2017KO MAIATZAK 25

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2017ko maiatzaren 25ean, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Angel Portugal Formoso (hasi eta gero sartu da), Igor Cordero de la Fuente eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik. Osoko bilkuran da ere udal kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. Egoki irudituz gero, 2017ko martxoaren 30eko ohiko izaerarekin osoko bilkurako akta onartzea (2017ID200002).

Mikel Arrutik dio galde eskaeretako 12.3 puntuan Aiton Bordako tabernan langilea lanean ari zela konfirmatu zuela alkateak eta hori aktan jasotzea nahi du. Zuzenketa hori aktan jasoko da.

Bigarren gaiarekin hasi aurretik, Ainhoa Zabalok eskatu dio alkateari utzi diezaion bi galdera egiten Altamirako errotondan oinezkoen pasabideak hobetzeko udala egiten ari den obra dela eta prentsan eta udaleko web orrian jaso diren alkatearen adierazpenen inguruan. Alkateak dio bilkura bukaeran egin ahal dituela galderak, gai zerrendako galde-eskeetan. Ainhoa Zabalok berriro ere galderak orain egiteko aukera eskatu du, bere esanetan gezurrak esaten direlako alkatearen adierazpenetan eta haiek zuzentzeko intentziorik duen jakin nahi duelako. Erantzunaren baitan omen dago bera bilkuran gelditzea. Gogoratu du 2014ko otsailaren 20an bera alkatea zela Foru Diputatu Nagusiari, herrira egindako bisitan, Altamirako errotonda erakutsi ziotela eta oinezkoen arriskuak eta obraren beharra aipatu ziotela. Gogoratu du nola 2014ko irailaren 18an izandako istripuan, bere lagun min batek bizia galdu zuela errotonda horretan. Eta oraingo alkateak guzti horiek ahaztuz onartu ezin diren adierazpenak egin dituela dio Ainhoa Zabalok. Berriro galdetu dio alkateari ea adierazpenak zuzentzeko asmorik duen, orain nahi duela erantzuna, osoko bilkuran prentsa dagoen bitartean. Ez badu orain zuzenketa hori egiten altxa eta badoala dio Zabalo andereak. Alkateak dio galderak bilkura bukaeran tratatzen direla, galde-eskeetan. Ainhoa Zabalok dio ikusi duela alkateak ez duela adierazpenak zuzentzeko inongo asmorik, eserlekutik altxa eta bilkura utzi egin du.

Angel Portugal sartu da bilkurara.

2. Zabor bilketa eta kale garbiketa zerbitzuko kontratuaren 5. aldaketa onarpenaren diktamena (2017ID170002).

Miguel Angel Sanchezek diktamena azaltzen du. Honela dio diktamenak:

“2017ko maiatzaren 17an Batzorde Informatibo Orokorraegin zen.

Lezoko kaleak garbitzeko eta hondakin solidoak biltzeko Lezoko Udalak LIMPIEZA RSU LEZO UTErekin sinatuta duen kontratuaren bosgarren aldaketa onar dadin proposatu da.

Aldaketa horretan, birbanatu egingo dira bideak garbitzeko eta hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzuei atxikitako langileak, San Marko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren artean sinatutako hitzarmenaren ondoriozko proba pilotua ezartzearen ondorioz. Proba horretan, San Marko Mankomunitatea arduratuko da Altamira auzoko hiri-hondakin solidoak biltzeaz.

Ondorioz, LIMPIEZA RSU LEZO UTEk proposamen bat egin du 2017ko apirilaren 4an (sarrera erregistroko zk.: 843), lanak birbana daitezen, bideak garbitzeko zerbitzua indartzeko, hiri-hondakin solidoak biltzeko lanak gutxitu egin baitira. Langile kopurua bera da, eta kontratuaren kostua ez da aldatzen

Udal teknikari eskudunak ondorio horretarako idatzitako txosten juridikoa kontuan hartuta,

Jesus Mari Martiarena Jaka, Noemi Arberas Oses eta Miguel Angel Sanchez Antunezen botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberriaren aurkako botoarekin Batzorde Informatibo Orokorrak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: LIMPIEZA RSU LEZO UTEk proposatutako aldaketa onartzea.”

Ainhoa Intxaurrandietak Udalaren egiteko modua zalantzan jarri du, diru publikoaren erabilera ez zuzena egiteagatik. Udalean hondakin bilketa eta kale garbiketa egiten duen enpresak udalean erregistratutako txostenean dioenaren arabera Udalak ez zion inongo jakinarazpen ofizialik egin Altamirako auzoan hondakin bilketan izango ziren aldaketez eta horrek bere kontratuan izango zuen eraginez. Gauzak horrela enpresa berak, udalaren baimenik gabe aldaketa batzuk egin zituen kale garbiketa zerbitzuan eta berdin fakturatzen jarraitu zuten, nahiz eta bilketa zerbitzuak murriztu izan. Salatzen du udalak lanak agindu ez izana, egiten diren ez konprobatu izana, eta hilabeteak pasa eta gero aldaketa honekin konpondu nahi izana. Herritarrei iruzur egitea dela dio.

Mikel Arrutik berdina salatu. Nahiz eta UTEak berak onartu lanak aldatu direla berdin berdin fakturatzen jarraitzea. Espedientean gaztelera hutsez egindako dokumentuak kritikatu ditu ere.

Miguel Angel Sanchezek dio fakturak ordaindu gabe daudela eta UTEak zuzendu egingo dituela. Onartu du UTEari aldaketaren idatzizko jakinarazpenik ez zaiola egin, baina ahoz berak jakinarazi zizkiela aldaketak.

Ainhoa Intxaurrandietak galdetu dio Miguel Angel Sanchezi ea uste duen gaitasuna duenik kontratuak ahoz berak aldatzeko. Galdetu dio ere zenbat faktura diren zuzendu beharrekoak. Miguel Angel Sanchezek dio lau faktura zuzendu behar dituztela.

Ainhoa Intxaurraindietak berriro kritikatu du gobernu taldearen jarduna, osoko bilkura honetan ari direlako onartzen berez ia aldatua duen kontratua. Bere esanetan udal batek ezin du horrela aritu, diru publikoa da tartean dagoena eta herriaren alde baino enpresa pribatuen mesedetan aritzea leporatu die.

Jose Angel Sanchez dio bera ez zela batzordean egon eta gaur entzun dituenak egiak balira horrela aritu denari koloreak ateratzeko modukoak direla dio. Etorkizunari begira, bostgarren edukinontziaren bidezko bilketaren ezarpenari begira, gauzak hobeto egiteko eskatu du, udalean teknikoak badaudelako eta gobernu taldean aholkulariak eta zinegotzi liberatuak.

Diktamena bozkatu eta aldeko botoak sei izan dira (EAJ-PNV udal taldekoenak) eta aurkakoak beste sei (EH Bildu Udal Taldeko 5 zinegotziena eta Socialistas Vascos udal taldeko zinegotziarena). Alkateak berdinketa dagoenez berriz bozkatzea eskatu du eta berriz ere sei boto izan dira alde eta sei kontra. Alkateak diktamena onartzearen alde bozkatu du eta berdinketa sentidu horretan desegitea nahi du eta bere kalitatezko botoarekin berdinketa hautsi eta diktamena onartu da, osoko bilkurak ondorengo erabakia hartuz:

BAT: LIMPIEZA RSU LEZO UTEk proposatutako aldaketa onartzea.”

3. D-7 eranskina “Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan jasotako datuen kontsulta” izenekoa onartzeko diktamena (2017KO360002).

Alkateak diktamenaren berri eman du. Diktamenak honela dio:

“Ogasun eta Finantza Departamentuak udalek GFAk dituen legezko ordezkarien erroldako datuetara sarbidea ahalbidetzeko hitzarmenaren eranskina onartu du.

Ildo horretan, martxoaren 24ko 162/2017 Foru Aginduaren bitartez legezko ordezkarien errolda arautzen zuen Foru Agindua aldatu da errolda hori Gipuzkoako udalek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Horretarako, aipatutako Foru Aginduak, Ogasun eta Finantza Departamentuak eta Gipuzkoako lurralde historikoko udalek informazioa elkarri lagatzeko lankidetza hitzarmenaren eranskin berri bat onartzen du, hain zuzen, D-7 eranskina “Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan jasotako datuen kontsulta” izenekoa.

Horrenbestez, aipatutakoa kontutan hartuta eta Kontu-hartzailearen txostena ikusirik, alkatetzak proposaturik, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2017ko maiatzaren 18an egindako bilkuran onartutako diktamena aho-batez onartu du osoko bilkurak ondorengoa erabakiz:

LEHENA: Onartzea eta sinatzea D-7 eranskina “Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan jasotako datuen kontsulta” izenekoa, martxoaren 24ko 162/2017 Foru Agindu bidez onartutakoari jarraiki.

BIGARRENA: Alkate-lehendakariari ahalmena ematea aipatu hitzarmena Lezoko Udalaren izenean eta ordezkaritzan sina dezan.

HIRUGARRENA: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari erabaki honen berri ematea, horretarako dagokion ziurtagiria eginez, eta halaber, hitzarmenaren bi ale bidaltzea, alkate-lehendakariak sinatuta.”

4. 2016ko abenduaren 31n egindako ondasunen inbentarioa eta ibilgetuaren balorazio onarpenaren diktamena (2017KO320007).

Proposamenaren berri ematen da. Proposamenak honela dio:

"2016ko abenduaren 31 datarekin, udal ondasunen inbentarioa eguneratzeko eta ibilgetuaren balorazioa egiteko kontratuaren esleipena eskuratu zuen Invayunt S.L. enpresak egindako txostena aztertu dut.

Txosten horrek Udal honen Kontu-hartzailearen oniritzia jaso duela kontuan hartuta.

Hori ikusirik, alkateak proposaturik, Batzorde Informatibo Orokorrak 2017ko maiatzaren 18an egindako bilkuran onartutako diktamena aho-batez onartu du osoko bilkurak ondorengoa erabakiz:

BAT: 2016ko abenduaren 31n egindako ondasunen inbentarioa eta ibilgetuaren balorazioa onartzea.

5. Izenpe ematen dituen zerbitzu elektronikoak arautzeko hitzarmena onartu eta sinatzeko diktamena (2017ID360002).

Alkateak proposaturik, Batzorde Informatibo Orokorrak 2017ko maiatzaren 18an egindako bilkuran onartutako diktamena aho-batez onartu du osoko bilkurak ondorengoa erabakiz:

LEHENA: Onartzea eta sinatzea Izenpek ematen dituen zerbitzu elektronikoak arautzeko hitzarmena, Udalek erregistro-erakunde gisa funtziona dezaten B@kQ identifikazio sistema elektronikoak igortzeko.

BIGARRENA: Alkate-lehendakariari ahalmena ematea aipatu hitzarmena Lezoko Udalaren izenean eta ordezkaritzan sina dezan.

HIRUGARRENA: Izenpe S.A.ri erabaki honen berri ematea, horretarako dagokion ziurtagiria eginez, eta halaber, hitzarmenaren bi ale bidaltzea, alkate-lehendakariak sinatuta.”

6. EAJ eta Euskal Sozialistak aurkeztutako mozioa: Lezoko Udaletxe atarian egindako pintaketen eta zabor jaurtiketen inguruan (2017AL050009).

Honela dio aurkeztutako mozioak:

“Maiatzaren 12an, zenbait ezezagunek, Lezoko udaletxeko atarian zaborra jaurti zuten eta pintaketak egin zituzten. Edonoren etxea erasotzea gaitzesgarria bada, lezoar guztion etxea dena erasotzea are gehiago. Demokratikoki aukeratua izan den erakunde bat erasotzea, herritarren ordezkariek osatzen duten erakunde bat erasotzea, alegia, herritar guztiak erasotzea da. Are gehiago, ekintza honek eragindako kalteak, herritarron poltsikoetatik ordaindu behar direnean.

Horrelako ekintzek, gainera, euskal gizartearen egunez-eguneko bizikidetzaren aldeko lana oztopatu baino ez dute egiten. Demokratikoki aukeratutako erakundeak eta hauek hartutako erabakiak errespetatzea, oinarrizkoa da bizikidetzaren eraikuntzan. Herritar orok, bere aldarrikapenak egiteko eskubidea du, betiere, bide egokiak erabiltzen badira, aipatu erasoek ez baitute lekurik egungo gure gizartean.

Hau guztiagatik, udal batza honek:

1. Lezoko Udalak, maiatzaren 12an lezoar guztion etxea den udaletxeak jasandako erasoa erabat gaitzesten du.

2. Lezoko Udalak, herritar guztiei eskatzen die, beren aldarrikapenak bide demokratikoetatik egitea eta herritarrek aukeratutako erakundeen erabakiak errespetatzea.

3. Lezoko Udalak bizikidetza normalizatu bat lortzeko bidean, jarrera erasokor eta mehatxatzaileak baztertu eta jarrera eraikitzaile baten aldeko apustua egiten du.”

Ainhoa Intxaurrandietak mozioa aurkeztu duten bi taldeei galdetu die ea zehazterik baduten zein diren aldarrikapenerako bide demokratikoak hondakinen mahaiko bilerarik deitu ez dutenean, alkate eta gobernu taldeekin biltzeko elkarteek egindako bilera eskaerei erantzunik eman ez dienean, hondakinen bilketa sistemaren inguruko galdeketari ezetz esan diotenean.

Bai Miguel Angel Sanchezek bai Jose Angel Sanchezek diote udal hauteskundeetan herriak gai honen inguruko erabakia ere hartu zuela. Jose Angel Sanchez udalarekin bildu nahi duten pertsona eta elkarteekin egoteko aldekoa dela dio, entzun eta erantzun bat emateko. Kasu horietan eskaerekin insistitu egin behar dela dio. Eta horregatik ez du onartzen egindakoa, ez zaio eraikigarria iruditzen, eta mozioan hitzen bat aldatzea nahi badute aztertzeko prest dagoela dio.

Mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin eta aurkako bost botoekin, EHBildu udal taldeko bilkuran diren ziengotziena.

7. Aurrekontu aldaketen kontu emateak:

Alkateak berak onartutako bost aurrekontu aldaketen kontu eman dio osoko bilkurari. Zehazki bost aldaketa hauena:

1. 2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu gaikuntza, 2017-KALD-000001-00 (2017KO090001).

2. 2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu txertaketa, 2017-KALD-000002-00 (2017KO040001).

3. 2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu gaikuntza, 2017-KALD-000003-00 (2017KO090002).

4. 2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu transferentzia, 2017-KALD-000004-00 (2017KO010001).

5. 2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu gehigarria, 2017-KALD-000005-00 (2017KO050001).

Angel Portugal osoko bilkuratik joan egin da.

8. Kontuhartzailearen txostenak:

Udal kontuhartzailearen hiru txosten eta diruzainaren diruzaintza planaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin maiatzaren 18ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hauek dira banatutako txostenak:

1. Aurrekontuaren bost aldaketei buruzkoa (2017KO090001, 2017KO040001, 2017KO090002, 2017KO010001, 2017KO050001).

2. 2017ko Finantza eta Aurrekontuen arloko informazioa (2017/03/31).

3. 2017ko 1. hiruhilebeteko Ordainketa epearen bataz bestearen informazioa.

4. Diruzaintza plana 2017ko 3. hiruhilekoa.

9. Berdintasun zinegotzi delegatua izendatzearen kontu ematea (2017ALO30010).

Noemi Arberas zinegotziak irakurri du alkatearen delegazio dekretua. Honela dio dekretuak:

Toki Erregimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legeko 23.4 artikuluak finkatzen duenaren ildotik, Alkatetza-Lehendakaritza honek erabaki du:

BAT: Ondoren seinalatzen den Tokiko Gobernu Batzarreko kidean delegatzea, indarrean dagoen legeriak Alkatetza-Lehendakaritzari ematen dizkion eskuduntzetatik dagokion arloari buruz zehazten direnak.

BI: Eskuduntza delegatuaren zerrenda onartzea eta, halaber, bertan aritzeko baldintzak ere onartzea.

GOBERNU BATZORDEKO PARTAIDEA

ARLO DELEGATUA

Noemi Arberas Oses

Berdintasuna

ESKUDUNTZAK

  • Arloaren Zuzendaritzari eta kudeaketa orokorrari dagokienez.

- Haren eskuduntza-arloari dagokion heinean Udal Ordenantza, Araudi eta Akordioak betearaztea.

- Haren delegazio-arloen esparruan erabaki diren obra, zerbitzu eta horniduren exekuzioa edo prestazioa Udalaren izenean zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, behar dituzten aholku teknikoak bilatzearen eta eskatzearen kalterik gabe.

- Behartuta dauden guztiei exijitzea izaera publikoko zerbitzu eta kargak zehazki bete ditzaten.

- Delegazioaren arloan sustatzen diren salmenta, alokairu, obra, zerbitzu eta horniduraren enkanteak eta lehiaketak presiditzea.

- Bere delegazioaren arloan Alkatea eta Udala ordezkatzea.

- Udal-organo eskudunari proposatzea delegatua duen arloaren egituratze eta antolaketa, edota haren eraberritzea, behar dituzten aholku teknikoak eskatuz.

- Bere delegazio-arloarekin zerikusia duten gaietan Tokiko Gobernu Batzarrari eta Batzorde Informatzaile Orokorrari jarduera-irizpideak proposatzea.

- Udalbatzaren eta Tokiko Gobernu Batzarraren bilkuretarako zerrendetan gaiak sartzeko proposatzea.

- Elkarren arteko koordinazio eta informaziotarako gainerako beste eskuordedunekin bilerak eta elkarrizketa mantentzea.

- Obra eta zerbitzu proiektuen onarpena eta obra, zerbitzu, hornidura eta laguntza teknikorako kontratuak baimendu, xedatu eta kontratatzea, betiere haien zenbatekoak Kontratu Txikietarako finkatutakoak gainditzen ez baditu (Obrak, 50.000 euro (BEZ gabe) baino gutxiago; hornidurak, zerbitzuak eta laguntza teknikoa, 18.000 euro (BEZ gabe) baino gutxiago).

- Delegazioaren Arloari atxikitako pertsonal guztiaren zuzeneko buruzagitza gauzatzea. Delegazioaren Arloari eratxekitako giza baliabide eta baliabide material guztiak zuzendu, sustatu, koordinatu eta kontrolatzea udalaren helburuak hobeto betetzeko.

- Udal organo eskudunak onartu aurrez, pertsonalaren lan egunaz eta lan egutegiaz informatzea.

Egintza Administratiboei dagokienez

-Delegazioaren baitan doa hura aurrera eramateko beharrezkoak diren ebazpen edota tramite egintza administratiboak diktatzeko eskumena, betiere beste organo bati ez dagokienean.

IHARDUERARAKO BALDINTZAK

  • Orokorrak

- Delegazioak izaera mugagabea dauka eta, onartuz gero, Ebazpen honen datatik hasi eta harik eta baliogabetua izango den arte, Alkateak bere agintealdia amaitu arte edota Zinegotzi-Delegatuak idatziz uko egitea aurkeztu arte iraungo du.

- Delegazioa Alkateak bere aldetik libreki baliogabetu ahal izango du.

- Alkateak edonoiz ahal izango du delegatutako eskumena berriro bere esku hartu berari egoki iruditzen zaion heinean eta neurrian, prozedura administratibo arruntari buruzko legeriaren arabera.

- Alkateak baliogabetu ahal izango du delegazioa berari egoki iruditzen zaion heinean.

- Aginte delegatuak hartutako erabakiak berrikusi ahal izango dira, egintza administratiboen ofiziozko berrikuspenerako aurreikusitako eran.

- Zinegotzi Delegatuak diktaturiko egintzak errekurritu ahal izango dira berraztertze-errekurtsoa jartzearen bidez.

- Asteburuez kanpo, 24 ordu baino gehiagoko denboraldiz kanpora joatea idatziz adierazi beharko zaio Alkateari. Bitarte horretan Alkateak berreskuratuko ditu delegatutako eskumen eta ahalmen guztiak.

  • Delegatutako zerbitzu eta gaien zuzendaritza eta kudeaketa orokorrari dagokionez.

- Alkateari dagokio Zinegotzi-Delegatuen jarduerak koordinatzea.

- Alkateari dagokio Zinegotzi-Delegaturen arteko eskumen gatazkak erabakitzea.

- Zinegotzi-Delegatua beharturik izango da Alkateari informazio zehatza ematera delegatu zaion eskumenaren kudeaketaz eta delegazio horren poderioz sortutako egintza edo xedapenei buruz.

- Zinegotzi-Delegatua beharturik izango da Alkateari aldez aurretik informazio ematera aparteko garrantzia duten erabakiak hartzerako.

  • Egintza administratiboei dagokienez.

- Egintza administratiboak Ebazpen eran diktatzen dira Zinegotzi-Delegatuaren aldetik, eta haiek Alkateak diktaturikotzat hartuko dira.

- Egintza administratibo bat diktatzeko Ebazpenean espresuki jasoko da, ebazpen hori Alkateak delegaturiko eskumenen egikaritzan diktatu dela.

HIRU: Dekretu hau Zinegotzi-Delegatuari jakinaraztea onar dezan. Eman biezaio honen berri Udalbatzari egingo duen lehen bilkuran eta argitara bedi laburbildurik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko ediktuen taulan.

LAU: Dekretu hau eraginkorra izango da gaurko datatik hasita.

Mikel Arrutik dio oso ongi dagoela Berdintasun gaietan arduratuko den zinegotzi delegatua izatea, baina dio euskaldunentzat ez dela berdintasunik egongo, zinegotziarekin euskaraz hitz egin nahi duenarentzat.

10. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

  1. Miguel Angel Sanchezek Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak hiru obren berri eman du:
    1. dio laster bukatuko direla Altamira auzorako oinezkoentzako bidea egiteko obrak,
    2. udaran egingo direla eskolako estalkikoak eta Gezala auditoriumeko aldagelak
    3. eta Donibanerako bidegorriaren 1. Fasea aurten egingo dela.
  2. Irlentz Ortega, kiroletako zinegotziak kontu hauen berri eman du:
    1. Kirol kluben tenporada bukatzen ari dela, ari direla ekitaldiko memoriak aurkezten dirulaguntzen bigarren zatia eskuratzeko.
    2. Udarako kirol jarduerak pres daudela.
    3. Datorren astean Oarsoaldeako kiroldegietako kudeaketa bateratuaren inguruko bilera dutela.
    4. Tipi-topa ekimena modu egonkor batean aurrera darraiela. Umeekin egindako irteera errepikatzekotan direla.
    11. Galde-eskeak.

1.- Mikel Arrutik gaurko osoko bilkura hasi denean Ainhoa Zabalok egindako galdera bera egin du, ea aste honetan Altamirako oinezkoen bidean inguruan udalak eta alkateak esandakoak eta argitaratutakoen ondorengo eskatu den zuzenketa egiteko asmorik duen alkateak.

Alkateak dio ez duela orain erantzungo, begiratuko duela eta esango diela.

2.- Mikel Arrutik galdetu du ea Aiton Bordan aritu izan den euskeraz ez dakien langilea bertan jarraitzen duen.

Alkateak dio lehen bezala dagoela gaia.

Jose Angel Sanchezek dio Tokiko Gobernu Batzarraren kide bezala, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiak betetzea eskatu du.

Idazkariak ere dio Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko urtarrilaren 30ean euskarazko maila ez egiaztatzeagatik ez zuela baimenik eman langile bat kontratatzeko.

Mikel Arrutik esleipen baldintzak eta ondoren hartutako erabakiak betetzea eskatu du.

3.- Mikel Arrutik galdetu ea eskolako estalkia aipatu den obra egiteko dirulaguntzarik jasoko duen udalak. Miguel Angel Sanchezek dio dirulaguntza eskaera ukatu egin dutela baina lanean jarraituko dutela dirulaguntzak lortzeko.

4.- Mikel Arrutik gogoratu du azken plenoan komentatu zela udala lokal bila zebilela eta irakurri berri dutela udalak iada erosi duela lokal bat. Alkateak baietz dio, bihar sinatzen direla eskriturak. Mikel Arrutik galdetu dio zein izan den lokal hori erosteko arrazoia, Jaizkibel Hiribideko lokal hori eta ez beste bat, udal arkitektoaren txostenean aipatzen denean lokal merkeagoak badaudela eta obra latza duenean honek. Ez dago erantzunik.

5.- Jose Angel Sanchezek galdetu du gazteentzako etxebizitza alkilerrak diruz laguntzeko aurrekontuan gehitu zen gastu partida zertan den.

Noemi Arberasek dio Gizarte Zerbitzuetan beste udal batzuetako eredua begiratzen ari direla.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 21:15ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243627tik 1243635era zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna