Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko maiatzaren 10ean, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH) eta Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).
Ez da bertan, etorri ezin izanaren berri aurrez eman duelarik, Jesus Mari Martiarena Jaka (EAJ).
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.
Eta besterik gabe, gai zerrenda aztertzeari ekin diote.
1.- Egoki irudituz gero, 2002ko martxoaren 22ko ohiko bilkurako akta onartzea.
Akta onartu eta bileran izan ziren zinegotziek sinatu egin dute.
2.- Alkatearen erabakien kontu ematea.
Alkateak 48. dekretuaren kontu eman du, 2001eko udaleko aurrekontuen likidazioa onartzen emandakoa.
3.- Mozioa, Batasunak aurkeztua, Venezuelako Gobernuari euskal errefuxiatu politikoen egoera eta, zehazki, Jose Lorentxo Aiestaran lezoarrarena, erregulatu dezan eskatzeko.
Mozioak honela dio:
"Venezuelako Errepublika Bolivartarrak gure herrikidea den JOXE LORENTXO AIESTARAN Espainiako Estatura estraditatzeko prozesuari ekiteko dauden aukeren gaineko informazioak direla-eta, Udal honek ondorengoa adierazi nahi du:
- Espainiako Gobernuak egindako estradizio eskabideek Venezuelako Errepublika Bolivartarra bere errepresio estrategian inplikatzea beste helbururik ez dutela, Espainiako Gobernuak Euskal Herriaren askatasun eta subiranotasun nahiarekin amaitzeko darabilen errepresio estrategia horretan, hain zuzen ere.
- Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herriari bere oraina eta geroa erabakitzeko eskubidea ez onartzea dela izaera politiko nabarmena duen gatazka hori bizirik mantentzen duena, bi aldeetan itzelezko mina eta sufrimendua sortzen dituen biolentziazko espresioekin batera agertzen den gatazka.
- Gatazka horren historia luzea dela adibiderik onena errepresioak gatazka bera konpondu ordez, luzatu, erradikalizatu eta aldeetan sortutako mina areagotu baizik egiten ez duela frogatzeko.
- Gatazka horren eta gatazka horri konponbide demokratikoa ez ematearen ondorio dela hainbat euskal herritarrek bere etxea, familia, lagunak eta aberria utzi izana beste herrialde batean babesa bilatzeko. Hortaz, ukaezina dela errefuxiatuon izaera politikoa eta JOXE LORENTXO AIESTARANena kasu konkretu honetan.
- Venezuelan errefuxiatutako JOXE LORENTXO AIESTARANen izaera politikoa bera soilik, aski arrazoi badela Espainiako Estatuaren menpe utzi lezakeen estradizio prozesu baten menpe ez jartzeko edo Espainiara entregatua ez izateko.
- Aipatutako arrazoi horiei JOXE LORENTXO AIESTARANek Venezuelan emandako urte luzeak gehitu behar zaizkiela, hau da, Herrialde horretan erabat integratu dela bertako elkarbizitza normalean inolako eragin txarrik sortu gabe, areago, gainontzeko venezuelarrekin batera, herrialde horren garapenean lagundu egin duela.
- JOXE LORENTXO AIESTARANen presentzia Venezuelan, Espainiako eta Venezuelako Gobernuen arteko akordio baten ondorio dela. Akordio horren arabera, Venezuelak gure herrikideari eta beste euskaldun batzuri harrera egin zien, hain zuzen ere, euren errefuxiatu politiko izaera oinarritzat hartuta eta, izaera horren araberakoa izan da orduz geroztik, Venezuelak izandako Gobernuengandik jaso duten tratamendua eta kalifikazioa.
- Pertsonak ezin direla transakzio politiko edo ekonomikoetan elkartrukatzeko merkantzia legez erabili Mugica Herzog jaunak (Espainiako Herriaren defentsariak) orain berritan Venezuelako prentsan esan zuen moduan. Adierazpenotan, errefuxiatuok "eperako gordailu" legez kalifikatu eta Espainiako Gobernuak epea bukatu dela irizten badio akordioak ere bukatutzat jo behar direla eta errefuxiatuok entregatuak izan behar dutela adierazi baitzuen Mugica Herzog-ek.
- Izan ere, Amnistia Internazionala, Kartzeletarako Nazioarteko Behatokia, Torturaren Prebentziorako Batzordeak? prestigiodun erakundeek urtero urtero adierazi izan duten moduan, arrazoi politikoengatik atxilotu eta/edo kartzelaratutako euskal herritarren giza eskubideak sistematikoki urratzen dira bai kuartel eta komisaldegietan baita kartzeletan bertan ere.
- Hori horrela izanik, Tortura Prebenitu eta Zigortzeko Hitzarmen Interamerikarraren 13. artikuluak dioena gogoratzea komeni dela, ondorengoa adierazten baitu bertan zehatz-mehatz:"ez da estradiziorik emango eta ezta eskatutako pertsona itzuliko bere bizitza arriskuan egon daitekeelako susmo oinarriturik badago, tortura, tratu krudel, ez-gizatiar edo degradanteen pean ezarria edo Estatueskatzailean horretarako ad hoc sortutako salbuespenezko epaitegiek epaituko duten susmorik badago".
Eta 1984ko abenduaren 10eko Tortura eta beste Tratu edo Zigor krudel, ez-gizatiar eta degradanteen kontrako Hitzarmenaren 3. artikuluak dioena: "Estatu Kideek ez dute pertsona bat beste Estatu batetara kanporatu, itzuli edo estraditatuko torturapean ezarriko dutelako arriskua dagoela sinesteko oinarritutako susmoak daudenean".
Arestian aipatutako arrazoi guzti horiengatik, eta garai historiko ezberdinetan Venezuelan babesa bilatu duten euskaldun guztiekin herrialde horrek izan duen asilo politika ohiturak ematen digun konfidantzagatik eskatzen diogu Venezuelari, ez dezala entregatu ez estraditatu euskal errefuxiatu politikorik eta berauen egoera erregulartzeko beharrezko diren neurriak martxan jarri ditzala errefuxiatuok egun bizi duten kezka eta indefentsio egoera horrekin behin betiko amaitzeko".
Imanol Esnaolak gogorazi du, euskal errefuxiatuak ez daudela Venezuelan beren borondatez, baizik eta garai hartako PSOE-ren presidentziako gobernu espainiarraren eta gobernu venezuelarraren arteko akordioen ondorioz. Errefuxiatuak inolako dokumentaziorik eta eskubiderik gabe daudela, berriro ezkutaturik eta kontakturik gabe, eta enbaxada espainiarraren bidez egoera bortxatzen ari direla. Horregatik guztiarengatik eskatzen dute, jazarpen politika hori buka dadila.
Pello Garbizuren iritziz testuaren helburua motz geratzen da, zeren eta haren ustez errefuxiatu horiek beren borondatez itzultzea bideratuko luketen baldintzak lortzea defendatu beharko bailitzateke.
Alkateak dio Batasuna ere bat datorrela helburu horretan, baina mozio honen xedea gobernu espainoarraren zenbait ekintza zehatzi erantzutea dela.
Bozketa eginik aldeko zazpi botoz onartu da mozioa, alkateak eta Batasunako gainerako zinegotziek emanak, eta bost abstentzio, EAJ-ko zinegotzia, EAko bi zinegotziak eta PSEko bi zinegotzienak.
4.- Mozioa, Batasunak aurkeztutakoa, Venezuelan apirilaren 11n izandako estatu-kolpea salatzeari buruzkoa.
Mozioak honela dio:
"Apirilaren 11an Venezuelako Gobernuaren aurkako estatu-kolpea burutu zuten armadako eta enpresarien sektore batzuek.
Hauteskunde batzuen ondorioz eratutako Gobernua indarkeriaren bitartez zapuzteko saio honek, beraien burua "demokratatzat" hartzen duten gobernuen txaloak jaso zituen. Horrela, Estatu Batuetako eta Espainiako gobernuek berehala lerrokatu ziren kolpistekin, Chavez Presidentearen Gobernuak zuen eta duen zilegitasun demokratikoa ukatuz. Ildo bereari jarriki, Europar Batasunak ez du kolpea salatu. Areago, geroxeago jakin izan dugunez, Estatu Batuek paper aktiboa jokatu dute estatu-kolpearen gestazio-uneetan eta kudeaketan.
Bestalde, komunikabideek afera honetan jokatu duten papera benetan lotsagarria izan da, hasiera-hasieratik kolpeari bere babes osoa eman diotelarik, gobernu demokratikoaren kontrako jarrera garbia azalduz. Kasu honetan, berriro ere, agerian geratu da komunikabideen neutraltasun falta, nazioarte mailakoek Estatu Batuek markatutako diskurtsoa eta estatu mailakoek Espainiako Gobernuak markatutakoaren arabera jokatu izan dutelarik, hainbestetan aldarrikatzen duten independentzia berriro ahaztuz.
Gogoratu beharra dago Hugo Chavez Frias jauna Presidentea dela Venezuelako hauteskunde presidentzialak irabazi zituelako, hau da, venezuelar gizartearen gehiengoak bere babesa eman diolako hauteskundeetan. Honek ematen dio bere zilegitasun demokratiko osoa eta honek behartuko du, bere garaian, venezuelar herriaren aurrean kontuak ematera.
Hau guztia dela eta, aurkezten da ondorengo mozioa
"Venezuelak bizi duen egoera politikoaren aurrean, Legebiltzarrak ondorengoa
ebazten du:
- Apirilaren 11ko estatu-kolpea irmoki salatzen du, hauteskunde batzuen ondorioz eratutako Gobernu demokratikoa indarkeriaren bitartez zapuzteko saioa izan baita.
- Venezuelako zilegizko zapuzteko saiakera honen aurrean Estatu Batuetako eta Espainiako gobernuek izan duten jarrera salatzen du, estatu-kolpea txalotu zutelako eta kolpisteei beraien babesa adierazi zietelako.
- Venezuelako herriarekin bere elkartasun osoa erakusten du eta berari soilik dagokiola beraien estatusari eta etorkizunari buruzko erabakiak hartzea adierazten du. Beraz, venezuelarrek beraien prozesu politikoa bakean eta demokrazian gauzatzeko eskubidea dute, kanpoko injerentziarik gabe.
Pello Garbizuk emendakin proposamena aurkeztu du, eta testuak honela dio:
VEZENUELAKO ESTATU-KOLPEA DELA-TA
Joan zen aparilaren 11n, Venezuelak zenbait gertaera bizi izan zituen, gobernuari desadostasuna agertzeko oposizioko talde batzuk deitutako protesta martxa batez hasi eta estatu-kolpe saio batetan bukatu zirenak. Manifestaldiak egin behar zuen bidea alde batera utzi eta Miraflores Jauregira, gobernuaren aldekoak biltzen hasi ziren lekura abiatu zen. Bi taldeak elkarrekin topo egin baino metro gutxitara, zenbait pertsona, su-armaz jota lurrera erorita zeuden. Hildakoen kopurua beranduago zihurtatu zen eta, bertan zirenek aitortu zutenez, Miraflores Juaregiaren ingurutan kokaturik bazen frankotiratzailerik.
