2007.eko Otsailaren 7ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko otsailaren 7an, asteazkena, 8:40etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea), Ainhoa Villanúa Ayuela ere (PSE taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Egoki irudituz gero, 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkurako akta onartzea.

Mari Luz Angladak zuzenketa bat egin nahi dio aktari, euskarazko alean 622582. orrialdean eta gaztelerazkoan 622595. orrialdean jasotzen den bere parte hartzean: "aurrekontuaren alde bozkatu zuenez, hura gauzatzeko beharrezko den kreditu honen alde ere bozkatuko duela" esan ordez hau esan behar duela "nahiz eta aurrekontuaren alde ez bozkatu, haren zenbait proiekturekin ados egonik, haiek gauzatzeko beharrezko den kreditu honen alde bozkatuko duela". Aldaketa horrekin akta aho-batez onartu da.

2.- Gurutze Santuaren plaza, Zubitxo kalea eta Donibane kalea urbanizatzeko obrak behin-betikoz burutzeko kontratu-epearen luzamendua eskatuz onartzeko diktamena (2006H0120002).

Alkateak diktamenaren berri eman du. Honela dio Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordearen diktamenak:

"Pedro Santurde Lópezek, Excavaciones y Transportes Orsa, S.L., Etra Norte S.A. eta Provisa S.A. entitateek osatzen duten UTE Donibane-Lezo aldi baterako enpresa-batasunaren izenean, Gurutze Santuaren Plazaren, Zubitxo Kalearen eta Donibane kalearen hiritartze lanen esleipendun diren neurrian, aipatu obrak amaitzeko hasieran zuten epea, hau da 2006ko abenduaren 1 artekoa, 2007ko otsailaren 27 arte luzatzea eskatzen du.

Luzapen eskaera horren arrazoia zera da, hain zuzen ere Lezoko Udalak eta obra zuzendaritzak Gurutze Santuaren plazako zoladura-materiala lortzeko zailtasunak dituztela.

Aipatu materiala banatzen duen enpresaren idatzi bat bateratzen da eskaerarekin. Idatzi horren arabera, harrobiko ekoizpen arazoak direla eta, ezinezko izango da zoladura-materiala 2007ko urtarrilaren hirugarren astera arte banatu.

Administrazio Publikoen Kontratu Legearen Testu Bateratuko 96.2 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko urtarrilaren 31an egindako batzarraldian Jesús Mª Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazuren (EA), Mikel Antton Arrizabalaga (PSOE) eta Maria Luz Anglada (P.P) zinegotzien aldeko botoekin, horretarako egin diren txosten teknikoak aztertu ondoren,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: UTE Donibane-Lezori Gurutze Santuaren Plazaren, Zubitxo Kalearen eta Donibane kalearen hiritartze lanak amaitzeko epea 2007ko otsailaren 27 arte luzatzea onartzea."

Jendartetik Aitor Sarasolak hitz egin du, Lezoren Alde herri plataformaren izenean, eta esan du beharrezkoa izango litzatekeela kasu honetan teknikarien txostena izatea luzapenaren arrazoiei buruz. Azpimarratu du epea izaten dela obra esleipenetan kontutan hartu eta baloratzen den irizpide nagusietariko bat, beraz, esleipenean interesa izan duten beste lehiakideen aurrean babesa izateko ere, balio behar izango lukeela txosten tekniko horrek.

Beste parte hartzerik gabe, diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko bederatzi botoz eta abstentzio batekin, EB-IUko zinegotziarena.

3.- Oarsoaldea S.A.k kontu-kreditu bat eskatzeko Udalari egiten dion abal eskaerari buruzko diktamena.

Alkateak eman du diktamenaren berri. Honela dio Ogasun batzordearen diktamenak:

 

"Ikusirik 2007ko urtarrilaren 31ko Ogasun Batzordean aztertu zela Oarsoaldea S.A.ren aldetik bi kreditu-kontu eskatu beharrari buruzko azalpen-memoria, bi lokalen erosketa bideratzeko, gaur egun Oiartzungo bere bulego zentraletan dauden instalazioak haietan kokatu ahal izateko, guztira 600.000 eurotako osoko kopurua delarik.

Fondoen kontu-hartzailearen txostena ikusirik, 2007ko urtarrilaren 10ekoa.

Hortaz, Ogasun Batzordeak aho-batez erabaki du Udalbatzari proposatzea ondorengo akordio hau har dezan:

  • 1. Udal honen aldetik Oarsoaldea S.A.ri baimena ematea bi kreditu-kontu ireki ditzan lokal batzuk erosteko, guztira 300.000 € haietako bakoitza.
  • 2. Udalaren aldetik, Oarsoaldea S.A.ko bazkide gisa eta sozietate horretako akzioen %25aren jabe gisa, bere gain konpromisoa hartzea sozietateak eskatu dituen kreditu-kontuei buruz erantzuteko, horiek guztira 600.000 euro izaki, kapital sozialean duen partehartzearen heinean (%25), baldin eta sozietate horrek berak ezin izango balie aurre egin horrek bere baitan daramatzan betebeharrei, eta horien baldintzak hauek izaki:
  • Epea: 15 urte
  • Urteko amortizazioa, konstantea, urteko 40.000 euro kopuruaz.
  • Interes tipoa: Euribor + 0,50
  • Erabili gabeko kopuruaren gaineko komisioa: 0%
  • Irekitze-komisioa: 0,05%
  • 3. Alkate jauna ahalmentzea behar diren dokumentu guztiak izenpetu ditzan."

Diktamena ahobatez onartu da, osoko bilkuran diren hamar zinegotzien aldeko botoarekin.

4.- 7/00020 dekretua berrestea (2006PE290002).

Osoko bilkurak urriaren 31ean hartutako erabakiaren aurka Patxi Apalategi Mendizabalek aurkeztu duen aukerako berraztertze errekurtsoari erantzuten dion D07/00020 dekretuaren berri eman zion Alkateak Barne Batzordeari eta, haren adostasunarekin, dekretuaren berrespena eskatu dio osoko bilkurari.

Osoko bilkurak ahobatez berretsi du alkatearen D07/00020 dekretua.

5.- 107 Poligonoko (Salva) kale berriari izena jartzeko proposamena.

Alkateak gai zerrendarekin batera bidalitako proposamena irakurri du. Honela dio proposamenak:

"Lezoko 107 Poligonoan egindako hiritartze-obren ondoren sortu den kalearentzat MAKURREN izena proposatzen dut, bertako toponimoa baita.

Eraikinen zenbakiei buruz Industrial Salva 1 zenbakia izango da (gaur Carretera Nacional N-1, km. 417 E) eta eraikiko diren beste lokalak Errenteria alderantz duten hurrenkeran (ordena korrelatiboan) zenbatuko dira.

Horren onarpena proposatu diot Osoko Bilkurari."

Alkateak dio gaia diktaminatu gabe dagoela eta urgentziaz aurkeztu duela bilera honetara zenbait zerbitzu enpresak (telefonokoak, argi indarrekoak, ...) helbidea zehazteko beharrezkoa dutelako kale izena.

Urgentzia aho-batez berretsi dute zinegotzi guztiek eta, era berean, aho-batez onartu dute proposamena bera ere.

6.- Etxeratek Iñaki de Juana presoaren egoerari buruz aurkeztutako mozioa, eta EAJ-PNV eta EA udal taldeen testu alternatiboa.

Alkateak zehaztu du, Etxeratek aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dela lehenik, eta gero EAJ eta EA taldeek aurkeztutakoa, eta ondoren bien bozketa egingo dela, lehenik Etxeraten mozioa eta, hura onartu ezean, EAJk eta EAk aurkeztutako testu alternatiboa.

Honela dio Etxeratek aurkeztutako mozioak:

"Gure senide Iñaki de Juana donostiarra hil ala biziko egoeran aurkitzen da espainiar Estatuak ezarritako kondena oso-osorik bete ostean ez dutelako askatu. Espainiar Estatuak ezarritako kondena 2000. urtean bete arren (orduan bete baitzituen kondenaren 4/4enak) ez zuten askatu. Kondena oso-osorik 2004. urtean bete zuen baina orduan ere ez zuten askatu. Batetik, ebazpen judizialen bitartez onartuak zituen erredentzioak egun batetik bestera kendu egin zizkiotelako eta, bestetik, Espainiako agintariek publikoki aitortu zuten bezala, edozein bitarteko erabiliz, kasu honetan bi iritzi artikulurengatik, gure Iñaki ia beste 13 urtera kondenatu dutelako.

Guzti honengatik Iñaki gose greba mugagabea egiten ari da eta, egun, Madrilgo 12 de Octubre ospitalean dute bere nahiaren aurka elikatuz, bere bizia arrisku larrian delarik.

Egoera ezin larriago honek, gure senide Iñakiren bizitza arrisku larrian baita, ondoko lerroetan laburbiltzen den mozioa urgentziaz tratatua eta udal honek onartua izatea eskatzea garamatza:

  • Udal honek Iñaki de Juanaren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dio Espainiako Gobernuari.
  • Udal honek bere ekimenak antolatuko ditu Iñakiren askatasunaren alde (herritarrei parte hartzera deituz), edo jada antolatzen diren ekimenetan parte hartuko du.
  • Erabaki honen berri komunikabideei zein herritarrei emango zaie."

Jendartetik Etxeraten ordezkariak Iñaki de Juanaren egoeraz eta haren biziak duen arrisku larriaz hitz egin du, eta mozioaren alde azaltzea eskatu die bilkura osatzen dute zinegotziei.

Alkateak dio, udalak ezin duela mozioaren bigarren puntuan eskatzen diren antolaketetan esku hartu, ez duelako ahalmenik horretarako. Eginkizun horren ardura Etxerat berarena izan beharko lukeela deritzo, talde politikoekin hitzartuz eta berak bultzatuz. Esan du, ez duela inongo arazorik 3. puntuarekiko eta bere taldeak aurkeztutako mozio alternatiboari gehitu egingo diola.

Isabel Lopez Aulestiak dio ados dagoela aurkeztu diren bi mozioekin eta haien inguruan emandako azalpenekin. Dena den, zuzenketa bat egingo lioke Etxeratek aurkeztutakoari, akordioaren lehen puntuan Espainiako Gobernuari exijitu ordez Espainiako Botere Judizialari exijitu behar litzaiokeelako. Argitzen du, forma aldetik mozio alternatiboarekin adostasun gehiago duela.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ezin dela ahaztu egoera eta oinarrizkoena. Ados badaude ere espetxe "atenuatuarekin", Etxeraten mozioaren aurka bozkatuko dutela eta mozio alternatiboan abstenitu egingo direla, aurreratu du.

Mari Luz Angladak dio ez dagoela batere ados alkatearekin, udal talde politikoek mozio politikoak osoko bilkurara ekarri ordez bozeramaileen batzordean eztabaidatzeko zuten akordioa hautsi duelako, bilkura honetara hiru mozio politiko zuzenean aurkeztuz. Bi mozioak onartzearen aurka dagoela dio.

Jendartetik Imanol Esnaolak dio EAJ eta EAren jarrerak irudi hutsak direla, eta oportunistak, gaia lehertzear dagoenean mugitzen direlako eta ez lehenago, nahiz eta aukera ugari izan duten herriko semeen kondenak luzatu direnetan edota alkate ohiaren eta zinegotzien atxilotze eta prozesamenduetan.

Etxeraten mozioa eztabaidatu ondoren, alkateak aurreratu bezala, EAJ eta EA taldeek aurkeztutako mozio alternatiboa eztabaidatu da.

Honela dio EAJ eta EA taldeek aurkeztutako testu alternatiboak:

"Etxerat"ek , Iñaki de Juanak bizi duen egoeraren inguruan aurkezten duen mozioaren aurrean, EAJ-PNV eta EUSAKO ALKARTASUNA udal taldeek honako mozio alternatiboa aurkezten diote udaletxe honetako osoko bilkurari:

1.- Printzipio humanitarioekin, zein gizaki ororen eskubide eta askatasunekin dugun konpromisoaren baitan, askatasunik gabe dauden euskal hiritar guzti-guztien eskubideen errespetu zorrotza exijitzen dugu.

2.- Preso dauden hiritarrei dagozkien eskubideen errespetua egoera politiko zehatzen gainetik egon behar du beti. Bere burua zuzenbidezkotzat duen Estatu batek ezin dezake inolaz ere lege iruzurraren bitartez pertsona baten eskubiderik zanpatu.

3.- Honela, indarrean dagoen legea egikarituz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten eta zigorraren 2/3 beteta duten presoen askatasuna eskatzen dugu.

4.- Zehazki Iñaki de Juana presoak bizi duen egoerari dagokionez, kasu honetan ere, beste guztietan bezala, legeak eskaintzen dizkion eskubideak errespetatuak izan daitezela exijitzen dugu, bere askatasuna ekiditeko egin den lege erabilpen maltzurra gaitzesten dugularik.

5.- Konponbideak guztien eskubideen begirunetik etorriko direla zinez sinesten dugu, eta horregatik, deialdi berezia luzatzen diegu prozesu honetan inplikatuta dauden alde guztiei eskubide horiekiko konpromiso sendoa har dezaten."

Alkateak dio, testu alternatiboari beste 6. puntu bat gehitu nahi diola, Etxeraten mozioaren 3.a: "Erabaki honen berri komunikabideei zein herritarrei emango zaie".

Jendartetik Etxerateko ordezkariak dio, mozio alternatiboari kontestualizazioa falta zaiola, eta hura egitea eta gehitzea eskatu du. Bestalde Etxeratek adierazi du, 3. puntua gehitu den bezala 2.a gehitzea ere posible litzatekeela.

Alkateak ez du beharrezkoa ikusten kontestualizazioa.

Besterik gabe, bozketetara pasatzeko agindu du alkateak. Lehenik Etxeraten mozioa bozkatu da eta ez da onartu, aurka hamar boto izan ditu eta abstentzio bat, EB-IUko zinegotziarena. Bigarrenik EAJ eta EA taldeek aurkeztutako testu alternatibo aldatua (6. puntua gehituta) bozkatu eta onartu egin da, aldeko zortzi botorekin (alkatea, EAJ, EA eta EB-IU taldeetako zinegotzienak), aurkako boto bat (PPko zinegotziarena) eta bi abstentzio (PSEko zinegotzienak).

7.- EAJ/PNV, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua-Berdeak udal taldeek aurkeztutako mozioa, Lehendakariaren kontra irekitako zigor kausa ixtea exijitzeari buruzkoa.

 

Alkateak aurkeztu du mozioa. Honela dio:

"Euskal herritarrek emandako aginteari modu arduratsuan aurre egiteagatik, Ibarretxe lehendakaria kriminalizatuta, botere judizialak esparru politikoa inbaditu izanak eragindako politikaren muturreko judizializazioak atsekabetuta, Lezoko Udalak, "Euskal Erakundeen Alde" ekimenarekin bat eginaz honakoa adierazi nahi du:

  • 1. Instituzio politikoei eta herritarren borondatearen ordezkari zuzenak direnei dagokien funtzioa mugatzea bilatzen duen justiziaren politizazioa salatu nahi dugu, eta gure laguntasunik sendoena eta irmoena adierazi nahi diogu Lehendakariari, bere kontra Euskal Herriko Auzitegi Gorenak ireki duen zigor kausaren aurrean. Honek, bere oinarrizko eskubideak eta gure Herrian eman beharreko ekimen politikoa zuzentzeko duen ardura instituzionala ezereztu nahi ditu.
  • 2. Politika egiteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, judizializazioaren mehatxurik gabe; elkarrizketa, eztabaida eta jarduera instituzional eta politikoa ezin baitira inoiz legez kanpokoak izan eta, are gutxiago, delituzkoak, arazoei konponbide zuzenak emateko.
  • 3. Jakin badakigu larria dela justiziak demokraziaren zutabeen kontra, politika jarduera egiteko eskubideen kontra eta gure instituzioen balorearen kontra eragindako erasoa; ondorioz, Lehendakariaren kontra irekitako zigor kausa arrazoi gabea berehala ixtea exijitu nahi dugu.

Akordio honen berri Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren Presidenteari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Presidenteari emango zaie."

Mari Luz Angladak, aurreko gaian esan duen bezala, esan du ez dagoela bat ere ados alkateak mozio hauek osoko bilkurara ekartzearekin, mozio politikoak plenoan baino bozeramaileen batzordean eztabaidatzeko akordioa zegoelako.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio abstenitu egingo direla, Justiziarekin ados ez egon arren, Lehendakariarekin ere ez daudelako.

Jendartetik Imanol Esnaolak gogoratu du, Lehendakariari aitortu nahi zaiona libre dauden pertsona guztiei aitortu beharrekoa dela eta, uste du, mozioak ahaztu egiten dituela politikaren judizializazioa eta jarduera politikoa presio pean egin beharrean aurkitzen diren beste hiritar libreak; besteak beste, Batasuna eta Udalbiltza kasuak aipatu ditu.

Mozioa onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatea, EAJ, EA eta EB-IU taldeetako zinegotzienak), aurkako boto bat (PPko zinegotziarena) eta bi abstentzio (PSEko zinegotzienak).

8.- EUDELek egindako mozio proposamena abenduaren 30ean Madrilen egindako atentatuari buruzkoa.

Alkateak aurkeztu du mozioa. Honela dio mozioak:

Lezoko Udalak, bere izenean eta gure erkidegoko herritarren ordezkari bezala, hauxe erabaki du:

  • 1. Joan den abenduaren 30ean ETAk Madrilgo aireportuan (Barajas) egindako atentatu terroristaren aurrean, samina erakustea eta atentatua gaitzestea.
  • 2. Kaltetutako eta zauritutako herritar guztiei babesa, elkartasuna eta adiskidetasuna adieraztea, eta bereziki Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio bertan hildakoen familiei, beraien lagunei eta saminak ukitutako komunitate latinoamerikar osoari.
  • 3. Berriz ere adieraztea ETAk giza eskubideen aurka eta erakunde biolento gisa irauten duen bitartean egiten dituen ekintzek Euskadiko herritarrek demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzeko duten borondatea eta konpromisoa mesprezatzen dutela.
  • 4. Ezker Abertzaleari eskaera egitea ekintza terroristetatik aldendu dadin; izan ere, ETAren desarmearekiko konpromiso sinesgarri batek (frogatu eta egiaztatu daitekeena) baino ezin du ahalbidetu bakea eta askatasuna lortzea. Gizarteak eskaera egiten dio Ezker Abertzaleari, tutoretzarik gabe, bere proiektu politiko propioa defendatzeko gai izan dadin, politikaren bitartez soilik.
  • 5. Berriro adierazi nahi dugu bakearen bilaketan eta bizikidetza politikoan izan beharreko lidergoa herritarrek legez aukeratutako erakundeei dagokiela. Hori adostasunean oinarrituta egin behar da, Zuzenbide Estatuaren printzipioekiko koherente jokatuz eta Herrialdeko sentsibilitate politiko desberdinen konpromisoak gatazkatik eta alderdien arteko interesetatik baztertuz.
  • 6. Euskadiko herritarrei deia egitea, era aktiboan parte har dezaten bakearen eta normalkuntza politikoaren aldeko gizarte-partaidetzako ekimenetan, beti ere, printzipio hauetatik abiatuta: batetik, demokraziaren, askatasunaren eta giza eskubideen babesaren defentsa, eta, bestetik, erakunde publikoen eta alderdi politikoen esku utzitako zereginaren aintzatespena eta errespetua.

Alkateak dio, penagarria dela gertatutakoa eta ea lehenbailehen ematen zaion erremedioa, horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Mari Luz Angladak dio, atentatua kondenatu egiten duela baina mozioaren aurka bozkatuko duela, mozioaren formarengatik eta erabiltzen dituen hitzengatik.

Mikel Antxon Arrizabalagak proposatu du zazpigarren puntu bat gehitzea mozioari, erabakia publiko egitearena.

Jendartetik Imanol Esnaolak galdetu du ea nola egingo zaion ezker abertzaleari 4. puntuan jasotzen den eskaera. Konponbidea denon eginkizuna dela dio.

Mozioa onartu egin da aldeko hamar botorekin eta aurkako batekin, PPko zinegotziarena.

9.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak egin izan diren bileretako gai zerrenden kopiak banatu ditu. Horren inguruan informazio gehiago eskatuz gero emango dela.

10.- Galde-eskeak.

1. Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du 2007ko udal aurrekontuak noizko diren.

Alkateak dio, zirriborroa udal kontuhartzailearen esku dagoela eta laster egin nahi duela dokumentua aurkezteko Ogasun batzordea. Esan du, gobernu taldeari beste inori baino gehiago interesatzen zaiola aurrekontuak onartzea.

2. Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea zertan den Planeamenduko Arau Ordezkatzaileen dokumentua.

Aitor Mimendiak erantzun du, dokumentuaren idazle-ekipoaren barne arazo batzuk direla medio, atzeratu egin dela baina hasierako dokumentuari egindako alegazioei buruzko txostena nahikoa aurreratuta dagoela.

3. Jendartetik Imanol Esnaolak galdetu dio alkateari ea herriko elkarteek udalari leporatzen dizkioten liskarrak konpontzeko inongo asmorik duen.

Alkateak dio, dirulaguntzen ordenantzaren garapena lantzen ari dela eta elkarteetako zenbait ordezkarirekin harremanak badituela.

Imanol Esnaolak dio, kontua ez dela dirulaguntzen araudia, jarrerak, proiektuak eta partehartzeak baizik. Besterik egin ezean, elkarteak beraiek direla Inauteri festak antolatzekotan, esan du.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna