa aztertzeko mahai batera, baina bitartean, eta dituen onurez baliatzeko, proposatutakoa onartzea eskatu du. Honela dio batzordeko diktamenak:

"Kontu eta Ogasun Batzordeak, 2008ko irailaren 24ean egindako bilkuran, Iñigo Esnaola, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren aurkako botoarekin

DIKTAMINATU DU:

BAT: Aurkeztutako erreklamazioak parte batez onartzea horren zuzenketa egitea.

BI: Trafikoko Ordenantza Arautzailea behin-betiko onartzea, egokitzat jo diren zuzenketak egin ondoren, alegia, aipatutako udaltzain buruaren informean jasota daudenak. "

Kepa Garbizu kexatu da jendaurreko epean aurkeztutako erreklamazioak izan duen ibilbideagatik. Batetik, ez du uste udaltzain-buruaren txostena nahikoa denik hari erantzuteko, gai juridikoak aztertuko zituen txostena falta baita. Ogasun batzordean udaltzain-buruaren parte hartzerik gabe aztertu izanak, erreklamazioaren benetako azterketa saihestu omen du. Horrek guztiak ziurtasun juridikorik gabe utzi omen du araudia. Hala, bere erreklamazioak zazpi omen ziren eta ez zortzi, erantzun txostenean esaten den bezala; behar bada horregatik, ezin dira ulertu erantzun txostenaren 6., 7. eta 8.ari buruz emandako erantzunak. Arau kontrajarriak ere ba omen daude, Kale Nagusian aparkatzea debekatzen delako eta aldi berean karga eta deskarga uzten delako. Nahiz eta txikiak izan, isunen mugekin ere akatsak ba omen daude.

Mikel Antton Arrizabalagak dio faltan botatzen duela proposatzen diren isunen inguruko legezkotasun txostena.

Jon Legorburuk azpimarratu du tresnaren beharra, eta irekia utzi du araudiari egin beharreko aldaketak eta hobekuntzak egiteko aurrez aipatu den mahaia.

Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da. Alde zortzi boto izan dira eta lau aurka (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antton Arrizabalaga).

Jesus Mari Martiarenak aktan jasotzea nahi du deialdiarekin banatutako diktamenak ez duela batzordeko lehendakariaren sinadurarik.

4.- Trafikoko ordenantza fiskalaren hasierako onarpenari aurkeztutako erreklamazioa erantzuteko eta ordenantza behin betikoz onartzeko diktamena (2008UD290002).

Jon Legorburuk, zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, diktamena azaldu du. Honela dio diktamenak:

"Kontu eta Ogasun Batzordeak, 2008ko irailaren 24ean egindako bilkuran, Iñigo Esnaola, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren aurkako botoarekin

DIKTAMINATU DU:

BAT: Aurkeztutako erreklamazioak parte batez onartzea horren zuzenketa egitea.

BI: Trafikoko Ordenantza Fiskala behin-betiko onartzea, egokitzat jo diren zuzenketak egin ondoren, alegia, aipatutako udaltzain buruaren informean jasota daudenak."

Kepa Garbizu berriro ere, aurreko gaian egin bezala, kexatu egin da, aurkeztutako erreklamazioari erantzuteko egindako txostenak ez diolako zuzen hari erantzuten, adibidez aurkeztutako erreklamazioak zortzi dira eta hark zazpi aipatzen dituelako, legeak ezartzen dituen isunen kategoriak ez dituelako errespetatzen eta 49 aldiz isun arinen eta larrien artean legearen kontrako trukaketak daudelako.

Jon Legorburuk dio zuzenketa horiek egiten ari dela udaltzain-burua, eta Kepa Garbizuk erantzun dio espedientean ez dela horrelakorik ageri.

Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da. Alde zortzi boto izan dira eta lau aurka (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antton Arrizabalaga).

5.- 2009ko taxi-tarifak onartzeko diktamena (2008KO290001).

Silbia Folgueirak Agitax Taxista Elkarteak egindako proposamena onartzea eskatzen duen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Gipuzkoako Taxi Elkarteak (AGITAX) idazki bat aurkeztu du 2009. urtean aplikagarri izango diren tarifei buruz, Oarsoaldea eskualdeari dagokionez, eta horiek onartzeko eskatu du.

Hazienda Batzordeak, 2008ko Irailaren 24ean, Silbia Folgueira, Irati Aranburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien botoa alde dela eta Kepa Garbizuren (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

DIKTAMINTZEN DU:

BAT: 2009.ekitaldirako taxi-tarifak onartzea."

Diktamena onartzearen alde hamaika boto izan dira eta abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena.

6.- 1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketari Michelena y Lecuona Sucesores, S.L.k tartekaturiko berraztertze helegiteari erantzuteko proposamena (2008H0410001).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi delegatuak, gaur goizean egindako Hirigintza batzordean diktaminatutakoa onartzea eskatu du. Diktamina bat dator osoko bilkura deialdiarekin batera banatutako proposamenarekin. S-1eko hirigintza araudi eta planetan egiten ari diren aldaketa ugariak, interes eta erritmo desberdinetako jabe asko egotearen ondorio direla dio Irati Aranburuk. Honela dio diktamenak:

"José Ramón Mitxelena Mitxelenak, Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores, S.L.ren izenean, 2008 uztailaren 30ean Lezoko Udalak 2008ko uztailaren 4an S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketari behin betiko onarpena emateari buruzko hartutako akordioaren aurka birjarpen helegitea tarteratu zuen.

Helegitearen edukia laburbilduz honako hau da, hain zuzen ere Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores,S.L.k, S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketa jendaurrean zegoenean alegazioak aurkeztu zituela, eta Lezoko Udalak onartu errekurritzen den akordioaren bigarrengo puntuan adierazten den moduan. Haatik onarturiko alegazioen ondorioz plan partzialaren ordenantzetako 16, 17, 18 eta 22 artikuluak aldatzen dira, baina ez da ezer adierazten gainontzeko alegazioen inguruan. Halaber onarturiko alegazioen edukia ez da islatzen aldaturiko Plan Partzialaren testuan. Horrela onarturiko aldaketak zehaztea eta edukia S-1 Sektoreko Plan Partzialaren testuan islatzea eskatzen dute.

Udal arkitekto aholkulariak eta hirigintza teknikariak egindako txostenak kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko urriaren 1ean egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores, S.L.k aurkeztu duen birjarpen helegitea onartzea.

BI: Udal Arkitekto Aholkulariak proposaturiko aldaketak S-1 Sektoreko Plan Partzialaren testu bateratuan sartzea eta bere eduki berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antton Arrizabalaga).

7.- 1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketari Usukoar S.L.k tartekaturiko berraztertze helegiteari erantzuteko proposamena (2008H0410001).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi delegatuak, gaur goizean egindako Hirigintza batzordean diktaminatutakoa onartzea eskatu du. Diktamena bat dator osoko bilkura deialdiarekin batera banatutako proposamenarekin. Honela dio diktamenak:

"José Mari Mitxelena Cazabonek, Usukoar, S.L.ren izenean, 2008 uztailaren 30ean Lezoko Udalak 2008ko uztailaren 4an S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketari behin betiko onarpena emateari buruzko hartutako akordioaren aurka birjarpen helegitea tarteratu zuen irailaren 3an. Helegite honek abuztuaren 20an aurkeztu zuena ordezkatzen du.

Helegitearen edukia laburbilduz honako hau da: B2-3 lursailean 20 etxebizitza aurreikusten dira, bataz beste 175,5 m² azalera duten etxebizitzak dira, 3510 m²ko eraikigarritasuna onartua baitago aipatu lursailean. Horrela eraikigarritasuna mantenduz etxebizitza kopura 20tik 30ra pasatzea eskatzen dute, aurreikusitako etxebizitzak handiegiak direlako egungo merkatuaren eskaera kontuan izanik.

Udal arkitekto aholkulariak eta hirigintza teknikariak egindako txostenak kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko urriaren 1ean egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Usukoar S.L.k aurkeztu duen birjarpen helegitea onartzea eta S-1 Sektoreko B2-3 lursailean 30 etxebizitza aurreikustea egun lursail horretan onartua dagoen eraikigarritasunarekin.

BI: Adierazitako aldaketa S-1 Sektoreko Plan Partzialaren testu bateratuan sartzea eta bere eduki berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antton Arrizabalaga).

8.- B-1 partzelako Xehetasun Azterlanari tartekaturiko berraztertze helegiteari erantzuteko proposamena (2008H0420002).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi delegatuak, gaur goizean egindako Hirigintza batzordean diktaminatutakoa onartzea eskatu du. Diktamena bat dator osoko bilkura deialdiarekin batera banatutako proposamenarekin. Honela dio diktamenak:

"José Ramón Mitxelena Mitxelenak, Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores, S.L.ren, 2008 uztailaren 30ean Lezoko Udalak 2008ko uztailaren 4an S-1 Sektoreko B-1 lursaileko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena emateari buruzko hartutako akordioaren aurka birjarpen helegitea tarteratu zuen.

Helegitearen edukia laburbilduz honako hau da, hain zuzen ere Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores, S.L.k, S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketa jendaurrean zegoenean alegazioak aurkeztu zituela, eta Lezoko Udalak onartu errekurritzen den akordioaren bigarrengo puntuan adierazten den moduan. Haatik onarturiko alegazioen ondorioz plan partzialaren ordenantzetako 16, 17, 18 eta 22 artikuluak aldatzen dira, baina ez da ezer adierazten gainontzeko alegazioen inguruan. Halaber onarturiko alegazioen edukia ez da islatzen aldaturiko Plan Partzialaren testuan.

Horrela B-1 lursaileko xehetasun azterlanak Plan Partzialaren ordenantzei erreferentzia egiten diotenez xehetasun azterlanaren behin betiko onarpenari ere helegitea jartzen diote.

Haatik, ez dute adierazten xehetasun azterlanaren zein atal edo zati aldatu behar den edo ez datorren bat, legediarekin edo mailaz goragoko beste hirigintza planeamenduko dokumentuekin.

Berez, helegitearen edukiak S-1 sektoreko Plan Partzialaren aldaketari egiten dio erreferentzia eta ez xehetasun azterlanari.

Hirigintza teknikariak egindako txostena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko urriaren 1ean egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores, S.L. aurkeztu duen birjarpen helegitea ez onartzea."

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antton Arrizabalaga).

9.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak dio ez dela kontu ematerik egongo, udarako geldialdia eta arazo tekniko batzuk medio delegatuek ez dutela beraien lanen berri emango. Hemendik aurrera kontu emate horiek idatziz egingo dituztela gaineratu du.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio izan direla bilera eta albiste inportanteak eta haien inguruko informazio ahoz ematea eskatu du. Besteak beste aipatu ditu kanpo kaiaren eta Jaizkibel inguruko akordioak eta baita San Markoseko isurtegiaren itxierari buruz Aldundiarekin lortutako akordioaren albistea.

Alkateak dio idatziz informatuko dutela.

10.- Alkateak aurkeztutako adierazpen instituzionala, mugikortasun iraunkorraren asteari buruzkoa (2008AL050012).

Alkateak Irati Aranbururi laga dio hitza, hirigintza eta ingurumen zinegotzi delegaturi. Hark erabaki proposamena azaldu du. Honela dio, hitzez hitz:

"Mugikortasun iraunkorraren astea Irailak 16tik 22ra.

Lezoko udalaren adierazpena.

Aste honen helburu nagusietako bat gaiarekiko sentsibilizazioa piztea da. Egunerokoan egiten dugun motordun ibilgailuen erabileraren gaineko gogoeta egitea eta kontzientziatzea.

Sentsibilizazio kanpaina hau instituzioek bultzatu arren, ezin dugu gure jarduna honetara mugatu. Gure herrietako hirigintzan, azpiegiturak eta herritarren mugikortasuna planifikatzeko ardura nagusia dugun erakundeak ezin dugu arlo honi dagokion gure lana herritarren sentsibilizaziora mugatu. Mugikortasun ereduan aldaketa eragingo duen neurri eraginkorrak hartzea da gure egitekoa.

Lezoren kasuan mugikortasunaren inguruan eta airearen kalitate ezean eragiten duten arazo nagusiak ez ditugu Lezoko herritarren sentsibilitatearekin bakarrik lortuko.

Egun Lezoko herriguneko trafiko arazo nagusia Donibanerako errepideak eta Gantxurizketarakoak sortzen dute. Herrigunea erdi-erditik zeharkatuz, oinezko eta bizikleta gidarientzat arrisku egoerak sortuaz, bertako aire kalitatean eraginaz eta inguruko herrietarako komunikazioa ere arriskutsu eginaz.

Egungo egoera nahiko larria ez balitz, herrian arazoa larriagotuko duten azpiegitura asmoak ditugu. Laster zabalduko den Donibaneko Nabalaldea industri poligonoa, Kanpo kaia eta bertarako sarbide izango diren tunelen eraikitze lanak , eta Gantxurizketako korridorea logistikara bideratzeko asmoak. Azpiegitura eta asmo hauek gure herrian izango duten eragina oso handia izango da, mugikortasun iraunkor bat eta kalitateko airea lortzeko oztopo izango ditugu.

Kanpainaren oinarrian argi adierazten da autoentzako, edo motordun ibilgailuentzako azpiegituren ugaritzea ez dela gure gizartearen garraio arazoak konpontzeko bidea.

Eta herritarren ohiturak aldatzea nahi badugu, arazo hauei irtenbide eman beharko zaie.

Honela egoera honi ahalik eta irtenbide azkarrena eta egokiena eman nahi diogu. Hitz ederretatik neurri zehatzetara igaroaz.

Neurri hauek proposatzen dira:

  • Aldundiari Donibanerako trafikoarentzat egin beharreko saihesbidea lehenbailehen egitea eskatzen diogu.

Bitartean, eta beti ere Nabalaldea industrigunean aktibitatea hasi aurretik, trabesia plana aurrera eraman dezala. Herrigunean, abiadura gutxitzeko, trafiko honen sorturik soinu eta aire kutsadura arazoak gutxitzeko eta herritarrentzat arriskua saihesteko, beharrezko neurriak hartuaz.

  • Modu berean, industriguneetako trafiko astuna N1 errepidera bideratzeko. GI-2638 errepidea eta Lanbarrengo errotonda lotuko dituen saihesbidea egitea.

Bitartean trafiko astuna Gantxurizketako biribilgune berrira bideratzea eskatzen diogu. Eta GI 2638 errepideak herrigunea zeharkatzen duen tokian ( Elias Salaberria hiribidean) trafiko astuna debekatzea baimendu dezala eskatzen diogu.

  • Lezotik Donibanerako errepidean bidegorria eraikitzea eta zati hau Gipuzkoako bizikleta bideen lurralde plan sektorialean sartzea eskatzen diogu.

Baita Lezo eta Errenteria arteko oinezko eta bizikleta gidarientzat puntu beltza den Altzateko biribilgunean hobekuntza lanak egitea ere.

  • Era berean bazter ditzala gure bizi kalitatearentzat hain kaltegarri gertatuko diren azpìegitura asmoak : Gantxurizketarako errepide berria, kanpo kaia eta bertarako sarbide izango diren tunelak, edota Gantxurizketako Aldundiaren lurretan jarri nahi diren plataforma logistikoak. Motordun ibilgailuen trafikoa eta ditugun arazoak larriagotu besterik ez dituztelako egingo eta mugikortasun iraunkorraren oinarrien aurka doazelako.

Lezoko udalak mugikortasun eredu berri bat gauzatzeko neurri zehatzekin jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi du eta kanpainarekin bat egin.

  • Eskualdeko mugikortasun planari osagarri izango zaion Lezoko mugikortasun azterlan bat eginaz.
  • Herrigunean oinezko eta bizikletentzako baldintza hobeak sortzen jarraituaz:
  • Espaloiak zabalduaz( Urdaburu kalean bezala ).
  • Oinezkoentzako guneak irabaziaz edo berreskuratuaz ( Kaialde, goiko plaza edo zubitxo kalearen sarrera).
  • Trafiko mugatuko eremuak sortuaz ( Donibane, Santo Kristo, zubitxo eta kale nagusian,ordutegi batean trafiko etenaz).
  • Bizikletaren erabilera sustatzeko neurri zehatzak hartuaz.
    • Bizikleta geraleku berriak.
    • Bidegorriak hirigintza planena jasoaz eta Industrialdea eta Gantxurizketa herrigunearekin lotuko duen bidegorri bat proposatuaz.

