Helburua da Lezoko komertzioetan euskararen ahozko erabilera areagotzea
Lezoko Udaleko Euskara sailak euskara ikastaroa antolatu du herriko merkatarientzat, eta hasiak dira astean behin elkartzen. Hitzordua asteazkenetan da, eguerdiko 13:15etatik 14:45etara Oroitzene euskaltegian.
Ikastaroaren helburua da egunerokoan bezeroekin izaten den gutxieneko komunikazioa euskaraz egin ahal izatea: agurrak, kontuak, eguraldia eta abar. Interesatuek Lezoko AEK-n galdetu dezakete edo bestela Lezoko Udaleko Euskara Zerbitzura jo (943-513476). Ikastaroaren kostua 150 eurokoa da, baina ikastaroa amaieran % 80ko asistentzia betetzen bada diru hori itzuliko dio Udalak beka moduan.
Lezoko Udalak abian du merkataritza euskalduntzeko plana, eta joan den urtetik hona hainbat egitasmo bideratu dira herriko arrandegiekin, fruta-dendekin, okindegiekin… Oraingoan, berriz, merkatariak eta bezeroak dira subjektu aktiboak.
Euskara sailetik azpimarratu dute ikastaroarekin Lezoko komertzioetan euskararen ahozko erabilera areagotu nahi dutela. Zentzu horretan, ikastaroa egiten hasi diren pertsonak eskertu, euskara ikasten jarraitzera animatu eta euskararen alde egiten ari diren esfortzua saritu nahi ditu.
Bestalde, bezeroei eskatu nahi zaie ikasten ari diren horiei euskaraz egiteko eta euskaraz trebatzen laguntzeko.
Momentuz, Zubitxo janari dendak, Ximak ile-apaindegiak, Lezoarrak tabernak eta Sagar Zulo Jatetxeak bat egin dute ekimenarekin.