Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko urtarrilaren 11ean, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH) , Iñaki Zabaleta Zabala (EH) eta Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (PNV), Jesus Mª Martiarena Jaka (PNV), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.
Alkateak akten onarpena proposatu aurretik Pello Garbizuk hitza eskatu du eta galdetu du ea idazkaria osatu den edo bajan jarraitzen duen, azken egun hauetan gaixotasunagatik bajan egon baita. Idazkariak berak erantzun dio: medikuaren alta jaso duela ia.
Alkateak dio osoko bilkurako kide bakoitzak baduela bere egin behar eta ardura eta suposatu nahi duela guztiok egin behar eta ardura horietan gaudela. Besterik gabe, hasiera eman zaio bilkurari gai-zerrendako lehen aztergaiarekin.
1.- Egoki irudituz gero, 2001eko irailaren 21eko ohiko bilkurako akta, urriaren 11ko aparteko eta premiazko bilkurako akta, urriaren 26ko aparteko bilkurako akta, azaroaren 5eko aparteko eta premiazko bilkurako akta eta azaroaren 30eko aparteko bilkurako akta onartzea.
Irailaren 21ekoa onartu aurretik, Pello Garbizuk bi zuzenketa proposatu ditu: gazteleraz idatzitako aktaren 310.230 orrialdeko 2. lerroan "para el ejercicio 2002" aipamena kentzea; eta bi akten bukaeran "1.393" aipamena kentzea.
Akta honetan bertan, bilkura ixtean alkateak oporraldi ona igarotzeko egiten duen aipamena ere kentzea proposatu du idazkariak.
Hiru zuzenketa hauek egin ondoren irailaren 21eko bilkurako akta onartu da.
Inongo zuzenketarik gabe onartu eta sinatu dira urriaren 11ko eta 26ko bilkuretako aktak.
Azaroaren 30eko aktan Pello Garbizuk eskatuta zuzenketa egin da gaztelerazko aktaren 310.273 orrialde bukaeran, han esan beharko luke "la ayuda de diputación está tan poco clara como el fondo foral".
Aldaketa horrekin akta onartu eta sinatu da. Dena den zinegotziek jaso dituzten kopiak ez direnez oso garbi atera aktaren kopia berri bana bidaltzea erabaki da.
2.- Alkatearen erabakien kontu ematea: 195. dekretua.
Dekretu horren bidez EAJ eta EAko zinegotziek eskatutako aparteko osoko bilkura bat ez deitzea erabaki zuen alkateak.
Eztabaida eman da Aitor Sarasola, alkatea eta Pello Garbizuren artean. Lehenaren ustez kutsu demagogikoa zerion egindako eskaera hari eta bigarrenaren aburuz, oposizioaren zeregin zuzena egiteak ez zaio gustatzen alkateari.
3.- Diktamena, UAD 6 eta 5. Sistema Orokorra (Donibane kalea, 18) alorretako arau subsidiarioei behin behineko onarpena emateko.
Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamena onartzea eskatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:
"Udalbatzak, 2001eko uztailaren 16an eginiko Osoko Bilkuran, hasierako onarpena eman zion Lezoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Dokumentuari, UAD6 eta SO5 (Donibane kalea, 18) eremuetan.
Dokumentua eta espedientea jendaurrean egon diren epearen barruan alegazio bat erregistratu da, EAJ eta EA alderdietako zinegotziek aurkeztu dutena. Alegazio horretan, Donibane kalea 14 eta 16 bitartean dagoen orubea sistema orokor gisa mantentzearen alde egiten dute, heldu diren ekipamenduak modu integratuan bilduko dituen udal eraikin bat eraikitzeko: tutoretzako pisuak, urgentzia edo larrialdi egoeran leudekeen herritarrentzako edo premian leudekeen emakumeentzako bizitoki komunitarioak eta ezintasunak dituzten zaharrentzako eguneko zentro bat.
Udal arkitekto aholkulariak, gaiari buruz emandako informe teknikoan azaldutako argudioetan oin hartuta, alegazioa ezestea proposatu du, SO5eko orubearen azalera nahikoa ez dela baiteritzo zerbitzu horiek guztiak biltzeko.
Euskal Herritarrok taldeko ordezkari Aitor Sarasolaren botoa alde dela eta EAJ/EA alderdietako ordezkarienak, Pello Garbizu eta Iñake Urrestarazu, zein PSEko ordezkariarena, Mikel Antxon Arrizabalaga, kontra direla, Hirigintzako Batzorde Informatzaileak heldu diren AKORDIOAK diktaminatu ditu Udalbatzak onartzeko:
BAT: Behin-behineko onarpena ematea Lezoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Dokumentuari, UAD6 eta SO5 (Donibane kalea, 18) eremuetan eta, hasierako onarpenaren ondoren jendaurrean egon den epearen barruan, EAJ eta EA alderdiek aurkeztu dituzten iradokizunak ezestea, gaiari buruz emandako informe teknikoan azaldutako irizpide teknikoen arabera, SO5 orubearen azalera nahikoa ez baita alegazioan aipatzen diren zerbitzu guztiak biltzeko.
BI: Eginbideak burututa dokumentuaren lau kopia Gipuzkoako Goru Aldundiko Arkitektura eta Hirigintza Departamentura igortzea planari behin-betiko onarpena eman diezaioten.
Alabaina, Udalbatzak erabakiko du egoki iruditzen zaiona".
Alkateak diktamenaren inguruko azalpenak eman ditu. Bere iritziz gai honetan nabarmena da gobernu taldearen eta oposizioko taldeen arteko desadostasuna. Alkatearen esanetan guztiz desegokia da EAJ-EA taldeak egindako proposamena. Zenbait arrazoi eman ditu: proposatutakoa ez da toki egokia, errepidez inguratua eta solairutan egin beharrekoa; proiekziorik gabeko ekipamendua proposatzen dute, espazio mugatuarekin, 5-10 urtera begira, hau da, epe motzera, gutxienez 20 urteko ikusmira izan beharko lukeenean; bideragarritasun ekonomikorik gabekoa, 2002/2005 bideragarritasun planaren kontrakoa; eta 1997an osoko bilkurak onartutako hirigintzako diagnostiko-dokumentuarekin bat ez datorrena.
Aldiz, gobernu taldearen proposamenak 1997ko diagnostikoa modu batean errespetatzen omen du. Kokapenaren aldetik, 3. sektoreko etxebizitzen behe solairuetan kokatuz ez da mugikortasun arazorik sortzen eta epe luzeagorako aurreikuspenak egiteko aukera ematen du. Diru aldetik, egingarria da, 3. sektoreko aprobetxamendu urbanistikoen kargu eta bide batez Donibane kaleko etekinak inbertsioak egiteko erabiltzeko aukerarekin.
Pello Garbizuk gogoratu du diagnostikoa Arau Subsidiarioak berritzeko prestatu zela, dokumentu berriaren aurrerapen-dokumentua epe laburrean onartzeko asmoz. Ordutik bost urte pasa direnez, dokumentu berririk gabe, diagnostikoa zaharkitua dagoela dio. Oposizioaren proposamena epe motzerako aurreikuspena bada, gobernu taldearena ere bai, bultzatzen ari den Gerontología Plana ere hala egiten ari baita, 10 urteko perspektibarekin. Diru kontuarena aitzakia omen da, ehun milioiko kreditua egiteko margena badagoelako.
Pello Garbizuren esanetan, alkateak egindako defentsak ez du zer ikusirik diktamenean alegazioak baztertzeko aipatzen diren arrazoiekin. Haiei buruz dio udal arkitekto aholkulariak egindako txostenak ez direla zuzenak, Donibane kaleko orubeak nahiko azalerarik ez duela dioenean, Gerontologia Planaren zirriborroak berak ere beste gauza baitio. Hasierako onarpenerako emandako txostena eta haietan aipatutako azalerak ez dira zuzenak; orain berriz beste azalera batzuk hartzen ditu kontuan. Guzti horrek diktamena gezur batzuen ondorio izatea dakar. Edo udal teknikoak ez daki edo ezin du esan edo ez zaio uzten, eta bere eginkizun teknikoa zalantzan jartzen da eginkizun politikoaren mesedetan.
Jarraitu du esaten ez direla alegazioaren gai guztiak erantzun: ez lehena, etxe tutelatuentzat tokirik dagoen, ez bigarrena, txostenean interpretazio okerra egiten baita. Urriaren 22an Hirigintza Batzordean entregatutako dokumentua espedienteari gehitzea eskatu du.
Alkateari gezurretan aritzea leporatu dio, urriaren 26an diktamena egina zegoenean, azaroko pleno arrunta ez deitzeagatik gairik ez zegoela argudiatuz.
Mikel Antxon Arrizabalaga ez dago ados udal lurrak saltzearekin, hiri kaskoan dituen bakarrak izanik. Politika espekulatiboa dela dio. Ez du ulertzen zergatik ez den laguntzen proposamena hitzarmenarekin. Bere ustetan ez da bete hasierako onarpena eman zenean ipinitako baldintza, lurraren jabetzarena.
Alkateak biei erantzun die, bai Pello Garbizuri bai Mikel Antxon Arrizabalagari, zera esanez, Hirigintza Batzordeetan argitu dela azaleraren kontua eta Pello Garbizuk informeei buruz dioena egi erdia dela. Zentzu horretan, 2001eko urriaren 16koa aipatu du. Informeekin demagogiarik ez egiteko eskatu die. Errepikatu du hirigintzako diagnostiko-dokumentua dela udalak hirigintza jarduerarako duen onartutako irizpidea eta haren baitan egindako dokumentua dela. Gerontologia planak hamar urtera begirako datuak kontuan hartzen baditu ere, ekipamendu aldetik luzerago begiratzen duela. Kreditu aukeraz gogoratu die badutela Aldundiak azken kreditua onartzerakoan egindako oharpenaren berri eta hura ere kontuan izateko. Lurra saltzearena, gehiago lortzeko eta zerbitzu berriak eskaini ahal izateko, politika espekulatiboa bada, gora espekulazioa dio alkateak.
Pello Garbizuk dio ez dutela Aldundiaren oharpenaren berri eta haren kopia eskatu dute. Txostenen inguruan esandakoa ez omen da demagogia.
Imanol Esnaolak dio iruditzen zaiola antzerki baten inguruan dagoela. Ongizate beharrak gai garrantzitsua dela dio batzuk, EAJ eta EA, kokapenarekin fijazioan erortzeko eta besteak, PSE, espekulazioaren akusazioekin, ongizatean inbertitzen ari garenean. Gogoratu du gobernu taldearen proposamena bideragarria dela. Eskatu die ez dezatela zalantzan jarri ekipamendu hauek lortzeko lanean buru belarri ari direnik eta gonbidatu ditu lan horretan parte izatera, batzordeetan parte hartuz,....
Besterik gabe bozketa proposatu du alkateak. Diktamena onartzearen alde zazpi boto eman dira, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak, eta aurka sei boto, EAJ, EA eta PSE zinegotzienak. Ondorioz, TOALeko 47.3 artikuluak eskatzen duen gehiengo osoaren aldeko botoarekin diktamena onartu da.
4.- Mozioak: EAJ eta EA taldeak aurkeztutakoa "Gizon-emakume guztion bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen aldeko adierazpen instituzionala"ri atxikimena egiteko eta Batasuna taldeak aurkeztutakoa horren inguruan.
Alkateak argitu du mozio bakoitzaren aurkezpena egin ondoren, mozio bakoitza bozkatuko dela, hau da, bi bozketa izango direla.
Pello Garbizuk aurkeztu du EAJ-EA taldearena "Gizon-emakume guztion bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen aldeko adierazpen instituzionala"ri atxikimena egitekoa. Mozioa osoko bilkurako espedientean dago jasoa.
Mikel Arrizabalagak dio PSEko zinegotziek bat egiten dutela aurkeztutako dokumentuarekin eta alde bozkatuko dutela.
Imanol Esnaolak aurkeztu du Batasuna taldearena.
Ondoren eztabaida eman da. Pello Garbizuk iritziz gatazka armatuak ez du ezinbestean estatu espainiarra eta frantsesaren politikaren ondorio izan behar. ETAren indarkeria Euskal Herriaren kontrakoa dela deritzo eta Batasunari eskatu dio eskatu diezaiotela ETAri gelditzeko.
Imanol Esnaolaren ustez Lehendakariak egin duen adierazpena tranpa arriskutsua da, eskubideen arteko hierarkia egiten baitu errealitatea ezkutatuz.
Alkateak dio Lezoko Udalak askotan onartu duela bere konpromisoa Euskal Herriko gatazkaren aurrean benetako konponbidearen alde, aurre baldintzarik gabe. Aldiz, Ibarretxeren dokumentuan ez omen du alderdi guztiak dugun erantzukizunaren aipamenik, ETArena biolentzia bakartzat hartuz eta aldiz, gerra zikina, presoen dispertsioa eta heriotza, ertzaintzaren erabilera partidista eta antzerako egoerak ahaztuz. Bere iritziz dokumentua ez da serioa, iraingarria da sufritzen ari direnentzat. EAJri esaten dio lehen ere bere konpromisoarekin elkarlana egin dutela eta aurrera begira ere prest dagoela Batasuna.
Azken aipamen horri Pello Garbizuk baldintza jarri dio: ETAri eskatu diezaiotela gelditzeko.
Eztabaida luzatu egin da. Mikel Mitxelenaren iritziz kalitate txikiko dokumentua omen da lehendakariarena; hitz hutsak.
Bozketa unera iritsita EAJ-EAk aurkeztutako mozioak aldeko sei boto jaso ditu , EAJ, EA eta PSE ko zinegotzienak, eta aurkako zazpi, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak. Beraz, mozioa ez da onartu.
Batasuna taldeak aurkeztutako mozioak aldeko zazpi boto jaso ditu, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta sei aurka, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.
Beraz, mozioa onartu egin da.
5.- Mozioa: Gehitu eta Hegoak elkarteek aurkeztutakoa, sexu bereko bikoteen elkartze zeremoniei buruz.
Mozioak honela dio:
"1.- "Izatezko Bikoteen Udal Erregistroan inskribatzen diren sexu bereko bikoteek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, beren elkartzea zeremonia baten bidez ospatzea ezkontza zibilak egiteko erabiltzen diren geletan".
2.- "Alkateak eta zinegotziek konpromisoa hartzen dute izatezko bikoteek eska litzaketen zeremonietan parte hartzeko, udaletxean egiten diren ezkontza zibilentzat duten disponibilitate eta parte hartze baldintza berberekin".
3.- "Lezoko Udalak estatuko legegileari eskatzen dio Kode Zibila lehenbailehen alda dezala, sexu bereko pertsonek osatzen duten bikoteei ezkontzeko aukera emanez sexu desberdineko bikoteek duten baldintza berberekin".
Osoko Bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin mozioa onartu da.
6.- Galde eskeak.
1.- Jesus Mari Martiarenak hiru galdera egin ditu:
1.1.- Aktan jasotzeko esan du azaroko plenoa ez deitzeko emandako arrazoia gezurra zela, ordurako diktaminatutako gaiak bai baitzeuden.
1.2.- Galdetu du ea zenbateko zorra dagoen futbol zelaia, kiroldegia eta igerilekuekin.
Alkateak dio ez dakiela kopuru zehatza eta egunero udal kontuhartzailetzan egoten denez galdetzeko bertako teknikariari.
1.3.- Allerruko eta inguruko etxearen fitxa urbanistikoa nola dagoen galdetu du.
Alkateak dio alde zaharreko beste zenbait aldaketarekin batera, aurrerapen dokumentuari egindako iradokizunak aztertzen ari direla eta 2/3 hilabetetan hasierako onarpenera aurkeztu behar den dokumentua aurkeztuko dutela. Gogoratu du 15 urtetan gauzatu ez diren operazioak direla guztiak.
2.- Pello Garbizuk ere zenbait galdera egin ditu:
2.1.- Ea udal teknikariek oposizioari informazioa murrizteko agindurik jaso duten:
Alkateak dio ez dagoela agindu zehatzik bai, ordea, informazioa jasotzeko modua ordenatzeko irizpide bat.
Pello Garbizuk dio irizpide horiek jakin nahi dituela. Zenbait tekniko ikaratua dagoela ere esan du.
2.2.- Idatziz aurkeztu duen galdera, 40. zenbakia duena: Kale Nagusiko ur zikinak direla eta, noren ardura den.
Alkateak dio aparejadoreak esango liokeela galdetuko balio. Udalaren ardura omen da eta ezin asmatu dabiltzala aitortu du.
2.3.- 41. galderan Salvako asuntoa nola dagoen galdetu du.
Diputazioko baldintzak jasoz dokumentu berri bat aurkeztuko omen du Salvak. Hutsetik hasi beharko omen da Errepide Sailaren burugogorkeriarengatik.
Pello Garbizuk hirigintza batzordean informatzea eskatu du.
2.4.- Guiasako obra baimena nola dagoen galdetu du.
Alkateak dio arau aldaketaren behin betiko onarpenaren ondoren emango dela.
2.5.- Batzordeetan hitz egiteko honako gai hauek proposatu ditu: Agenda 21, Urban proiektua eta suteetarako ur-hartuneen mantentze plana.
2.6.- Orratx eta OTBrekin sinatutako hitzarmenaren inguruan eskatutako txosten juridikoa eskuratu zain daudela dio.
Alkateak dio txostenak espedientean egongo direla.
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.277.etik 310.283.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.