Neurri guzti hauekin eta egungo asmoen aldaketarekin bakarrik lortuko dugu gure mugikortasun eredua iraunkorragoa egitea."

Kepa Garbizuk dio izena eta izana ez direla gauza bera, eta horregatik dio ezin zaiola adierazpen instituzionala deitu bozeramaileen batzordetik pasa gabe eta talde guztien adostasunik gabe aurkezten den erabaki proposamen bati.

Bestalde, dio Kepa Garbizuk, aurkeztutakoaren asmo onak zalantzan jarri gabe, proposatutako ekintzak planifikatu eta haien aurrekontua egina izatean esango diotela baietz ala ezetz adierazpenari. Bere ustez, errege magoei karta idaztearen parekoa omen da proposamena.

Alkateak erantzuna eman dio. Alde batetik dio, onartuko balitz Lezoko udalaren adierazpena izango omen dela. Beste aldetik dio, proposatzen diren neurri askori buruz Aldundiari dagokiola aurrekontua egitea eta beste batzuek ez omen dute ezta aurrekonturik ere. Proposamen hori filosofia edo ikuspegi orokor bat onartzera omen dator.

Mikel Antton Arrizabalagak dio, bere ustez Mugikortasun astearen helburua partikularrak automobila gutxiago erabiltzea zela. Halere proposamenari buruz dio kontu batzuekin ados dagoela, saihesbidearekin eta trafiko astuna hirigunetik kentzearekin adibidez, baina beste batzuekin ez dagoela ados.

Proposamena bozkatu eta onartu egin da aldekoz ortzi botorekin, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antton Arrizabalaga).

Jesus Mari Martiarenak dio deialdiarekin bidalitako testuak ez duela inolako firmarik.

11.- EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa, Izartu II programaren ingurukoa (2008AL050013).

Honela dio EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioak:

Eusko Jaurlaritzak, "Izartu II Programa" izenez ezagutzen den 236/2003 dekretuaren bidez, gainbehera etorritako hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko zabaldutako dirulaguntzen onuradun onartua izan zen Lezoko Udala.

Lezoko Udalak, 2006 urteko ekitaldirako, gastutan 1.113.729 € eta sarreretan 835.000 € aurreikusi zituen bere aurrekontuan, onuradun izateko baldintza betetzeko asmoz.

Gastu hori egiteko epea mugatuta egonik, beharrezko zaigu berari buruzko zenbait xehetasun jakitea, hala nola:

  • Diru kopuru hori zein proiektutan gastatu den, gastatzen ari den eta gastatuko den.
  • Proiektu bakoitzaren egoera eta fasekako egutegia zein den.

Informazio hori jasotzeko modurik egokiena, Hirigintza, Obra eta Zerbitzutako batzordeak eta Ogasun eta Kontu batzordeak elkarrekin bilera berezi bat egitea dela pentsatzen dugu, bakoitzeko kide eta teknikariez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziko arduradunak ere bertan bilduko lituzkeena.

Horregatik, nahi dugu Udal Batzarrak eskari hau berea egin dezan eta alkate jaunari esandako bilera berezi hori, hilabete baten buruan, deitu dezan eska diezaion."

Mozioa aho-batez onartu da.

12.- EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa, Armada brigadaren aurkako atentatua dela eta (2008AL050013).

Kepa Garbizuk argitu du, aurkeztutako mozioa ez dela bakarrik gai zerrendan jaso diren gertaeren ingurukoa, beste bi gertakari ere hartzen dituela kontutan, hain zuzen mozioaren tituluan dioen bezala, Ertzaintzaren Ondarroako komisariaren eta Vital Kutxaren Gasteizko egoitza sozialaren aurka ETAk egin zituen atentatuak.

Honela dio aurkeztutako mozioak:

"ETAk egin duen eta armadako brigada Luis Conde de la Cruz Jaunari bizia kendu dion atentatua dela-eta, eta Ertzaintzaren Ondarroako komisariaren eta Vital Kutxaren Gasteizko egoitza sozialaren aurka ETAk egin zituen atentauak direla-eta.

ETAk irailaren 22an Armadako brigada Luis Conde de la Cruz jaunari bizia kendu dion atentatu terrorista kriminala burutu du, eta Ondarroan, ertzaintzaren komisariaren aurrean, eta Gasteizen ere egin zituen atentatuak ETAk. Horiek direla-eta, Lezoko Udal Batzarrak honako hauek adierazi nahi ditu:

LEHENA: Gogor gaitzetsi eta arbuiatzen duela erakunde terroristak egin duen azkeneko hilketa hau, eta elkartasuna helarazi nahi diela Luis Conde eraildakoaren senitarteko, adiskide eta lagunei; Luis Conde de la Cruz Armadako brigada zen, eta Santoñako Patronato Virgen del Puerton ostatu hartuta zegoen. Era berean, Lezoko Udal Batzarrak ETAk bezperan Ondarroan eta Gasteizen egindako atentatuak ere gaitzesten ditu.

ETAk burututako hilketa hau eta beste atentatuak basakeriaren eta gizatasunik ezaren beste erakusketa bat dira. Lezoko Udal Batzarrak nahi du, gainera, azkar sendatu daitezela Santoñako eta Ondarroako atentatuetan zauriak jasan zituztenak, haietako hiruk zauri larriak, eta beren senitartekoei, adiskideei eta lagunei elkartasuna helarazi nahi die. Halaber, Ondarroako, Gasteizko eta Santoña herri kantabriarreko biktimei gure hurbiltasuna, babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, bai eta Ertzaintzako eta Armadako biktimei ere.

BIGARRENA: Lezoko Udal Batzarrak azaldu nahi du, halaber, guztiz sinetsita dagoela terroristen indarkeriak, jarduera kriminala izaki, oinazea eta arbuioa baino ez duela eragiten herritar gehien-gehienengan. Horregatik, ETAri eskatu nahi dio behin betiko desagertu dadila inolako baldintzarik gabe, eta helarazi nahi dio euskal gizarteak bakearen eta elkarbizitza baketsuaren aldeko apustua egina duela, eta indarkeriazko ekintza anker horiek guztiz arbuiatzen dituela.

HIRUGARRENA: Lezoko Udal Batzarrak gaitzetsi egiten ditu atentatu hauek, horien egileen koldarkeriaren eta ankerkeriaren beste erakusgarri bat gehiago baitira. Egile horiek berriz ere ekintza kriminal bat burutu dute, eta horrek beren eta ekintza horiek babesten dituztenen zitalkeria morala agerian uzten du.

Lezoko Udal Batzarak nabarmendu nahi du terroristen zentzugabekeria gehigarria eta erokeria bortitza; izan ere, bonba-autoetako bat aldez aurretik jakinarazi gabe leherrarazi zuten eta bestea oso denbora gutxirekin jakinarazita, eta horrek erakusten du Ondarroan eta Santoñan ahalik eta biktimarik gehien eta ahalik eta oinazerik eta tragediarik handiena eragiteko zeukaten griña.

Gainera, atentatu terrorista horiek berriz ere behartzen gaituzte gure erabateko arbuioa adieraztera isiltasun lotsagarriari eusteko edonolako kontsiderazioen atzean babesten direnei.

LAUGARRENA: Azkenik, adierazten dugu Lezoko Udal Batzarrak lanean jarraitu nahi duela demokrata guztiek elkar hartuta jardutea indartzeko, herri honi proiektu totalitarioa inposatu nahi diotenei aurka eginez atsedenik gabe, eta, horrela, gure herrian bakea, askatasuna eta elkarbizitza baketsua lortzeko lagunduz.

BOSGARRENA: Udal Batzarrak halaber lezoarrak animatzen ditu atentatu terrorista horiek gaitzetsi eta arbuiatzeko eta horietako biktimei elkartasuna adierazteko erakundeek deitutako ekitaldi guztietan parte hartzera."

Mozioaren inguruan Jaione Legorburu zinegotziak testu alternatiboa aurkezten dio osoko bilkurari hura onar dezan.

Honela dio aurkeztutako testuak:

"Euskal Herrian azken aste eta egunetan izan ditugun gertaerak; manifestazioen debekuak, atxiloketak, tortura kasu berriak, alderdi eta erakundeen lagez kanporatzeak, amnistiaren aldeko mugimenduko kideen espetxeratzeak, Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten duten instituzio eta elkarteen aurkako makroepaiketak, baita izan diren ekintza armatuak eta beste indarkeri adierazpenak, gure herriak bizi duen gatazka politiko eta armatuaren gordintasunaren erakusgarri dira. Eta are ageriagoan uzten dute konponbideak lehentasunezkoa izan behar duela eragile guztientzat.

Gertaera larri hauek are ageriagoan uzten dute gatazka politikoa urgentziaz konpontzeko premia, gure herriaren eskubideen errespetuan oinarrituriko orube demokratiko bat eraikiz. Izan ere, dagoeneko gizartearen gehiengoak bere egiten du gatazka konponduko bada, ezinbestekoa dela inposaketaren , ukazioaren eta zatiketaren marko konstituzional hau gainditzea eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak aitortu eta bermatuko dituen marko demokratikoa eraikitzea. Soilik modu horretara gaindituko da gatazka politikoa, eta ondorioz gatazkaren ondorio diren indarkeria adierazpen guztiak.

Hau honela izanik, ez gatoz bat zenbait alderdik gertakari horien harira plazaraturiko ikuspegi mugatuko irakurketarekin.

Gertaera hauen aurrean Lezoko udalbatzarrari zera erabakitzea proposatzen zaio:

  • Horrelako gertakariak eta herri honetan pairatzen ditugun mota guztietako bortxazko adierazpenak modu estrukturalean gainditzeko prestutasun osoa agertu nahi dugu. Gaitzespen antzuetarako garaia baino, herri honen etorkizunari begira, konponbidearen alde lan egiteko garaia dela esanez.
  • Lezoko Udalak, Euskal Herriaren eskubideen eta gatazka gainditzearen alde aritzeko apustua egiten du. Gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratikoa aldarrikatzen du, euskal herritarrok egitasmo politiko guztien artean bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidean oinarrituko den konponbidea, hain zuzen ere. Hortaz, udal honek ez du onartuko herri honi iruzurrik inposatzea.
  • Udal honek Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko deiarekin bat egin eta horretara animatzen ditu udalerriko talde politiko, kolektibo eta herritar oro."

Alkateak dio, ohikoa den bezala lehenik testu alternatiboa bozkatuko dela eta onartu ezean bozkatuko dela EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa.

Testu alternatiboa bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin eta aurkako lau botorekin (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antton Arrizabalaga).

URJENTZIAZ AURKEZTUTAKO GAIA.

Irati Aranburuk proposatu du osoko bilkuretako hasiera ordua atzeratzea, 19:00etan hasi ordez 19:30etan hastea proposatu du, berak eta beste zinegotzi batzuk dituzten betebeharrengatik larri edo ezinezkoa zaielako zazpietarako iristea.

Gai zerrendan ez dagoen gaia izanik, hura eztabaidatzeko lehenik haren urgentzia onartu behar du bilkurak. Bozkatu egin da eta baita urgentzia onartu ere, alde zortzi zinegotzik egin dutelako eta beste laurak abstenitu egin direlako (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antton Arrizabalaga).

13.- Ohiko osoko bilkuren hasiera ordua aldatzea.

Irati Aranburu zinegotziak proposatuta, aldeko zortzi botorekin eta lau abstentziorekin, (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antton Arrizabalaga) onartu da osoko bilkuren hasiera ordua 19:00etatik 19:30etara aldatzea.

14.- Galde-eskeak.

Alkateak dio jaso dituztela Kepa Garbizuk erregistratutako galderak. Esan du bai galdera horiek bai lehendik erantzun gabe dituztenak idatziz erantzungo dituela hurrengo plenoan, behin departamentuetako teknikarien txostenak jaso ondoren.

Kepa Garbizu kexatu egin da erantzunen atzerapenekin. Adibidez, dio, badirela galderak sei hilabete baino gehiago erantzunaren zain daudenak.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna