2000.eko Apirilaren 13ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2000ko maiatzaren 23an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza, Nekane Artola Labordeta, Xabier Alegria Loinaz, Imanol Esnaola Arbiza, Juli Del Sol Bermejo eta Inmaculada Muñoz Martinez.

    Pello Garbizu Azkue, Jesus Mª Martiarena Jaka, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Gurutze Sein Cordero, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin eta Ainhoa Villanua Ayuela, aurrez arrazoirik adierazi gabe, ez dira izan bilkuran.

    Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

    1.- DEIALDIAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

    Deialdiaren premiazkotasuna alkateak arrazoitu du joan den astearte gauean burututako eskualdeko bost gazteren atxiloketan, gertaera horiek larritzat kalifikatuz, horregatik erabaki baitu, Amnistiaren Aldeko Batzordeen eskaerari jarraiki, osoko bilkura honetarako deia egitea. Bertan diren beste zinegotziei eskatu die deialdiaren premiazkotasuna berresteko.

    Bilkuran diren zazpi zinegotziek berretsi dute deialdia.

    2.- OARSOALDEKO BOST GAZTEREN ATXILOKETARI BURUZ, AMNISTIAREN ALDEKO BATZORDEEN MOZIOA.

    Aurkeztutako mozioak honela dio:

    “Udal honek, gure eskualdean izan berri diren atxiloketen aurrean zera adierazi nahi du:

    1.-Operazio polizial honen atzean, interes eta erabaki politikoak daudela argi eta garbi. Gisa honetako operazioek berriz ere azaltzen digute, espainiar estatuak, Euskal Herriarekin bizi duen gatazkari irtenbide demokratikoa emateko borondaterik ez duela eta bide polizial errepresibo hutsen aldeko apustu garbia egiten duela.

    2.- Udal hau erabat kezkatuta agertzen da, Oarso eskualdekoak diren bost gazteak, Polizia Nazionalaren eskutan inkomunikaturik jasan dezaketen tratu eta indefentsio egoeragatik.

    3.- Hau guztiagatik, Udal honek, atxilotutako bost gazteak aske utzi ditzatela exijitzen dio espainiar gobernuari. Euskal Herrian irekiriko prozesu demokratikoari oztopoak jartzeari utzi eta Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatuz.

    4.- Udal honek, gure eskualdeko bost gazte hauen atxiloketaren aurka protesta egiteko konbokatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die herritar guztiei, eta bereziko, Oreretako Plazatik, bihar ostirala iluntzeko 8,30etan irtengo den eskualdeko manifestaziorekin bat egiten du.”

    Alkateak, bilkurara etorri den publikoaren artean aurkitzen diren Lezoko Amnistiaren Aldeko Batzordearen ordezkariei laga die hitza.

    Hitz egin duen pertsonak berretsi egin du mozioaren testua eta polizia espainiarrak egindako atxiloketak amarru polizial gisa kalifikatu ditu, polizia horrek Euskal Herrian duen eginkizuna beste behin ere nabarmen geratu delarik.

    Xabier Alegriak gaur osoko bilkurara etorri ez diren gainerako udal talde politikoei deia luzatu die, gertaera horien aurrez aurre beraien jarrera eta jokaera hurrengo osoko bilkuran edo lehenago aldarrika dezaten, presoen isolamenduari buruz eta legeria bereziak indarrean segitzeari buruz deklarazio ofizial bat egin dezaten. Hala egin ezean, EHk jokaera horren salaketa publikoa egingo duela iragarri du. Adierazi du ezen, hamar urte barru Euskal Herriaren egun hauetako historia idaztean, torturei eta eskubideen bortxaketa sistematikoari buruz ezer ez zekitela esaterik ez dutela ametituko, eta Chile, Argentina eta beste zenbait tokitako antzeko gertaerak gogorarazi ditu.

    Bozketa eginik, bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botoez onartu da mozioa.

    Xabier Alegriak nahi du, mozioaren onarpena ekintza testimonial hutsa ez dadila izan, eta hori zabaltzea eta atxilotuen familiartekoenganako solidaritate-modu zehatzak bilatzea proposatu du.

    Imanol Esnaolak, torturak jasan zituzten gazte euskaldun batzuen kontra Madrilen aste honetan bertan egiten ari diren epaiketa gogorarazi du, haien kontrako fiskalaren eskaerak izugarriak izaki, Euskal Herriaren kontra gauzatzen ari den bortxakeriaren beste azalpen bat gisa. Bilkura honetan ez diren alderdiak gogoratuz, garbi jasorik laga nahi du nondik datorren bortxakeria.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 20:25 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.366.etik 225367.na arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna