1994.eko Martxoaren 2ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko martxoak bi, arratsaldeko zazpiak. Udalbatza Udaletxeko Biltzar Aretoan bildu da, ohizko osoko-bilkura egiteko. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate-Lehendakaria, Karmele Legorburu Irazu, Gemma Arrillaga Albisu, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Mikel Mitxelena Iza, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue eta José Boto Sancho, zinegotziak, bildu dira.

    José Varela Pampin ez da etorri.

    Arrazoia eman eta Jose Mª Martiarena Jaca eta Marcial Zabaleta Salaberria ere ez dira etorri.

    Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionaria.

    Lehendakariak saioa ireki eta nornahirentzako izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, gai-zerrendako puntuak aztertzen hasi dira.

    1.- 1993ko abenduaren 1 eta 28an eta 1994ko urtarrilaren 4 eta 19an egindako osoko-bilkuretako aktak irakurri eta onartzea, hala balegokio.

    - Aho batez onartu dute 1993ko abenduaren 1ean egindako osoko-bilkurako akta. Nolanahi ere, honako alderdi hau zuzentzekotan: "TECLA" dioen guztietan "TCLA" jarri behar du, hori bata bere izena.

    Orduan sartu da I. Urrestarazu.

    - Aho batez onartu dute 1993ko abenduaren 28an egindako lehenengo osoko-bilkurako akta. Nolanahi ere, honako alderdi hauek zuzentzekotan:

    a) 1. orrialdean, gai-zerrendako lehenbiziko puntuko izenburuan, 199.765.-ri hiru zero erantsi behar zaizkio, 199.765.000 pta. jarri, alegia.

    b) Laugarren orrialdeko 4. parrafoan, "aurreko Udalbatzaren agintaldian onartua" dioen tokian, "aurreko Gobernu Taldearen agintaldian onartua" behar du esan.

    c) Bosgarren orrialdeko 9. parrafoan, "herri honetan ateratako idatzi bat irakurtzea" dioen esaldian "HB-k" sartu behar da atera aditzaren sujetua zehazteko.

    d) Bederatzigarren orrialdeko 4. parrafoan (J.M. Botoren ihardunaldia) honako hau gehitu behar da: "120 milioi galtzearen erantzule lehenbizi Alkatea eta hurrena bere taldea egiten ditu".

    e) Euskarazko aktan, 6. orrialdeko azkeneko parrafoan, "Gobernu Batzordea" jarri beharrean, "Hirigintza Batzordea" jarri behar du.

    - Aho batez onartu dute 1993ko abenduaren 28an egindako bigarren osoko-bilkurako akta.

    - 1994ko urtarrilaren 4ko akta gehiengo osoz onartu dute. Izan ere, saio hartan ez zela izan eta J.M. Boto astenitu egin da; beste zinegotzi guztiek baiezkoa eman dute. Nolanahi ere, honako alderdi hau zuzentzekotan:

    Gai-zerrendako 2. eta 4. puntuetako botazioetan, J.L. Agirretxe sartu behar da aldeko botoa eman dutenen artean.

    - 1994ko urtarrilaren 19ko akta ere gehiengo osoz onartu dute. Izan ere, saio hartan ez zirela izan eta P. Garbizu eta J.M. Boto astenitu egin dira; beste zinegotzi guztiek baiezkoa eman dute.

    2.- Zerbitzuetako batzordearen diktamena, Añarbe mankomunitateak uraren zikloari buruz egindako txostenari dagokiona.

    Añarbe mankomunitateak uraren ziklo osoaz egindako informea aztertu eta gai honetan jakitun diren teknikarien informea aintzakotzat hartuz, Udalbatzak, Zerbitzuetako batzordeak proposatu diolarik, honako erabaki hau hartu du, gehiengo osoz. A. Sarasola, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagaratek alde eman dute botoa, J.M. Botok kontra eta I. Urrestarazu eta P. Garbizu astenitu egin dira. Hauxe da erabakia:

    "Ur garbi eta ur zikinen hoditerien egungo egoera ikusteko azterketa egiteko eskumena ematea Añarbe mankomunitateari, Lezoko Udalak bere borondate politikoa agertu baino lehen. Azterketa horrek uraren zikloak Lezoko Udalaren ondasunei eta langileei ekarriko lizkiekeen ondorioak bildu behar ditu, eta baita zenbateko kostua eta diru-sarrera izango zukeen ere".

    Gai honen gainean, honako saio hauek aktan jaso daitezen eskatu dute:

    Gaia J. Pontestak aurkeztu du. Esan duenez, Añarbe mankomunitateak idatzi bat bidali zuen Lezoko Udalak, osoko-bilkura eginda, halako erabaki bat (agiriekin batera bidalitako dena) hartu behar zuela zioena. Ordea, erabaki hori hartu eta gero etorriko liratekeen gastuei buruzko daturik ez zela ageri eta horregatik proposatu diotela osoko-bilkurari erabakia hartu baino lehen datu ekonomiko horiek eskatu eta zehatz eta mehatz jakitea. Behin datu horiek eskuratu ondoren, J. Pontestak dio, berriz ekarriko da gaia osoko-bilkurara.

    Segidan, J.M. Botok hitz egin du. Esan duenez, datu ekonomiko batzuen zain egon badira ere, espedientean ez datorrela inolako daturik. Hortaz, ez dakiela zergatik dauden datu horiek izan zain, zeren urtarrilaren 31.ena aipatzen dutela eta ez dela batere datu ekonomikorik.

    J. Pontestak esan dio, ordea, Mankomunitateak halako puntu batzuk onartzea eskatzen duela, eta oraingo kontua puntu horiek onartu baino lehen zenbat kostatzen diren jakitea dela.

    J.M. Botok esan du ez dakiela itzulpen kontu den edo, baina ez duela ondo ulertzen.

    J. Pontestak berriz azaldu dio esandakoa. Alegia, Mankomunitateak eskatzen duena Udalaren bere borondate politikoa azaltzea dela, datu ekonomikoak eduki baino lehenago. Udalak, ordea, datuak jakin nahi dituela borondate politikoa azaldu baino lehen.

    J.M. Botok dio, Mankomunitateko Idazkariak emandako ziurtagirian jasotzen denez, hizpide duten erabakia aho batez hartu zutela, eta borondate politikoa ere azalduta dagoela; beraz, J. Pontestak alde botatu izan behar duela.

    J. Pontestak ezetz erantzun dio, hark ez zuela proposamenaren alde botorik eman, astenitu egin zela.

    Orduan, J.M. Botok esan du ez duela konprenitzen nola ziurtagirian aho batez onartu zutela jar dezakakeen eta Lezoko ordezkaria astenitu egin zen.

    J. Pontestak erantzun dio dagokion aktan begiratu behar dela, baina botazioan ezezkoa eman zutenak ere badirela.

    Ondoren I. Urrestarazuk hitz egin du. Hark dio gauza bitxiak esaten ari direla han. Alde batera, informea gazteleraz bakarrik dagoela esan du, eta han erabakia aho batez hartu zutela jartzen duela; orduan, Udalak Mankomunitatean duen ordezkariak ere zerbait azaldu beharko duela.

    Beste alde batera, I. Urrestarazuk dio idatzi horrek data batzuk ezartzen dituela, 1994ko urtarrilaren 31rako onartua egon behar zuelakoa, esate baterako. Gainera, badakiela Mankomunitateari eskatzen ari diren datu batzuk Udalean aztertzen ari direla, eta, hortaz, ez dakiela zergatik dakarten gai hau gaurko osoko-bilkurara urtarrilean bi osoko-bilkura egin eta gero.

    Hala berean, badakiela ondo erabaki hau aho batez hartu zutena esan du.

    Hurrena P. Garbizuk hartu du hitza eta Añarbeko Mankomunitateak haren iritzian eskatzen duen ihardunbidea azaldu du:

    1.- Mankomunitateak aurrena iritzi edo borondate politiko bat eskatzen dio Udal bakoitzari.

    2.- Ondoren, Udal bakoitzak, 1994ko urtarrilaren 31rako, bere aktibo eta pasiboaren azterketa bat egin behar du.

    3.- Udalen azterketa horiek ikusi ondoren, Mankomunitateak bere proposamena egingo luke eta, gero, dagokion ituenea.

    Bukatu aurretik, P. Garbizuk esan du, haren iritziz, borondate politikoa eta itunea nahastu egiten dituztela, eta normalena borondate politikoa azaltzea litzatekeela, eta gero, behin egin beharreko azterketak egindakoan, eta haien argitan itunea izenpetzerik ez dela komeni ikusiz gero, orduan izango litzatekeela ituneari ezezkoa esateko garaia. Nolanahi ere, orain ez dala azterketak egiteko garaia.

    Azkenik, hark badaukala borondate politiko hori esan du P. Garbizuk, alegia, uraren ziklo osoaren kontua Añarbeko Mankomunitateak eramatekoa.

    Proposamena ikusi eta egindako saioak kontuan hartu ondoren, Alkateak bi proposamen jarri ditu botazioa egiteko:

    1.- Zerbitzuetako Batzordeak egindakoa, gai-zerrendan datorrena.

    2.- Eta Añarbek berak egindakoa.

    Beraz, bi proposamen hauei buruzko botazioa egin dute. Ondorioa hauxe izan da:

    - Zerbitzuetako Batzordeak egindako proposamena onartu egin dute, gehiengo osoz. Alde, A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagaratek botatu dute, I. Urrestarazu eta P. Garbizu astenitu egin dira eta J.M. Botok kontra botatu du.

    - Añarbeko Mankomunitateak egindako proposamena, berriz, atzera bota dute. Proposamen honen alde I. Urrestarazu, P. Garbizu eta J.M. Botok eman dute botoa, eta A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagaratek kontra eman dute.

    3.- Alkatearen 12. dekretua, Pedro Etxarri Ollokiegi, Lezoko Udaleko kontuhartzailea, ordezkatzeari buruzkoa.

    Alkatearen 12. dekretua, Pedro Etxarri Ollokiegi, Lezoko Udaleko kontuhartzailea, ordezkatzeari buruzkoa, gehiengo osoz onartu dute. Alde A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe, J.A. Dozagarat eta I. Urrestarazuk botatu dute, J.M. Boto astenitu egin da eta P. Garbizuk ez du botazioan eskuhartu.

    4.- Alkatearen 31. dekretua berresteko proposamena, Lezoko Antolaketarako Arau Ordezkatzaileetako S.G. 4 eta 2. Sektoreko gainaldeko 16.425 m2 dituen lursail ez-urbanizagarri bat aldatzeko bi espedienteak denboraldi batez argitaratzeari buruzkoa dena.

    Gai honen aurkezpena Alkateak egin du. Esan du, Hirigintza Batzordean aztertu zutela eta han azaldu zituztela zeuden asmoak. Alde horretatik, 31. dekretuaren funtsa espedienteak argitara ateratzea dela esan du, nahi duenak bere sugerentziak eta alternatibak aurkez diezazkion proiektuari.

    Dekretuz onartu izana, berriz, Udala lurrak rekalifikatzen hasita dagoela egiaztatu beharrak eragin duela esan du. Izan ere, kirol-ekipamenduetarako dirulaguntza ematea eskatu zioten Foru Aldundiari eta, hark, eskabidearekin eta futbol-zelaiko proiektuarekin batera lehen esan dugun agiria ere bidaltzea eskatzen zuen.

    Azkenik, orain ez dutela proposatu duten aldaketa egokia den ala ez den, edota haren edo besteren gustokoa den, horrelako kontuak Arau Ordezkatzaileak Aldatzeko espedientea tramitatzen hasten direnean eztabaidatuko dituztela eta. Beraz, orain ez duela alkatekari buruzko iritzirik ematen utziko.

    Alkatearen ondoren I. Urrestarazuk hartu du hitza. Esan duenez, erabat harrituta dago, zeren eta hizpide dugun dekretuak 4. Sistema Orokorraren kalifikaziorik ez du aipatzen, eta bestearen gainean, hiritzerik ez dagoen lurra dela badio ere, ez dugu mugarik aipatzen. Alde horretatik, zer kalifikazio duen eta zein jarri asmo zaion adierazi beharko luke dekretuak.

    Alkateak erantzun dio bestea ere mugatu gabe dagoela. Orduan, I. Urrestarazuk, hiritzerik ez dagoen lur dela jartzen duela esan dio.

    Azkenik, dekretua kontuan hartuz, hemen izan ez den pertsonak ez dezakeela gaia zertaz dihoan jakin esan du.

    Beste alde batera, dekretuak Hirigintzako Batzordearen proposamen bat badela aipatzen duela esan du, eta halakorik ez diotela bidali baina berak eskuratu ahal izan duela.

    J.M. Botok "Hirigintzako Batzordearen proposamena ikusi ondoren" jartzen duela dekretuan esan du, baina hura Hirigintzako Batzordeko bileran izan zela eta izenburu hori ez zaiola egoki iruditzen, dagoeneko ez dakiela eta Hirigintzako Batzorde hori zer den ere.

    Alkateak erantzun dio Hirigintzako Batzordeak informazioa emateko izaten direla, eta, beraz, ez liokeela hainbesteko beldurrik izan behar esaldi horri; zeren, gauzak erabaki osoko-bilkuran erabakitzen direla. Bestetik, beharbada Hirigintzako Batzordeko lehendakariaren proposamena jarri behar zuela Hirigintzako Batzordearen lekuan. Orduan, J.M. Botok, erdiz-erdi asmatu duela esan dio.

    J.M. Botok esan duenez, hura ez dago diktamena izatearen kontra, baldin eta bakoitzak zer esan duen eta zer boto eman duen jasotzen bada.

    Horiek horrela, Alkatearen 31. Dekretua berresteari buruzko botazioa egin eta berretsi dute, gehiengo osoz. Alde A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat izan dira, kontra J.M. Boto, eta astenitu I. Urrestarazu eta P. Garbizu egin dira.

    5.- 1981-1993 urte bitarteko zirkulazio eta bestelako zerga batzuei dagozkien kreditu-kobraezinen espedientea onartzeko proposamena.

    1981-1993 urte bitarteko zirkulazio eta bestelako zerga batzuei dagozkien kreditu-kobraezinen espedientea (1.131.343 pta.) onartzeko proposamena aztertu, Kontuhartzailearen informea, Zergabiltzaileaen Probidentzia eta Diruzainak hasiera eman zion proposamena ikusi eta gero egina, kontun hartuz, Udalaren osoko-bilkurak, aho batez, proposamena onartzea erabaki du, baina, halaz guztiz, Diruzaintza-Zergabilketari halako espediente batzuen (Txerrimuño, Fernando Crespo,...) azterketa eta jarraipen sakonagoa egiteko eskatzea erabaki dute.

    6.- Galderak eta eskaerak.

    Eskaerak:

    J.M. Botok esan du Altamirako eskoletan ezbehar bat izan zela (zakur batek kosk egin zion mutiko bati) ateak irekita zeudelako. Ginera, sarea ere hondatua zegoela, eta diru asko gastatu zutela akats horiek konpontzen. Halarik ere, ateak irekita egoten direla eta alperrik direla egindako lanak denak. Orduan, lehen esan zituzten gauza guztiek ez dutela ezertarako balio. Horiek horrela, ateak itxita edukitzeko mesedez zerbait egin dezaten eskatu du J.M. Botok.

    Galderak:

    Ondoren, J.M. Botok paralizazio bati buruz zer egin duten galdetu dio Alkateari; alegia, 103. poligonoko 11. lursailean Udalaren lizentziarik gabe egiten ari ziren lan batzuek geldiarazteko eskabide harezaz.

    Alkateak esan dio Ekin-en pabilioi zahar bat dela, lantegi hark itxi egin zuela eta Hirigintzako Batzordeak egin zuen bilkuran, 1993ko abenduaren 20koan, adierazi zutela Impalsa lantegia, Nerecan izenarekin ere izendatzen dutena eta lehen Altzan zegoena, lan batzuk egiten hasi behar zuena, suak erre egin zuela eta. Horregatik, lanean segitzeko toki bat behar zutela eta Lezora etortzea erabaki zutela; era berean, lanak egiten hasteko dezenteko premia zutuela, eta lehen esandako Batzorde hartan -J.M. Boto ere izan zela bilera hartan- aipatu zutela kontu hori.

    Alkateak dio, orobat, baduela han egiten ari diren lanen berri, zehatz eta mehatz, eta behin baino gehiagotan izan dela lanak egiten ari diren tokian bertan zer egiten ari diren ikusten. Dena dela, lanen proiektua aurkeztukizun dagoela oraindik, nahiz eta lehen erakutsi zuten, eta aste honetan aurkeztuko dutela. Lan batzuk baserrialdeko muga-mugan ari direla egiten, eta orduko bilkura hartan esan eta garbi utzi zutela lantegia pabilioi hartan kokatzeko derrigorrez egin beharreko lanak zirela. Datorren astean edo egingo duela arkitektuak informea, zeren eta, lizentzian ageri ez den arren, arkitektua ere jakinaren gainean dagoela zer lan egiten ari diren.

    J.M. Botok esan du kontuan hartuko duela Alkateak zer esan duen. Gainera, han esandako kontuei begiratzera, nornahik, beharra duela eta, edozer egin dezakeela, "zeren eta han nahi dutena egiten ari dira".

    Alkateak hori gezurra dela esan dio.

    J.M. Botok, ea hitz hori, gezurra, nondik atera duen galdetu dio Alkateari.

    J.M. Botok ez dakiela han zer egiten ari diren esan dio Alkateak.

    Alkateak berak ez dakiela han zer egiten ari diren esan dio J.M. Botok, gauza asko ari direla bete gabe uzten eta ez dakiela nolatan dagoen hura han.

    Alkateak, bulego teknikora joateko eta han jakingo duela gauzak zertan diren esan dio J.M. Botori.

    J.M. Botok erantzun dio berak badakiela arauetan zer jartzen duen eta toki hartako pentsatuta dagoen antolaketa. Han, egiterik ez dagoen tokian ari direla lanak egiten, eta arauak hausten ari direla. Eta Alkateak ezin duela Gorporazioarekin daukan jokabiderik izaterik, zeren bihar, arrazoibide horrekin, nahi duenak nahi duena eraiki dezake, ematen duenez Alkateak nahi duena egin dezake eta.

    Alkateak esan du J.M. Botoren jokabidea ez datorrela egungo egoerarekin bat.

    J.M. Botok dio bat ez datorrena Alkatearen jokabidea dela, eta aktan jasotzeko esandakoa.

    Alkateak jasoko dela esan dio, eta urte askoan jaso dadila gainera. Hala berean, gauza J.M. Botoren eskuetan balego ez dakiela hura zer izango zen esan du.

    J.M. Botok gauzak askoz hobe joango liratekeela erantzun dio, eta Alkateak ez dakiela aparkalekua zen tokian lanak egiten ari direnik, uzten ari baita, eta han ez dagoela ezer ere egiterik.

    Alkateak ezetz esan dio, badakitela zer lan egiten ari diren, eta behin baino gehiagotan bildu direla haiekin, lehen esan duen eran. Halaber, Hirigintzako Batzordeko bilkura hartan, esan esan zutela lanei ekin egin behar zietela. Ondoren, berriz esan dio J.M. Botori nahi badu bulego teknikora joateko eta han erakutsiko diola arkitektuak egiten ari diren lanak.

    J.M. Botok, ordea, berak baduela zer lan egiten ari diren jakiteko eskubidea eta Alkateak ezkutatzen dituela han egiten ari diren lanak.

    Alkateak esan dio berak ez dituela ezkutatu, zeren Hirigintzako Batzordean azaldu zutela lanak hasteko zirela eta, orobat, egin asmo zituzten lanen planeamendua ere egin zutela.

    J.M. Botok, egiten ari ziren lanen berririk ez zutela eman erantzun dio.

    Alkateak, ordea, baietz dio.

    J.M. Botok, Alkateak esandakoak idatziz jasota geldituko direla esan du, hurrengorako ere, zeren "zuk esandako gauza asko entzun ditut" (J.M. Martiarenari esandakoak jarri ditu konparaziotarako).

    Hurrena, J.M. Botok, esan du akta batean jasota dagoela nola Alkateak auditoria egiteko hitza eman zuen, eta kontu hori zertan den galdetu du.

    Alkateak erantzun dio Hazienda Batzordearen bilerarako deia egin zutela, 1993ko kitapena aztertzeko eta, baina J.M. Boto, "ordua baino hamar minutu Udaletxean izan arren", ez zela bileran izan. Beraz, auditoria egiteko interes handia badu, eskatzeko Alkateari Hazienda Batzordeko beste bilkura baterako deia egin dezan.

    J.M. Botok ea horrek zer ikusi duen galdetu du, hitza hark eman zuela eta; bestetik, ea berari ote dagokion bada gaia eramatea!

    Alkateak ezetz esan dio, hari ez dagokiola hori, baina komenikoa izaten dela Haziendako Batzordean aztertzea aurrena auditoria egiteko garaian erabili behar diren irizpideak erabakitzeko.

    Ondoren, J.M. Botok Alkateari esan dio legez kanpora dauden kontu batzuei buruzko galderak egin dituela eta ea zertan diren, oraindik zer egin behar den erabakitzeko baitaude, eta, J.M. Botok Alkateari esan dioenez, "aurreko Gorporazioak hasitako espedienteak hasten zenituen berriro".

    Alkateak esan dio kontu horiek Idazkariari galdetu beharko dizkiola.

    J.M. Botok gogor egin du Alkateak erantzuteko esanez. Gainera, "ez dutela ezer ere egiten" esan du.

    Alkateak erantzun dio legez kanporako gauza batzuk aipatu zituztela, aztertu beharrekoak zirenak, eta ea kontu honetan zer egin den galdetu dio Idazkariari.

    Idazkariak, zer galdetzen duen zehatzago esan dezaten eskatu die.

    Alkateak J.M. Botori galdetu dio legez kanporako kontu zein diren, Alkatetzako kontua ez zela eta.

    J.M. Botok, orduan, Calderería Jaizkibeli buruzko espediente bat hasi zela eta hura zertan den galdetu du.

    Idazkariak esan dio J.M. Botori, azkeneko aldiz galdetu zuenean proiektua ekartzeko bi hilabeteko epea eman ziotela erantzun ziotela, baina epea aspaldi bukatu zela, noiz ez dakiela seguru baina, eta harrez geroko berririk ez dagoela.

    J.M. Botok dio: "orduan ezer ere egiteko gogorik ez dagoela pentsatu beharko dugu".

    Galderak bukatu direnez, Alkateak "Leezon" aldizkarian artikulu bat argiratzeko eskatu diotela baina ez dakiela nork, sinaduraren azpian ez dela izenik eta, hala ere, badakiela zinegotziak direna. Nolanahi ere, hemendik aurrera izenak jarri beharko direla halakoetan. Artikuluak, berriz, lehenago publikatu zuten artikulu bateko akatsak zuzentzea eskatzen duela. Aieka horretatik, artikulua bi hizkuntzatan publikatu behar den galdetu die.

    I. Urrestarazuk baietz esan dio, akatsak euskaraz eta erderaz zeudela eta.

    Aktaren bukaera.

    Iluntzeko zortziak eta hogeita zazpi minututan, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, Alkate-Lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta nere sendespena ematen dut.

    Eguna