2009.eko Abenduaren 23ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko abenduaren 23an, asteazkena, 19:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez da bilerara etorri Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Lezoko Hirigintza Plan Orokorrari hasierako onarpena emateko diktamena (2007H0310001).

 

Jon Legorburu zinegotziak gaia azaldu du. Hirigintza Batzordean azaldutakoa gogoratu du: bat, plan honek herrian beste 700 etxebizitza egitea aurreikusten du, tokiak eta kopuruak zehaztuz. Bi, Xoxolurrako eremua parke publikoko erabilerarako proposatzen da; Hiru, Arraitoki ingurua, kiroldegi aurrekoa, ekipamendurako uzten da herriko sarrera txukuntzeko intentzioarekin. Lau, industri guneak finkatu egiten dira. Bukatzeko, gaurtik aurrera planak izango duen tramitazioa aipatu du. Baita ere, eskertu du dokumentuaren egilea den Raimundo Mendiburu arkitektoa gaurko bilkura honetan egotea.

Besterik gabe, hirigintza batzordearen diktamena onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

 

"Lezoko Udalak 2007ko abenduaren 5an buruturiko Osoko Bilkura, Udalerriko Hirigintza Plan Orokorra formulatzea eta idaztea erabaki zuen.

Halaber, Babes zibil, ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren organoei bere ordenamenduarengatik errespetatuak izan behar duten ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunearen baldintzatzaileen eta egon litezkeen arriskuen berri eskatu. Behar bezalako justifikazio tekniko eta juridikoekin bi hilabete gaindituko ez dituen epearen barruan mango da.

Azkenik, Osoko bilkura honetan espedientean dagoen Hiritarren Parte Hartze Programa onartzea erabaki zen.

2008ko uztailaren 17ko 08/659 Alkatetza Dekretuaren bitartez Lezoko udalak Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Aurrerakin dokumentua tramitera onartzea eta jendaurrean 3 hilabetez jartzea erabaki zuen, adierazitako epean, elkarteak, norbanakoek eta korporazioek iradokizunak, planeamendu alternatiba desberdinak aurkeztu zitzaten. 2008ko urriaren 24an amaitzen zen epe hau, urte bereko azaroaren 24 arte luzatu zen 2008ko azaroaren 21ko 08/862 Alkatetza Dekretuaren bitartez.

Dagozkion argitarapenak egin ondoren (Berria 2008-08-05, Diario Vasco 2008-08-19, Gara 2008-08-06, Nocicias de Gipuzkoa 2008-08-06 eta Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala 2008-07-23), epe horren barruan hogeita bederatzi iradokizunak aurkeztu ziren.

Aurrerakin dokumentuaren kopia mugakide diren udalerriei eta arlokako eskumenak dituzten administrazio publikoei ere igorri zaie.

Lezoko Udalak 2009ko ekainaren 10eko Osoko Bilkuran Aurrerakin dokumenturi aurkezturiko iradokizunak erantzutea, Ordenazio Ereduaren Helburu Orokorrak eta Oinarrizko Irizpideak onartzea eta erabaki horien berri ematea alegazioen titularrei eta Lezoko Arau Subsidiarioen Berrikuspena idatzi duen taldeari, Hirigintzako Plan Orokorraren hasierako onarpenerako dokumentua idazten hasteko.

2009ko irailaren 16an Lezoko Udalean sarrera ematen zaio Hirigintza Plan Orokorraren ingurumenaren eraginaren aurretiazko txostenari.

2009ko azaroaren 30ean Lezoko Udalean Sarrera ematen zaio Hirigintza Plan Orokorraren haserako onarpenerako dokumentuari.

2009ko abenduaren 3an Lezoko Udalean Sarrera ematen zaio Hirigintza Plan Orokorraren haserako onarpenerako dokumentuaren Ingurumen eraginaren azterketa bateratuari.

2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legearen 90 artikuluak xedatzen duena eta aipatu lege hori garatzen duen 105/2008 Premiazko Neurrien Dekretuaren 32 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko abenduaren 17an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko Udalerriko Hirigintza Plan Orokorrari haserako onarpena ematea

BI: Hirigintza Plan Orokorraren dokumentua jendaurrean jartzea, Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta lurraldean hedadura gehien duen egunkarian edo egunkarietan argitaratuz. Plana 45 egunez egongo da jendaurrean, azken argitalpenetik kontatzen hasita

HIRU: Akordio hau arloka eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinaraztea bere ezagutzarako eta txostenak egin ahal izateko.

LAU: Edozein eratako onarpenak, baimenak eta lizentziak emateko aukera etetea, gehienez bi urteko apean, haserako onarpena jaso duen Hirigintza Plan Orokorraren ondorengo eremuetan:

AOU 13 Marrukene, AOU Algeposa 1 AOU 5 xoxolurra, AOU 36 Gaintxurizketa, AOU17 Maintzine AOU18 Maintzine Mendebaldea eta Lur ez urbanizagarri guztian."

 

Kepa Garbizuk dio udalak plan orokorra idazteko duen kontratua hausten ari dela: alde batetik, han aipatzen den diagnostikoa egin ez delako eta, bestetik, han aipatzen diren epeak modu nabarmenean gainditu direlako. Horregatik eskatu du akats horiek zuzentzea eta kontratu baldintzetan aurreikusitako atzerapenagatik jarri beharreko isunak jartzea.

Edukiari buruz dio Algeposa ingururako planean aurreikusitakoa guztiz kontra datorrela eremu horretarako onartu berri diren hitzarmen urbanistiko eta plan bereziekin. Era berean, ez zaio iruditzen portuko iharduerak sortzen dituen trafiko arazoentzat Lanbarrengo sarrera denik irtenbidea, arazoak beste irtenbide bat beharko omen du eta ez proposatutakoa. Arraitoki eremurako proposatutakoak ere harritzen du, portuaren lurrak izanik etxebizitzak ezin direla egin esaten delako eta gero institutua bertan jartzea proposatzen delako.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio bera kritikoa dela dokumentuarekin, ez zaio iruditzen bideragarriak direnik han proposatutakoak. Bestalde, iruditzen zaio industria jarduerarako lur berri gutxi proposatzen dela. Ondorioz, gaur abstenitu egingo omen da eta behin behineko onarpena proposatzen denerako zehaztuko dela bere behin betiko jarrera.

Alkateak dokumentuan proposatutakoak defenditu ditu: Algeposarentzat onartu berri diren dokumentuak eta plan orokor hau bateragarriak direla mantendu du. Arraitokiri buruz dio, dokumentuak udal gobernuak nahi duena jasotzen duela. Ez zaio iruditzen epeetan izan den atzerapena dokumentuaren idazlearen erantzukizuna denik. Atzerapenaren arrazoi nagusia partehartze prozesuak indartzeko gobernu taldeak hartutako erabakiak izan dira.

Eztabaida izan ondoren alkateak bozketa proposatu du eta diktamena onartu egin da gehiengoaren aldeko botoarekin: alde zazpi boto izan dira, abstentzio bat (Mikel Antxon Arrizabalaga) eta ezezko hiru boto (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesus Mari Martiarena).

Alkateak zehaztu du onarpena txosten juridikoan jasotzen diren zehaztasunak eta argibideak ematearen baldintzapean egin dela.

 

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.399.etik 828.401.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna