2020KO IRAILAK 24

Agiri mota

Lezoko Gezala Auditoriumean, 2020ko irailaren 24an, 19:00ean, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ohikoa egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Laura Martinez Vizuete, Irlentz Ortega Ugalde, Laura Muñoz Aguado, Ion Pombar Hospitaler eta Miguel Angel Sanchez Antunez (Lezoko EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Miren Ormazabal Urkizu, Aitzol Saizar Viaña, Ainhoa Inxaurrandieta Ezkurra, Axier Irastorza Alustiza eta Mireia Cuesta Unzain (Lezoko EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (udal talde Sozialista – grupo municipal Socialista).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik. Baita ere bertan da Pedro Etxarri Ollokiegi, udal kontuhartzailea.

1. 2020ko uztailaren 30ean ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2020ID200005).

Mikel Arrutik dio lehenengo orriko laugarren lerroaldeko azken aurreko esaldia zuzendu nahi duela eta esan zuenari ondokoa gehitu: “osoko bilkuretan egoten diren hamabost pertsona baino gutxiago daudela gaur, tokia dagoela”.

Zuzenketa horrekin akta onartu da.

2. HIE 28 ALCOHOLERA eremuko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Bereziari behin betiko onarpena emateko diktamena (2019H0400001).

Lezoko Udalak, 2020ko maiatzak 26ko D20/434 Alkatetza Dekretuaren bitartez, K.A.O.k sustaturiko HIE 28 ALCOHOLERA eremuko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Bereziari haserako onarpena ematea erabaki zuen, dekretuan bertan adierazten diren hainbat baldintzekin

Halaber Plan Berezi hau GAOn argitaratu eta jendaurrean 20 egunez edukitzea erabaki zen.

Akordio horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2020ko uztailaren 2an, 124 zenbakian. Baita prentsa idatzian ere.

Jendaurreko epean ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu.

Bestalde 2020ko abuztuaren 4an (1830 erregistro sarrerarekin) K.A.O.k plan bereziaren haserako onarpenean zehazturiko baldintzak betetzen dituen dokumentu berriaren kopia aurkeztu zuen.

Plan Berezi honek, dokumentazioari dagokionean, Lurzoruaren eta Hirigintza 2/2006 Legearen 68 artikuluak xedaturikoa betetzen du eta edukiak lege beraren 56 artikuluak xedaturikoa ere betetzen du hirigintza antolaketa xehakatuaren mugak ez dituelako gainditzen.

Hori dela eta 2/2006 Legearen 95 eta 96 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik 2020ko irailaren 17an egin zen Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez behean heldu dena erabaki du:

BAT: HIE 28 ALCOHOLERA eremuko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Bereziari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau eta Plan Bereziaren araudiaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Argitaratzea.

3. HIE 15 ALGEPOSA 2ko, “E.3”, E.4” eta “E.5” eraikinen 2. Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena emateko diktamena (2020H0420001).

Lezoko Udalak 2020ko uztailaren 7ko D20/602 Alkatetza Dekretuaren bidez, HIE 15 ALGEPOSA 2ko, “E.3”, E.4” eta “E.5” eraikinei dagoekien 2. Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2020ko uztailaren 16an, 134 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen.

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, 2020ko irailaren 17an egin zen Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak aldeko zazpi botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta sei abstentziorekin (bilkuran diren EHBILDU udal taldeko sei zinegotziena) behean heldu dena erabaki du:

BAT: HIE 15 ALGEPOSA 2ko, “E.3”, E.4” eta “E.5” eraikinen 2. Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

4. Lezoko AOU 31 Sagastiko Hirigintza Plan Orokorraren 2. aldaketa puntualari behin behineko onarpena emateko diktamena (2018HO310001).

Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 31 SAGASTI eremuari dagokion Aldaketa Puntualaren dokumentua aurkeztu du DISOLARE SLk.

2019ko abuztuak 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak aipatu HAPOaren aldaketa puntualari buruzko Ingurumen Txosten Estrategikoa eman zuen eta ebatzi zuen ez dela egingo Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 31 SAGASTI eremuari dagokion Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, ondorioztatu baita ez duela ondorio negatibo adierazgarririk sortuko ingurumenean.

Horrela 2020ko maiatzaren 28an osoko bilkurak haserako onarpena eman zion Lezoko Hirigintza Antolakuntzaren Plangintza Orokorraren 2 zenbakidun aldaketari, HIE 31 SAGASTI eremuari dagokiona. Osoko bilkura honetan halaber herritarren partaidetzarako egitaraua ere onartu zen .

Haserako onarpena ondorengo baldintza honekin eman zen:

Behin-behineko onarpenerako dokumentuak udal-arkitektoaren txostenean finkatutako balioa jaso beharko du, hau da, 216,67 euro m² (s)-ko lurzoru industrialeko lurzoru urbanizatuaren eragin-balioa.

Dokumentuaren ale bat Lezorekin mugakide diren udalerrietara ere igorri da.

Era berean, herritarrek parte hartzeko programan ezarritakoa bete da. Horretarako, proposamen teknikoa eskura jarri eta zabaldu da Lezoko Udalaren web orriaren bidez, eta jendaurreko bilkura bat egin da, 2020ko irailaren 8an Udalaren egoitzan egindako proposamen teknikoari buruzko iradokizunak azaldu, azaldu eta formulatzeko, aipatutako web orrian deialdia argitaratuta.

Aipatu akordioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2020ko ekainaren 29an. Prentsa idatzian ere argitaratu zen eta espedientea jendaurrean egon den hilabetean ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu

2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren 85, 90, 102 eta hurrengo artikuluetan jasotakoa kontuan hartuz 2020ko irailaren 17an egin zen Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez behean heldu dena erabaki du:

BAT: Lezoko Hirigintza Antolakuntzaren Plangintza Orokorraren 2 zenbakidun aldaketari, HIE 31 SAGASTI eremuari dagokiona, behin behineko onarpena ematea ondorengo aldaketarekin:

Aurkeztutako dokumentuaren Bideragarritasun Ekonomikoaren Azterlaneko 4. puntuan aipatzen den lurzoru urbanizatuak 216,67 euro m2 (s) balioa du industriarako lurzoruan.

BI: Akordio hau eta onarturiko dokumentua Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeari dokumentua igortzea txostena egin dezan.

5. Udal Kontuhartzailearen txostenaren berri ematea:

Udal kontuhartzailearen txostenaren berri eman zaio osoko bilkurari, irailaren 17ko batzorde informatibo orokorrean egin bezala. Hau da azaldutako txostena:

  • 2019ko aurrekontu likidaziotik datozen zerbitzuen kostuen azterketa (2020KO320003)

6. EHBilduk aurkeztutako mozioak:

6.1. Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren inguruan udala egiten ari den kudeaketaren ingurukoa (2020AL050007)

Honela dio EHBilduk aurkeztu duen mozioak:

“Lehendik ere azaldu izan dugu udalaren aldetik Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren inguruan egiten ari den kudeaketak sortu izan dizkigun kezkak. Oraingo honetan, ordea, alkatearen azken oharrarekin, urrunegi joan dela uste dugu: herrian alarma egoera sortzeaz batera, herriko sektore zehatz bat jo puntuan jarriz eta herritarren osasun asistentzia arriskuan jarriz.

Bizi dugun osasun larrialdi, krisi sozial eta ekonomiko honetan, ziurgabetasuna dugu nagusi. Instituzio publikoen betebeharra konfiantza, lasaitasuna eta babesa eskaintzea da. Horregatik, eta herritarrongandik gertuen dugun instituzioa udala dugula kontuan izanik, hartzen diren erabakiak ongi aztertuak, ondorioztatuak, informazio osoarekin, eraginkorrak eta arduratsuak izan behar dute.

Alabaina, Tiñelun izandakoek PCR proba egitera joan behar zutela esanez alkateak bere kabuz egindako deiarekin, arinkeriaz jokatu du, herritarren artean ezinegona eta nahasmena sortuz.

Hamarnaka herritar izan dira oharrak zioenari kasu egin eta arduraz, Lezoko eta Errenteriako osasun zentroetara deitu dutenak PCR proba egitera joateko eskatzen zietela esanez. Osasun zentroek ez zuten ordea, Tiñelun izandako pertsonei PCR proba egin behar zietela zioen Osasun Sailaren agindurik. Ulertzekoa da egoera horrek guztiengan sorturiko nahasmena.

Udalak lasaitasuna eskaintzeko, zehaztasunez eta oinarri sendoko erabakiak hartuz aritu behar du. Alkateak, aldiz, “Azken egunotan” Tiñelun izandakoei probak egitera deituz zabaldu zuen oharra ez da batere zehatza, ez baitzegoen jakiterik noiztik aurrera izandakoei proposatzen zien probak egitera joatea: zein daten artean izandakoek egin behar lukete proba?

Horrekin batera, berez nahiko zailak eta ziurgabetasunez josiak diren garaiotan, alkateak herritarren artean alferreko alarma egoera sortu duela deritzogu.

Tiñeluko kasuan, alkateak, intentzio txarrez jokatu duela uste dugu. Ez dira aste asko, herriko beste taberna bateko zerbitzari batek PCR proban positibo eman zuela. Kasu hartan, Osasun Sailak ezarritako protokoloa jarraitu zen: zerbitzariarekin kontaktu estua izan zuten pertsonei PCR proba egin zieten. Zorionez, kasu hartan ere, negatiboak izan ziren gainerako langile guztien emaitzak eta alkateak, egoki, protokoloa jarraituz, ez zuen oharrik kaleratu taberna hartan izandakko pertsonek PCR proba egitera joan behar zutela esanez.

Ez da kasu bakarra. Udaleko langile batek PCR proban positibo eman zuela jakinarazi zuen egun asko ez dela. Kasu honetan ere, protokoloa jarraitu eta kontatu zuzena izan diren gainerako langileei PCR proba egin zieten. Guztiak negatibo. Ondorioz, eta oraingoan ere egoki, alkateak ez zuen deirik egin udal bulego horretatik igaro diren herritar guztiek PCR proba egitera joan behar dutela esanez.

Azken asteetan ere, izan dira positibo kasu batengatik itxi dituzten taberna gehiago eta alkateak ez du inolako oharrik kaleratu.

Horiek guztiak aintzat hartuta, kasu honetan izan duen jokabidean, herriko sektore zehatz bat jo puntuan jartzeko intentzio argia ikusten dugu.

Bukatzeko, larriena dena, alkateak arduragabekeriaz jokatu du. Alkateak, Osasun Sailarekin inolako harremanik izan gabe, inongo koordinaziorik gabe, bere kabuz egindako deiarekin, herriko osasun zentroa beharrezko ez ziren deiekin eta kontsultekin kolapsatzeko arriskua sortu du, hauek ez baitzekiten ezer eta ez baitzegoen inolako antolaketarik. Horrela, beharrezko eta akaso presazko beste kasu batzuen kontsulta zailduz edo eragotziz. Hainbat pertsonen osasuna arriskuan jarri zezakeen arduragabekeria larria erakutsi du alkateak.

Horregatik guztiarengatik

Covid-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore-arteko batzorde komunitarioa osatzea proposatzen dugu. Erakutsitako gaitasun falta dela eta alkatea ez den beste inork gidatu beharko lukeen batzordea, herriko eragileen (hezkuntzakoak, ostalari eta merkatariak, Osasun Zentrokoak) parte hartzea bermatuko duen batzordea; udaleko gizarte zerbitzuetako eta beste sailetako teknikariek ere parte hartuko luketena; udaleko talde guztietako ordezkariak egongo liratekeena eta, oro har, herritarrei irekia egongo dena. Batzorde horren ardura izango litzateke, osasun larrialdiak dirauen artean, horren inguruan hartu beharreko erabaki guztiak adostea.

Bestalde, alkateari Osoko Bilkura honetan bere jokabidearen nondik norakoak azaldu ditzan eskatzen diogu.”

Jose Angel Sanchezen iritziz ez da bidezkoa osasun krisi larri egoeran horrelako proposamenak egitea. Bere ustez alkatearen lana eredugarria izan da, inolako protagonismotik ihes eginez. Bera eta bere alderdia une oro informatua egon dela dio eta horretan ere lagundu duela astero egindako bozeramile batzordeak.

Mikel Arrutik dio hori ez dela horrela, bozeramaile bilerak EHBilduk eskatu izan dituenean egin direla bakarrik. Krisiari aurre egiteko zehaztasun falta leporatu dio gobernu taldeari.

Jose Angel Sanchezek dio esateko zuzendu eta hobetu nahi dena, mozioan ez baita zehazten proposatzen den batzordearen funtzionamendua. Bestalde, ez omen zaio gustatzen alkateari beste udal batzordeetarako ez bezala, batzorde honetarako betoa jartzea. Dena den, iruditzen zaio ez dela momentua proposatutako batzordea eratzeko.

Miren Ormazabalek dio nahikoa zehaztua badagoela eta behin eratuta batzordeak berak zehaztuko dituela bere helburuak.

Besterik gabe, mozioa bozkatu egin da eta ez da onartu. Aldeko sei boto izan ditu (bilkuran diren EHBILDU udal taldeko sei zinegotziena) eta aurkako zazpi (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena).

Mikel Arrutik dio mozioak baduela beste gai bat, azken lerrokoa, non alkateari eskatzen zaion bere jokabideen nondik norakoak azaltzea. Bilkura aurretik Alkatearen aholkulariarekin izandako elkarrizketatik berak ondorioztatu zuela azalpenak emateko prest zela alkatea.

Alkateak dio mozioa bozkatu dela eta gaiaren eztabaida bukatu dela.

Mikel Arrutik galdetu dio ez al dion osoko bilkurari azaldu behar inongo protokolorik jarraitu gabe, herritarrengan alarma eragin eta osasun zentroa betetzeko arrisku egoera sortu izana.

Gertatutakoa ez dela horrela izan dio alkateak, gezurretan ari dela.

Mikel Arrutik dio EHBilduren izenean ari dela eta berari errespetuari faltatzea EHBilduri bozkatu zioten 1.400 herritarrekiko errespetu falta dela.

Alkateak dio berak errespetu handia diola herriari eta EHBilduri.

​​​​​​​6.2. Moria pertsona errefuxiatuen eremuan gertatutako sutearen inguruko adierazpena (2020AL050006)

Honela dio EHBilduk aurkeztutako adierazpenak:

“MORIA PERTSONA ERREFUXIATUEN EREMUAN GERTATUTAKO SUTEA DELA-ETA ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Badira bost urte Morian, Grezian, pertsona errefuxiatuentzako eremua sortu zenetik. Hasieran 3.000 pertsonentzat sortutako eremu hau kontrolik gabe hazi eta hazi da (gaur egun 12.000 lagun ditu), Europak beste alde batera begiratu duen bitartean eta estatuek pertsona errefuxiatuak artatzeko konpromisoa (2015 eta 2016 artean sinatutako banaketa kupoa) alboratu duten bitartean.

Hirugarren sektoreko eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek behin eta berriro salatu dute Moiran bizirauten duten pertsonen baliabide falta. Mundu mailako osasun alarma egoerak eta azkenaldiko eraso ultraeskuindarrek bizi baldintza horiek zaildu egin dituzte.

Azkenean, Moria lehertu da. Lau sute txikirekin hasi zena sute erraldoi bihurtu zen, Europako errefuxiatuen esparrurik handiena errez. Atzoko datuen arabera, 35 pertsona errefuxiaturen positiboa baieztatu zen, COVID19 birusaz, eta beste 125 pertsona berrogeialdi hertsia egiten ari ziren. Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ezta gutxieneko distantzia mantentzea ere, higiene neurriak bermatzea…

Sutea dela eta, bertako biztanle guztiek ihes egin behar izan dute. Batzuek zuten gutxia gainean hartzeko abagunea izan dute; beste batzuek, aldiz, zeuden bezala alde egin dute.

Orain, 12.000 lagunetik gora sakabanatuta daude Moria inguruan. Jendea sakabanatuta dago, haurrak galduta daude beraien gurasoengatik galdezka, lagundu gabeko adin txikiko haurrak identifikatzen saiatzen ari dira, ur eskasia dago eta etengabe hori eskatzen ari dira.

Elkarte eta erakundeak egoeraren mapeoa egiten ari dira, pertsona errefuxiatuak non pilatu diren aztertzen eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzen. Lan hori egiten ari direnen artean, Zaporeakeko kideak daude, gaur egun zerbitzu oinarrizko bat ematen dauden erakunde bakanetakoak direlarik.

Horiek horrela, EH Bildu udal taldeak, honako hau proposatzen du:

  1. Lezoko Udalak "harrera hiritzat" du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.
  1. Lezoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera plana osatzeko konpromisoa hartzen du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
  1. Lezoko Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die.
  1. Lezoko Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.”

Jose Angel Sanchezek dio EAJ eta PSE ados daudela mozioarekin eta 5. erabaki bat gehitu nahiko lioketela: Lezoko udalak 1.000,00 €ko laguntza ematea Zaporeak elkarteari.”

Mikel Arrutik dio EHBilduk 3.000,00 €ko languntza proposatu behar zuela.

Osoko bilkuran dagoen kontuhartzaileak dio, uste duela udal aurrekontuetan badela nahikoa dirurik bi proposamentzako.

Alkateak 3.000,00 €ko diru-laguntzarekin mozioa bozkatzea proposatu du, hau da, mozioari bosgarren erabaki hau gehituz: “Lezoko udalak 3.000 €ko diru-laguntza ematea Zaporeak elkarteari.” Mozioa ahobatez onartu da.

7. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

7.1.- Jose Angel Sanchezek zenbait kontu aipatu ditu:

      1. San Marko Mankomunitateko azken batzarrean Garbiguneen kudeaketa kontratatzeko lehiaketa deitzea onartu dela.
      2. Behemendik, bere kide diren udalen baliabide propioak izendatzeko prozedurarekin hastekoa dela.
      3. Udala ingurumen alorrean Agenda 2020-2030 ekimena lantzen hasi dela.
      4. Udal baratzen ingurua hobetzeko esku-hartzea egingo dela.

7.2.- Miguel Angel Sanchezek dio, udal aurrekontuko kreditu globaleko partidatik dirua erabiliko dela Obretako teknikariek proposatutako mantentze lanak egiteko.

7.3.- Jon Pombarrek udan egindako Kilometro Lezo kultur ekitaldien inguruko balorazio positiboa egin du eta bai ikusleek, bai artistek horrela egin dutela ere, aipatu du. Udazkenean ere, jarraitzeko asmoa dute, baina Herri Eskolako patioan egin ordez Gezala Auditoriumean egingo dira ekitaldiak.

Miren Ormazabalek dio antolaketa oso ona izan dela eta aurrera segitzeko konfiantza ematen duela. Baina hurrengo ekitaldien agendan ikusi dutela berriro ere, gaztelerazko antzerki gehiago antolatu direla euskarazkoak baino (5 gazteleraz 3 euskaraz). EH Bildu ez dago ados horrekin, euskarak lehentasuna behar duelako baita programazioan ere.

Jon Pombarrek dio Kilometro Lezon bertako artisten aldeko apustua egin dela, programaziorako ez dutela bakarrik hizkuntza baloratzen, edukiak ere baloratzen direla.

Mireia Cuestak dio, ez duela zentzurik euskarazko emanaldietan aurkezpen eta aurre azalpenak bi hizkuntzetan ematea.

Jon Pombarrek esan du Lezoko herritarren %100a ez dela euskalduna eta euskaldun ez direnentzat ere, eskaintza egon behar duela.

Mikel Arrutik dio euskararen udal ordenantza bete egin behar dela. Eta herriko elkarteek euskaraz lan egiteko erabakiaren aurrean, udala beste norabide batean ari dela. Kexatu da ere, Kilometro Lezo leloa bera gazteleratik pentsatua dagoela eta erabili den mapak Euskal Herria ahaztu duela.

7.4.- Irlentz Ortegak dio Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekua irekiak daudela intzidentziarik gabe eta irailaren 10ean bukatu zela igerilekuko uda kanpaina eta ume jolasak.

Baita ere esaten du, herriko kirol taldeen entrenamenduak hasi direla eta urrian hasiko dela eskola kirola.

Mireia Cuesta kexatu da igerilekuko uda kanpainaren bukaera aurrez iragarri gabe egin dela.

8. Galde-eskeak.

Mikel Arrutik zenbait galdera eta eskaera egin ditu:

8.1.- Osoko bilkurak hainbat erakundetan parte hartzen du berak izendatutako ordezkari politikoekin. Ordezkari politiko horiek ordezkatzen dituzten erakundeen berri emateko eskatu du.

8.2.- Galdetu du zer obra diren Algeposa inguruan egiten ari direnak.

Alkateak dio berak ez dakiela ezer eta ez diotela Hirigintza Sailetik ezer esan.

8.3.- Esan du gaur lezoar bat epaitu dutela, duela bi urte (abuztuan) portuan izan zen sutearen aurkako protesta batean politikarien aurrean airera botatako hautsagatik. Markel Olanok, Ahaldun Nagusiak, epaiketara eraman du lezoarra eta zigor hau eskatu du: hiru hilabetez, 30,00 € eguneko isuna ordaintzea. Galdetu du ea Lezoko gobernu taldeak ez al dion herritarrari babesik eman behar edo Markel Olanori ez al dion zerbait esan behar.

8.4.- Galdetu dio idazkariari, ea egiten dituzten galderak erregistratu behar diren ofizialak izateko. Idazkariak dio aktan jasotzen direla.

Aktaren amaiera.

​​​​​​​Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:05ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1433111tik 1433119ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna