1996.eko Otsailaren 22ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko otsailaren hogeita bigarrena. Arratseko zazpietan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIZ KANPORAKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jose Luis Ruiz Navarro, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Pello Garbizu Azkue ez da bilkuran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza, eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- LOPENE: URBANIZAZIO-PROIKETUAREN HASIERAKO ONARPENA.

    Aurren-aurrena hirigintza batzordeak 1996ko otsailaren 12an egindako diktamenaren berri eman du alkateak, hura onartzea proposatu baitzion osoko bilkurari. Hauxe dio diktamenak:

    "Tecsa-Jaureguizahar UTEaren ordezkariak aginduta, Juan Diaz Guardamino eta Rosario Marijuan arkitektoak idatzitako eta otsailaren 9an bisatutako 30. Poligonoko, Lopene, Urbanizazio Proiektua aurkeztu da udalean bere onarpenerako.

    Lehenbizi proiektuari buruzko azalpenak eman ditu teknikariak, argi, zuhaitz eta abarretan izan daitezkeen aldaketak ere aipatuz. Horiek horrela, kontuan izanik teknikariaren informean heldu diren baldintzak, Mikel Arrizabalaga eta Jesus Mª Martiarenaren aldeko botuekin eta Iñake Urrestarazuren abstentzioarekin, behean heldu den ERABAKIA hartzea proposatzen dio Hirigintza Batzordeak Osoko Bilkurari:

    BAT: Behin-behingo onartzea Lopeneko (30. poligonoa) Urbanizazio Proiektua Tecsa-Jaureguizahar UTEaren ordezkariak aginduta, Juan Diaz Guardamino eta Rosario Marijuan arkitektoak idatzitakoa eta otsailaren 9an bisatutakoa.

    BI: Ematea erabakiaren berri jendeari, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia 15 egunetan jarrita. Bitarte horretan izango da espedientea jendearen eskura, nahi duenak aztertu eta egoki jotzen dituen alegazioak egiteko. Gipuzkoako egunkari batzuetan ere jarriko da iragarkia".

    I. Urrestarazuri adar jotzea iruditu zaio diktamena, eta esan du hor ez duela jartzen batzordean hitz egindakorik. Kexu da, hala berean, espedientean heldu diren informeak bidali ez dizkietelako osoko bilkurarako deialdiarekin batera. Hargatik, arkitektuak egindako informea irakurtzeko eskatu dio idazkariari, beste gainetiko zinegotziak ere konturatu daitezen zer aldaketa egin behar diren osoko bilkurari aurkeztutako urbanizazio proiektua onartzeko. Hari, dena delarik ere, informean beste baldintza bat ere falta dela iruditzen zaiola esan du, hamabigarrena: argindarraren haria lurpean pasatzea.

    J.M. Martiarenak esan du -Hirigintza Batzordeko idazkari baita- diktamena eta bilkurako akta bi gauza direla, eta zer erabaki hartzea proposatzen den besterik ez dela jarri behar diktamenean.

    J.M. Boto ere kexu da espedientean heldu diren informeak jaso ez dituelako. Harrituta dagoela esan du, Lopene aurrera ateratzeko aurkezten dituzten dokumentu guztiak arrunt azkar tramitatzen direla eta.

    Urbanizazio-proiektua pobrea iruditzen zioala esan du, 42 aparkaleku baino gehiago behar dituztelako egin behar dituzten 90 etxebizitzek.

    Hala berean, arkitektu aholkulariak proposatutako aldaketak ere erabakiaren baitan izango diren esateko eskatu du.

    Ondoren, J.M. Martiarenari hitz egin dio. Esan dio ea zergatik aldatu duen horren errotik lehen zuen jokabidea: lehen epaitegietara joateko prest zegoela Lopeneko kontu guztiekin; orain, berriz, orduan hartutako erabakietatik heldu diren zera guztiak ontzat hartzen dituela.

    Hurrena M. Recaldek hitz egin du. Lehenbizi ea hartu behar duten erabakian teknikariaren informean heldu diren baldintzak ere kontuan izango diren galdetu du. Segidan, berriz, asmo horretan badaude ea nola proposatu duten hasierako onarpena ematea urbanizazio-proiektuari esan du, konpentsazio-proiektua eta biak batera tramitatu behar direla jartzen duela-eta lehenbiziko baldintzan. Alde horretatik, esan du konpentsazio-proiekturik ez dutela ez aurkeztu eta ez onartu.

    Alkateak erantzun dio hor jartzen dituen baldintza batzuk behin-betiko proiektua onartu aurretik beteko direla, hura onartzearekin batera beste batzuk eta exekuzio-proiektua onartu baino lehen beste batzuk.

    J.M. Botok galdetu du ea Udalak zerbaiten erantzunkizunik izango duen Uren Artekaritzak edo Diputazioak onartzen ez badituzte urbanizazio-proiektuak jartzen dituen aldaketak.

    Idazkariak esan dio urbanizazio-proiektuan heldu diren lanak egiten hasi baino lehen eskuratu behar direla horien baimenak; baimenik eskuratu ezean ez dagoela urbanizazio-proiekturik egiterik, ezin dela; eta lurren jabeen erantzunkizuna dela behar diren baimenak lortzea eta baldintzak betetzea, baldintzarik jarriz gero.

    Hala, I. Urrestarazuk proposamena erabakikizun uzteko proposatu du, harik eta zinegotziek azaldu dituzten zalantzak argitu arte.

    Zortzi boto kontra izan dira eta, beraz, atzera bota dute proposamena erabakikizun uztekoa. Kontra alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat izan dira, eta alde EAko eta PSE/EE/PSOEko zinegotziak.

    Ondoren, diktamenari buruzko botazioa egin dute. Zortzi izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); hiru kontra: EAko zinegotzi bat (Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta astentzio bat: EAko zinegotzi bat (Mirari Recalde González). Hona ERABAKIA:

    BAT: Behin-behingo onartzea Lopeneko (30. poligonoa) Urbanizazio Proiektua Tecsa-Jaureguizahar UTEaren ordezkariak aginduta, Juan Diaz Guardamino eta Rosario Marijuan arkitektoak idatzitakoa eta otsailaren 9an bisatutakoa.

    BI: Ematea erabakiaren berri jendeari, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia 15 egunetan jarrita. Bitarte horretan izango da espedientea jendearen eskura, nahi duenak aztertu eta egoki jotzen dituen alegazioak egiteko. Gipuzkoako egunkari batzuetan ere jarriko da iragarkia.

    J.M. Botok esan du haren alderdia ez dagoela Lezon etxeak egitearen kontra, Lopenen egitearen kontra baizik.

    2.- 1995EKO AURREKONTUEN LIKIDAZIOARI BURUZKO DEKRETUAREN BERRI EMATEA.

    Alkateak 31. Dekretuaren berri eman dio osoko bilkurari, eta baita kopia bana ere zinegotziei. Dekretua Udalak 1995ean izandako Aurrekontuaren kitapena onartzeko da.

    A. Pontesta kexu azaldu da jasotako dokumentazioa euskaraz ez dagoelako.

    I. Urrestarazuk, berriz, ea puntu hau gai-zerrendan zergatik sartu duten galdetu du, ez dagoela ez sartu beharrik eta ez botaziorik egin beharrik eta. Osoko bilkurako gaien artean sartzea erabakiz gero, gaiari buruzko dokumentazioa ere osoko bilkurako espedientean sartu behar zela esan du, nahiz eta ezeren dokumentaziorik ez den ageri espedientean.

    Alkateak erantzun dio hurrengo puntuarekin zer ikusia duelako eman duela kitapenaren berri, Udalak 1996an izango duen aurrekontuak aipatu egiten duelako aurreko urtekoen kitapena. Osoko bilkurako gaien artean sartzea, berriz, parlamentuetako kortesiak hala agintzen duelako egin duela esan du, beste datu bat gehiago izateko urteko Aurrekontuak onartu baino lehen. Era berean, presaka ibili direla eta hargatik ez dutela kitapena erabat bukatu eta espedienterako behar den dokumentazio guztia osatzerik izan osoko bilkurarako hots egin baino lehenagorako; eta denbora falta hori izan dela dokumentuak euskaraz ere idaztea eragotzi duena.

    Segidan J.M. Botok hartu du hitza. Zorionak eman dizkie 1995eko aurrekontua betetzeaz arduratu direnei, %68,29 besterik jestionatu ez zutelako 1994an izan zirenek eta 1995ean %79,58 behintzat jestionatu dutelako. Pixka bat berarik ere hobetu egin dela esan du.

    3.- 1996. URTEKO UDAL AURREKONTU OROKORRAREN ONARPENA.

    Alkateak aurkeztu du Ogasun eta Kontuetarako Batzordeak egindako diktamena. Diktamena 1996. urteko udal aurrekontuei hasierako onarpena emateari buruzkoa da. Hona hemen, dena delarik ere, diktamenak zer dioen, oso-osorik:

    "Otsailaren 14an egindako bilkuran aztertu genuen Udalaren 1996ko Aurrekontua egin eta onartzeko espedientea, eta Mikel Arrizabalaga Pikabearen (H.B.) eta Jesus Mª Martiarena Jakaren (E.A.J.) botu ponderatuak alde zirela eta Jose Mª Boto Sancho (PSE-PSOE) eta Mirari Rekalde González (E.A.) astenitu egin zirelarik, osoko bilkurari proposamen hau egitea erabaki genuen:

    "Hasierako onarpena ematea 1996ko Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez atal zehaztuta:

    GASTUAK:

    LANGILETAN ................................... 250.522.000,-

    ONDASUN ARRUNT ETA ZERBITZUAK EROSTEN......... 218.905.731,-

    FINANTZAZIOAN................................. 43.000.000,-

    TRANSFERENTZIA OHIKOTAN ...................... 59.653.919,-

    INBERTSIO ERREALETAN ......................... 160.425.600,-

    FINANTZA AKTIBOTAN ........................... 10.000.000,-

    FINANTZA PASIBOTAN ........................... 24.445.920,-

    ______________

    AURTENGO URTEKOA, GUZTITARA 766.953.170,-

    SARRERAK:

    ZUZENEKO ZERGATAN ............................. 164.215.000,-

    ZEHARKAKO ZERGATAN ............................ 35.000.000,-

    TASA ETA BESTELAKO ZERGATAN ................... 82.425.000,-

    TRANSFERENTZIA ARRUNTETAN ..................... 294.145.207,-

    ONDARE SARRERATAN ............................. 23.440.000,-

    KAPITAL TRANSFERENTZIATAN ..................... 61.727.963,-

    FINANTZA AKTIBOTAN ............................ 2.000.000,-

    FINANTZA PASIBOTAN ............................ 104.000.000,-

    ________________

    AURTENGO URTEKOA, GUZTITARA 766.953.170,-"

    Alkateak esan du gastuari eusten saiatu direla. Alde horretatik, gutxitu ez dutela egin esan du, baina, handitu ere ez. Inbertsiotarako diruaren 10tatik 6 kiroldegia egiteko izango dela esan du. Sarreren artean, berriz, 104 milioiko mailegua hartzea dagoela esan du.

    Gaiaz hizketan hasi aurretik bi gauza esan nahi dituela adierazi du J.M. Botok: bat, kontrako botoa eman zuela hark diktamenari buruzko botazioa egin zutenean batzordean, nahiz eta jarri astenitu egin zela jartzen duen; eta, bi, aktan jasotzea nahi duela plantilari eta lanpostu-zerrendari buruzko dokumentuak, balio dutenak, gaurko gai-zerredanko 4. eta 5. puntuetan heldu direnak direla.

    Ondoren, M. Recaldek hitz egin du, aurrekontuaren edukiaz, eta ondo iruditzen ez zaizkion alderdi batzuk aipatu ditu. Haurtxo haurtzaindegiarentzat izendatutako dirulaguntza lehenbizi. Onartuta dagoen itunaren arabera, urtean urteko aurrekontuak aurkeztu behar ditu Haurtxok, eta ados jarri Udalarekin. Urtearen azkenean ere informea aurkeztu behar du urteko kontuak erakusteko. Hala, bi dokumentu horien arabera izendatzen da Udalak ematen duen dirulaguntza, defizita kitatzeko izaten dena defizitik izanez gero. Hala, M. Recaldek galdetu du ea bi dokumentu horiek aztertu eta gero atera duten dirulaguntza, ea aurkeztu dituzten dokumentu horiek. Aurkeztu badituzte hark ere izan nahi dituela esan du. Alkateak erantzun dio tazitoa dela hitzarmena, Udalaren eta haurtzaindegiaren artekoa. Ondoren, J. Salaberriak esan du hitzarmena izenpetu gabe izan arren, haurtzaindegiak urtero aurkezten dizkiola urteko kontuak eta aurrekontuak Udalari.

    M. Recaldek, beste alde batetik, handiskoa iruditzen zaiola esan du Pasaia lizeoarentzako dirulaguntza. Esan du Lezoko eskola oso ona dela, eta Udalaren eginahalak Lezoko eskola publikoa hobetze aldera egin behar direla. Pasaia lizeoa ere Lezoko eskola dela erantzun dio A. Pontestak.

    Bulegoetan ordenagailuak jartzeaz, berriz, orain arte ez dela asko asmatu eta oraingoan behintzat asmatzea opa duela esan du M. Recaldek. Alkateak, sarea eratzeko asmoa dutela azaldu dio, eta jartzea azterketa egin ondoren pentsatutako gauza dela.

    Hurrena I. Urrestarazuk hartu du hitza. EAko zinegotziek kontrako botoa emango dutela esan du. Segidan, aurreko urteetako datu batzuk eman ditu, aurrekontua egiteko orduan zer uste zen eta urtea bukatutakoan zenbat betetzen zen konparatuz. Alde horretatik, esan du I. eta II. kapituluetako gastuak aurrez jarritakoa baino gehiago handitzen direla; eta VI. kapitulukoak beste aldera: jarritakoa baino gutxiago. Jestio ekonomikoak, lehenaz gainera, gaizki egiten dira esanahi duela horrek esan du I. Urrestarazuk, egoera ekonomikoa larri dagoela lehen ere eta. Era berean, ez zaio ondo iruditzen 1996ko Aurrekontuetan %21 gutxitzea inbertsiotarako izendatutakoa, zeren lehen esandako joera (VI. kapituluko diru guztia ez erabiltzea eta I. eta II.goetan jarritakoa baino gehiago gastatzea) aldatzen ez bada, langileekikoa jestionatzea eta mantenimendua egitea beste lanik ez du izango Udalak, hala esan du I. Urrestarazuk.

    Hurrena Aurrekontuetako beste alderdi batzuk aipatu ditu I. Urrestarazuk. Hirugarren munduarentzako %0,035 besterik ez dagoela esan du, hutsaren hurrengoa, eta arrunt urruti dagoena gizarteak bereganatuta daukan 0,7 horretatik. Bestetik, ea zer den bolak egiteko dirulaguntza hori galdetu du, ea zeri erreparatu dioten diru-kopurua erabakitzekoan, ea nola jestionatu behar duten, etab. Erantzun J.M. Etxebestek egin dio. Esan dio "Mendiak, baserriak eta ingurugiroa" batzordean aztertu zutela kontua, bale batzuk emateko asmoa daukatela eta, seguru aski, Behemendik lagunduko diela jestioan.

    Ondoren J.M. Botok izan du hizpidea. Esan du ogasun kontuetarako batzordean ez zutela ezer ere argitu eta, beraz, zer zalantza eta ohar dauzkan azalduko dituela. Aurrekontuan ez direla oso garbi ageri dio beste atal edo partidaren batekin lotuta dauden atalak zer-nola bete edo exekutatuko diren, eta are nahasiago zer dagoen bakoitzen. Bestetik, gehisko iruditzen zaio alkateak 35 milioi gastatzeko eskumena izatea, eta Gobernu Batzordeari aginpide handiagoak emateko proposatu du. Epaimahaietakoei eman behar zaien ordaisariak araututa daudela esan du, baina ez duela aipatzen epaimahaietan izaten diren zinegotziek zer ordainsari jaso behar duten, joan-etorriak kobratu behar dituzten, etab.

    Inbertsiotarako jarritako diruaz ere aritu da J.M. Boto. Informatikan egin behar duten gastua zuzen egiteko eskatu du, lehen ere badirela-eta hutsegite galantak horretan. Txoritokietako zorra kitatzeaz, berriz, urte batzuetan ordaintzea negoziatu behar litzatekeela esan du, dena urte berean ez baina. Elias Salaberriako espaloiarena hondorik gabeko zakutzat jo du; eta lotsagarritzat 4 milioi eta erdi besterik ez jartzea 1. S.O. urbanizatzeko, kiroldegira joateko modurik ez dela izango-eta horrekin. Donibane kaleko horma konpontzea 16 milioi kostatuko dela esan du, eta aurrekontuan 8 besterik ez datozela. Kiroldegiaren azpian egin behar duten garajeak kiroldegia -kaxkarra, haren irudituan- hipotekatzea ekarriko duela esan du; jestioak gaizki egin dituztelako guztia, hark esan duenez. Bestetik, ondo iruditzen zaiola esan du arau ordezkatzaileak egokitzen hastea; ez zaiola ondo iruditzen, ordea, zer-nolatan egin asmo duten egokitzea.

    Transferentzien gainean aritu da hurrena. Alde horretatik, esan du ez duela ulertzen nola jar dezakeen HBk Pasaia lizeorentzat jarri duen dirulaguntza, politikan bezero dituztelako izango dela, apika. Lotsagarri iruditzan zaio, hala berean, horrenbeste jaistea kooperazio-fondoa: %0,035era. Bestetik, xehetasunak emateko eskatu du gizarte erakundeentzako izendatua dauden 3.200.000,- pta. nori-zer-nola partitu behar dituzten ikusteko. Lezok baduela herrian haurtzaindegi bat izateko beharra esan du, baina, zinegotzi dagoen urte guztietan ez duela batere daturik ikusi haurtzaindegiaz. Hala, ea ituna norekin egin duten eta Haurtxo haurtzaindegiarentzako dirua nori eman dioten galdetu du. Bolak egiteko dirulaguntza ere politikan bezero izateagatik emango dela esan du.

    II. kapituluko gastuak. Zinegotziek ere bizitza-asegururik duten galdetu du. Diru asko xamar iruditu zaio herriko eskolei (musika eskola barne) kontu egiteko izendatutakoa. Harriaundin tiro-zelaia egiteko baimena eman eta gero kendutakoei kalte-ordaina ematea, berriz, HBko gorporazioak egin duen ridikulorik handiena dela esan du. Hurrena, langileei ematen zaien aurrerakinak emateko ezeren irizpiderik badagoen galdetu du.

    Sarrerak handitzeaz esan duena da kontribuzioa %20 handitu izana erakusten duela -behin berriro- hiriko zergatan bildutakoa handitzeak (60 miloi iaz eta 75 aurten).

    Azalpenak bukatu ondoren, aurrekontuei buruzko botazioa egitea esan du alkateak. J.M. Botok, alabaina, hark egindako galderei erantzuteko eskatu dio. Alkateak ezetz erantzun dio, eta bototara jarri ditu Udalak 1996an izango dituen Aurrekontuak, Ogasun batzordeko diktamenaren arabera.

    Hala, egin dute botazioa eta zazpi izan dira Aurrekontuak onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta astentzio bat: HBko zinegotzi bat (Mari Carmen Viaña Balda). Hasierako onarpena eman diote, beraz, Udalak 1996an izango duen Aurrekontuari. Xehetasuna diktamenean heldu da, puntu honen hasieran.

    4.- LEZOKO UDALAK 1996AN IZANGO DUEN LANGILE-PLANTILA ONARTZEA.

    Udalak 1996an izango duen Aurrekontua ere gaur onartu behar dutenez, 1996ko langile-plantila organikoa ere gaur onartzeko proposatu du Langileekiko gaietarako eskumena duen zinegotziak, Aurrekontuaren osagarri delako plantila.

    I. Urrestarazuk esan du aurreko bi urteetan ere plantila berbera aurkeztu dutela, eta ea hutsik dauden lanpostuak betetzeko asmorik daukaten galdetu du.

    Alkateak esan dio antolaketa aztertu behar dutela, -Foru Aldundiko teknikariek lagunduta-, eta hark erakutsiko duela zer plantila izan behar den eta zer premia dagoen.

    J.M. Botori ez zaio ongi iruditu aurreko urteetako plantila aurkeztea aurten ere; hargatik, behingoz hutsik dauden lanpostuak betetzeko hauta-probak egiten hasteko eskatu du.

    Hala, bada, batzordearen diktamena falta denez, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin du alkateak. Zortzi alde izan dira (alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat), eta beste laurak (EAko eta PSE/EE/PSOEkoak) kontra.

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Zortzi izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Horiek horrela direla, ontzat hartu dute Lezoko Udalak 1996an izango duen langile-plantila. (Aktaren I. Eraskinean heldu da).

    5.- LEZOKO UDALAK 1996AN IZANGO DUEN LANPOSTU-ZERRENDA ONRATZEA.

    Aurreko puntuan egin duen eran, 1996ko lanpostu-zerrenda ere gaur onartzea proposatu du langileekiko gaietarako eskumena duen zinegotziak, Udalak 1996an izango duen Aurrekontuarekin batera, Aurrekontuaren osagarri dela-eta lanpostu-zerrenda ere.

    Hala, bada, batzordearen diktamena falta denez, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin du alkateak. Zortzi alde izan dira (alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat), eta beste laurak (EAko eta PSE/EE/PSOEkoak) kontra.

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Zortzi izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Horiek horrela direla, ontzat hartu dute Lezoko Udalak 1996an izango duen lanpostu-zerrenda. (Aktaren II. Eraskinean heldu da).

    6.- PROPOSAMENANA, ZERBITZU-ALDIAN IZENDATZEA UDALTZAIN BAT EGINKIZUN ASKOTARIKO PEOI ARITZEKO.

    Behean heldu den proposamena aurkeztu dio langileekiko harremanetarako zinegotziak osoko bilkurari:

    "Antolaketa eta egitura arrazoi batzuk bitarteko direnez, nire proposamena da Udaltzainei eta ordezkari sindikalei entzun lehenbizi eta Udaltzain bat (Xabier Sarasola Salaberria) eginkizun askotariko peoi-lanak egiteko zerbitzu-aldian izendatzea. Peoia obra eta zerbitzutarako lan-taldean sartuko da, eta Obra eta Zerbitzuetarako departamentuaren baitan egongo.

    Zerbitzu-aldian izendatzea derrigorrezkoa denez, alde batetik, eta lehen duen lanpostuak baino ordainsari txikiagoa izango duenez, bestetik, osagarri bat izango du X. Sarasolak bi lanpostuen arteko aldea kitatzeko zerbitzu-aldian den bitartean.

    Honen arabera bere ordainsariak ARCEPAFEren 9. mailari dagozkionak dira, kantitate honi gehitu behar zaio udaltzainek zerbitzu aldia irauten duen garaian jasotzen dituzten plusen ordainketa.

    Osagarri hori jasotzeak, udaltzainen plusen einekoa, langilearen disponibilitatea suposatuko du: festak direla edo aparteko eginkizun bat dela, gauez, jai egunez edo bere ordutegitik kanpo lanera etorri behar izatea. Bere ordutegitik kanpo egindako ordu hauek ez dira aparteko ordu bezala hartuko, ez eta gaueko edo jai eguneko ordu bezala. Ordu arrunt bezala hartuko dira, guztien artean 1996 urteko lan egutegiko 1.663 orduak osatu beharko dituelarik.

    Zerbitzu-aldia 1996ko martxoaren 1etik 1996ko abenduaren 31ra arte izango da; badago bidea, nolanahi ere, bi urtetararte (gehienez) luzatzeko.

    Egoera berri hau Euskal Funtzio Publikoaren 6/89 Legeak, uztailaren 6koak, arautzen du, 54. artikuluan".

    Ondoren alkateak hitz egin du, proposamenaren alde. Esan du Udaltzaingoa pixka bat berregituratzea dela egin dutena. Langile gehisko daudela iruditzen zaiela, eta badagoela modua lehengo zerbitzu-mailari eusteko udaltzain bat edo beste kenduagatik. Era berean, hartara aldi batera hartzen diren langile kopurua ere jaitsi egingo dela esan du.

    I. Urrestarazuk galdetu du ea proposatu duten langilea erakutsita dagoen lanpostuak berekin dituen lanak egiteko gauza dela. Alkateak esan dio igeltsero ibilitakoa dela udaltzain sartu aurretik.

    J.M. Botok duda egiten du aldaketa hauetatik zerbaiten aurrezpena etorriko ote den, eta baita legezkoa ote den aurrera ere gehigarriak kobratzea langile horrek.

    Horiek horrela, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin dute, falta baita batzordeak egin beharrreko diktamena. Hala, onartu egin dute gai-zerrendan sartzea: zazpi boto alde izan dira (alkatea, M. Viaña ez beste HBko zinegotziak eta EAJko bat), lau kontra (EAko eta PSE/EE/PSOEkoak) eta bat astenitu (M. Viaña).

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Honetan zazpi izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko beste bost zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta astentzio bat: HBko zinegotzi bat (Mari Carmen Viaña Balda). Hona ERABAKIA:

    BAT: Zerbitzu-aldian izendatzea udaltzain bat (Xabier Sarasola Salaberria) eginkizun askotariko peoi-lanak egiteko, antolaketa eta egitura arrazoi batzuk bitarteko direnez. Peoia obra eta zerbitzutarako lan-taldean sartuko da, eta Obra eta Zerbitzuetarako departamentuaren baitan egongo. Baldintzak proposamenean heldu direnak izango dira.

    7.- PROPOSAMENA, ZERBITZU-ALDIAN IZENDATZEA EGINKIZUN ASKOTARIKO PEOIA IGELTSERO-OFIZIAL ARITZEKO.

    Behean heldu den proposamena aurkeztu dio langileekiko harremanetarako zinegotziak osoko bilkurari:

    "Antolaketa eta egitura arrazoi batzuk bitarteko direnez, nire proposamena da eginkizun askotariko peoiari eta ordezkari sindikalei entzun lehenbizi eta igeltsero (ofizial) lanak egiteko zerbitzu-aldian izendatzea eginkizun askotariko peoia (Alberto Irasuegi Lopetegi). Igeltseroa obra eta zerbitzutarako lan-taldean sartuko da, eta Obra eta Zerbitzuetarako departamentuaren baitan egongo.

    Igeltseroari tokatzen zaion ordainsaria jasoko du A. Irasuegik zerbitzu-aldian den bitartean, hau da ARCEPAFEren 9. maila gehi %20aren osagarria.

    Osagarri hori jasotzeak langilearen disponibilitatea suposatuko du: festak direla edo aparteko eginkizun bat dela, gauez, jai egunez edo bere ordutegitik kanpo lanera etorri behar izatea. Bere ordutegitik kanpo egindako ordu hauek ez dira aparteko ordu bezala hartuko, ez eta gaueko edo jai eguneko ordu bezala. Ordu arrunt bezala hartuko dira, guztien artean urteko lan egutegiko 1.663 orduak osatu beharko dituelarik.

    Zerbitzu-aldian 1996ko martxoaren 1etik 1996ko abenduaren 31ra arte izango da; badago bidea, nolanahi ere, bi urterarte (gehienez) luzatzeko.

    Egoera berri hau Euskal Funtzio Publikoaren 6/89 Legeak, uztailaren 6koak, arautzen du, 54. artikuluan".

    J.M. Botok galdetu du ea legezkoa den lan-orduak mugatzea osagarria kobratuz gero. Hargatik, kentzeko eskatu du hori proposamenetik. Hori onartuz gero ez daukatela proposamena onartzeko eragozpenik esan du; edozein moduz ere, aurren-aurrena egin beharreko lana udal-zerbitzuen organigrama egitea iruditzen zaiola.

    Hala, batzordearen diktamena falta denez, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin du alkateak. Zortzi alde (alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat) eta lau (EAko eta PSE/EE/PSOEkoak) kontra izan direnez, onartu egin dute gaia gaurko bilkuran aztertzea.

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Zortzi izan dira, hala berean, onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Hona ERABAKIA:

    BAT: Zerbitzu-aldian izendatzea eginkizun askotariko peoia (Alberto Irasuegi Lopetei) igeltsero-ofizial egiteko. Obra eta zerbitzutarako lan-taldean arituko da, eta Obra eta Zerbitzuetarako departamentuaren baitan egongo. Baldintzak, berriz, proposamenean heldu direnak izango dira.

    8.- PROPOSAMENA, UDALEKO KONTUHARTZAILEAREN POSTUA (HABILITAZIO NAZIONALA DUTEN FUNTZIONARIOENTZAKOA) BETETZEKO 1996KO LEHIAKETA ARRUNTEAN PARTE HARTZEARI BURUZKOA.

    Lehenbizi, alkateak, proposamenaren zergatia azaldu du. Esan du hobe iruditzen zaiola lehiaketa ohikoan parte hartzea beste erakunde batzuen baitan uztea baino herriko kontuhartzailea izendatzea.

    J.M. Botok, berriz, haren taldekoak astenitu egingo direla esan du, beti kontu igoala izaten dela eta, ezeren aldaketarik gabe, ezeren berrikuntzarik gabe.

    Hala, batzordearen diktamena falta denez, gaurko gaien artean sartuko ote duten erabakitzeko botazioa egin du alkateak. Zortzi alde izan dira (alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat), eta beste laurak (EAko eta PSE/EE/PSOEkoak) astenitu egin dira.

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Hamar izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro), EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) eta EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi). Bi, berriz, kontra: PSE/EE/PSOEkoak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Hona ERABAKIA:

    BAT: Parte hartzea izaera nazionala duen eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko 1996ko deialdi arrutean, 1994ko urtarrilaren 4an Osoko Bilkurak lanpostua hornitzeko onartu zituen oinarriak erabiliz.

    BI: Erabaki hauen berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.

    9.- PROPOSAMENA, UDALEKO ZINEGOTZI BAT LIBERATZEA, BERAZIAZKO DEDIKAZIOZ.

    Maixabel Unzain Zapiain berariazko dedikazioz liberatzea proposatu zuen ogasun gaietarako eskumena duen zinegotziak otsailaren bian. Hauxe da, juxtuki, egin zuen proposamena:

    "Mª Isabel Unzain, zinegotzia, Udalean egiten ari den lana eta sartzen duen ordu-kopurua ikusirik, Udalak hari ordainsari bat ematea eta Gizarte Segurantzako Errejimen Orokorrean alta ematea (1996ko otsailaren 1etik aurrera) proposatu nahi diot osoko bilkurari. Ordainsaria, garbi: 700.000,- pta. urtean; 14 hilekotan banatuta".

    Otsailaren zazpian egindako osoko bilkuran erabakia atzeratzea proposatu zuen alkateak. Gaur, ordea, proposamena onartzearen alde hitz egin du. Esan du gainezka dabilela lanez eta baten baten beharra daukala lan batzuk egiten laguntzeko, denak ezin dituela egin-eta berak bakarrik.

    Aurkaritzako zinegotziak, ordea, proposamenaren kontra azaldu dira. Hala, M. Recaldek esan du ez dituztela beste aterabide batzuk aztertu, esate baterako: Gobernu Batzordeko bi zinegotzi, HBkoa bat eta EAJkoa bestea, gehiago inplikatzea, eginkizunik ez baitute; edota alkateak ordu gehiago sartzea, apika.

    J.M. Botori, berriz, liberatu asmo duten zinegotziak zer eginkizun izango duen inork ere azaldu ez izana iruditu zaio gaizki. Era berean, lehen ez zutela zinegotzirik liberatzea nahi izaten akordarazi die HBkoei, eta koherentzia falta erakutsi dutela proposamen horrekin.

    I. Urrestarazuri dedikazioa ordaintzeko modua iruditu zaio harrigarri; indemnizatzeko bidea ere bai baitago, liberatu beharrean, esan duenez.

    Hirurek hala hirurek galdetu dute, alabaina, denetara zenbat diru jaso behar duen liberatu asmo duten zinegotziak Udalaren kutxatik.

    Alkateak berriz esan du Udalean badela lanik aski bi zinegotzi liberatzeko. Zer-nola, berriz, Udaleko teknikariek proposatu dutela. Ordainsaria ez dela handia esan du, eta daukan eskuordetzaren ordainetan ematen den indemnizazioa ez duela zinegotziak jasotzen, alderdiak jasotzen duela.

    Horiek horrela, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin dute, falta baita batzordeak egin beharrreko diktamena. Hala, onartu egin dute gai-zerrendan sartzea: zazpi boto alde izan dira (alkatea, M. Viaña ez beste HBko zinegotziak eta EAJko bat), bi kontra (PSE/EE/PSOEko zinegotziak) eta hiru astentzio (EAko bi zinegotziak eta M. Viaña).

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Sei izan dira onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko beste lau zinegotzi (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta bi astentzio: HBko zinegotzi bi (Mari Carmen Viaña Balda eta Maixabel Unzain Zapiain). Hona ERABAKIA:

    BAT: Onartzea Maixabel Unzain Zapiain liberatzea, 700.000,- pta. ordaintzea, garbi, urtean (14 hilekotan banatuta) eta alta ematea Gizarte Segurantzaren Errejimen Orokorrean 1996ko otsailaren 1etik aurrera.

    10.- PROPOSAMENA, BERRESTEA AUTOTAXI ETA AUTOTURISMO ZERBITZUAREN HIRI BARRUKO TARIFAK, 1994KO URRIAREN 13AN ONARTUAK OSOKO BILKURAN.

    1994ko urriaren 13an onartu zituen osoko bilkurak autotaxi eta autoturismo zerbitzuaren hiri-barruko tarifak. Hala berean, erabakiaren berri ematea erabaki zuen Merkataritza Delegazioari eta Gipuzkoako Taxizaleen Elkarteari, egin behar diren tramiteak egin zitzaten Prezioen Batzorde Euskadikoan.

    Gipuzkoako Taxizaleen Elkarteak (AGITAX-ek), orduko prezioak proposatu zituenak berak, idatzia bidali zuen 1995eko apirilaren 12an, eta epai baten berri eman zion Udalari. Epaiak zalantzan jartzen zuen Prezioen Batzordearen aginpidea kontu honetan. Horiek horrela, lehen proposatutako tarifak behin-betiko onartzeko eskutu zion osoko bilkurari, 1994ko urriaren 13an onartu baitzituen lehen.

    Horiek guztiak horrela direla, erabakia berrestea proposatu du langileekiko harremanetarako zinegotziak.

    Halaz eta guztiz ere, batzordeak egin beharreko diktamena egin gabe dagoenez, gaurko gaien artean sartuko duten erabakitzeko botazioa egin dute lehenbizi. Hala, onartu egin dute gai-zerrendan sartzea: zortzi boto alde izan dira (alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAJko bat) eta lau kontra (EAko bi zinegotziak PSE/EE/PSOEkoak).

    Ondoren, proposamenari berari buruzko botazioa egin dute. Zortzi izan dira, hala berean, onartzearen alde: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda eta Jose Luis Ruiz Navarro) eta EAJko bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta lau kontra: EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE/EE/PSOEko biak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Horiek horrela direla, berretsi egin dute 1994ko urriaren 13an egindako osoko bilkuran hartutako erabakia: onartzea taxiaren hiri barruko tarifak. Hona tarifak:

    Abiasaria

    Egindako Km.-ko **

    Zai izandako

    Egunez

    300.-pta.

    105

    2.000.-pta.

    Gauez/Jai*

    300.-pta.

    165

    3.000.-pta.

    * Gaua. 23:00etik 7:00etara.

    Jai-egun eta igande egun osoa.

    ** Zirkuito irekia.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko bederatziak eta hogeita bostean (21:25). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna