Herri-lurretan bioaniztasuna hobetzeko ekimenak

Jaizkibel eta korridore ekologikoa, lehenengo urratsak

2008ko uztailean, Lezoko Udalak onartu zuen “Balio-publikoko udal-titularitateko Jaizkibel mendiko lurren kudeaketaren helburuei buruzko udal akordioa”. Erabaki horretan finkatzen dira udal-jabegoko lurretan jarraitu beharreko helburuak, kontserbaziora bideratuta daudenak, batez ere. Horretaz gain, bertako landaredia berreskuratzeko eta pixkanaka espezie aloktonoak ezabatzeko lanei ekitea ere proposatzen da, Jaizkibel GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua) eremuan interes komunitarioko habitatak berreskuratzeko beharrezko ekintza gisa.

GKL eremuaz gain, horren eta udalerriko beste eremuen arteko lotura ahalbidetzea garrantzi handikoa da, isolatuta gera ez dadin. Horretaz jabetuta, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Berrazterketan (2010ean behin betiko onartua) Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoa barneratu da, baita korridore horren zabalkuntza  udalerriaren hegoalderantz ere, tokiko korridore bat eratuz. Inguru horretan, lotura egiteko baliagarriak diren elementuen (ubideak, ibai-ertzeko landaretza, zuhaiztiak) kontserbazioa sustatzen da, baita horien berreskurapena ere, kasuan kasu.

Udal lurretako jarduketak

Udal-lurren antolamenduari arreta jartzeaz gain, Lezoko Udalak lurren gainean zuzenean jarduteko erabakia hartu zuen, udalerriko biodibertsitatea hobetzeko helburuarekin. Horrela, lehenengo urratsa izan da udal-jabegoko lurretan jardutea, eta hori erakusgarri nabarmena da lurraldean diharduten eragile publiko zein pribatuentzat.

Ideia horrekin sortu zen Jaizkibel–Aiako Harria korridore ekologikoko biodibertsitatea eta tokiko konektibitatea hobetzeko proiektua. Bertan, honako jarduerak egin dira: espezie inbaditzaileak ezabatu, bertako espezieekin baso-berritu, hondakinak bildu eta abar, baita ingurumen arloko komunikazioa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa ere.

Proiektu horrek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntza lortu zuen 2009ko laguntzen deialdian (EHAA, 2009ko ekainaren 24koa); 51.231 euroko diru?laguntza, hain zuzen.

Proiektuaren helburu nagusiak:

  • Lezoko udalerrian, bioaniztasunaren hobekuntza, Jaizkibelen (Natura 2000 Sareko eremu babestua) eta korridore ekologikoaren balio duten beste eremu batzuetan egindako ekintzen bitartez.
  • Tokiko ondare naturalaren hobekuntza, udal jabetza duten lurretan egindako ekintzen bitartez.
  • Balore naturalen berri eman eta beraien kontserbazioaren beharrari buruz sentsibilizatu.

Orain arte burututako ekimenak:

JAIZKIBEL - KREDOARRI

Lehenengo dorrearen azpian eta Donejakue bidearen ondoan kokatutako pinudia; espezie autoktonoak ugariak dira bertan.

Tamaina txikiko hezegune baten eraketa, ur-gune gutxi dituen eremu batean; anfibio, hegazti eta ur-intsektuentzako mesedegarri izango da.

Baso autoktonoaren (Quercus pyrenaica-ko ameztia) berreskurapena, pinudiaren dentsitatea gutxituz (18 ha).

ALTAMIRAGAIN:

Zuhaizti garrantzitsua duen hiriko parkea, landa-eremuarekin mugan dagoena.

Landare inbaditzaileen ezabaketa (sasiakazia, Reynoutria japonica).

Oihanpearen berreskurapena, faunarentzat babesgune izango dena. 400 zuhaixka eta zuhaitzen landaketa (erramua, elorria, gorostia, hurritza, basaerramua, intsusa, lizarra, haritza, urkia,…).

Ekintza-eremuan hesia jarri.

BAKARRAIZTEGI:

Bakarraiztegi erreka-ingurua, Ipintza industrialdearen ondoan.

Garbiketa eta hondakinen ezabaketa, erreka ertzean eta hegalean (obrako 5 edukiontzi, 3.680 kg). 2011ko ekainean garbitu zen Bakarraiztegiko erreka ingurua.

 

Landare inbaditzaileen ezabaketa (panpako lezka, Budleja davidii).

Ibaiertzeko basoaren berreskurapena. 60 zuhaitzen landaketa (lizarrak, haltzak, haritzak).

Babes-hesia eta hondakinen isurketa ekiditeko seinaleztapena.

Komunikazio-lanak

Proiektua jendartean hedatu: www.lezo.net webgunean, prentsaurrekoak...

Ekintzak jendarteratu: bisita gidatuak

Ekintzen seinaleztapena eta interpretazioa:proiektuari buruzko panelak, sentsibilizaziorako seinaleak

Egitasmo hau diruz lagundu duten erakundeak

Udal Sarearen logoa
Eusko Jaurlaritzaren logoa