Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamazortziko apirilaren hogeita bederatzigarrena. Goizeko 10:00etan hasi du Gobernu Batzordeak BILKURA OHIKOA, Udaletxeko Gobernu Batzordeetako aretoan. Lehenengo deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkate-lehendakaria), Agustina Pontesta Garmendia, Maixabel Unzain Zapiain, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Jone Salaberria Lizarazu (zinegotziak) bildu dira.
Idazkaritza Xabier Loiola Aristik egin du.
1.- 1998ko apirilaren 16n ospaturiko ohiko bilkurako akta onartzea egoki irudituz gero.
Aho batez onartu dute 1998ko apirilaren 16n ospaturiko bilkurako akta.
2.- Alkateak eta zinegotzi eskuordedunek beren eskumeneko gaietan buruturiko ihardueren berri ematea.
Ez da ezeren berri eman.
HIRIGINTZA:
Lizentziak:
3.- Larraka Berri etxearen teilatua berritzeko Luis Mª Treku Azpirozi lizentzia ematea.
Luis Maria Treku Azpirozek aurkeztutako eskabidea aztertu ondoren, Larraka Berri etxearen teilatua berritzeko lizentzia eskatzen baitu, eta udalaren txosten teknikoa ikusirik, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:BAT: Eskatzaileari obra lizentzia hori ematea, Larraka Berri etxearen teilatua berritzeko, bidarien segurtasunerako behar diren neurriak hartzekotan.
Alabaina, jakinarazten zaio ezen, baldin eta obrak etxearen egituraren gain inolako eraginik balu, alegia, habeak edo pilareak, forjatua, hormak edo barruko tabikeak edo zutabeak ukituko balitu, obrari ekin baino lehen proiektu tekniko bisatua aurkeztu beharko duela.
BI: Lizentzia ematearen gaineko zerga guztira 23.015 pta. da.
GIZARTE ONGIZATEA:
4.- Gizarte zerbitzuetako laguntzailearen lanbide hastapeneko ikastaroaren garapenerako laguntza ekonomikoa eskatzea.
1998ko martxoaren 10ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dirulaguntzak jarri ditu Udalei Lanbide Hastapeneko programak egiten laguntzeko.
Hala, aurreko ikasturteko esperientzia positiboa izan denez, bide horri eutsi egin nahi zaionez eta Deikagest, S.L.k 1998-99 ikasturterako egindako hezkuntza proposamenaren aurrean, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Eskatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari Lanbide Hastapeneko ikastaro bat, ?gizarte zerbitzuetako laguntzailea? jartzeko dirulaguntza; Gizarte Garantiako programaren barruan, beti ere.
BI: Konpromezua hartzea Udalari dagokion zatia finantzatzekoa, bai baitago dirua izendatuta Aurrekontuetan.
5.- Aiton Bordako Taberna eta Atezaintza zerbitzua adjudikatzeko deialdi publikoa onartzea.
Aiton Bordako Tabernako adjudikaziodunak martxoaren 24an aurkeztutako idatzia ikusi ondoren, taberna-zerbitzuaren ustiapenari uko egin nahi diola jakinarazten baitu, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Lezoko Aiton Bordako taberna eta atezain zerbitzuei uko egiteko Maria Teresa Amiano Ruizek suskribatua onartzea.
BI: Aiton Bordako taberna eta atezaintza zerbitzuak adjudikatzeko dei publikoa onartzea, espedientearekin batera doazen kontratazio-oinarrien arabera.
6.- Aiton Bordako Juntaren eskaera, Isa ileapaindegiari uraren eta zaborra-bilketaren tasak merkatzeko eskatuz.
Jone Salaberriak gaia mahai gainean uzteko proposamena egin du.
Maixabel Unzainen kontrako botuakin eta besteen adostasunarekin gaia mahai gainean uztea erabaki da.
7.- Zaharren Egoitza bateko pertsona baten gastuari aurre egitea onartzeko konpromezu ekonomikoa hartzea.
Aztertu ondoren Juan Gonzalez Gonzalezek egindako eskabidea hirugarren adineko egoitza batean sartzeko eta baita berak hartutako konpromezu ekonomikoa ere, egonaldiaren gastuak finantziatzeko, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Onartzea Juan Gonzalez Gonzalezek sinatutako konpromezua 3. adineko egoitzan sartzeko gastua finantzatzeari buruzkoa.
BI: Konpromezua hartzea Juan Gonzalez Gonzalezek 3.adineko egoitzan egoteak dakarren gastua finantzatzeko. Finantzaketa, ordea, Juan Gonzalez Gonzalezek ezin badu, egingo du Udalak, orduan bakarrik.
8.- Alkatearen 53. Dekretua berrestea, etxez etxeko laguntza zerbitzu bat emateari buruzkoa.
Ikusirik alkateak emandako 53. Dekretua, Gobernu Batzordeak berritsi egin du.
Dekretu honen bidez Juan Gonzalez Gonzalezi etxez etxeko laguntza zerbitzua ematea erabaki da.
PERTSONALA:
9.- Artxiboko langilearen kontratua luzatzeko proposamena.
Udal artxiboan 1995eko azaroa ezkero egiten ari den lana egokia dela iritzita, eta nahiz eta udal dokumentuen parte handia jadanik katalogatu egon, ondorengo lan hauek egitea falta dira egiteko:
- Gizarte ongizate eta kontuhartzailetza sailetako dokumentuak katalogatze eginkizuna.
- 97. urteari dagokion dokumentazioa artxibo orokorrera transferitzea.
- Artxibatze-ohiturak bulegoetara hedatzea.
- Artxibo orokorreko lokala egokitzea.
Hori guztia dela eta, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Oihane Oliveri Cuestaren kontratua sei hilabetez luzatzea. kontratua jornada erdikoa da (98/05/06tik 98/11/05era arte) artxibatze lanak egiteko eta artxibatze ohiturak bulegoetara hedatzeko.
Aho batez urjentzia onartu eta gero, hurrengo gai hauek ere aztertzea erabaki dute:
URJENTZIAZ:
10.- Onartzea Haurtxo Haur Eskolak 1998ko urterako aurkeztutako aurrekontua.
Gizarte Ongizateko eskuordedunak Haurtxo Haur Eskolak 1998ko urterako aurkeztutako aurrekontua onartzea proposatu du.
Proposamenak udalaren eta Haurtxo Haur Eskolaren arteko hitzarmenean du bere arrazoia. Hitzarmena udalaren osoko bilkurak 1995eko maiatzaren 24ean onartu zuen.
Udal kontuhartzaileak ohartarazi du Haurtxo Haur Eskolak aurkeztutako dokumentazioaren arabera ez direla betetzen hitzarmenaren zenbait atal. Udal idazkaria ere bat dator txosten honekin.
Eztabaida sortzen da batzordekideen artean haurtzaindegiak duen defizitari buruz, 2-3 urteko haurren taldeari buruz eta kuotei buruz. Ekainean datorren ikasturteko aurre matrikulazioa egingo denez, hitzarmena aldatu behar den edo aztertuko da. Baita ere ordurako Aldundiak laguntza emango duen ala ez jakingo da.
Hori dela eta Haurtxo Haur Eskolak 1998ko urterako aurkeztutako aurrekontua EZ ONARTZEA erabaki da aipatu datuak jakin eta aztertu arte.
Dena den 5.000.000.-pezetetako dirulaguntza ematea onartu da. Dirulaguntza behin behinekoa da eta aurrekontua onartzearen eta hitzarmenari buruz har daitezkeen erabakien baldintzapean gelditzen da.
Bi erabaki hauek Jone Salaberriaren abstentzioarekin eta gainontzeko batzordekideen aldeko botoekin onartu dira.
11.- Udalerriko topografiaren parte baten digitalizazio lanak Neurri enpresari ematea.
Udal honek, udalerriko Arau Subsidiarioak berritzeko prozesuaren barruan, udalerriko topografiaren parte baten digitalizazioa egitea erabaki zuen.
Lan horretan aritzen diren lau enpresa gonbidatu ziren eta aurkeztutako hiru eskainteei buruzko txostena ikusi ondoren, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Behar diren digitalizazio lanak Neurri S.L. enpresari adjudikatzea, eskainte abantailatsuena harena delako, 2.340.996 pta. kopuruan, BEZ barne, eta bi hilabete eta erdiko epean burutzeko (75 egun), adjudikaziotik kontaturik.
BI: Adjudikaziodunari errekeritzea udal Diruzaintzan abala ipin dezan, adjudikazio prezioaren %4, erabaki hau jakinaraziz geroko 20 egunen barruan.
12.- Lizentzia emateaTomas Falcon Sanguesari, Lurbe Grup S.A.ren ordezkari gisa, pabilioi bat eraikitzeko Ipintza 110 poligono industrialdean, 1 partzelako B2 eta B3 azpipartzeletan.
Lurbe Grup S.A.ren ordezkari gisa, Tomas Falcon Sanguesak aurkeztu duen proiektua aztertu ondoren, Ipintza110 poligonoko 1 partzelako B2 eta B3 subpartzeletan pabiloi industrial bat eraikitzeko lizentzia eskatzen baitu, eta teknikari aholkulariak emandako txostena ikusirik, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Lurbe Grup S.A.ren ordezkari gisa Tomas Falcon Sanguesari lizentzia ematea pabiloi bat eraikitzeko Ipintza 110 poligono industrialean, 1 partzelako B2 eta B3 azpipartzeletan.
Jakinarazten zaio ezen, pabiloian garatu ahal izango den iharduera bakarra zurgintza izango dela, Ipintza 110 poligono horretan indarrean dagoen Arau Subsidiarioen Aldakuntza puntualaren Testu birmoldatuaren ildotik.
Edonola ere kontuan izan beharko du ezen, partzelaren hego aldean dagoen pasabide-zorreko bideak 8 metroko zabalera librea izango duela, Udalaren eta Madelesa S.L..ren artean izenpetutako akordioko lehen puntuan seinalatzen den bezala, partzelaren behin betiko mugaketa distantzia horretara egin beharko duelarik.
Eraikuntzari ekin baino lehen irabazi-etekinaren %15aren lagapena egin beharko du Udalaren alde, horren zenbatekoa 1.807.708 pta. kopuruan neurtu delarik.
Halaber, zuinketa egiteko udal teknikariekin hitzegin behar du.
BI: Pabiloiaren eraikuntza bukatu ondoren, lehen okupaziorako lizentzia eskatu beharko du, dokumentazio hau ekarriz:
- Obra berriaren eskritura.
- Obra bukaeraren ziurtapen tekniko bisatua.
- Kontribuziorako Haziendaren inprimakiak: U-4/1; U-4/2 eta U-5.
- Fatxaden argazkiak.
HIRU: Eraikuntzaren gaineko zerga guztira 1.892.572,- pta da.
13.- Javier Arin Usarralderi lizentzia ematea Ipintza 110 poligonoko P-1 partzelan pabiloi industriala eraikitzeko.
Jabier Arin Usarraldek aurkeztu duen obragintza proiektua azterturik, eta halaber plano aldatuak, 110 poligonoko P-1 partzelan pabiloi industrial bat eraikitzeko lizentzia eskatzen baitu, eta teknikari aholkulariak emandako txostena ikusirik, Gobernu Batzordeak zera ERABAKI DU:
BAT: Jabier Arin Usarralderi lizentzia ematea Ipintza 110 poligonoko P-1 partzelan pabiloi industriala eraikitzeko.
Jakinarazten zaio ezen, pabiloian garatu ahal izango den iharduera bakarra zurgintza izango dela, Ipintza 110 poligono horretan indarrean dagoen Arau Subsidiarioen Aldakuntza puntualaren Testu birmoldatuaren ildotik.
Eraikuntzari ekin baino lehen irabazi-etekinaren %15aren lagapena egin beharko du Udalaren alde, horren zenbatekoa 1.230.090 pta. kopuruan neurtu delarik.
Halaber, zuinketa egiteko udal teknikariekin hitzegin behar du.
BI: Pabiloiaren eraikuntza bukatu ondorenl, ehen okupaziorako lizentzia eskatu beharko du, dokumentazio hau ekarriz:
- Obra berriaren eskritura.
- Obra bukaeraren ziurtapen tekniko bisatua.
- Kontribuziorako Haziendaren inprimakiak: U-4/1; U-4/2 eta U-5.
- Fatxaden argazkiak.
HIRU: Eraikuntzaren gaineko zerga guztira 1.422.039,- pta da.
14.- Berrestea alkateak emandako 57. Dekretua.
Gobernu Batzordeak berrestu egin du alkateak emandko 57. Dekretua.
Dekretu honen bidez kalegarbitzaile lanak egiteko, Andres Corrionero Sanchez hartzea erabakitzen da.
15.- Dirulaguntza fatxada pintatzeagatik
Baimendu gabeko pintadak direla eta Patri Urkizu Sarasuak Gurutze Santuaren Plaza 4.ko etxea pintatzen egindako gastuetarako dirulaguntza eskatu du.
Alkateak gai honi buruz egindako bandoa ekarri du gogora eta dirulaguntzak arautuko dituen ordenantza prestatzeko asmoa azaldu du. Hura onartu bitartean egindako gastuen erdia ordaintzea proposatu du, beste erdia onartuko den ordenantzaren edukiaren arabera aztertuko delarik.
Alkateak egindako proposamena ahobatez onartu da. Beraz orain onartzen den dirulaguntza 19.410.-pezetakoa da.
Aurrekontuetan partidarik ez dagoenez, kreditu aldaketa bideratuko da horrelako dirulaguntzak jasotzeko.
Kreditu aldaketa hori onartu arte gastua ez dela zuzena ohartu du idazkariak.
16.- Galdera eskaerak.
Gobernu Batzordeak hurrengo bilera maiatzaren 13an egingo du.
Aktaren bukaera.
Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 11:00an eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.