Aldundiak balio katastrala eguneratu du eta horrek OHZren igoera ekarriko du; igoerak herritarrengan izango duen eragina arintzeko gobernuak berrikuspenak gomendatzen duen %22a ordez, %4,5 igotzea proposatu du. Era berean, Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga %15etik %12ra jaistea eta gainerako udal tasa eta zerga guztiak mantentzea ere proposatu da.
Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2001. urtetik berrikusi gabe zegoen balio katastrala eguneratu du. Oro har Gipuzkoako lurzoruaren balioak gora egin du, baita Lezoko lurzoruaren balioak ere, eta horrek Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren igoera eragingo du datorren urtean.
Igoerak herritarren ekonomian ahalik eta eragin txikiena izan dezan, gobernuak, udalak balio katastralari aplikatzen dion zerga tipoa jaistea proposatu du. Zehazki, balio katastralaren berrikuspenak gomendatzen duen %22ko igoeraren aurrean, gobernuak %4,5eko igoera proposatu du. Helburua da, udal eskumenen baitan, igoera honen eragina arintzea lezoarrek jasaten duten presio fiskala ez areagotzeko. Dena den, neurri honekin udalak diru gutxiago bilduko luke datorren urtean.
Udal tasa eta zergei dagokienean, zenbait kasuetan igoerak eman dira, baina halere, gobernuak guztiak mantentzea proposatu du, herritarren ekonomiaren mesedetan. Era berean, eta helburu berari jarraituta, Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga %15etik %12ra jaistea proposatu da.