Olatzar erreka
Olatzar errekak Jaizkibel mendiko hego magaleko Minazulo edo Gaztainzulo izenez ezagutzen den ibarreko urak jasotzen ditu. Ibilbide motza du, izan ere, Baratze Parke ondotik igaro ondoren, Pisbe eta San Pedro auzoen artean lurperatzen da, beste erreka-adar batzuekin elkartu eta Zubitxo errekara isuriz. Guztira 680 metro inguruko ibilbidea du, eta udaran lehortu badaiteke ere, ia urte osoan ura darama. Eurite garaian bere emaria asko handitu daiteke.
San Pedro auzoko etxeak egiterakoan, bere ibilgu naturalean aldaketak jasan zituen eta gaur egun oso mehartuta dago. Hori dela eta, zenbait puntuetan higadura arazoak ikus daitezke.
Bioingenieritza higadura arazoak konpontzeko
2016 urtean Olatzar erreka ertzean higadura arazoak zeudela ikusi zen Lezoko Baratze Parkeko zubia eta etxolaren artean. Arazo horiek konpondu ezean, zubiaren egoera lehenik eta etxolarena aurrerago arriskutsua izan zitekeela baloratu zen. Arazo horiek nola konpondu zitezkeen aztertu ondoren, arazoari aurre egiteko bioingeniaritza teknikak erabiltzea erabaki zen.
Bioingeniaritza landare biziak eta landare zatiak obra material bezala erabiltzen dituen ingeniaritza mota bat da. Material bizi horiek lurra eta harriekin batera erabiliaz, gunea modu azkar batean naturalizatzen da. Bere erabilpena gero eta zabalduagoa dago, batez ere erreka ertzetan egonkortze lanak egin behar direnean, eta hain zuzen ere, hori da Baratze Parkeko errekaren kasua. Lehenengo aldia da horrelako obra bat egiten dela Lezoko Udalerrian.
Olatzar errekako proiektua
2018ko ekainean SCIA S.L. Sangalli, Coronel y Asociados enpresak “Olatzar errekaren berreskurapena bioingenieritza tekniken bidez” izeneko txostena aurkeztu zuen. Bertan errekak duen arazoaren diagnostikoa jasotzen da eta egin beharreko lanak deskribatzen ditu.
Proiektuaren helburu nagusia da, ahal den heinean, Olatzar errekaren perfil naturala berreskuratzea, ubideari leku gehiago emanez eta erreka-ertza naturalizatzen bioingenieritza tekniken bidez.
Proiektuan jasotako beste helburu batzuk hauek dira:
- Erreka-ertzaren egonkortzea eta Baratze Parkeko zubia eta etxolaren segurtasun arazoei konponbidea ematea
- Erreka-ertzaren habitataren hobekuntza
- Bioingenieritza teknikak ezagutzera eman
- Herritarrak sentiberatzea, orokorrean, ibai-sistemen eta bereziki erreka-ertzeko basoen inguruan
Errekan burututako lanak
Modu eskematiko batean hauek dira egindako lanak:
- Zubi zaharra kendu, baita horren azpian zeuden harriak eta materialak ere
- Hondeaketa bidez erreka-ertzean perfil berria sortu, errekari leku gehiago eginez
- Bioingenieritza tekniken aplikazioa, besteak beste:
- Oholesiak: enborrez, baita enbor eta harriz, osaturiko hesiak eta sareak. 20-30cm diametroko pinu eta akazia enborrak, 2-4m luzerakoak eta azalik gabekoak erabili dira. Egitura sendoena enbor eta harriz osaturikoa da, eta hori zubi berriaren oinarriak osatzeko erabili da.
- Adaxka-metak: Astigarragatik hartutako sahatsa zuhaitzaren adaxkak erabili dira. Estruktura lanak egiten dituzten enbor bertikalen atzean, sare erara, eta adaxka-meta hauen atzeko aldea lurrez eta landare biziz betzen da, estruktura natural egonkorra sortuz.
- Sahats adaxken bidez erreka-ertza landatu
- Deflektoreak: harrobiko harriak errekako ubidearen jarri, puntu estrategikoetan, uraren habiadura gutxitu eta higadura ekiditeko.
- Landaretza gabe gelditu den eremu guztian belar hazia bota
- Zubi berria muntatu. Zubi berria aurrekoan baino luzeagoa da, 4 metro ingurukoa.
Berrien estekak
Bioingenieritza tailerra
Abenduaren 10ean Paola Sangallik, Asociación Española de Ingeniería del Paisaje-ren lehendakariordeak, tailer bat eman zuen bioingenieritza teknikak ezagutzera emateko eta Olatzar errekan egingo ziren lanen azalpenak emateko. Tailer oso praktikoa izan zen, eta material naturalen bidez bionignieritza teknikak simulatu egin ziren, maketa txikiak sortuz.
Berria ikusteko esteka
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza
Proiektuaren kostea guztira 14.025 eurotakoa izan zen (BEZ gabe), eta aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 7.962,29 eurotako dirulaguntza lortu zuen Lezoko Udalak (ebazpena EHAA, 2019ko otsailaren 27koa), urtero sail horrek garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei eta beste tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza lerrotik.