2002.eko Urriaren 18ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko urriaren 18an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH),

Ez dira bertan izan Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA), Gurutze Sein Cordero (EA), Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE). Lehenengo bostak etorri dira aretora baina bilera hasi aurretik alde egin dute.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Proposamena, 2003. Ekitaldirako Ordenantza Fiskalen aldaketari haserako onarpena.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Gogoratu du Hazienda Batzordea deitu zela baina quorumik izan ez zuelako ez zutela gaia diktaminatu ahal izan.

Esan du bi azalpen egin beharrean dagoela: lehena, 9. orrialdean IBI zergaren igoera ez dela oraingoz zehazten, Aldundiak ez duelako oraindik bere igoera erabaki. Proposamenak dio igoera %10ekoa izango dela Aldundiko igoera barne, hau da, udalaren igoera zehatza Aldundiaren igoeraren baitan dagoela. Bigarren azalpena proposamen bat da: eraikuntzen gaineko zerga arautzen duen ordenantzan eraikuntza monumentalek duten trataera bera izatea eraikuntza erlijioso diren Gurutze Santuaren Basilikak eta San Juan Bataiatzailea Parrokiak.

Aurkeztutako proposamenak %10aren igoera orokorra proposatzen omen du udal tasetarako, ura eta zaborren prezioetan izan ezik. Horietan, %20ko igoera proposatzen da. Azken horren arrazoia zerbitzu horiek defizitarioak direla eta egindako bideragarritasun ekonomiko planak horrela aholkatzen zuelako. Bestalde zerbitzu hauetan subentzio unibertsal bat eman ordez, zuzenagoa irizten dio baliabide horiek beste politika sozialago batzuetara birbideratzeari.

Alkateak Lezo eta eskualdeko presio fiskalak konparatu ditu 2001eko datuekin: Lezokoa 100 bada, Pasaiakoa 114,5; Errenteriakoa 132 eta Oiartzungoa 109,6. Probintzi mailan ere 10.000 biztanle duen herrietan 68.000 pezeta/urtean bada presioaren media, Lezon 46.000 pezeta/urtean omen da prezioa.

Proposamenak honela dio:

Aurtengo urriaren 3rako aurreikusitako hazienda batzorde informatzailean nahikoa quorumik ez eta aipatutako gaia diktaminatu gabe geratu zenez, alkatea naizen aldetik Udalbatzari proposatzen diot honako ebazpen hau hartzea:

2003. ekitaldirako ordenantza fiskalen aldaketa onartzea, aipatutako batzordera igorritako alearen arabera.

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez, ez baita quorumik izan, haren urgentzia bozkatu da. Bilkuran diren zazpi zinegotziek alde bozkatu dute.

Proposamena aho batez onartu da. Jendaurrean egongo den hilabeteko epean alegaziorik egon ezean behin betiko onartutzat emango dira ordenantzak.

2.- Diktamena, 3. Sektoreari buruzko hiri antolamenduko Arau Subsidiarioen aldaketaren dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriaren onarpena.

Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamena aurkeztu dio Osoko Bilkurari. Honela dio hitzez hitz:

"Lezoko Udalak 2002ko uztailaren 21ean buruturiko ezohiko udalbatzarrean 1 eta 3 Sektoreetako Hiri Antolaketa Arauen aldaketa dokumentuari behin behineko onarpena eman zion.

2002ko abuztuaren 1ean aipatu dokumentuaren lau ale eta arau subsidiarioen aldaketaren espedientea igorri zuen udal honek Foru Aldundiko Arkitektura eta Hirigintza Departamentura.

Arestian aipaturiko Hiri Antolaketa Arauen aldaketa dokumentuak 3. Sektoreari dagokionez akats bat duela konturatu da Lezoko Udala, alegia, gune libreen sistema orokorra 3. sektorearen barruan kokatzen da (7.652m² orotara) eta honek zera suposatzen du, aipatu sistema orokorrera xedemana dagoen lur zatia, hau da 1.362 m2, ezin dela kontuan hartu legeak lur urbanizagarrian arautzen duen dentsitatea kalkulatzeko eta beraz, gehienez 75 etxebizitza hektareako muga gainditu egiten du egungo 3. Sektoreak, bertan 56 etxebizitza egitea aurreikusten baita.

Horiek horrela, akats hori zuzentzen duen dokumentu osagarria idatzi dute G. Otaegik eta J.M. Querejetak. Dokumentu horretan 3 Sektorea 7.652m²koa izatetik 8.632m²koa izatera pasatzen da, gune libreetarako sistema orokorra, 980m²koa da.

Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoa alde dela, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinena (PSE) kontra eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 3 Sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriari haserako onarpena ematea.

BI: Agerpen publikorako hilabete bateko epea zabaldu dokumentua aztertu eta arrazoibideak aurkeztu ahal izateko".

Diktamena aho batez onartu da.

3.- Diktamena, Herriondo bailarako Plan Bereziaren haserako onarpenari egindako alegazioei erantzuna eta planaren behin behineko onarpena.

Alkateak Hirigintza Batzordeak emandako diktamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz:

"Oiartzun eta Lezoko Udalek Herriondo Bailarako Plan Bereziari haserako onarpena eman zioten 2002ko martxoaren 12an eta 5ean.

Ondoren ireki zen informazio publikorako tartean Lezoko bizilagun talde batek alegazioak aurkeztu zituen 2002ko apirilaren 18an.

Herriondoko Plan Berezia idatzi duen taldeak txosten bat egin du aipatu alegazioak erantzunez.

Bestalde, Lezoko Udalak horrela eskaturik Oiartzungo Udalak Herriondo Plan Bereziaren izapidetza Lezoko Udalari esleitu dio 2002ko urriak 8ko batzarraldian hartutako erabakiaren arabera.

Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoa alde dela eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Herriondoko Plan Berezia idatzi duen taldeak alegazioak erantzunez egin duen txostena bere horretan onartzea.

BI: Herriondoko Plan Bereziari behin behineko onarpena ematea".

Alkateak dio planaren helburua bailara babestea dela, erabilerak arautu eta parke periurbano bat sortu uztartuz nekazal jarduera eta aisialdiko espazioa.

Diktamena aho batez onartu da.

4.- Diktamena, 110 industri poligonoko lursail baten erabilera esleitzeko plegua eta egitasmoa onartzea.

Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamena aurkeztu du. Honela dio diktamenak hitzez hitz:

"Echemar, SLren ordezkari Jose Maria Etxarri Barberiak 110 poligonoan dagoen udal jabegoko lursail baten erabilera esleitzeko eskaera egin du.

Lezon indarrean dauden Hiri Antolamenduko Arau Ordezkatzaileen arabera, eta zehazkiago 110 Industri poligonoan indarrean dagoen Plan Partzialaren arabera, aipatu lursaila kirol erabilerara xedemana dago, beraz Echemar, S.Lek egin duen eskaera ezohiko erabilera pribatu bat esleitzearena izan da.

Horrela, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 84. artikuluaren eta ondorengoen arabera, udalak emakidaren egitasmoa eta baldintza plegua idatzi eta onartu egin behar ditu eta enkanterako iragarkia argitaratu, 30 eguneko epean interesa duen orok bere proposamena aurkez dezan.

Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoa alde dela eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 110 poligonoan dagoen udal jabegoko lursail baten erabileraren emakida arautzen duen egitasmoa eta baldintza plegua onartzea.

BI: Aipatu emakida enkantera ateratzera emakida egitasmoa eta baldintza pleguaren arabera, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 30 eguneko epean pleguko baldintzak betetzen dituen orok bere proposamena aurkez dezan".

Alkateak dio kanona ondare sozial eta kulturalaren ikerketa eta berreskurapenerako erabiliko dela.

Idazkariak ohartarazi du pleguan badirela zenbait akats mekanografiko eta zuzenduko direla.

Diktamena aho batez onartu da.

Imanol Esnaolak, gai zerrendatik kanpo, dio oposizioak aldegitea zoritxarrekoa izan dela, normaltasuna ezin dela bete, azken 500 edo 23 urte hauetako gure herriaren egoera ez dela aldatu garbi uzten omen du. Esker abertzaleko zinegotziak behartuak ikusi omen dira zenbait ideia adierazteko agian bide trakets eta nahigabekoak erabiliz.

Dena den, gogoratu du, alkatea eta alkateordea atxilotu zituztenekoa, Batasunaren lokala itxi zutenekoa; herriko seme bati ongietorria emateko ekitaldia egiteko baimena ukatzearena eta Ertzaintzaren mehatxu pean egin behar izatearena; Bilboko manifestazioarena, e.a.. Egoera honetan behartuta omen dago esker abertzaleko zinegotzi taldea besteek jakin dezaten ez gaudela hori onartzeko prest eta ez digutela beste aukerarik uzten, ez PPk ezta PSOEk Madriletik, ezta EAJk, EAk eta IUk Gasteizetik.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:30 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.428.etik 310.431.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna