2007.eko Ekainaren 16ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko ekainaren 16an, larunbata, 11:00etan, kargua uztera doan Alkate-Lehendakariak egindako lehen deialdian, maiatzaren 27an izandako udal hauteskundeetan hautatuak gertatu ziren zinegotziak, eta hauek dira: Haritz Salaberria Goikoetxea, Irati Aranburu Salaberria, Jon Joseba Legorburu Arrastua, Silvia Folgueira Fernández, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegui Campano, Jaione Lecuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez da bilkurara azaldu Aroia Goienetxea Egibar, zinegotzi hautatua.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

Bilkura honen xedea Udalbatzaren eraketa da, ondorengo prozedura honen arabera:

1.- Adineko Mahaia eratzea.

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

4.- Alkatearen hautaketa.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

1.- Adineko Mahaia eratzea.

Idazkariak biltzarrari hasiera emanik, Adineko Mahaia eratu da, ekainaren 19ko Hauteskunde Erregimen Orokorraren 5/1985 Lege Organikoko 195.2 artikuluan eta, halaber, hau aldatzen duen martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoan aurreikusten den bezala. Adineko mahai hori eraturik geratu da, batetik Jesús María Martiarena Jaca da mahaia presiditzen duena, adinez nagusiena izaki, eta bestetik Roberto Sánchez Sánchez zinegotzia adinez gazteena.

 

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

Mahaiburuak dei egin die bilerara etorri diren zinegotzi hautatuei eta haiek aurkeztutako kredentzialak egiaztatu ditu.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

Aurreko egintza hori buruturik eta batzarraldi honetara hamahirutik hamabi zinegotzi hautatu etorri direla kontuan izanik, beraz, legezko gehiengo absolutua, Adineko Mahaiburuak zinegotziei karguaren jabetza eman die, aldez aurretik promesa jasorik legez ezarritako formulari jarraiki, Adineko mahaiko lehendakariak irakurri duelarik, eta horri zinegotzi bakoitzak promes egin diolarik.

Haritz Salaberriak Irati Aranbururi laga dio hitza eta, hark, EAE-ANVren izenean, ondorengo hau adierazi du:

"Euskal herriak ez du Konstituzio Espainola onartu, kontziente eta aktiboki uko egin baitzion.

Udalbatzar honetan, konstituzio horri zin egin edo onartzera behartuak izatea demokraziaren aurkako inposaketa da. Ez soilik gure etsipen pertsonalen aurka doalako, baizik gure herriaren gehiengoaren iritzia gaitzetsi eta bortxatzea inplikatzen duelako. Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzen ez dituen konstituzioarekiko edozein adierazpen errefusatzen dugu sendo eta tinko. Beraz formulismo hau "legezko inposaketagatik" betetzera mugatzen gara.

Udalean, herri honi zor gatzaizkiola jabeturik, gure ardura indar eta ilusioz eta leialtasunez beteko dugula agintzen diogu gure herriari, eta horrela diogu publikoki:

Zin dagigu inongo bereizketarik gabe, herritar guztientzat eta guztien parte hartzea bilatuaz arituko garela. Bazterketarik egin gabe, berdintasunean oinarrituko dugula gure lana.

Herriaren borondatea errespetatzeko asmo sendoz, gure nortasunaren eta Euskal Herriak nazio gisa eraikitzeko duen eskubidearen alde lan egiteko gure konpromezua adierazi nahi dugu eta borondate argia erakusten dugu prozesu demokratikoaren alde jarraitzeko.

Honela egun jasaten dugun apartheid politikoa gogor salatzen dugu. Eta zin egiten, hau, eta herri honek jasaten duen beste edozein erasoren aurrean irmo eutsiko dugula eta ausarki borrokatuko.

Zin honek Eusko Abertzale Ekintzako hautatuok, tinko eta etengabe, aipaturiko hauei leial aritzera behartzen gaitu."

EAE-ANV hautets zerrendako zortzi zinegotzi gaiek (Haritz Salaberria, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silvia Folgueira, Iñigo Esnaola, Mª Pilar Legorburu, Urko Lopetegi eta Jaione Lekuona) zin formula hori berea egin dute.

Kepa Garbizuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak legea betetzea agindu dute, baita Adineko Mahaiko lehendakari funtzioak betetzen ari den Jesus Mari Martiarenak. Roberto Sánchezek legezko inposaketagatik hitz eman du.

4.- Alkatearen hautaketa.

Adineko mahaiburuak, Jesus Mª Martiarena Jakak, bildutakoei adierazi die ezen, Hauteskunde Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. artikuluak xedatzen duen bezala, Udalbatzaren Erakuntzarako batzarraldi berean egin behar dela Alkatearen hautaketa.

Mahaiburuaren galderari erantzunez, Kepa Garbizu Azkuek, EAJ alderdiko zerrenda-buruak, eta Roberto Sánchezek, IU-Aralar elkarteko zerrenda-buruak, esan dute erretiratu egiten dutela alkatetzarako beren kandidatura. Ondorioz, batzarraldi honetan alkatetzarako hautagaiak Haritz Salaberria eta Mikel Antton Arrizabalaga dira.

Hautesleei paper zuri bana banatu zaie eta seinalatu zaie, paper horretan idatzi behar direla alkatetarako bozkatu nahi den zinegotziaren izena eta abizenak, eta paperak tolesturik entregatu.

Paper guztiak jaso ondoren botoen zenbaketa egin da, mahaiburuak ozenki irakurriz paper bakoitzean alkatetarako proposatutako zinegotziaren izena eta abizenak, eta hau izan da emaitza:

- Haritz Salaberria Goikoetxea 8 boto.

- Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín 1 boto.

- Zuriz bozkatuak 3 boto.

Bozketa horren emaitza ikusirik, Haritz Salaberria Goikoetxea zinegotzi hautagaia gertatu da alkate aldarrikatua, legezko gehiengo absolutua lortu duelako.

Jesus Mª Martiarenak, adineko mahaiburuak, alkate berriari laga dio lehendakaritza. Aurrez, zorionak eman dizkio hautatua gertatu delako eta betebehar berrietarako zoririk hoberena opa dio.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

Alkate hautaturik suertatu ondoren, Haritz Salaberria mintzatu da, kargua onartu du eta Lezoko herriari eskerrak eman dizkio azaldu duen konfiantzarengatik. Honela jardun du:

"Apaltasun osoz onartzen dut izendatua izan naizen kargua.

Bihotzez eskertu nahi diot Lezoko herriari udalbatza honetan jarri duen konfiantza eta zoriondu, beste behin ere, bere borondatea argi adierazteko ausardia erakutsi duelako.

Orain lau urte, herriaren borondate hori bahitua izan zen, nahi genuen aukera politikoaren alde egitea ere ukatu baitzitzaigun eta Udalean ezker abertzaleari zegokion lekua ukatu.

Leku hau aitortu ez zaion arren, udaleko ateak itxiak izan diren arren, herriak zioena udalera ekarriaz aritu dira, indarrik galdu gabe, gogor eta eskuzabal lanean, ukazio horri aurre eginaz.

Legealdi berri hau, udalbatza honen lehendakaritza dudanez, ateak zabalduaz hasi nahi nuke, gizon-emakume hauei dagokien aitortza eginaz.

Orain lau urte jasandako eskubide ukazioen, eta egun oraindik bizi ditugunen, salaketarekin bat eginaz.

Aitortza honen adierazle, hitza eman nahi diot Aitor Sarasola Salaberriari.

Aitor Sarasolak hartu du hitza. Une horretan bilkuratik alde egin dute Kepa Garbizuk eta Mikel Antton Arrizabalagak. Aitor Sarasolak Lezoko herriari zorionak eman dizkio eta gogoratu du beste hainbat herritan beste bat dela egoera, zinegotzi karguak ezin harturik, e.a.. Lezon azken lau urteetan bizi izandakoaren pare: herri ordezkaritza ukatua, legez kanporatua eta oztopatua. Egoera horren erantzule bakarra ez omen da Madril, bertako zinegotzi, alkate eta alderdiak arduradun egin ditu. Herri borondateari uko egin diotelako, demokrazia interes propioetarako erabili izan dutelako. Alkatearen agindu sinboloa den zumitz-uztaia eta arrano beltzaren ikurrina entregatu dizkio alkate hautatu berriari. Alkatearen agindu uztaia ez omen da udalean egon azken lau urteetan, herri borondatea kontuan hartzen ez duen agintariak ez duelako hura merezi. Orain berriz, itzuli egin omen da udalera, herri borondatearen ordezkari delako korporazio hautatu berria.

Ondoren Haritz Salaberria, alkate hautatu berriak, hitza hartu du eta honela esan du: "Hastera doan legealdian berriro ere udaleko ateak ireki ditugu, eta horrela ikusi nahi ditugu.

Kanpoan dagoenak beldurtzen ez gaituelako. Kanpoko erronkei aurre egin nahi diegulako eta zabal-zabalik utziko ditugu, guztiok dugulako tokia hemen, guztiona den etxean.

Ate horietatik aurrera begiratu nahi dugu, eta Lezo ikusten jarraitu. Gure seme-alabak oraindik bertan osasuntsu bizi diren herria eta bertan bizitzeaz harro egongo direna, nolako herria nahi duten garbi dutena eta Herri hori lortzeko lan egingo dutena.

Horretarako egingo dugu lan.

Herriko ateak zabalik nahi ditugu kanpotik datozkigunentzat eta baita kanpoan ditugun herritarrentzat ere, presoak eta deportatuak, itzulera egunaren zain baikaude.

Euskal Herriak merezi eta behar duen prozesu eta konponbide demokratikoaren alde urrats tinkoak emateko ere ateak zabalik nahi ditugu.

Udaletatik ere, norabide horretan konpromisoak hartu behar baititugu.

Hurrengo lau urteetan ate hauek berriro ere herritarrentzat itxi ez daitezen lanean aritzeko konpromisoa luzatzen diet udala osatzen dugun guztioi.

Gora Lezo eta gora Euskal Herria Askatuta."

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 11:15etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna