2009.eko Apirilaren 1ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko apirilak 1, asteazkena, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ohikoa egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez (bilkurako bigarren gaia hasi denean sartu da bilera gelan).

Ez dira bilerara etorri Irati Aranburu Salaberria, Silbia Folgueira Fernández eta Jesús María Martiarena Jaca.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak urjentziaz beste gai bat tratatzea proposatu die: gai zerrendako hirugarren gaiak suposatzen duen gastua egin ahal izateko aurrekontu aldaketa onartzearena hain zuzen. Oarsotek SLren akzioak erostea 482 euroko gastua suposatzen du, eta harentzat gastu partida sortzea da urjentziazko proposamena. Zinegotzi guztiek aho batez onartu dute proosamena eta beraz gai zerrendako 3. gaia izango da berri hau eta besteak atzeratu egingo dira, gai zerrendako 3. gaia bilkurako 4. izango da eta horrela.

1.- Egoki irudituz gero, 2009ko otsailaren 4ko ohiko bileraren akta eta martxoaren 4ko ezohikoaren akta onartzea.

 

Akta aho-batez onartu dira bi aktak. Otsailaren 4koa inongo zuzenketarik gabe. Aldiz, martxoaren 4ko aktan zuzenketa bat egin da Kepa Garbizu zinegotziak eskatuta: aktan SG4 sistema orokorra bezala deitu dena SG4´ deitu behar dela.

Roberto Sanchez orain etorri da bilkurara.

2.- 2009/2010 ikasturterako Tomas Garbizu Musika Eskolako tasak eta hobariak onartzeko diktamena (2009KO290001).

 

Jon Legorburuk azaldu du diktamena. Honela dio diktamenak:

 

Xanti Espina Anduezak, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendari gisa, 2009/2010 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko idazkia aurkezten du, aurreko ikasturteko tarifei %10ren gehikuntza aplikatuz.

Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2009/03/25ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren botoa alde dela eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Tasen aldaketa hastapenez onartzea Tomas Garbizu udalaren musika eskolarako, 2009/2010 ikasturterako, aurreko ikasturteko tarifei %10ren gehikuntza aplikatuz.

 

BI: Aplikatuko diren tarifak, hauek dira:

Musika Eskola 2009-2010

ASIGNATURA

Tasak

Lezokoa

Tasak

Kanpokoak

Tresna

Instrumento

275€

414€

Osagarri 1

Una complementaria

138€

207€

Musika eta Mugimendua + kantua

Música y Movimiento + canto

182€

270€

Tresna + Osagarri 1

Instrumento + 1 complementaria

343€

513€

Tresna + Osagarri 2

Instrumento + 2 complementaria

384€

578€

2 tresna

2 instrumentos

551€

827€

2 osagarri

2 complementarias

275€

414€

Grabazio Estudioa (Orduka)

Estudio de Grabación (Por hora)

44€

66€

2. Osagarritik aurrera bakoitzeko

A partir de la 2ª complementaria c.u.

36€

54€

HIRU: Hobariak, "Tomas Garbizu" Lezoko Udal Musika Eskolako matrikula tasen ordainketan.

Eskatzaileek aldez aurretik bete beharreko baldintzak:

  • Lezon erroldatuta egotea eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen.
  • Udal zerga eta prezio publiko guztiak ordaindurik edukitzea.

Matrikula tasen ordainketan hobaria honako hauek izango dute:

  • Aplikazio arauetan dagoen taulan ageri diren diru sarrerak gainditzen ez dituzten ikasleak. Hobaria: tasa horien %75.
  • Famili ugariak. Kide bakoitzaren hobari eskubidea: %25.

Aplikazio arauak:

  • Kideen zenbatekoa erabakitzeko Biztanleen Udal Erroldaren azken eguneratzean jasorik dagoen dokumentazioa hartuko da kontuan.
  • Tasen hobari eskabideak Musika Eskolako Bulegoan aurkeztuko dira matrikula egiterakoan eta dokumentazio hau bateratuko zaie:
  • - Bizikidetzaren Ziurtagiria
  • - "Sarrera ekonomikoengatik" eskatuz gero, Errentaren azken deklarazioaren kopia aurkeztu beharko dute edota Foru Diputazioaren ziurtagiria esanez ez dutela deklarazioa egiteko obligaziorik.
  • - Errenta Deklarazioa aurkeztean "GUZTIRA OSAGARRI POSITIBOAK" zehazpena begiratuko da.
  • - Obligaziorik ezaren ziurtagiria aurkeztuz gero, Deklarazio hori ez egiteko Foru Diputazioak gehieneko sarreratzat hartutako baremoak edukiko dira kontuan. Obligaziorik ezaren agiria bateratu (ogasuna) eta 10-T (enpresa) edo etekin gordinen ziurtagiria (Errotaburu). Tlf; 902-100040
  • - Famili ugarien kasuan, famili ugariaren liburua, eguneratuta.
  • o Hobari eskubidea duten pertsonei, matrikula ordaintzerakoan aplikatuko zaie hobaria.
  • o Hobariek metatze-izaerarik ez dutenez, onuradunak gehien interesatzen zaiona aukeratu ahal izango du.
  • o Hobaria ematea gertatzean, hori eskatu den ekitaldirako bakarrik izango da.
  • o Tasa-hobarietarikoren baten onura jasotzeko proposatzen diren baldintzak ikasle batek betetzen baditu, baina aurreko ikasturtean klaseetara asistentzia %85 baino gutxiagokoa izan badu, beste gabe automatikoki ukatu egingo zaio eskaera.

Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula.

Familiakiden kopurua

Sarrera ekonomikoak (€)

Hobariak

1

9.637

%75

2

15.722

%75

3

20.631

%75

4

24.466

%75

5

27.766

%75

6

30.957

%75

7

33.970

%75

 

LAU: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

Kepa Garbizuk dio ez dela eman inolako justifikaziorik %10eko igoera proposatzeko. Beste azterketarik egon ezean beraiek KPIaren erreferentzia hartuko dutela erreferente bezala. Horrela dio 2008ko otsailetik 2009ko otsailera bitarteko KPIa %1,2a izan dela. Azken bi urtetakoa gehituta %3,1ekoa, aldiz musika eskolako prezioetan gobernu taldeak onartu eta proposatutako igoerak, garai bererako %14koak. Iazko prezioei ezezkoa eman omen zien KPI baino bajuagoa zelako proposatutako igoera, eta aurtengoen kontra egingo omen dute KPIa baino altuago proposatzen delako. Berriro gogoratu du, KPIa izango dutela irizpide beste azterketa sakonik egiten ez den bitartean.

Mikel Antxon Arrizabalaga ados dago Garbizuk azaldutako irizpideekin eta gehiegi iruditu zaio %10a igotzea.

Roberto Sanchezi gehiegizkoa iruditzen zaio proposatutako igoera eta ados dago aurrekoak esan dutenarekin.

Jon Legorburuk datu batzuk eman ditu: ikasle kopurua, beste herrietako musika eskoletako prezioak garestiago direla, legealdi honetan eskolako gastua asko hasi dela. Eta gogoratu du famili ugariak eta diruz larri dabiltzanak prezioak ordaintzeko udal laguntzak izaten dituztela. Alkateak horri gehitu dio, igoera ondoren ez direla luxuzko prezioak.

Diktamena bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botoekin eta kontrako lauekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sanchez).

3.- Aurrekontuaren aldaketa. Transferentzia 30001/2009 (2009KO020001)

Alkateak bilkura hasieran esan bezala aurrekontu aldaketa proposatu du Oarsotek, S.L.eko partizipazioak erosi ahal izateko. Honela dio bere proposamenak:

2009eko aurrekontuko gastu-partida batzuen arteko kreditu-transferentzien bidezko Kreditu Aldaketarako espedientea, alkatearen D09/00225 dekretu bidez hasitakoa, osatzeko, honako erabaki hau hartzea proposatzen dio Alkate-Lehendakariak Osoko bilkurari:

2009eko aurrekontuko gastu-partida batzuen arteko kreditu-transferentzien bidezko Kreditu Aldaketarako espedientea, guztira 482 euroak onartzea. 1.01.227. 99.111.00 2009 Hainbat gastu partidatik 482 € gutxituz eta 1.01.852.01.111.00 2009 Oarsotek S.L. partida sortuz kopuru horrekin.

Aurrekontu aldaketa aho batez onartu da.

4.- Oarsotek, S.L. gizarteratze-enpresaren kapitalaren %51ko kapitalaren partizipazioaren jabe egitea onartzen duen D09/00208 alkatearen dekretuaren berrestea (2009AL040001).

 

Alkateak gaia azaldu eta D09/0208 alkatearen dekretua berreztea eskatu du. Dekretua aho-batez berrestu da hau da, bileran diren hamaika zinegotzien aldeko botoarekin. Honela dio gaur berrestutako dekretuak:

 

Lezoko Udalak 2005eko azaroaren 9an egindako osoko bilkuran onartu zuen Oarsotek, S.L. deritzan sozietate mugatua eratzea, Rubitek, S.A. eta Oarsoaldea, S.A. enpresekin batera, kapitalaren %35a hartuz.

Oarsoaldeako teknikariak egin berri duen txostenean, 2007ko abenduaren 14ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako gizarteratzeko enpresei buruzko estatuko legeari buruz ari da. Lege horren ondorioz gizarteratze-enpresen lege-esparru berrian erakunde sustatzaileek, kasu honetan Lezoko udalak, gutxienez kapitalaren %51 izan behar duela ondorioztatzen da.

Legera egokitzeko eta txosten horretan oinarriturik Oarsotek, S.L.ek 2009ko otsailaren 19an egindako junta orokorrean baimendu zitzaion enpresako kideetako bati, Rubitek, S.A.ri bere partizipioetatik 482 partizipazio Lezoko udalari saltzera 482 €tan.

Gaia presazkoa da eta datorren asteko osoko bilkuran berrestu beharraren baldintzapean honako erabaki hauek hartzen ditut:

BAT: Rubitek, S.A. enpresari erostea Oarsotek S.L. enpresan dituen laurehun eta laurogeita bi (482) partizipazio, euro bateko (1) baliokoak bakoitza, 1etik 482ra bitarteko zenbakiekin, biak barne, bere eskubide guztiekin eta kargarik gabe.

BI: Erosketa honen prezioa laurehun eta laurogeita bi eurotako da (482).

HIRU: Lezoko Udalaren izenean eskuhartzeko alkatea arituko da, akordio hau betetzeko, horretarako behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak izenpetuz.

LAU: Erabaki honen berrespenerako egingo den lehen plenoari aurkeztea.

BOST: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Alkatetzara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.

 

5.- Dekretu bidez onartutako aurrekontuaren aldaketen kontu ematea.

 

Alkateak azalpenak ematen hasi da deialdiarekin batera banatutako 2009KO030001, 2008KO010004, 2008KO010005, 2009KO090004, 2009KO090001, 2009KO090002 eta 2009KO090003 espediente bidez berak erabakitako aurrekontu aldaketei buruz, baina Kepa Garbizu kexatu da kontu ematen diren dekretu batzuk joan den urtekoak direla eta izan direla plenoak gaurkoa baino lehen haien berri emateko. Bestalde dio jasotako dokumentaziotik ez dagoela jakiterik zertaz ari garen, Haziendako batzorde guztietan izan dela eta ez dela hauen berri inoiz eman.

Horren aurrean alkateak dio gaurkoa kontu ematea dela eta hurrengo Hazienda Batzordean tratatuko direla sakonago.

 

6.- Alkatearen D09/00185. dekretuaren kontu ematea.

 

Alkateak azaldu du nola Irati Aranburu zinegotziak delegazioei eta dedikazio partzialari uko egin dion, uko eginez horrela 2007ko uztailaren 10ean osoko bilkurak hartutako erabakiari. Horregatik egin da D09/00185 dekretua eta haren kontu eman da. Honela dio dekretuak:

Irati Aranburu Salaberria, udal honetako zinegotziak, 2009ko martxoaren 3an aurkeztutako idatzian, udal honi jakinarazten dio idatzia erregistratutako hurrengo egunetik aurrera, uko egiten diola talde politikoaren bozeramatzailetzari, hala nola, indarrean dituen delegazio, eskuordetza eta Organo Kolegiatutako ordezkaritzei ere.

Horiek horrela, kontuan izanik, Udal Osoko Bilkurak 2007/07/10ean Irati Aranburu Salaberria zinegotziaren egun erdiko dedikazio partziala onartu zuela, eta kontuan izanik, hilabetea amaitu baino lehen, nomina gauzatzeko dedikazio honi buruzko erabakia hartu behar dela, alkatetza honek zera ERABAKI du:

BAT: Ontzat hartzea Irati Aranburu Salaberriak egindako eskaria, eta ondorioz, indarrean zuen egun erdiko dedikazio partziala bertan behera uztea 2009ko martxoaren 4a ezkero.

BI: Dekretu honen berri Udalbatzari ematea egingo den hurrengo bilkuran, eta baita interesatuei ere.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Alkatetzara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.

 

7.- Aberri Egunaren inguruan alkateak aurkeztutako mozioa.

 

Jaione Legorburu zinegotziak deialdiarekin batera alkateak banatutako mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

 

Aldaketa garaia, burujabetza garaia.

Euskal Herriak apirilaren 12an Aberri Eguna ospatuko du. 1931. urtetik aurrera, Euskal Herriaren eguna eta euskal herritar guztion eguna dugu. Urte asko igaro badira ere, 1931. urtetik gaur arte, baldintza politikoak ezberdinak izanda ere, Aberri Egunean milaka eta milaka euskal herritarrok kalera atera gara. Izan ere, aldarrikapen eguna dugulako.

Historikoki Udalek oso eginkizun garrantzitsua izan dute Euskal Herriaren aldeko aldarrikapenean. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan udalek Eusko Ikaskuntzarekin eta Aldundiekin batera Euskal Herria aitortzearen alde egin zuten. Hamarkada batzuk beranduago alkateen mugimenduak frankismoaren aurka borroka egin zuen. Halaber, Pirinioen beste aldean, nabarmentzekoa da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako udalek bultzada handia eman ziotela euskal departamentuari 1990eko hamarkadan. Bestalde, aurten 10 urte beteko dira, Bilboko Euskalduna Jauregian Udalbiltza Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra sortu zenetik.

Gure herriaren egoera ez dago inola ere normalizatuta oraindik. Estaturik gabeko nazioa gara, bere buruaren jabe ez den herria. Horregatik 2009. urtean Euskal Herriari dagozkion eskubideen defentsan hurrengo apirilaren 14an Aberri Eguna ospatuko dugu. Nazio bat garela ozen eta indartsu agertu nahi dugu.

Izan ere, burujabetzaren aldeko estrategia nazionala bultzatzeko eta konpromisoa aldarrikatzeko garaiak dira. Euskal Herriaren eskubideen eta burujabetzaren aldeko esparruan bultzada herritarra eta soziala ezinbestekoa baita.

Honela, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bidean urrats eraginkorrak eman daitezen, Aberri Egunean abertzaleen eta sektore ezberdinen arteko elkarlana sustatu nahian,Lezokoko udalak honako ebazpena egiten du:

  • Euskal herritarrei, eta bereziki Lezoko herritarrei, bai Euskal Herria eraikitzen, baita pairatzen dugun gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko ere, dinamiketan inplika daitezen deia egin nahi diegu.
  • Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei arduraz jabetzeko, eta alderdikeriak baztertu eta herri gisa, Euskal Herri osoari begira, jokatzeko deia egin nahi diegu.
  • Herri gisa zein euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituzten bi estatuei Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjektu gisa aitortu eta errespetatzeko deia egin nahi diegu.
  • Lezoko herritarrei Irun eta Hendaia artean ospatuko dugun Aberri Egunean parte har dezaten gonbitea egin nahi diegu.

Mozio honen bidez onartutakoa herritarrei zein komunikabideei jakinaraziko zaie.

Kepa Garbizuk testu bat irakurri du eta aktan jasotzea nahi du, ez du bozkatzeko aurkezten. Honela dio irakurritako testuak:

2009ko ABERRI EGUNEko UDALBILTZAREN ADIERAZPENA

1931.ena geroztik ospatzen dugu abertzale garenok Aberri Eguna. Urte guzti hauetan, denok dakizkigun gorabeherak bizi izan ditugu, baina, guztien gainetik, Aberri Eguna Euskaldunon Eguna izan da, gure Nazioaren aldarrikapenaren eguna, ospakizunetarako , bai, baina baita Euskal Herriaren eraikuntzarekin gure konpromezua biziberritu eta adierazteko balio diguna.

Udalbiltza Euskal Herriko udalerri eta udal-hautetsiek osatutako Nazio Erakundeak aurten beteko ditu hamar urte. Hamar urte hauetan agerian utzi du egitura politiko eta administratibo zatikatzaileen gainetik badagoela edozein euskal lurraldeetan berezko den erakunde bat, herrigintzan tradizio handikoa, politikoki eragilea eta sarean lana eginez mugak gainditzeko gai dena.

Udalbiltzaren hamar urtetako bideak oinarri tinkoak izan ditu:

  • - Euskal Herria nazio bat da, Kontzientzi Nazionalaren jabe den komunitate historiko, lingüistiko eta kulturala.
  • - Euskal Nazioa gure Herria osatzen duten zazpi Lurralde Historikoek osatzen dute, "gorputza" lurraldetasunak ematen dion bezala, Nazioaren "arima" bertan bizi garen herritar orok.
  • - Nazio bat garenez, gainontzeko nazioek duten neurri berdinean dagokigu, geuri ere, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea.
  • - Euskal Nazio Eraikuntza euskal-hiritar guztion borondate librearen gainean bakarrik gauzatu dezakegu.

Hori da, hain zuzen, aurtengo Aberri Egunerako deialdi honen bidez, berriz ere, ozen adierazi nahi duguna: euskal gizartearena aniztasuna aitortuz, giza-eskubide guztien defentsa sutsua eginez, benetako demokraziaren bideari jarraiki, Europako Herri zaharrenetarikoa garen neurrian, euskal herritar guztion artean Euskal Nazioaren Eraikuntzan etengabeko pausoak emateko eskubidea gurea dela.

Zoritxarrez, ez dugu, oraingoan ere, gure helburu politikoak gauzatu ahal izateko girorik aproposena bizi. ETAk oraindik ere entzungor egiten dio hainbeste aldiz Herri honek eskatutakoari. Bortxakeriaren eta jazarpenaren bidari ez dio, euskal gizarteak hainbeste aldiz exigitu arren, behingoz eta betirako uzten.

Herritarrek behin eta berriz ukatu dute ETAren zilegitasuna.

ETAk, inoiz bestelakorik uste izan badu ere, ez du inoiz "Herriaren" errealitatetik guztiz kanpo egotea da.

ETA da, eta armak uzten ez dituen bitartean izango da, euskaldunok elkarren artean adostasunetara iristeko dugun traba nagusia. Nazio Eraikuntza barrutik usteltzen duen harra. Gure Herriaren alde egiteko hain beharrezkoak ditugun indarrak ahultzen dituen gaitza. Sufrimendua besterik ekoizten ez duena.

Bestalde, Euskal Herrikoz azpi lurraldeetako hirutan izandako azken hauteskundeetan argi geratu da (lehenago Nafarroan ere agerian geratu zen bezala) "Estatu Estrategiak " agintzen duela, PSOEk eta PPek elkarrekin diseinatutako Alderdien Legea eta honen aplikazioan ezarritako debeku politikoak medio, euskal abertzaletasuna erakundeetako ordezkaritzatik desplazatu baitute, España osoan erabat ezinezkoa den hitzarmen politiko bati Euskal Erkidegoan forma emanez.

Euskadiko Estatutu Berriari ezetza eman zioten beraiek itxi zioten atea euskal gizartea kontsultatzeko bideari. Euskal hiritargoaren zati baten ordezkapen politikoa baliogabetu duten berberak dira egoera horretatik, aurretiaz ondo kalkulatua zuten etekina atera dutenak. Azken finean, abertzaleon gehiengoaren balizko "frentismoa" itxuraz arbuiatzen zutenek dira, berriz ere, beti izan diren bezala, euskal abertzaleon aurka elkar-hartzeko inolako eragozpenik ez dutenak. Españako ezker-eskubiak gauza bakarra dute amankomunean: euskal abertzaletasuna oldartzea.

Horregatik, aurten, Udalbiltzako Udal Hautetsiok inoiz baino ozenago deiadar egingo dugu Jata mendiaren gailurrean: "EUSKAL HERRIA DELA GURE NAZIOA ETA EUSKADI GURE ABERRIA"

Deiadarrak merezi duen ohiartzuna izan dezan Lezoko Udalbatzak herritarrei bertaratzeko gonbita egiten die, Euskal Herriko lurralde guztietako ikurren itzalpean, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako ordezkari eta udal-hautetsiekin batera Euskadiko ikurrina altxatuz, apirilaren 11an, goizeko 11etan, Bakio, Lemoiz, Maruri-Jatabe eta Mungia inguruan dagoen Jata mendian Udalbiltzaren Aberri Eguneko ospakizunekin bat egin dezaten.

Gora Euskal Herria!

GORA EUSKADI ASKATUTA!!!

Mikel Antxon Arrizabalagak dio aldaketa garaia dela eta benetako aldaketa bakea lortzea dela, bortizkeria alboratuz eta utziz.

Alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botoekin eta lau abstentzioekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sanchez).

 

8.- Eguzki Talde Ekologistak aurkeztutako Garoñako Zentral Nuklearra ixtearen aldeko mozioa.

 

Urko Lopetegik irakurri du mozioa. Honela dio mozioak:

Garoñako Zentral Nuklearra ixtearen aldeko mozioa

 

Aurrekariak

  1. 1970. urtean hasi zuen bere jarduera Garoñako zentral nuklearrak Tobalinako Ibarrean (Burgos, Espainia), 2009ko uztailaren behin behineko ustiapen-baimena bukatzen zaiolarik. 25 urtetako bizitza erabilgarria zuelarik, gaur egun 39 urte daramazki zaharkitutako zentral nuklear honek. Nuclenor enpresa (Iberdrola+Endesa) bere jabea izanik, Ebro ibaiaren ur-bazterretan kokatuta dago gune nuklear hau, Euskal Herritik 6km-etara, eta Bilbo Handitik 54 km-etara.

Zentral atomiko honek 29 urteetan zehar ehundaka geldialdi eta matxura ezagutu ditu. Jarduera handiko hondakin nuklearren piszinaren saturazio-maila %84,20ra iritsi da dagoeneko, hondakin erradiaktibo likidoak Ebro ibaira isurtzen dituelarik.

  1. 1984ko urtarrilaren 12an Lezoko Udalbatzak Euskadiko Ezkerra alderdiak aurkeztutako mozioaren inguruan besteak beste hurrengo erabakiak hartu zituen zinegotzien gehiengoaz:
    • Lezoko Udalerri "Inguru ez-nuklearra" izendatzea.
    • Lezoko Udalerri honetarako sarrera-errepide guztietan "Eremu Ez-nuklearra"ren seinale normalizatuak jartzea.
    • Uranio prospekzio eta erauzketa jardueren debekua.
    • Edonolako erreaktore nuklearrik instalatzeko lizentzia emateko debekua.
    • Edozein garraio erradiaktibo bertatik igarotzeko edo bertan gelditzko debekua.
    • Hondakin nuklearrak biltegiratzeko eta isurtzeko debekua.
    1. 1990ko urtarrilaren 8an Lezoko Udalbatzak Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak aurkeztutzko mozioaren inguruan besteak beste hurrengo erabakia hartu zuen HB, EE eta Earen aldeko bozkekin:
    • Santa María de Garoñako zentral nuklearra berehala itxia izatea.
    • Energia nuklearrak dauzkan arrisku larriez ohar daitezen, hiritar guztiei dei egitea, eta halaber banaka edo taldeka eta tinkoki zentral nuklearren itxiera eta alternatiba ez-nuklearra behin betiko geratzea eta berehalako suntsipena eskatzea.
    • Lemoizko zentral nuklearra behin betiko geratzea eta berehalako suntsipena eskatzea.
    1. Indarrean dagoen sistema sozio-ekonomiko honen jarduera ez-iraunkorrak eragiten ari diren klima aldaketaran harira, industria eta lobby nuklearrek bultzatu dute hainbat kanpaina berriro ere zentral nuklearrak zabal daitezen munduan. Hau gertatzen da Europako nazio ugarietako Gobernuek eta Legebiltzarrek energia nuklearra bertan behera uzteko erabaki sendoak hartzen ari direneaen.
    1. Batez ere, Hiroshima eta Nagasaki (Japonia), Harrisbourg (Estatu Batuak) eta Chernovyl-eko (Ukrania) eraso eta istripu nuklearrek erakutsi zioten munduari arrisku atomikoen larritasuna. Baina, atzean zerrenda luzea etorri zen, azkenekoa Kataluniako Vandellós-ekoa izanik 2008an.
    1. Jatorria nuklearreko energiaren gezurraren adibidea da ondokoa: Nafarroan kontsumitzen den energia elektrikoaren %65a energia-iturri berriztagarrien bidez sortu da bertan 2008an, eguzki eta haizearen bidez.
    1. Energia nuklearrak inoiz ez du izan ez funtsarik ez etorkizunik: Abengoa energia enpresa Sanlúcar de Barrameda herrian (Cádiz, Espainia), 300 MWetako eguzki-lantegi fotoboltaikoa eraikitzen ari da, 2006an itxi zen Zoritako zentral nuklearrean (Guadalajara, Espainia) instalatutako energiaren bikoitza, hain zuzen.
    1. Europako Batzordearen politika energetikoaren hainbat oinarri hurrengoak dira:
    • 2020. urterako energiaren kontusmoa %20an gutxitzea (efizientzia energetikoa handitzea %20ean)
    • 2020rako kontsumitzen den elektrizitatea %20 energia berriztagarrien bidez sortzea.
    • 2020. urterako ibilgailuetan erabiltzen diren erregaien %10 bioerregaiak izatea.
    1. 2008ko Estatu espainiarrerko hauteskunde orokorretan gobernuan dagoen PSOEk bere lerro programatikoetan energia nuklearra bertan behera utziko zueneko konpromezua harut zuen, lehen belaunaldiko zentral nuklearrak itxiko zituelarik eta populazioaren seguritatea eta energia berriztagarriak bultzatuko zituelarik.

    Eskaera

    Ondorioz, Eguzki Talde Ekologistak eskatzen dio Lezoko Udalari 2009ko martxoko Udalbatzan hurrengo erabakia har dezala:

    • 1. Lezoko Udalak Garoñako zentral nuklearra 2009. urtean ixtearen aldeko erabakia onartzea.
    • 2. Energia nuklearrak dauzkan arrisku larriez ohar daitezen, hiritar guztiei dei egitea, eta halaber banaka edo taldeka eta tinkoki zentral nuklearren itxiera eta hornikuntza energetiko ez-nuklearrak eta berriztagarrien alde egitera.
    • 3. Lezoko Udalerriko sarrera-errepide guztietan "Inguru ez-nuklearra"ren seinale normalizatuak jartzea 2009an.
    • 4. Udalak kontsumitzen duen energiaren erabileran efizientziaren maila %20 igotzea 2020 urterako, bai garraioan eta eraikinetan, bai elektrizitatean eta gas naturalean, behar diren udal planak 2010ean onartuz eta gero aurrekontuak urtez urte abiatuz.
    • 5. Energia berriztagarrien gaian, 2020. urterako %20ko ezarpena lortzeko udal helburu estrategikoa barneratzea, behar diren udal planak 2010ean onartuz eta gero aurrekontuak urtez urte abiatuz.
    • 6. Udalak bere herritarrei energia kontsumoa gutxitzeko eta era zuhur batetan erabiltzeko gomendioa egitea, eta horren inguruko kanpaina publikoa 2009. urtean gauzatzea.
    • 7. Euskal Herriko ahozko eta idatzizko komunikabideei zein herriko biztanlegoari zein Eusko Jaurlaritzari eta Estatu Espainiarreko Gobernuari erabaki honen berri ematea eta zabaltzea.

     

    Alkateak dio bat egingo dutela mozioarekin.

    Roberto Sanchezek dio energia nuklearraren ezaugarri teknikoaren informazio asko falta duela eta horregatik bere opinioa ez dela objetiboa.

    Mikel Antxon Arrizabalagak dio mozioa intentzio onen adierazpena dela inork nahi ez duen baina beharrezkoa den energia mota bati buruz. Adibidez Gipuzkoak ez omen du energia alternatibarik. Udalak hartzen dituen konpromisoei buruz dio nahiko eskasak direla eta gutxi zehaztutakoak.

    Kepa Garbizuk dio mozioaren izenburuarekin ados badaude ere, falta botatzen dutela udalak bere konpromisoak gauzatzeko erabiliko duen plana eta asmo horietan udalaren esku ez dagoela guztia dio Garbizuk.

    Mozioa bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botoekin eta lau abstentzioekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sanchez).

     

    9.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

    Alkateak Tokiko Gobernu Batzarraren osaketa berriaren eta alkate ordeen zerrenda berriaren dekretuaren berri eman du (D09/00223). Baita ere informatu du bi delegazio indargabetu egin direla, Hazienda eta Hirigintza eta Ingurumen gaietarako emandakoak, D09/00224 dekretu bidez.

    Baita ere informatu du Roberto Sanchezek martxoaren 13an aurkeztutako idatzi bidez, Ezker Batua-Berdeak talde politikoa utzi duela berri ematen duena. Hau dela eta jendartetik hitza eskatu dute, eta alkateak aurrez baimenduta, Ezker Batua talde politikoaren izenean aritu da. Honela dioen idatzia irakurri du:

    EZKER BATUA-BERDEAKen Presidentetzaren Ebazpena, Udal eta Foru Hauteskundetan gure alderdiak lortutako ordezkaritzaren alde eta kargu publikoen usurpazioaren kontra.

    1.- EZKER BATUA-BERDEAKek uste du proiektu politikoak direla, eta ez pertsonak, ordezkaritza instituzionalaren oinarria, proiektu politiko horiek baitira hauteskundeetan aurkezten direnak eta hautagaitzak hezurmamitzen dituztenak. EZKER BATUA-BERDEAKen Estatutuen arabera, gure zerrendetan parte hartu duten kargu publikoek leialtasuna eta konpromisoa zor diote alderdiari, eta leialtasun horren berme gisa, karguek EZKER BATUA-BERDEAKen organoen esanetara egon behar dute.

    Horiek horrela, 2007an, EZKER BATUA-BERDEAKek bere hautagaitzak aurkeztu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta foru erakundeetarako, bakarka edo koalizioan lekuen arabera, baina, nolanahi ere, EZKER BATUA-BERDEAKen organoak izan ziren programak, koalizio akordioak (halakorik balitz) eta hauteskunde zerrendak osatuko zituzten pertsonak onartu zituztenak.

    2.- EZKER BATUA-BERDEAKek, orain arte esandakoarekin bat etorriz, hauxe EXIJITZEN du: EZKER BATUA-BERDEAKen bidez hautatuak izan ondoren alderdia utzi nahi duten pertsonek kargu publikoari berehala uko egiteko. Horrela, gure proiektu politikoa ordezkatzeko moduan dagoen beste pertsona batek beteko luke kargu publiko hori.

    Horren harira, eta termino juridikoetan kargu publikoaren titulartasuna indibiduala dela argudia dezaketenei gogorarazi behar diegu ez dela gauza bera legalitate formala eta legitimitate politikoa; eta argi dagoela politikoki legez kontrakoa dela herritarren borondatez proiektu bati dagokion ordezkaritza usurpatzea, jada proiektu horren partaide izateari utzi zaionean.

    3.- Kargu politikoa EZKER BATUA-BERDEAKi berehala itzultzen ez bazaio, gure alderdiak eskura dituen bitarteko demokratiko guztiak erabiliko ditu proiektu politiko horrekin zerikusirik ez duten pertsonek ordezkaritza instituzionala ez usurpatzeko.

    Bereziki, EZKER BATUA-BERDEAKek erakundean ordezkaritza duten gainerako indar politikoei eskatuko die alderdiz aldatzen direnentzat aurreikusitako neurriak martxan jartzeko, hala nola udalbatzaren alderdi politikoei dagozkien baliabide ekonomiko eta materialak kentzea.

    4.- Azkenik, ordezkaritza usurpatuz gero, eta hori konpondu bitartean, EZKER BATUA-BERDEAKek ez du herritarrekiko inolako erantzukizunik izango kargu publikoa legez kontra betetzen duen pertsonaren jarrera politiko edo jokaera instituzionalari dagokionez. Era berean, egoera horrek irauten duen bitartean, EZKER BATUA-BERDEAKek formula eta bide alternatiboak bilatuko ditu bere eginkizun politikoak betetzeko eta botoa eman diguten pertsonak eta herritarrak oro har ordezkatzeko.

    Jendartetik ere beste pertsona batek hitz egin du Ezker Batuko sektore kritikoaren izenean. Bere esanetan taldearen zuzendaritza izan da alderdi kideak engainatu dituena erakundeetan egin izan dituen paktuekin. Adibide bezala Gipuzkoako Aldundian sinatutakoa entregatu dute. Horren aurrean zuzendaritzaren hautsi eta karguak laga gabe aurrera egitea erabaki omen dute, bat eginez Roberto Sanchezen jarrerarekin.

    Jendartetik Aralar taldearen izenean mintzatu dira. Ez zaie iruditzen Ezker Batuko barnean diren arazoak bilkura honetara ekarri behar direnik. Eta hitz eman du Aralarrek jarraituko duela herriak dituen arazoei aurre egiten.

    Roberto Sanchez ados dago azken honekin eta beste alditan esan duen bezala, osoko bilkura eta zinegotziak Lezoren gaietarako dira. Ezker Batuko zuzendaritzak inor baino hobeto omen daki zergatik alde egin duten alderditik. Eta ez dagoela gaiari gehiago gehitu beharrik.

     

    10.- Galde-eskeak.

    Alkateak dio arrazoi duela Mikel Antxon Arrizabalagak atzo, martxoaren 31an erregistratutako 1162 idatzian egindako eskaeran. Hau da, 107 Poligonoko udal lursail bat saltzeko deitutako lehiaketa osoko bilkurari zegokiola onartzea eta ez Tokiko Gobernu Batzarrari. Udal teknikariak ez zirela ohartu dio alkateak eta hori zuzentzeko datozen egunetan osoko bilkura deituko duela esan du, lehen bait lehen jendaurrean dagoen gaia zuzentzeko.

    Kepa Garbizu, berak egindako galderak erantzuten ez dituztelako, kexatu egin da batzuk urtebete baino gehiago erantzunaren zain daudelako.

    Baita ere galdetu du Silvia Folgueira zinegotzi izaten jarraitzen duen eta alkateak esan dio baietz, berak gaur informatu duela martxoaren 3ko delegazioari egindako errenuntziaren eraginaren inguruan.

    Baita ere galdetu du ea nola dagoen 2008ko ekitaldi ekonomikoaren likidazioa. Alkateak dio gaur martxoaren 30 bitarteko dekretuak komentatu dituela. Likidazioa bukatzear dagoela eta martxoaren 31ko datarekin onartuko omen da.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:45etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 761.046etik 761.058ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


    Eguna