Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko uztailaren 2an, ostirala, 19:35ean, eratu da EZOHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue eta Enrique Figueroa Laboa.
Ez dira bileran izan Irati Aranburu Salaberria, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.
Alkateak dio uztail honetan hastear den Udalbitza auziak nahiko mami baduela osoko bilkura bat egiteko. Mozien eztabaidan eta bozketan hasi aurretik, sarrera gisa, gaiaren inguruko bideo bat ikusiko dela dio.
Bideo ikusi da eta ondoren mozioen eztabaida hasi da.
1.- Mozioa, "Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari".
Alkateak dio bi mozio daudela, bata deialdiarekin banatutakoa eta hainbat hautetsi ohiek aurkeztua, eta bigarrengoa, EAJ taldeak aurkeztu duen testu alternatiboa. Lehenik deialdiarekin banatutakoa eztabaidatu eta bozkatuko dela dio alkateak, eta ondoren mozio alternatiboa.
Honela dio mozioak:
""Udalbiltza, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra", nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Honako printzipio eta helburuekin sortu zuten:
- 1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
- 2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
- 3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
- 4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
- 5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.
Helburu hauek gauzatze aldera hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu Udalbiltzak azkeneko ia hamaika urte hauetan.
Oztopoz jositako ibilbidea izan du. Horien artean, nabarmena 2003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta erakunde nazionalaren aurkako polizia operazioa dugu.
Operazio honen ondorioz Udalbiltzako hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta Udalbiltzari suspentsioa ezarri zioten.
Operazio honen aurrean, udal hautetsi, ordezkari politiko, sindikal, kultural eta sozial ugari eta anitzek eta milaka eta milaka herritarrek erasoa salatu zuten Bilboko kaleetan, "Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari" lelopean.
Orain, zazpi urte beranduago, Udalbiltzaren aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen. Nabarmentzekoa da Udalbiltza erakundearen beraren behin betiko ilegalizazioa eskatzen dela.
Honen aurrean, azken 30 urtetan Lezoko hautetsi izan garen hainbat herritar elkartu eta bidegabekeri honen aurrean Lezoko Udalbatzarri puntu hauek onar ditzan eskatzen diogu:
- 1. Aldarrikatzea 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.
- 2. Konpromisoa hartzea, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.
- 3. Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka -tartean Xabier Alegria eta Imanol Esnaola Lezoko hautetsi ohiak- Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.
- 4. Epaiketaren bezperetan, elkarretaratzeak egiteko deialdi publikoa egitea, era isilean elkartasuna adierazteko.
- 5. Epaiketa honen ondorioz, beren funtzio instituzionalen barne egindako lanagatik Xabier Alegria eta Imanol Esnaola hautetsi ohiak epaituko dituzte. Urte luze hauetan horrek eragindako eragozpen eta deserosotasunez gain, epaiketari aurre egiteak eragiten duen karga ekonomikoaren zamari aurre egin behar diote. Hori dela eta udalbatzarri eskatzen diogu defentsa juridikoa eta Madrilera egin beharreko joan etorri eta egonaldien gastuak bere gain hartu ditzala.
Lezon, 2010eko ekainaren 24an.
Eskaera sinatzen duten hautetsi ohiak:
Mikel Arrizabalaga Pikabea, Antton Ibarguren Zabaleta, Martin Esnaola Oiartzabal, Melinton Garmendia Salaberria, Martzelino Legorburu Manterola, Iñaki Zipitria Urkizu, Andoni Pikabea Lertxundi, Joseba Aurkenerena Barandiaran, Iñaki Aranburu Garbaio, Esteban Zalabeta Unanue, Aitor Sarasola Salaberria, Josu Pontesta Garmendia, Karmele Legorburu Irazu, Lander Ziganda Etxekolonea, Gema Arrillaga Albisu, Mikel Mitxelena Iza, Joxeluix Agirretxe Mitxelena, Jexux Mari Etxebeste Bengoetxea, Agustina Pontesta Garmendia, Jone Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Mari Viaña Balda, Jose Luis Ruiz Navarro, Rafael Salaberria Etxezurieta, Juli Del Sol Bermejo, Inma Muñoz Martinez, Nekane Artola Labordeta, Iñaki Zabaleta, Iñaki Labaka, Iker Salaberria Urkizu."
Kepa Garbizuk dio Eusko Legebiltzarrean erabakitakoaren testu berdintsua izan arren, akats batzuk badituela. Adibidez, beste Udalbiltza dagoenik ez aipatzearena. Testua negoziatu nahi izan duela dio, baina ez dela posible izan.
Jendartetik bi parte hartze baimendu ditu alkateak. Lehena mozioa aurkeztu dutenen ordezkaritzatik aritu da mozioaren defentsan eta bigarren parte hartzea Imanol Esnaolarena izan da, auzi honetan auzipetua dagoen udal honetako zinegotzi ohia. Honek azpimarratu du, auzia, zigortzera bideratuta dagoela, lekuko ugarien testigantza ukatu dizkietela. Dena dela beraiek herri mandatu eta aginduz hasitakoari eutsi egiten diotela.
Alkateak EAJ taldeak aurkeztutako mozioa ezberdina dela dio, aurrekoaren 4. eta 5. erabaki proposamenak ez dituzte jasotzen. Gainontzean erabaki proposamenak berdinak direla dio. Horregatik bi mozioak bozketara jartzea erabaki duela dio.
Honela dio EAJ-PNV udal taldearen mozio alternatiboak:
"Udalbiltza, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra", nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Honako printzipio eta helburuekin sortu zuten:
- a) Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
- b) Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
- c) Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
- d) Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean ea beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
- e) Nazio artean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.
Helburu hauek gauzatze aldera hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu Udalbiltzak, azkenengo ia hamaika urte hauetan.
2003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta beraien jardueraren suspentsioa ezarri zuen.
Orain, zazpi urte beranduago, kide horien aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen.
Kasu honetan, berriro ere, prozedura induktiboaren ordena irauli dute, ezin da aurretiaz ezarritako printzipioa, hau da, "dena ETA da" printzipioa ezarri eta ondoren aurreiritzi hori janzten duten zantzuak bilatzen hasi, baieztapenarekin bat ez datozenak baztertuz.
Guzti hori dela eta, udalbatza honi hurrengo mozioa proposatzen diogu, eztabaida eta hala badagokio onar dezan:
- 1. Lezoko Udalak aldarrikatzen du 1999ko irailean euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegia dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkatek kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.
- 2. Lezoko Udalaren ustez, "dena ETA da" printzipioa, erabiliaz mugarik gabeko inkriminazioa zabaldu daiteke pertsonen eta erakundeen aurka. Euskal lurraldeen erakundetzea eta Nazio eraikuntza bultzatzea, edo euskararen alde jardutea, euskal hiritar eta hautetsi askoren iritzi eta konpromisoa da. Guardia Zibilak bere txostenetan ETAk berdin pentsatzen omen duela eta guzti horiek ETA-kide direla baieztatzea astakeria juridiko eta politikoa da.
- 3. Lezoko Udalak konpromisoa hartzen du, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.
- 4. Lezoko Udalak Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrilgo Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzen du eta Estatuko Gobernuari eskatzen dio Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala."
Alkateak esan bezala bi mozioak bozkatu dira. EAJ taldeak aurkeztutakoa aho batez onartu da. Hautetsi ohiek aurkeztutako mozioa onartu egin da aldeko sei botokin eta bi abstentziorekin, Kepa Garbizu eta Enrique Figueroarenak.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:10etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 885.664.etik 885.668.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.