Ostiralean, apirilak 12, etxe ikustaldi eta atxiloketa irregular zenbait egin izan zen. DISIP delakoak, Tarek Wiliam Saab, Movimiento Quinta República partidu ofizialistako diputatua atxilotu egin zuen. Era berean, Táchira, Mérida, Trujillo, Falcón, Lara, Barinas, Guárico, Nueva Esparta, Portuguesa, Vargas eta Bolivar estatuetako gobernadoreak beren Lurralde Jauregietatik ateratzera behartu zituzten. Berdin gertatu zen alkateekin. Juan Porras, Mérida estatuko gobernadorea, arbitrarioki atxilotua izan zen Juan Briceño batalloi militarraren instalazioetan.
Caracas hiriaz arduratzen den Morgue de Bello Monte Lege-Medikuntza Institutuan, apirilaren 11tik, osteguna, 14ko arratsa bitarte, igandea, 47 gorpu jaso ziren. Lege Medikuntza Institutuaren zerrenda ofizialaren arabera, apirilaren 11n, Miraflores, presidentearen Jauregiaren inguruko gertaeretan, 17 pertsona asasinatu ziren; hauetatik asko buruan su-armaz zaurituak izan ziren; Lege-Medikuntza Institutuan zerrendatutako gainontzeko pertsona asesinatu guztiek apirilaren 12tik 14ra biltarteko gertaerekin zerikusirik izan zutenik ez da zihurtatu. Apirilaren 13an istilu eta harrapaketarik izan zen hiriburuko auzotan; egun hontan hildako eta zauritutako ia guztiak, su-armaz tiroz joak izan ziren, eta oso gutxi arma zuriz.
Apirilaren 13an, larbunbatez, eta 14an, igandez, istilu sozialen artean, supermerkatu, okindegi, harategi eta etxetesna elektriko dendetan harrapaketak, merkatal zentruei su emateak eta eliz-erakunde batzuri erasoak egin ziren. Hala gertatu zen Artzapezpikuaren Jauregian eta Caracaseko Katedralean; beren hormetan apaiz, apezpiku eta Ignacio Velazco Kardinalaren kontrako mezu iraingarri eta beren segurtasuna mehatxatzen zuten mezuak idatzi ziren.
Beraz, zihurtatuta dago apirilaren 11n egin zen oposizioaren martxa bitartean 17 pertsona asasinatu egin zirela eta beste 17 apirilaren 13 eta 14ko istiluetan hil zirela, alegia 34 heriotz guztira Venezuelako apirileko gertaeretan.
Apirilaren 15ean, astelehena, "Cuerpo de Investigaciones Científicas, Penales y Criminalísticas" delakoak bere datu ofizialak eman zituen jakitera; apirilaren 11an, goizeko seietatik arratsaldeko seietara 57 hilketa errejistratu zituela Caracaseko metropoli-gunean eta beste 64 probintzian.
Guzti horregatik, Venezuelak apirilaren 11n eta hurrengo egunetan bizi izan duen egoera dramatikoaren aurrean, Lezoko Udal Batzarrak honoko erabakia onartzen du:
- Gatzetsi egiten du estatu-kolpe saioa eta salatu egiten ditu jarrera politikoak defendatzeko indarkeriaren edonolako erabilpena eta zilegiki eratutako gobernuak boteretik botatzeko edozein ahalegin bortitz .
- Ahalik eta lehen Venezuelak pairatzen duen egoera sozial larria gaindituko duen esperatzarekin, elkartasuna adierazten dio Herri Venezuelarrari bere eskubideen defentsan eta bere erabateko garapenean.
- Giza eskubide guztien erabateko errespetoa eta joan den apirilean gertatutakoak argitu daitezen eskatzen du, erakunde ofizial, Gobernuz Besteko Erakunde eta beste interesatu guztien partaidetzarekin. .
- Herri venezolarrak bere etorkizuna herri-borondatearen arabera eta bide demokratikoetatik erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du .
Batasuna taldeko zinegotziek etenaldia eskatu dute eta alkateak baimendu egin du.
Lau minutu iragan ondoren ekin zaio berriro bilkurari. Mikel Mitxelena eta Imanol Esnaolaren iritziz, Pello Garbizuk aurkeztutako ordezko mozioak ez du aipatzen zenbait funtsezko arazo, esate baterako, kolpe saiakeran beste estatu batzuek eta botere ekonomikoek emandako laguntza eta komunikabideen jarrera.
Mikel Antxon Arrizabalagaren iritzirako, handiustekoa eta zaila da hain urrunetik bereiztea onak eta gaiztoak, horregatik esan du, bere taldea abstenitu egingo dela bi mozioetan, alabaina, eskubide demokratikoak errespetatzea eta bakea, askatasuna eta demokrazia errespetatzea dela bere nahia.
Lehenik Pello Garbizuk aurkeztutako osoko emandakina jarri da bozkatzeko. Idazkariak ohartarazi du ezen, baldin eta hau onartuko balitz, ez bide litzatekeela Batasunaren mozioa bozkatzea, ordezko testua emendakin orokorra izaki. Bozketa eginik, aldeko hiru boto eman dira, Pello Garbizuk eta EA taldeko bi zinegotziek emanak, zazpi kontrakoak, alkateak eta Batasunako gainerako zinegotziek emanak, eta bi abstentzio PSE taldeko bi zinegotziek emanak eta, beraz, emendakina ez da onartu.
Batasuna taldeak aurkeztutako mozioa bozkaturik, aldeko zazpi botoz onartu da, alkateak eta Batasunako gainerako zinegotziek emanak, hiru boto kontrakoak, EAJ eta EA taldeetako zinegotzienak, eta bi abstentzio, PSEko zinegotzienak.
5.- Mozioa, Batasunak aurkeztutakoa, Batasunaren ilegalizazioaren aurkakoa.
Mozioak honela dio:
"Azken hilabeteetan, maiz agertzen ari da Espainiako Gobernuaren bozeramaileen ahotik, Batasuna legez kanpo uzteko asmoa. Ez dira berriak gure herrian horrelako urrats errepresiboak; gerra zikinari, torturei, heriotza zigorra extrajudizialari, atxiloketei eta kartzelaratzei ezezik, oldartze sasijudizialari ere bidea eman zaio azkenaldi honetan, legez mozorrotutako errepresioa, alegia.
Estatu espainiarraren izaera errepresibo eta faxista, askotan ageri da eta guztiok, gure herrietan, gertutik jabetzeko aukera izan dugu, tamalez. Herriaren nahiari, askatasuna eta bakearen nahiari, Estatuek gogor erantzun diote historikoki, errepresio politikoaren bidez, Euskal Herriaren hitza eta erabakia ekidin ahal izateko, azken finean, demokraziari beldurra diotelako.
Errepresioa etengabekoa eta iraunkorra izanik, batzuetan areagotu egiten da, hain zuzen, Estatuek beraien jarrera kolokan ikusten dutenean edota Euskal Herriak bere eskubide politikoak ozenki aldarrikatzen dituenean, aldaketa politikotik hurbil egonez. Horrelaxe, Franco hil zorian zegoela, Estatu espainiarrak errepresio gordinari ekin zion, Euskal Herrian salbuespen-egoera ezarriz. Hil eta gero, sortutako erregimen birmoldatu honetan, lege eta Tribunal berezi ugari ezagutu ditugu, soilik euskal herritarron borrokari aurre egiteko asmoz.
Oraingo honetan, Euskal Herriari inposatutako marko juridiko-politikoa agortu denean, gehiagorik ematen ez duenean eta gizartearen gehiengo zabal batek argi eta garbi autodeterminazioaren alde jotzen duenean, Espainia, gure eskubide zibil eta politikoak aitortu beharrean, berriro ere, jauzi errepresibo bat garatzen ari da. Euskal gizarte erakundeak, elkarteak eta erakunde politiko ezberdinak legez kanpo utziaz eta euren kideak kartzelaratzearekin batera, 200.000 euskal herritarron ordezkaritza politikoa ezabatu nahi dute, Batasunaren ilegalizazioaren bitartez. Tamainako erasoa, berriro ere, Euskal Herri osoari zuzentzen zaio eta oraindik ere, gizartearen haustura bortitz hau eraginez, egon daitezkeen ondorio instituzional, politiko eta sozialak, neurtezinak dira.
Batasuna ilegalizatzeko, Espainiako Gobernuaren egitasmo honen aurrean, gizartearen kezka eta larritasuna egunero azaltzen ari dira, eragile ezberdinek jarrera plazaratuz. Gizarteak ere, beraz, euskal erakundeei eta ordezkari politikoei jarrera agertzea eskatzen die. Honenbestez, LEZOKO UDALBATZAK hartzen ditu ondoko
ebazpenak:
- Indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea eta beharra dutela. Beraz, aukera politikoen aniztasuna errespetatu behar da.
- Ez Batasuna ezta inolako indar politikorik ere, ezin direla ilegalizatuak eta jarduera politikotik alboratuak izan, Euskal Herriaren demokrazia eta euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak lortzeari ekiten diotenak ezabatuz, alderdi batzuen jokaeraren moldaketa dela medio.
- Euskal Herriko gainerako antolakunde politikoekin berdintasunean parekatuz, Batasunaren partehartze politiko osoa ziurtatu ahal izateko, beharrezko ekintza guztiak gauza ditzan.
- Mozio proposamen hau, ondoko pertsonei helaraziko zaie: Botere Judizialaren Independentziarako Errelatoreari (Nazio Batuen Giza-Eskubideen Batzordekoa); Adierazpen Askatasunerako Errelatoreari (Nazio Batuen Giza-Eskubideen Batzordekoa); eta Europako Giza-Eskubideen Epaimahaiari.
Pello Garbizuk emendakina aurkeztu du eta hitzez hitz honela dio:
ERAKUNDE POLITIKOEN ILEGALIZAZIO PROZESUEN AURREAN
Lezoko Udalak:
1.- Koherentzia demokratiko hutsagatik, oinarrizko askatasun eta eskubideen defentsa bermatua izan behar duela adierazten du, eskubide edo askatasun horien titularrekiko batzuek zein besteek izan dezaketen begikotasun edo iritzi politikoaren gainetik.
2.- Erakunde politikoen ilegalizazio prozesu hauek, Espainiar Konstituazioaren I. Izenburuan, II. Atalburuan, Lehen Zatian espreski arrezagutzen diren askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna, elkarte askatasuna edo hiritarren partehartzea bezalako eskubide eta askatasunak modu zuzen eta murriztailean ukitzen dituela aditzera ematen du.
3.- Aipatutako ilegalizazio prozesuek, ikuspegi juridikotik ere, oinarri irristakorra dutela baieztatzen du. Talde armatu batekiko laguntza edo pertenentzia deliktuaren kasuan legeak berak aurrikusten dituen gertakarietatik haratago iritsi nahi du egiten den interpretazioak, gizaki zehatzen aurka ez baizik eta eragile kolektiboen aurka egiten du eta gainera, gure herrian erabat sustraiturik dauden aukera ideologiko eta politiko eta adierazte eta elkartze moduen aurka egiten du ere. Legea interpretatzeko modu hau ezin dugu inola ere gure egin, eta beraz, ilegalizazio prozesu hauen aurkako gure erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu.
4.-Testuinguru honetan sortzen den indefentsioa eta legearen interpretazioan zehazgabetasuna dela eta bere kezka adierazten du, egoera horrek pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunen atalean arbitrarietatea baitakar maiz. Askatasunen atal honetan suertatzen den nahas mahasak eta indefinizioak giza eskubideen inguruko kultura erlatibista bultzatzen du, batez ere ohiartzun handiko testuinguruan ematen delako, eta erlatibizazio hau bereziki larria da gurea bezalako egoera soziopolitiko korapilotsuan.
5.- Gertaera hauek gure gizartearen gehiengoak babesten duen helburua gauzatzeko eragin negatiboa dutela azaltzen du, alegia, elkarbizitza baketsua, demokratikoa eta bere aniztasunaren adierazpenarentzako bermea ahalbidetzea.
6.- Egun martxan dauden eta organizazio politikoen ilegalizazioa helburutzat duten ekimenak gaitzesten ditu, eta bertan behera utziak edo ezeztatuak izan daitezela eskatzen du.
Alkatearen galderari erantzunez Pello Garbizuk esan du emendakina osokoa dela, aurkeztutako mozioaren testu alternatiboa dela eta ez dela eransteko proposamen bat edota mozioarekin bateragarria.
Imanol Esnaolaren iritziz gertatzen ari dena ez da gertakari puntual bat. Hala balitz, prest izango litzateke Pello Garbizuren mozioari parte handi batean baiezkoa emateko. Bere iritziz, alabaina, ezin dira ahaztu Euskal Herriak urte luzez bizi izan dituen eta oraindik ere bizi dituen jazarpena eta errepresio modu guztiak. Bere iritzirako proiektu espainiarrean ez da planteatzen Euskal Herriko gatazkari irtenbide politikoa ematea.
Imanol Esnaolari iruditzen zaio EAJ-k erantzukizun politikoa daukala gai horretan, Ertzantzarekin, Barne Kontseilaritzarekin eta ezker abertzalearen satanizazio kanpainekin. Lezoko kasuan zinegotzi bat atxilotuz, isun administratibo ugariz zigortuz, "herriko tabernak" itxiz.
Hori guztia ñabardura garrantzitsua da, segitu du esaten Imanol Esnaolak. EAJ-ren mozioa ezin da onartu aurrekaririk gabe. Mozio horrek ukatu egiten du Batasunarena sakoneko gaietan sartu gabe. Ezin da adostu osokoari begiratu gabe.
EAJ-ri zentsuratu egin dio aste honetan bertan Eudelen PSErekin testu bat adostu ondoren argazki mediatikoaren bila ibiltzea nahiago izana, aurkeztutako lehen testua Batasunarekin atertzea baino.
Mikel Antxon Arrizabalagaren arabera, prentsak dioenez PSE PP-rekin negoziatzen ari da alderdi politikoen legea, formazio faxistak, ideologia nazikoak edo bortxazko baliabideak erabiltzen dituztenak legez kanpo uztea planteatzen duena. Azken erabakia justizia auzitegiena izango da, alderdi politikoen eskuhartzerik gabe. Bera legea aplikatzearen alde azaldu da.
Imanol Esnaolak esan dio Mikel Antxonen taldetik ez dutela ezer onik espero, GAL sortu izanagatik auzipean dagoen taldea izaki. Bere talde politikoak Euskal Herriarenganako egurra besterik ez eduki izana aurpegiratu dio. Egoera guztientzat ere gogorra izango dela dio.
Pello Garbizuk aurkeztutako mozio alternatiboa bozkaturik, aldeko lau boto izan dira EAJ eta EA-ko zinegotziek emanak, zazpi boto aurka, alkateak eta Batasunako beste zinegotziek emanak, eta bi abstentzio, PSE-ko zinegotzienak. Beraz, emendakina ez da onartu.
Ondoren Batasuna taldeak aurkeztutako mozioaren onarpena proposatu du alkateak. Aldeko zazpi botoz onartu da, alkateak eta Batasunako gainerako zinegotziek emanak, aurkako lau boto izan dira EAJ eta EA-ko zinegotziek emanak, eta bi abstentzio, PSE-ko zinegotzienak.
6.- Diktamena, Lezo eta Errenteria udalerrien arteko mugak aztertuko dituen udalen arteko batzorde baten eraketa onartzeko, Errenteria Plan Orokor berria idazten ari baita.
Alkateak Hirigintza Batzordeak 2002-04-22an onartutako diktamena aurkeztu du.
Honela dio diktamenak:
"Aurkezpena: Errenteriako hiri-ordenazioko udal-plan orokorraren aurrelaburpenari egindako iradokizunak.
Errenteriako Udalak 2002ko martxoaren 12an, Hiri-ordenazioko udal-plan orokorraren aurrelaburpenaren irizpideak eta helburuak jendaurrean ipitzeko erabakia hartu zuen. Era berean, eta Lezoko udalerriak Errenteriakoarekin muga egiten duen neurrian, hango alkate Miguel Buenek gonbidapena luzatu zion Lezoko alkate Aitor Sarasolari jendaurrean ipinitako dokumentuaz hitz egin eta Lezoko udalerriarekiko eraginak aztertzeko, herri bietako planeamenduak bateragarriak izan daitezen adostasunak lortzeko xedez.
Bilera horren aurretik, lehen hartu-eman tekniko bat izan zen Errenteriako Plan Orokorraren Bulegoko zuzendari Enrique Ponteren eta Oarsoaldeko udalerrietako udal arkitektoen artean, ordenazioko dokumentu berriaren irizpideei buruzko azalpenak emateko.
Alkateen arteko bilera horretan ezadostasun nabarmenik sortu ez zenez, eta arazo tekniko nagusia herrien arteko mugak zehaztearena zela ikusita, egoki iritzi zioten batzorde berezia eratzeari bi herrien artean muga horiek aztertzeko.
Beraz, goian azaldutako guztia kontuan hartu eta Errenteriako Udal Planeamenduko Plan Orokorraren irizpideak eta helburuak aztertu ondoren, Lezoko Korporazioari zera proposatzen zaio bi udalerrien arteko mugak aztertuko dituen udalen arteko batzorde baten eraketa onartzea Errenteria eta Lezoko udal planeamenduak osagarriak eta bateragarriak izan daitezen.
Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinen (PSE) botoak alde direla eta Pello Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:
BAT: Onartzea bi udalerrien arteko mugak aztertuko dituen udalen arteko batzorde baten eraketa, Errenteria eta Lezoko udal planeamenduak osagarriak eta bateragarriak izan daitezen".
Iñake Urrestarazuk batzorde horren osaketari eta funtzionamenduari buruz galdetu du.
Alkateak esan dio oraindik zehazteko dagoela eta bere garaian izango dela horren berri.
Pello Garbizuk bere adostasun osoa azaldu du diktamenarekin. Orain bai, mugak jartzeko batzordeak ez Errenteriakin bakarrik, baita mugak ditugun gainontzeko herri guztiekin egin beharra defendatu du.
Osoko Bilkuran diren hamabi zinegotzien aldeko botoarekin diktamena onartu da.
7.- Diktamena, Errenteriako udalari "19. Arearen (La Papelera Española, S.A.) barne erregimenerako plan berezia" tramitatzeko baimena emateko.
Alkateak Hirigintza Batzordeak 2002-04-22an onartutako diktamena aurkeztu du.
Honela dio diktamenak:
"Errenteriako udalari "19. Arearen "La Papelera Española, S.A." barne erregimenerako Plan Berezia" tramitatzeko baimena emateko.
Errenteriako Udaleko alkateak "19. arearen (La Papelera Española S.A) barne erregimenerako plan berezia"hirigintzako dokumentuaren ale bat igorri digu eta, plan berezi horren jarduketa-eremuan Lezoko udalerriko lurrak sartzen direnez, Errenteriako alkateak Lezoko Korporaziori eskatzen dio plana onartzea eta baimena ematea Errenteriako Udala izan dadin dokumentu hori tramitatuko duena.
Udaleko arkitekto aholkulariak egindako txosten teknikoa hirigintzako dokumentu hori onartzearen aldekoa da betiere baldintza hau betetzekotan: Errenteriako Nafarroa etorbidetik abiatuta fabrika zeharkatu eta Lezoko baserri aldera iristen den bidearen erregimena aldatzea eta baserrietara heltzeko bide-zor kalifikatu ordez, jabari eta erabilera publikoko bide kalifikatzea.
Bi udalerritako lurrak hartzen dituen hirigintza-dokumentuen tramitaziorako udalen arteko akordio aukera jasota dago Eusko Jaurlaritzaren 5/1998 Legean eta horrela dago berretsita udal idazkariak eginiko txosten juridikoan.
Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinen (PSE) botoak alde direla eta Pello Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:
BAT: Errenteriako Udalari "19. arearen (La Papelera Española S.A) barne erregimenerako plan berezia" tramitatzeko baimena ematea betiere diktamen honetako azalpen-zatian aipatutako baldintza betetzekotan".
Pello Garbizuk inguru horretan den herri bidearen etorkizunarekin bere kezka azaldu du. Bide hori Lezotik Errenteriara joateko bidea izan omen da aspaldidanik, Lope de Isasti berak ere aipatzen omen du.
Alkateak gogoratu dio hori dela Errenteriako Udalari jartzen zaion baldintza, alegia, tramitatzen ari den Plan Bereziak bide horren jabari eta erabilera publikoa jaso dezala.
Osoko Bilkuran diren hamabi zinegotzien aldeko botoarekin, diktamena onartu da.
8.- Diktamena, hasierako onarpena Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketari, 107 Poligonoan (Industrial Salva).
Alkateak Hirigintza Batzordeak 2002ko apirilaren 22an onartutako diktamena aurkeztu dio osoko bilkurari.
Diktamenak honela dio:
"Industrial Salva, SAren ordezkari Eduardo San Martinek aurkeztutako proiektu berria ikusi ondoren, arau subsidiarioen xedapen-aldaketa, 107 poligonoa (Industrial Salva) eremuari dagokiona, tramitatzeko eskaera egin baitu.
Era berean, arkitekto aholkulariak emandako txostena aztertu ondoren, non proiektua garatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko epeak ezartzea proposatzen baita, hala nola: arau subsidiarioen aldaketaren behin-betiko onarpenetik sei hilabetera plan partziala aurkeztea; plan partzialaren behin-betiko onarpenetik hiru hilabetera kudeaketa-proiektua aurkeztea; eta, arau subsidiarioen aldaketaren behin-betiko onarpenetik gehienez ere hemezortzi hilabetera, urbanizazio proiektua aurkeztea.
Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) botoak alde dela eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinen (PSE) eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) abstentzioekin Hirigintza Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:
BAT: Hasierako onarpena ematea arau subsidiarioen aldaketa-proiektuari 107 poligonoa (Industrial Salva) eremuari dagozkionak.
BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egunkarietan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen".
Alkateak dio gaia aski ezaguna egingo zaiola osoko bilkurari, hainbatetan hitz egin baita hortaz bilera hauetan. Hasiera batean tramitatu ziren aldaketa- dokumentuak Aldundiak gelditu geroztik bueltaka ibili den gaia omen da. Enpresa horri herrian eustea izan da Lezoko Udalaren apustua. Dokumentu berri hau, N-1etik poligonorako sarbideak egin ahal izateko baldintza berrietara egokitzen den dokumentua, alegia, Industrial Salvaren, udalaren eta aldundiaren arteko negoziazio gogorretan lortutako akordioaren ondorioa da.
Alkateak gogoratu du aurreko dokumentua tramitatu aurretik Industrial Salvarekin sinatu zen hitzarmen urbanistikoa mantendu egiten dela eta beste hitzarmen berri bat egin behar dela dokumentu honetan kalifikatzen den lur sail berriaren jabearekin. Onartzera aurkezten den dokumentuan jasotakoaren arabera, jabe horrek partzela urbanizatuaren %25 utzi beharko dio udalari. Hitzarmen urbanistikoa sinatzea baldintza izango da planeamendu- dokumentuari behin behineko onarpena emateko.
Baldintza horrekin, bilkuran diren hamar zinegotzien aldeko botoarekin (alkatearena eta Batasuna, EAJ eta EAko zinegotzienak) eta bi abstentzioekin (PSEko zinegotzienak), hau da TOALeko 47.3 artikuluak eskatzen duen gehiengoarekin, diktamena onartu da.
9.- Diktamena, 2002 urteko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzeko. Behin-behineko langileentzat gordeko den administrazio orokorreko teknikari plaza sortzea.
Alkateak Barne Batzordeko diktamina onartzea proposatu dio osoko bilkurari.
Honela dio diktamenak:
"Udalbatzak 2001eko azaroaren 30ean eginiko osoko bilkuran onartu zituen 2002 urteko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda.
Gerora, Udalbatzak 2002ko martxoaren 22ko osoko bilkuran, Administrazio Orokorreko Teknikari plaza sortu eta 2002ko plantilla organikoa aldatzea erabaki zuen.
Plaza hori betetzeko prozesuak 5/6 hilabete inguru iraungo duela irizten diogunez, plantillan aldaketa egitea proposatzen dugu bitarte horretan behin-behineko langile bat izendatzeko aukera emango duena, alegia.
Aldaketa aldi baterako izango da eta izendapena ondoriorik gabe geratuko da, 2002ko martxoaren 22ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez sortutako Administrari Orokorreko Teknikariaren plaza jabetzan betetzen den unean, horrelako izendapenetarako indarrean dagoen legedian ezarritakoaren kalterik gabe.
Barne Batzordeak 2002eko maiatzaren 2an eginiko batzarraldian eman zuen proposamenari buruzko diktamena Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Pello Garbizu Azkue abstenitu.
BAT: 2002 urteko lanpostuen zerrenda aldatzea Administrazio Orokorreko Teknikari lanpostua sortuz horren barruan 2002ko martxoaren 22ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez sortutako Administrazio Orokorreko Teknikariaren plaza enkoadratuta joango litzatekeelarik.
BI: 2002ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea behin- behineko langileentzat gordetako Administrazio Orokorreko Teknikariaren plaza eta lanpostua sartuz."
Alkateak dio hirigintza, obra eta zerbitzuetako departamentuak ezin diola itxaron 2002ko lan eskaintza publikoari. Hura egin bitartean lanpostua aldi baterako betetzearen alde hitz egin du. Lanpostuak zuzendaritzako eginkizunak dituenez, eta behin-behinekotasuna kontuan edukita, izendapen libreko pertsonal ebentuala kontratatzea bidezkoa iruditzen zaio. Argitu du 3. hizkuntza eskakizuna eskatuko zaiola lanpostu honetan arituko denari kontrataziorako probarik ez delako egingo eta 4. perfila egiaztatzeko modu bakarra proba bidez delako; aldiz, 3.ak baditu beste egiaztagiri baliokiderik.
Mikel Antxon Arrizabalagak esan du alkatearen proposamenarekin ez daudela batere ados. Konfiantzako kontratazioak zenbait eginkizunetarako egokiak izan badaitezke ere, ez zaio iruditzen lanpostu honek izango dituenak horrelakoak direnik. Adibidez ezin izango du txosten ofizialik egin. Ez du ulertzen zergatik ez den egiten lehiaketa azkar bat lanpostua behin behineko funtzionario bidez hornitzeko. Bere ustez diktamena tranpa bat da funtzionario plaza bete nahi bada bete dadila plaza eta ez alkatearen konfiantzako pertsonen bidez.
Pello Garbizuk bere harridura azaldu du aurkeztutako diktamenarekin: azaroan onartutako plantilla martxoan aldatu zen eta orain, maiatzean, plaza beraren inguruko bigarren aldaketa dator. Galdetu du zergatik dagoen orain hainbesteko presa; ea aztertu den orain arte lan horiek egiten zituenarengan erabakiak duen eragina. Guzti horrek diktamena legezkoa den edo ez zalantza sortzen diola eta horren inguruko azalpena eskatu dio udal idazkariari.
Alkateak dio lanpostuaren funtzioak barne batzordean azaldu zirela. Gehienak ez dituela inork betetzen gaur egun udaleko organizazioan. Ekarpen inportantea izango dela lanpostu berriarena, eta onura hori lehenbailehen nahi dela. Presaren kontua subjektiboa da. Mikel Antxon Arrizabagalari erantzun dio esanez kontratazioa deialdi publiko bidez egingo dela eta enpresa espezializatu batek egingo duela hautagaien lehen sailkapena. Horiek garantia batzuk badirela.
Zentzu honetan Imanol Esnaolak dio prestakuntza duen pertsona kontratatuko dela, ebentual moduz.
Idazkariaren esanetan ez dago ilegaltasun nabarmenik barne batzordeko diktamenean. Eztabaidarako gaia da langile ebentualak zein eginkizunetan aritu daitezkeen. Dena den, lanpostu honen eginkizunen artean aholkularitzakoak garrantzitsuak dira eta horrelakoetan aritu daitezke ebentualak.
Iñake Urrestarazuk galdetu du nola den posible ebentual batek idazkariaren ordezkapenak egin ahal izatea.
Bai alkateak bai idazkariak argitu dute Barne Batzordean banatutako plazaren funtzioak funtzionarioarenak direla ez langile ebentualarenak. Idazkariak argitu du konfiantzako kontratatu batek ezingo duela idazkaria ordezkatu.
Beste eztabaidarik gabe, diktamena bozkatu da. Alde zazpi boto izan dira (alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak), kontrako lau (EA eta PSEko zinegotzienak) eta abstentzio bat (EAJko zinegotziarena).
10.- Alkatearen proposamena, Antxilastegiko herri lurrak Behemendi Elkarteari erabiltzen uzteko agroaldea ezartzeko.
Pello Garbizuk alkatearen proposamenari buruz txosten juridikoa eskatu ondoren eta proposamen horri buruz inolako batzordetan informatu ez delako Mikel Antxon Arrizabalaga kexu azaldu delarik, bertan diren guztien osoko adostasunez erabaki da gaia mahai gainean uztea harik eta behar diren txostenak eta batzordean aurkeztea gauzatu arte.
11.- Diktamena, "Tomás Garbizu Udal Musika Eskola"ko 2002/2003 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko.
Ogasun eta kontuetarako batzordearen diktamenak honela dio hitzez hitz:
"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, apirilaren 25ean egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (EH) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) abstentzioekin, Osoko Bilkurari proposatzen dio akordio hau hartzea:
"Tomas Garbizu" Lezoko Udalaren Musika Eskolako 2002/2003 ikasturteko tasak eta hobariak onartzea.
TARIFAK
Aplikatuko diren tarifak hauek dira:
HOBARIAK, "TOMAS GARBIZU" LEZOKO UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO MATRIKULA TASEN ORDAINKETAN
Eskatzaileek aldez aurretik bete beharreko baldintzak:
1.- Lezon erroldatuta egotea eskatzen den urteko urtarrilaren 1ª baino lehen.
2.- Udal zerga eta prezio publiko guztiak ordaindurik edukitzea.
MATRIKULA TASEN ORDAINKETAN HOBARIA HONAKO HAUEK IZANGO DUTE:
1.-Aplikazio arauetan dagoen taulan ageri diren diru sarrerak gainditzen ez dituzten ikasleak. Hobaria: tasa horien %75.
2.- Famili ugariak. Kide bakoitzaren hobari eskubidea: %25.
APLIKAZIO ARAUAK:
1.- Kideen zenbatekoa erabakitzeko Biztanleen Udal Erroldaren azken eguneratzean jasorik dagoen dokumentazioa hartuko da kontuan.
2.- Tasen hobari eskabideak Musika Eskolako Bulegoan aurkeztuko dira matrikula egiterakoan eta dokumentazio hau bateratuko zaie:
2.a) Bizikidetzaren Ziurtagiria
2.b) "Sarrera ekonomikoengatik" 1) kasuan. Nolabaiteko ordainketaren bat jasotzen duten familia-unitateko kide guztien soldata, pentsio edota beste edozein ordainketarengatik dituzten sarreren egiaztagiria.
2.c) "Famili ugarien" 2) kasuan, famili ugariaren liburua, eguneratuta.
3.- Hobari eskubidea duten pertsonei, matrikula ordaintzerakoan aplikatuko zaie hobaria.
4.- Hobariek metatze-izaerarik ez dutenez, onuradunak gehien interesatzen zaiona aukeratu ahal izango du.
5.- Hobaria ematea gertatzean, hori eskatu den ekitaldirako bakarrik izango da.
Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula.
Taulan adierazten diren kopuruak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldatzen dituen neurrian aldatuko dira.
OHARRA: Aurkeztutako eskabideetan, eskatzaileak egindako azken Errenta Aitorpena aztertuko da, eta horretan "OSAGARRI POSITIBOEN GUZTIRAKOA" atalari dagokiona begiratuko da (soldata garbia).
Alkateak gogorazi du prezioekin lortu nahi dena gastuen heren bat matrikulen bidez berdintzera iristea dela. Pello Garbizuk seinalatu du matrikula-kopuruaren murrizketaren datua, horrek gehikuntza handiagoaren beharra suposatzen duelarik alkateak jarritako helburua lortu ahal izateko. Imanol Esnaolaren iritzirako, matrikulazioak urritzeak baditu beste arrazoi batzuk ere, esaterako aisia-aukeren gehikuntza zeren, Lezon gaur egun ugariago eskaintzen baitira, kirol-ekipamendu berrien aipua eginez.
Bozketa eginik, alkatearen eta Batasunako beste zinegotzien aldeko zazpi botoz onartu da diktamena, eta sei abstentzio izan dira EAJ, EA eta PSE-ko zinegotzienak.
Iñake Urrestarazu eta Ainhoa Villanua zinegotziek utzi egin dute bilkura.
12.- Galde eskeak.
Alkateak esan du, Pello Garbizuk egindako eta gaur goizean erregistratutako galderen erantzunak prestatzeko astirik ez dutela izan.
Pello Garbizuk erretiratu egin ditu galderak eta hurrengo bilkurarako utzi ditu.
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:15 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.322tik 310.339ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.