1995.eko Irailaren 21ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko irailaren hogeita zazpigarrena. Arratsaldeko zazpiak eta bostetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera EZ OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkate-lehendakaria, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Isabel Unzain Zapiain, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Rekalde Gonzalez, José Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris zinegotziak, bildu dira.

    Iñake Urrestarazu Azurmendik ez du bilerara etortzerik izan eta Pello Garbizu Azkue ez da bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek itzultzailetza.

    1.- Autobia, Errenterian N-1 Errepidearen Sahiesbidearen trazadura proiektuaren azterketa eta behar bada Hirigintza Batzordeak proposatutako alegazioen onarpena.

    Alkateak, sarrera txiki bat egin eta diktamena onartu arte, irailaren 11ra arte, Hirigintza Batzordeak zer pausu eman dituen azaldu du. Ondoren, alderdi politikoetakoei eman die hitza, esatekorik badute botazioa egiten hasi aurretik esateko.

    Hala, J.M. Botok hartu du hitza lehenbizi. Lotsagarritzat jo ditu egin asmo dituzten alegazioak, eta hortik ez datorrela ezer ere esan du. Edozein moduz ere, hari ere oztopoak ahalik eta txikienak izan behar direla iruditzen zaiola esan du. Lezorentzat bigarren faseak duela garrantzia esan du, eta, beraz, bi faseak batera egitea eskatu behar litzateke alegazioetan. Nire irudituan -esan du- bigarren fasean egin beharreko zatia da Lezoko saihesbidea, eta hori atzeratzeak dakar, ezerk badakar, kaltea galanta Lezorentzat.

    J.M. Martiarenak, EAJkoak, konforme dagoela esan du, ondo iruditzen zaiola saihesbidea egitea, eta saihesbidea hobetzeko egiten dituzten alegazio guztien alde izango dela hura.

    M. Rekaldek, EAkoak, auzi hau manipulatuxe dagoela iruditzen zaiola eta aurkeztu asmo dituzten alegazioek ez dutela ezer askotarako balio izango esan du. Lezoko Eusko Alkartasunakoa naizen aldetik -esan du-, garbi esan behar dut saihesbidearen afera biziki interesatzen zaigula eta obra horren ardura izango duen diputatuarekin hitz egin behar duguna, gertutik zaindu dezan obraren joan-etorri guztia. Adierazpena erabat bukatu baino lehen, ez dela alegazioak eta proiektua zer iruditzen zaion azaltzen hasiko esan du, eta eztabaidan ere ez dela sartuko.

    M. Arrizabalak azaldu du HBren ikuspuntua. Proiektuak -esan du- Oarsoaldeko (Herreratik hasi eta Pasaia, Orereta, Oiartzun, Portua eta Irun arteko guztia) trafikoak dakarren arazoaren zati bat besterik ez du konponduko esan du. Oraingo proiektuak, Oreretako arazoa Lezon jartzea ekarriko du.

    Horiek horrela direla, beharrezko jo du alkateak alegazio batzuk egitea. Hauxe adierazi du alegazioen oinarri:

    -Ez dago eskualde osoarentzako planteamendurik, planteamendu orokorrik; eta ezta gero zer behar, zer espektatiba izango den jakiteko azterlanik ere. Konparazio baterako, ez dago Lezoko industrialdea, Pryca, Mamut, etab. zer-nolatan garatuko diren jakiteko azterlanik.

    -Eskualdeko Udaletan hartutako erabakiak eta Oarsoalderako Plan Estratejikoren ondorioak ere A-8 autopistako bide-saria kentzearen aldekoak dira. Saihesbidearen gaineko azterlanak, ordea, ez dio faktore horri begiratu.

    -Proiektuak ez du ezer ere jartzen ingurugiroari egingo dion inpaktuaz.

    -Lezorentzat, batez ere Altamira auzoarentzat, kaltea etorriko da saihesbidea eginez gero.

    -Oinezkoen trafikoarenik ez da konponduko.

    -Baserrialdearentzat ere kaltea izango da, bitan zatituko baitu 110. poligonoara bitarteko lurraldea.

    Horregatik guztiagatik jotzen du alkateak komeniko diktamenak jartzen dituen alegazioak egitea eta Foru Diputazioak zer erantzuten duen ikustea.

    Bere saioa bukatu ondoren, osoko bilkurara heldu den jendeari eman die hitza alkateak. Haietako batek, saihesbidearen kontra zergatik dauden azaldu du. Hark esan duenez, pertsona eta gauza garraioari eman behar zaio aterabidea, eta ez zaie ondo iruditzen trafiko pribatua erabiltzea bultzatzea, hori besterik ez baitu ekarriko oraingo proiektu horrek.

    Horiek horrela direla, Obra eta Hirigintza batzordeak egindako diktamenari botazioa egitea eskatu du alkateak.

    J.M. Botok diktamenean ere jartzeko eskatu du bakoitzak zer botu ematen duen, EAk eta PSE-EEk beren botuak eman baitzituzten, gaizkiulertuak izaten direla eta bestela. Hurrengoan, zer esan duen kontuan izango duela agindu dio alkateak.

    Botazioa egin ondoren, bada, onartu egin dute Errenteriako Saihesbidearen (N-1) Proiektuari egin beharreko alegazioa. Zazpi botu izan dira alde: alkatearena (Mikel Arrizabalaga) eta HBko beste zinegotzi guztienak (J.M. Etxebeste Bengoetxea, M.I. Unzain Zapiain, G. Arrillaga Albisu, J. Salaberria Lizarazu, A. Pontesta Garmendia eta M.C. Viaña Balda); bi kontra: PSE-EEkoenak (J.M. Boto Sancho eta N. Barradas Piris); eta bi abstentzio: EAkoarena (M. Rekalde González) eta EAJkoarena (J.M. Martiarena Jaca).

    ALEGAZIOAK, ERRENTERIAKO SAIHESBIDEAREN (N-1) PROIEKTUARI BURUZKOAK.

    Proiektua, Errenteriako saihesbidearena (N-1), 1995eko uztailean aurkeztu zioten Lezoko Udalari, aztertu eta alegazioak aurkeztu zitzan egoki jotzen bazuen. Alegazioak, alabaina, 1995eko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, orduan bukatzen baita proiektua jendaurrean edukitzeko epea.

    Proiektuak jartzen duenez, bi fasetan egingo da saihesbidea. Lehenbizikoa Kaputxinotako (Errenteria) tunelean hasi eta Lintzirin bitarterakoa da: CAMPSAko deposituen ondotik aurrera, Altamira azpitik (tunela eginda), Papelera Españolaren atzeko aiekara arte joango dena.

    Bigarrengo faseak -nahiz eta hizpide dugun dokumentuan gutxi gorabehera nondik barrena joango den ikusteko besterik jarri ez duten- Papelera Españolaren atzeko aldetik hasi eta iparraldera jotzen du: Altamirako herribidea gurutzatu, urbanizatu ezin den lurra pasa eta Gaintxurizketako bidera iristen da, Torrejil basrriaren pareraino.

    Lurraldea antolatzeko orduan alderdi teknikoak (trafikoa...) ez ezik beste alderdi batzuk ere aintzakotzat hartu behar lituzkeen arren Foru Aldundiak, ez dago -ekarri duten proiektuan behintzat- jokabide horren arrastorik ere, beste aldera hobeto: proiektuak ez dio Oarsoaldearen etorkizunari begiratzen, ez baitu eskualdea beste iharduera ekonomiko batzuk hartzeko modukotzat jotzen, ez etxeak egin daitezkeenik, ez nekazal edo turismo iharduerarik burutu daitekeenik eta ez ezer; Errenteriako eta Pasaiako portuko trafiko arazoa konpontzeko moduko aiekatzat jotzen dute, hala sartzen dute lurraldean. Oztopo bat gehiago gainditu behar izango da eskualdea antolatzeko orduan. Izan ere, Foru Aldundiak duen premisarik garrantzitsuenetako bat hauxe da: "A-8 AUTOPISTAKO BIDE-SARIA KENTZEA, INTXAURRONDO-OIARTZUN BITARTEKOA, EZ DAGO BESTE IRTENBIDE BATZUK AZTERTZEKO KONPONBIDETZAT HARTZERIK."

    Beste dokumentu batzuek, ordea -Lurralde Antolaketak eta Donostialderako Plan Partzialaren Abantzeak, esate baterako-, jasotzen dute bide-saria kentzea, eta komenikotzat jartzen dute azterketa oso bat egitea: "Tokia badagoenez, alde batetik, eta estratejikoki ere ondo kokatua dagoenez, garraio-bideak (Portua, Renfe, Eusko Trenbideak, A-8, N-1, Aireportua) esku-eskura baititu, proposamena da IRUN-LEZO korredorera bidaltzea, ahal dela, iharduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharra denean. Horiek horrela direla, komenikoa da AZTERKETA OSOA egitea, tokirik egokienak zeintzu diren ikusteko; hartarako, alabaina, batez ere komunika- eta garraio-bideak elkarrekin lotzeko aukera ematen duten inguruak hartu behar dira kontuan. Hala, gordetzea proposatzen dugu Gaintxuzketa aieka, nahiz eta espektatiba arrunt onak dituen horren pieza berezi doatsuak, BALDIN ETA AUTOPISTAKO BIDE-SARIA KENDUZ GERO BEHINTZAT, Restop-eko lotunea izateak."

    Oarsoaldearen Plan Estratejikoak dakarren ekintza-programak berak ere -23. ekintza-unitateak, zehatzago esanda-, A-8 autopistako, osoko, bide-saria kentzea eskatzen du emakida bukatutakoan, 2003. urtean.

    Proiektuaren lehenbiziko faseak, idatzi dutenen arabera, helburuok ditu:

    1.- Bereiztea Errenterira doan trafikoa eta Errenterian barrena doana.

    2.- Saihesbidera sartzeko bideak sortzea lehen dauden baldintzak (urbanizazioak, istalazioak, bideak, etab.) errespetatuta. Mesede handia izango da ingurugiroarentzat.

    3.- Ahal denik eta inpakturik txikiena egitea ingurugiro aldetik.

    4.- Oinezkoen joan-etorria aztertzea eta konpontzea, mugimendu handia izaten baita inguru horretan.

    5.- GI-2.638 (Lezo-Irun) bidearekiko lotura egokia paratzea (Bigarren fasea).

    Lehenbiziko puntuan diotena hala da izan; baina, herrira bertara doan trafikoa eta herrian barrena doana bereizi eta hobetu liteke baldin eta

    - A-8 AUTOPISTAKO BIDE-SARIA KENDU ETA 2003. URTERA ARTE BIDE-SARI SOZIALA JARRIZ GERO.

    - AUTOPISTARAKO SARBIDEAK EGINEZ GERO ERRENTERIAKO ETA OIARTZUNGO AUZOETATIK (LARZABAL, PONTIKA ETA AGUSTINAS).

    - PRAKTIKAN JARRIZ GERO ERRENTERIAKO (N-1) SEMAFORIZAZIOA HOBETZEKO AZTERKETA, FORU ALDUNDIAK LEBER PLANIFICACIÓN E INGENIERÍA, S.A.RI ESKATU ETA DAGOENEKO EGINDA DAGOENA.

    Horrek bai, mesede handia ekarriko lioke ingurugiroari; zeren orain aurkeztu duten proiektuak inpaktu handia egiten du, bistarako (Kaputxinoak eta Altamira lotzeak, konparazio batera), konpondu ez baizik eta gaiztotu egiten duena jendearen joan-etorria, Lezo eta Errenteria bitartekoa; izan ere, Altamirako rotonda eginez gero, trafikoa bizkor pasatzeko pentsatua baita rotonda hori, arrisku handiko barrera egingo da jendearen joan-etorri handiarentzat, aurkeztu duten proiektuaren memorian ere aitortzen duten bezala.

    Alegazioa bukatu baino lehen, garbi utzi behar dugu GI-2.638 lehenbiziko faseari lotzea, proiektuan datorrena, ez dela zuzena, eta gainera, batez ere urbanizatu ezin den lurraldeari erasaten diola, erabat mugatuta uzten duela inguru hartako nekazaritza eta bidearen bi aiekak urbanizatzeko aukera, esperantza, ematen duela.

    Lezoko Udalak eman duen konponbidea, GI-2.638 bidea eta handik barrena industrialdeetara doan trafiko pisutsua saihesteko, 110. poligonoa N-1-ari (Lintzirin parean) eta A-8 autopistari (Errenteriako ekialdean, Larzabal poligonoan) lotzea da.

    Har bedi, hori guztia, Errenteriako Saihesbidearen (N-1) Proiektuari egindako alegaziotzat".

    2.- Lezoko Autobiaren aurkako herri ekimenak aurkeztutako akordio eskaeraren azterketa eta, beharbada, onarpena.

    Alkateak Lezoko autobiaren aurkako herri ekimenaren idatziaren berri ematen du. Idatzi horretan Udalaren Osoko Bilkurari autobiaren aurrean zenbait akordio hartzea eskatzen zaio. Idatziak honela dio hitzez hitz:

    " Lezoko autobiaren aurkako herri ekimenak, beste lanen artean sinadura bilketa bat burutu dugu, horren ondorioz ohartu gara herritar ugarik bat egin dutela gure 5 puntuetan agertzen diren eskaerekin.

    Hori horrela izanik, autobiaren aurkako herri ekimen honek udalari eskaera hauxek luzatu nahi dizkiogu udalbatzaren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu ditzan.

    1.- Udalak bat egin dezala herritar ugarik sinaturiko 5 puntuekin. Udala berak erabaki beharko du puntuok banan bana bozkatzea, ala bostak batera.

    2.- Onarturiko akordioen berri ematea herritar guztioi bando bitartez.

    3.- Diputazioari jakinaraztea akordioaren berri, udalak proiektuaren aurka aurkeztuko dituen alegazioekin batera, herritarren eskaeren sinaduren bilduma aurkeztuz.

    4.- Komunikabideei onarturiko puntuen berri ematea, era berean komunikabidetan iragarkiak ezartzea onarturiko puntuekin.

    Alkate jaunari eskatzen diogu 4 puntuok egokien jotzen duen osoko bilkurako gai zerrendaren barnean sartzea."

    Eskaeran aipatzen diren 5 puntuak hauek dira:

    1.- Autobide berri honen inguruko proiektu eta egitasmo guztiak berehala bertan behera uztea. Bailarako trafiko arazoa ez konpontzeaz gain, kalte eta eragin txar ugari sortuko dituelako bai ingurunean bai gure bizi-baldintzetan, nola eraikuntza garaian nola martxan jarri ondoren.

    2.- Bailara honetako Udal guztiek, urteetan zehar, A-8 autopista dohan izatearen aldeko erabakiak hartu izan dituzte. Berriro ere, peajea behin-betirako deusestatzea eskatzen dugu.

    3.- Trafikoaren hazkundea eteteko eta egungo joerak aldatzeko balioko duen plangintza orokorra osatzea.

    4.- Gizartearen oinarrizko beharrak kontutan hartu eta, garraio kolektiboen zerbitzuen azterketa sakona eta berregokitzapena egitea, norabideak, ordutegiak eta dohan izatea jorratuz.

    5.- Distantzia motzetan eta auzune eta herrien arteko komunikazioetarako oinezkoei eta txirrindulariei behar duten lehentasuna ematea garraio ez kutsatzaile hauentzako sare egoki eta azpiegiturak sortuz (bidegorriak, aparkalekuak txirringentzat, ibilbideak, etab.)."

    J.M. Botoren ustez mozio hau tratatzea ez du zentzunik: aurreko puntuan autobia proiektuari alegazioak egitea onartu bada autobia egingo dela onartu omen da eta beraz orain aurka agertzea kontraesana omen da J.M. Botoren ustetan.

    M. Rekalde mozioaren 2., 3. eta 4. puntuekin ados omen dago, dena den 4. puntuan aipatzen diren iragarkiak ordaindutakoak ez izatea eskatu du. Mozioaren 1go puntuan aipatzen diren beste bost puntuak banan banan bozkatzearen alde azaldu da.

    Alkatea ados dago ordaindutako iragarkirik ez ateratzearekin, oso garestiak direlako. Hartuko den akordioaren berri beste moduz emango omen da, prentsa aurrekoak eginaz adibidez. Mozioaren edukiari dagokionez HB ados dagoela dio eta Herri Ekimenaren planteamenduarekin bat egingo duela.

    J.M. Botok mozioaren erderazko itzulpena berandu jaso izan duela eta aztertzeko astirik ez duelako izan bozketan ez duela parte hartuko dio.

    Aretoan direnen herritarretik biek hitzegin dute autobiak eragingo duen txikizioaz eta trafiko gehitzeaz.

    Herri Ekimenaren manifestua puntuz puntuz bozkatu edo guztiak batera erabaki da lehenbizi. EAko zinegotzia den M. Recalde puntuz puntuz egiteren alde asaldu da, alkatea eta HBeko gainontzeko zinegotziak denak batera botatzearen alde eta EAJ-PNV eta PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin dira.

    Herri Ekimenaren mozioa eta manifestuaren bozketa egin ondoren eta aldeko zazpi botoekin, alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta HBko gainontzeko sei zinegotzienak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Isabel Unzain Zapiain, Gemma Arrillaga Albisu, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda), aurkako batekin, EAko zinegotziarena (Mirari Rekalde Gonzalez) eta hiru abstentzioekin EAJ-PNV (Jesús Mª Martiarena Jaka) eta PSE-EEko zinegotziarenak (Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris) ondorengo akordioak hartu dira:

    BAT: Udalak bat egiten du herritar ugarik sinaturiko bost puntu hauekin:

    1.- Autobide berri honen inguruko proiektu eta egitasmo guztiak berehala bertan behera uztea. Bailarako trafiko arazoa ez konpontzeaz gain, kalte eta eragin txar ugari sortuko dituelako bai ingurunean bai gure bizi-baldintzetan, nola eraikuntza garaian nola martxan jarri ondoren.

    2.- Bailara honetako Udal guztiek, urteetan zehar, A-8 autopista dohan izatearen aldeko erabakiak hartu izan dituzte. Berriro ere, peajea behin-betirako deusestatzea eskatzen dugu.

    3.- Trafikoaren hazkundea eteteko eta egungo joerak aldatzeko balioko duen plangintza orokorra osatzea.

    4.- Gizartearen oinarrizko beharrak kontutan hartu eta, garraio kolektiboen zerbitzuen azterketa sakona eta berregokitzapena egitea, norabideak, ordutegiak eta dohan izatea jorratuz.

    5.- Distantzia motzetan eta auzune eta herrien arteko komunikazioetarako oinezkoei eta txirrindulariei behar duten lehentasuna ematea garraio ez kutsatzaile hauentzako sare egoki eta azpiegiturak sortuz (bidegorriak, aparkalekuak txirringentzat, ibilbideak, etab.)."

    BI: Onarturiko akordioen berri ematea herritar guztioi bando bitartez.

    HIRU:Diputazioari jakinaraztea akordioaren berri, udalak proiektuaren aurka aurkeztuko dituen alegazioekin batera, herritarren eskaeren sinaduren bilduma aurkeztuz.

    LAU: Komunikabideei onarturiko puntuen berri ematea.

    3.- I. Sistema Orokorrean kiroldegia eraikitzeko eta kiroldegiaren azpian aparkalekua eraiki eta hustiratzeko kontratoa etetzea.

    Alkateak Hirigintza Batzordearen berri eman du. Honela dio:

    "Hirigintza Batzordeak 1995eko irailaren 11n izan du bilera.

    Aztertu dugu BRUES, S.A.k kontratua ez betetzeak ekarri duen auzia, kiroldegia eta aparkalekuak egiteko izenpetu zuena Udalarekin.

    Aintzakotzat hartu ditugu, halaber, informe tekniko eta juridikoak, lanak bigarren eskaintzarik onena egin zuenari emateari buruzkoak.

    Horiek horrela direla, behean datorren erabakia hartzea proposatzen dio HIRIGINTZA BATZORDEAK OSOKO BILKURARI:

    BAT: Hastea espedientea Brues, S.A.rekin izenpetutako kontratua bukatutzat emateko, I. Sistema Orokorrean kiroldegia eta aparkalekuak egin eta aparkalekuak hustiratzeari buruzkoa. Bahitzat hartzea lehiaketan parte hartzeko behin-behingo fiantza, behin betikorik ez baitzuen jarri. Audientzia tramitea egiteko jartzea espedientea, hala agintzen baitu Administrazio Publikoetako Errejimen Juridikoari buruzko Legeak (84. artikuluan) eta baita Administrazio Bide Amankomunak. Tramite horren berri ematea kontratistari, 10 egun baino lehen bere interesak defendatzeko egoki jotzen dituen dokumentuak eta egiaztagiriak ekar ditzan.

    BI: Hastea espedientea behin betiko fiantza ez jartzeak Lezoko Udalari kalterik eta okerrik ekarri dion ikusteko.

    HIRU: Hastea espedientea kontratua bete gabe utzi duen enpresa Lezoko Udalarekin nahiz beste herri administrazio batzuekin kontratuak egiteko gauza izan ez dadin".

    Diktamena onartu da Alkatearen (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta Herri Batasunako beste sei zinegotzien (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Isabel Unzain Zapiain, Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJ/PNVeko Jesús Mª Martiarena Jakaren aldeko botoarekin. EAko zinegotzia den Mirari Rekalde Gonzalez abstenitu egin da eta PSOE-EEko zinegotzia diren Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Pirisen aurkako botoa eman dute.

    J.M. Botok, eman duen botua azaltze aldera, kontua gaizki hasi zela, gaizki segitzen duela eta, seguru aski, gaizki bukatuko duela esan du. Hala berean, ekonomi alderdiko azterlanik egin gabe hasi zutela enkantea esan du, eta oraindik ere Arau Ordezkatzaileak errespetatukizun segitzen duela proiektuak. Azkenik, kiroletarako guneak beste zerarik gabe behar duela eta garajeekin ez dagoela konforme adierazi du behin berriro, eta baduela beldurrik aski hurrengoarekin ere Brues, S.A.rekin gertatu dena gertatzeko.

    M. Rekaldek, berriz, ez zaizkiola ailegatu infomeak eta, behar adina informaziorik ez duenez, ezin duela botorik eman esan du.

    4.- Aserraderos de Lezo. Ipintza, 110. poligonoa, ondoan dagoen landa lursail bateko Arau Ordezkatzaileen aldaketa puntualaren behin behineko onarpen proposamena.

    Hirigintza Batzordeak irailaren 11n egin zuen diktamenaren arabera, inork ere ez zuen alegaziorik aurkeztu hasierako onarpenaren gainean (1995eko maiatzaren 25ean eman baitzitzaion hasierako onarpena esan dugun aiekako Arau Ordezkatzaileak aldatzeari). Hala, behin behigoz onartu eta Foru Aldundiari bidaltzea proposatu zuen, behin betiko onartzeko.

    Lehendabizi J.M. Botok azaldu du haren alderdiak zer jokabide izan duen kontu honekikoan. Esan du aldatzea langileei laguntzeko egin dutela erakutsi nahi duela HBk; haiek, ordea, herriari ez baina pertsona partikular batzuei mesede egiten ari direla uste dutela, eta jokabide absurdoa dela jokobide hori.

    Gogora ekarri nahi izan du, hala berean, nola aurreko legintzaldian alderdi batzuek lurrak erosteko enkantean parte hartu nahi zuten, eta Aurrekontuan hartarako dirua izendatzea eskatu zuten.

    Aurrez adierazi du, beste alde batetik, paper guztiak batzordeetan ateratzea eskatu eta kontuak han garbitzea eskatuko dutena, osoko bilkurarako deia egiten denetik bilkura egin bitartean ez dela behar adina denborarik izaten-eta gai guztiak aztertzeko.

    Azkenik, ezezkoa botatuko duela adierazi du. Diktamena ontzat hartuz gero, ordea, itune bat egitea komeni dela esan du, espedientea tramitatzen segitu baino lehen, hasierako onarpena emateko erabakian emandako gauzak eta hitzak zehaztu egin behar direla eta.

    J.M. Martiarenari, ordea, interesgarri iruditzen zaio lurraldea berriz kalifikatzea; izan ere, joan zela esan du enkantean parte hartzeko aukera, eta zerbaiten irabazia ateratzeko modua behintzat ematen duela berriz kalifikatzeak.

    M. Rekaldek aspalditik heldu den kontua dela esan du hau, eta ustel usaina duela.

    Hala, bada, Hirigintza Batzordeak proposatu eta zortzi boto alde direla: alkatea (Mikel Arrizabalaga), HBko zizegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Isabel Unzain Zapiain, Gemma Arrillaga Albisu, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); bi kontra: PSE-EEkoak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta astentzio bat: EAko zinegotzi bat (Mirari Rekalde González); bete behar den quoruma beteta, beti ere, ERABAKI hau hartu dute:

    BAT: Behin behingo onarpena ematea 110. poligonoaren ondoan dagoen landa-lur bateko Arau Ordezkatzaileak aldatzeari.

    BI: Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzea espedientea behin betiko onartzeko.

    5.- Altamira. 27. poligonoko Arau Ordezkatzaileen aldaketa (12.a) puntualari buruzko behin behineko onarpen proposamena.

    Alkateak, aukeztu egin du Altamirako Arau Ordezkatzaileak (12.a) aldetzea behin behigoz onartzearen gaineko diktamena, Hirigintza Batzordeak egina. Orain proposatutako erabakiak baditu, alabaina, alde batzuk 1995eko maiatzaren 24an onartutakoak ez zituenak. Aldeak, alkateak esan duenez, inkestak, Ikertaldek Lezon dagon etxebizitza beharraz egindakoak, eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako ituneak, 27. poligonoan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko sinatutakoa, ekarri dituzte.

    Hirigintza Batzordeak para duen diktamenak hauxe jartzen du:

    "Hirigintza Batzordeak 1995eko irailaren 11n izan du bilera.

    Bileran, teknikariak egindako informea aztertu dugu. Hark dio badagoela bidea Altamirako (27. poligonoa) Arau Ordezkatzaileak aldatzeari buruzko dokumentua, 1995eko maiatzaren 24an hasierako onarpena emandakoa, aldatzeko. Aipatu dokumentua Eusko Jaurlaritzarekin egindako itunak eta Lezoko Udalak egindako azterketa batek ekarritako ondorena da. Azterketak, gehienez egin zitekeen etxebizitza kopurua (72) handitzea proposatzen du, 90 izatea; garajeak ere egitea (egiten diren etxebizitzen erdiak behintzat) lurpean (ez dago zertan etxeen azpian izanik, alabaina); hartu-emanetarako aieka bat, lur-azalean, garajeak orain egin behar dituzten tokiaren gainaldean; eta bidea izatea merkataritzarako lokal batzuk egiteko, Altamirako beharrik oinarrizkoenak betetzeko.

    Ez zaigu iruditzen aldaketa funtsezkoak direnik proposatutakoak, eta beraz, ez dugu uste berriz ere jendaurrera aterata eduki beharrik dagoenik.

    Horik horrela direla, behean datorren erabakia hartzea proposatzen dio HIRIGINTZA BATZORDEAK OSOKO BILKURARI:

    BAT: Behin behingoz onartzea 27. poligonoko Arau Ordezkatzaile batzuk aldatzea. Behin betiko onartzeko baldintza hiru puntu hauek betetzea da:

    1.- Garajerik ez egitea egin asmo diren 3 etxe-blokeen azpietan.

    2.- Tokiz aldatzea lurrazpiko garajeak. Hala, Arau Ordezkatzaileen arabera derrigorrez egin behar diren aparkalekuak (egin behar diren etxebizitzen erdiak: 45, alegia) jobide egokia izatea bai lehen eginda dauden etxeentzako eta baita egin behar direnentzako.

    3.- Aire librean plaza bat egiteko bidea izatea lehen aipatutako aparkalekuaren gainaldean edota beste toki batean (gero izendatuko dena, behar izanez gero). Eta merkataritzarako lokal batzuk ere izateko modua jartzea, lehen eginda dauden 102 etxebizitzei eta egin behar diren 90ei oinarrizko zerbitzua emateko, Lezoko kaxkora edo Oreretara jaitsi beharrik izan ez dezaten".

    J.M. Botok esan duenez, garbi adierazi nahi du haren alderdia babes ofizialeko etxeak egitearen alde dagoena. Toikiarekin ez nago konforme -esan du-, eta harrituta nago oraingo alkateak ere aurrera segitzen duelako proiektu honekin; izan ere, Altamiran lehen ere etxerik aski bazela eta besterik ez egitearen aldeko zen lehen hura ere.

    Beste gauza bat ere kritikatu dio HBri: arrunt kezkatuta egotea ekologiarekin beste proiektu batzuk egin behar direnean eta batere kezkarik ez azaltzea orain, berdegune bat ia erabat galtzera doanean.

    J.M. Botori ez zaio iruditzen hasierako proiektuari egin dizkioten aldaketak handiak ez direnik. Hari aldaketa handia iruditzen zaio 72 etxebizitza egin beharrean 90 egitea eta plaza bat egitea ezer ere egiteko asmorik ez zegoen tokian.

    J.M. Martiarenak esan du ez dagoela konforme etxebizitza gehiago egite horrekin, hasierako proiektuarekin dagoela hura konforme.

    M. Rekaldek, esan duenez, ez dauka aldaketa hau azkenko aldaketa izango den esperantza handirik; oraindik ere proiektuko bigarren puntua eta hirugarrena berriz ere aldatuko dituztela uste du.

    Alkateak berriz esan du beharrak aztertzeak eta Eusko Jaurlaritzarekiko itunak eginarazi dituztela aldaketak. Era berean, dokumentua behin betiko onartzeko egin behar diren aldaketa horiek sartzea eskatu besterik ez dizkiotela egiten Eusko Jaurlaritzari esan du, hark burutu beharko baitu proiektua gero.

    Botazioa egin eta zazpi boto alde direla: alkatea (Mikel Arrizabalaga) eta HBko zizegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Isabel Unzain Zapiain, Gemma Arrillaga Albisu, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda); eta lau kontra: EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka), PSE-EEkoak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris) eta EAko zinegotzi bat (Mirari Recalde González); bete behar den quoruma beteta, beti ere, ERABAKI hau hartu dute:

    BAT: Behin behingoz onartzea 27. poligonoko Arau Ordezkatzaile batzuk aldatzea. Behin betiko onartzeko baldintza hiru puntu hauek betetzea da:

    1.- Garajerik ez egitea egin asmo diren 3 etxe-blokeen azpietan.

    2.- Tokiz aldatzea lurrazpiko garajeak. Hala, Arau Ordezkatzaileen arabera derrigorrez egin behar diren aparkalekuak (egin behar diren etxebizitzen erdiak: 45, alegia) jobide egokia izatea bai lehen eginda dauden etxeentzako eta baita egin behar direnentzako.

    3.- Aire librean plaza bat egiteko bidea izatea lehen aipatutako aparkalekuaren gainaldean edota beste toki batean (gero izendatuko dena, behar izanez gero). Eta merkataritzarako lokal batzuk ere izateko modua jartzea, lehen eginda dauden 102 etxebizitzei eta egin behar diren 90ei oinarrizko zerbitzua emateko, Lezoko kaxkora edo Oreretara jaitsi beharrik izan ez dezaten.

    BI: Foru Aldundira bidaltzea espedientea eta behin betiko onartzea eskatzea.

    6.- Altamira. Berriz urbanizatzeko proiektuaren behin betiko onarpena.

    Hirigintza Batzordeak egindako diktamena aurkeztu du alkateak. Hasierako onarpena 1995eko maiatzaren 24ean eman ziotela esan du 27. poligonoa berriz urbanizatzeko proiektuari, eta jendaurrean egon den bitartean inork ere ez duela alegaziorik egin. Horiek horrela direla, behin betiko onartzea eskatu du proiektua; edozein moduz ere, Arau Ordezkatzaileak behin betiko onartuz gero balioko duela esan du 27. poligonoko proiektua behin betiko onartzeak ere.

    J.M. Botori gauza alperra iruditzen zaio orain onartzea, Arau Ordezkatzaileak aldatzea behin betiko onartu arte itxoin gabe.

    M. Rekaldek, berriz, onarpena baldintzatua izateko biderik dagoen galdetu du. Idazkariak, baietz erantzun dio.

    Hala, eztabaida bukatu ondoren, Hirigintza Batzordeak proposatu eta zortzi boto alde direla: alkatea (Mikel Arrizabalaga), HBko zizegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Isabel Unzain Zapiain, Gemma Arrillaga Albisu, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); eta hiru astentzio: PSE-EEkoak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris) eta EAko zinegotzi bat (Mirari Rekalde González); bete behar den quoruma beteta, beti ere, ERABAKI hau hartu dute:

    BAT: Behin betiko onartzea Altamira (27. poligonoa) berriz urbanizatzeko proiektua. Balio, alabaina, 27. poligonoko Arau Ordezkatzaileak aldatzea behin betiko onartuz gero balioko du.

    7.- 1. Sektorea. Arau Ordezkatzailetako 1. Sektoreko Plan Partzialaren behin betiko onarpenean eskatutako dokumentazioari ongiemana ematea.

    Hirigintza Batzordeak irailaren 11n egindako diktamenaren berri eman du alkateak. Diktamena 1. Sektoreko Plan Partziala sustatzen ari direnek ekarritako dokumentuei buruzkoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Plan Partziala behin betiko onartzeko eskatu zizkien dokumentuei buruzkoa.

    Hala, Hirigintza Batzordeak proposatu eta bilkuran diren zinegotzi guztiak (11, hau da Udal Osoko Bilkura osatzen duten 13etatik) alde direla, ERABAKI hau hartu dute:

    BAT: Ongi emana ematea, teknikariaren informearekin bat eginda, 1. Sektoreko Plan Partziala sustatzen ari direnek ekarritako dokumentuei, Plan Partziala behin betiko onartzeko Foru Aldundiak eskatu zizkien dokumentuei.

    BI: Foru Aldundira bidaltzea dokumentazioa.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, buru eman dio bilkurari, 19:15etan. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta sedetsi egiten dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.

    Eguna