2002.eko Ekainaren 21ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko ekainaren 21ean, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH) eta Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE) eta Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA).

Ez dira bertan Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), eta Gurutze Sein Cordero (EA), lehenengo biak ezin etorri izana azaldu dute aurrez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Diktamena: 1 eta 3 sektoreko Hiri Antolaketa Arauen aldaketa dokumentuari behin behineko onarpena emateko, egindako alegazioei erantzun eta hitzarmen urbanistikoa onartuz.

Alkateak Hirigintza Batzordeak 2002ko ekainaren 18an onartutako diktamena aurkeztu dio osoko bilkurari.

Diktamenak honela dio:

"Diktamena, 1 eta 3 Sektoreko Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa dokumentuari behin behineko onarpena emateko, egindako alegazioei erantzun eta hitzarmen urbanistikoa onartuz.

Lezoko Osoko Bilkurak 2002ko martxoaren 22an egindako osoko bilkuran hasierako onarpena eman zion aipatu Arauen aldaketa dokumentuari.

Dokumentua jendaurrean egon den epean bi alegazio aurkeztu dira: Jose Antonio Oiartzabal Lekuonak eta Xabier Dorronsoro Zabaletak aurkeztutakoak. Hauei buruz txosten teknikoa egin da eta bertan dioenez alegazioetan aipatutakoak ezin dira gaur erantzun ezta ere aintzat hartu, aldaketa hau onartuko balitz idatzi beharreko Plan Partzialak eta Hiritartze Proiektuak argitu beharko baitituzte azpiegituretan dauden arazoak. Xabier Dorronsorok erabakiaren egokieraz egiten dituen azalpenak 1998ko hirigintza diagnostikoak erantzundakoak direla uste da.

Alegazioak erantzuteaz gain, Arau Aldaketa honek eragina duen lur esparruko jabe batekin hitzarmen urbanistikoa onartzea proposatzen da. Bi erabaki horiek dira proposatzen den behin behineko onarpenaren baldintza.

Horregatik guztiagatik Hirigintza Batzordeak haren onarpena proposatu dio udalaren osoko bilkurari alkatearen aldeko botoarekin eta EAJ, EA eta PSEko ordezkarien abstentzioarekin.

Ondorioz, erabaki hauek proposatzen zaizkio osoko bilkurari:

BAT: Ez onartzea 1 eta 3 Sektoreko Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa dokumentuari hasierako onarpenaren ondoren aurkeztutako alegazioak (Jose Antonio Oiartzabal Lekuonak eta Xabier Dorronsoro Zabaletak aurkeztutakoak) erabaki honen azalpenean aipatu arrazoiengatik, txosten teknikoaren araberakoak.

BI: Arau Aldaketa eremuan lur jabetza duen Construcciones Mitxelena y Lekuona, S.A. sinatzea proposatzen den hitzarmen urbanistikoa onartzea, alkateari hura gauzatzeko behar diren dokumentuak sinatzeko ahalmena emanaz.

HIRU: 1 eta 3 Sektoreko Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa dokumentuari behin betiko onarpena ematea, baldin eta aurreko erabakian aipatu hitzarmena sinatzen bada.

LAU: Aurreko erabakiak gauzatzen direnean dokumentua Gipuzkoako Aldundiko Hirigintza Departamentura igortzea behin betiko onarpena eman diezaioten".

Alkateak argitu du, dokumentuaren behin-betiko onarpena ez dela aurkeztu nahi, baizik eta behin-behinekoa. Babespen ofizialeko etxebizitzak eraikitzean eta 1. Sektorea desblokeatzean justifikatu du dokumentua. Sektore horretarako eta 1997an onartutako Diagnosi Urbanistikoaren dokumentuan gomendatzen zen bezala, jarduera sistema konpentsaziotik kooperaziora aldatuz. 3. Sektorerako udalak lurra bereganatzea proposatzen da 1 Sektoreko jabetzakoekin trukatuz, eta udalerri honentzat hain beharrezkoak diren etxebizitza publikoen promozioa egin ahal izateko.

Iñake Urrestarazuk galdetu du ea dokumentu horren ondorioz paralizaturik geratzen den 1 Sektorean Aralar kalearen ondoren alokatzeko etxebizitzak eraikitzeko asmoa.

Alkateak esan du, operazio hori agian planteatu ahal izango dela 1 sektoreko ekipamendu lurzoruan. Nahiz eta juridikoki arazo eztabaidatua izan, planeamenduak ekipamendutarako xedatzen duen lurzoruan etxebizitza zerbitzu publikoa eskaintzea proposatuko litzateke, ekipamendutarako lurzoruak bete beharreko premiak jadanik beteta baitaude.

Mikel Antxon Arrizabalagak protesta egin du udalbatzaren deialdi honen presarengatik, gai hain sakonekin, hirigintzako batzorde informatiboan aztertu eta biharamunean. Zehazki proposamenari dagokionez esan du, BO etxebizitzak egitearekin bat datorrela, baina bere talde politikoari ez zaio leku egokia iruditzen. Lezoko etxebizitza publikoen jarduerak toki altuetan egitea kritikatu du, horrek bere baitan baitarama haietara heltzeko zailtasuna, eta Andeetako urbanismotzat kalifikatu du. Haren iritzirako, itsumustuko urbanismoa egiten ari dira, planeamendu orokorraren berrikuntza etengabe gerotik gerora luzatuz. Proposaturiko dokumentuari dagokionez zalantzak ditu lurren trukaketa oinarritzen duen balorazioaren txosten teknikoaren egiazkotasuneri buruz. Haren iritziz, proposaturiko trukeak eta hitzarmenak txosten juridikoa exijitzen zuten eta horren faltak deuseztagarri bihurtzen du akordioa. Ez du uste udal ekipamendu sozialak sektore horren behe-oinean kokatzea erabaki zuhurra denik, aipaturiko bertaratze-zailtasun arazoengatik.

Alkateak esan du, planeamenduaren berrikuntza orokorra Diputazioak bideen azpiegitura handien trazatua erabaki zain dagoela, horiek eragin erabakigarria baitute udalerriarentzat (N-1, Errenteriako saihesbidearen 2. Fasea,?) . Etxebizitza publikoen kokaguneari dagokionez, errazegitzat eta errespetu gutxikotzat kalifikatzen du Lezon B.O.-eko etxebizitzak bigarren mailako tokitan kokatzen direla esatea. Eta eskatu dio ezen, Lezoko hirigune-bilbea eta lurzoru erabilgarria ikusirik, proposamen zehatz bat egin dezala molde horretako etxebizitzen kokaguneari buruz.

Pello Garbizuk uste du, arau subsidiarioen berrikuntza atzeratzeko emandako argudioa aitzakia bat dela. Iruditzen zaio hirigintzak udalerria baino handiagoko lurralde esparru handiagoa hartzen duela eta norberarena defendatzeko modurik hoberena udal ikuspegitik norberak egindako dokumentu bat edukitzea litzatekeela.

Iñake Urrestarazuk esan du ezen, arauen berrikuntza gerorako utzita badago, haren idazketa arautzen duen kontratua alda dadila.

Bai alkateak baita Imanol Esnaolak ere Pello Garbizuri gaitzetsi egin diote bere sentsibilitate falta Diputazioaren erabakiek Lezorentzat jadanik suposatu dituzten eta etorkizunean suposa ditzaketen ondorioen aurrez aurre. Horren ildotik kritikatu egin dute diputazioak gai hori hain geldiro eramatea. Egoera horren aurrean alkateak aldaketa puntualak defendatu ditu. Uste du ezen, udalaren aldetik modu horretan jokatu izanak ez duela inolako kalterik ekarri Lezoko herriarentzat.

Luze eztabaidatu da Diputazioak beste zenbait arazo erabaki aurrez planifikatzearen egokitasunaz.

Alkateak aurkeztutako diktamenari buruz bozketa eginik eta gogoan izanik behin-behineko onarpena dela eta ez behin-betikoa testuak zioen bezala, onartu egin da diktamena aldeko zazpi botoz alkateak eta Batasunako beste zinegotziek emanak, eta hiru abstentziorekin EAJ, EA eta PSE alderdietako zinegotzienak.

2.- Diktamena: Oiartzunen eta Lezoko 9 SO-an, Lanbarren parke logistikora sarbidea, 79. Eremuaren eraginpeko ondasun eta eskubideen desjabetze espedienteari hasiera ematea onartzeko.

Alkateak udalbatzari proposatu dio hirigintza batzordearen 2002-06-18ko diktamena onartzea.

Diktamenak honela dio:

"Lezoko 9. sistema orokorra burutzeko proiektua eta lurren desajabetzapena irekitzeko erabakia eta Lanbarren parke logistikoa s.a. onuradun izendatzeko eskaera.

Lezoko 9. sistema orokorrak Oiartzungo Arau Subsidiarioetako Lanbarren poligono industrialera (78 eremua) sartzeko bidegurutzearen ?79. eremua- antolaketan parte hartzen duenez, berau gauzatzea behar beharrezkoa gertatzen dela jakinarazi du Lanbarren Parke Logistikoa S.A.k., Oiartzungo Udalak, Foru Aldundiak eta Sprilur S.A.k osaturiko kudeaketa-urbanistikorako erakundea.

Kontuan izanik Lezoko 9. sistema orokorrari dagokion Hiri Antolaketa Arauen Aldaketarako 2001eko urriaren 30ean harturiko Diputatuen Kontseiluaren akordioan 9. gune honen finantzaketa Oiartzungo 78. ?Lanbarren- Areari karga bezala ezarri zitzaiola.

Oiartzungo Udalak Lanbarren urbanizatzeko lanak "Lanbarren Parke Logistikoa S.A."ren esku uztea erabaki zuela kontuan izanik eta 2002ko ekainaren 4an N-1 errepidea eta Lanbarrengo Poligono arteko loturaren proiektua, Lezoko 9. sistema orokorra eta Oiartzungo 79. eremuari dagokiena, onartzea eta proiektuak hartzen dituen lurren interes publikoaren eta ezinbesteko okupazioaren aitorpena egitea erabaki zuela ikusirik.

Ikusirik Lanbarren Parke Logistikoa S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2002ko ekainaren 4an honako dokumentuak onartzea erabaki zuela: Oiartzungo 79 eremuko eta Lezoko 9. sistema orokorreko lurren desjabetzapena justifikatzeko txostena, okupatu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda eta desjabetzapenaren onuradun berau izendatzeko arrazoiak azalduz txostena.

Ogasun, Kontu Berezien eta Beste Gaien Batzordeak, gai honen inguruan, luzaturiko diktamenaren arabera, Udalbatzari ondorengo erabakia hartzea proposatzen zaio:

BAT: Errepidea eta Lanbarrengo Poligono arteko loturaren proiektua, Lezoko 9. sistema orokorra dagokienean, onartzea urbanizazio proiektu honek hartzen dituen lurrak okupatzeko premiazko egoera justifikatzeko Memoria -Lanbarren Parke Logistikoa S.A.k aurkezturikoa- onartzea eta hartzen dituen lurren interes publikoaren eta ezinbesteko okupazioaren aitorpena egitea desjabetzapenaren ondorioetarako.

BI: Kontuan izanik proiektua Lanbarren Parke Logistikoa S.A. kudeaketa urbanistikorako erakunde publikoak gauzatuko duela, Nahitaezko Desjabetzapenaren Legearen 2. artikulua eta Nahitaezko Desjabetzapenaren Erregelamenduaren 5. artikuluak jasotako aurreikuspenarekin, desjabetzapenaren onuradura Lanbarren Parke Logistikoa S.A. izendatzea, ekainaren 26ko 1/1992 Errege Dekretu Legegilearen 214 artikuluak emandako oinarriarekin.

HIRU: Aipatu proiektuak hartzen dituen ondasun eta eskubideekiko desjabetzapen-espedientea hastea, jabe eta ondasunen zerrenda lehenengoz eta behin onartzen direlarik, Lanbarren Parke Logistikoa S.A.k aurkeztutakoaren arabera (I. Eranskina).

LAU: Proiektua eta nahitaez hartu beharreko lursailen planoa barnesartzen duen espedientea jendaurrera ateratzea, hilabeteko epeaz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta ohiturazko egunkarietan iragarkiak argitaratuz eta doakienei jakinerazpenak igorriz, jabeek eta gainontzeko interesdunek euren eskubideentzako komenigarri izan daitezkeen alegazioak egin ditzaten, hala nola, jabe-izen edo hartzen den ondasunaren deskribapenari buruzko zuzenketak egin ditzaten.

BOST: Adierazitako epean erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da ondasunen zerrenda hau.

ERANSKINA

9. Sistema Orokorreko urbanizazioa burutzeko desjabetzapenak hartzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda

LEZOKO UDALERRIA

Partzela z. 23.2.-

Jabea.- Gipuzkoako Foru Aldundia.

Helbidea.- Gipuzkoa Plaza 1.

DONOSTIA 20004

Azalera.- 4.645,59 m²

Mugak : I.- Vicente Zaragüeta Laffitten eta Renferen lurrak.

H.- Pedro Echeverria Echaveren lurrak.

E.- Gipuzkoako Foru Aldundia.

M.- Lanbarren Parke Logistikoa S.A.-ren lurrak

Izaera.- .lurzoru ez-urbanizagarria

Datu katastralak.- ez dauka.

Partzela z. 47.-

Jabea.- Pedro Echeverria Echave.

Helbidea .- Sierra de Aralar 3, 2. ezk.

DONOSTIA 20014

Azalera .- 1.572,82 m²

Mugak .- I.- Gipuzkoako Foru Aldundia

H.- Jatorria duen finka.

E.-. Jatorria duen finka.

M.- Lanbarren Parke Logistikoa S.A.-ren lurrak

Izaera.- Lurzoru ez-urbanizagarria.

Datu katastralak .- 2. Polígonoa, 217. Partzela.

Partzela z. 48.2.-

Jabea .- RENFE

Helbidea .- Plaza de España 2 ?4

BILBO 48008

Azalera .- 44,47 m²

Mugak .- I. eta E.- Renfe-ren jabari publikoa.

H.- Gipuzkoako Foru Aldundia.

M.- Vicente Zaragüeta Laffitten lurrak.

Izaera.- Lurzoru ez-urbanizagarria.

Datu katastralak.- 2. Pol., 143. partzela.

Partzela z. 49.-

Jabea.- Vicente Zaragüeta Laffitte.

Helbidea .- Prim kalea, 23 ? 2.

DONOSTIA 20006

Azalera .- 933,97 m²

Mugak .- I.- Jatorria duen finka.

H .- Gipuzkoako Foru Aldundia.

E .- Renfe.-ren lurrak

M.- Gipuzkoako Foru Aldundia.

Izaera.- Lurzoru ez-urbanizagarria.

Datu katastralak.- 2. Pol., 144. partzela "

Diktamena onartu egin da aldeko bederatzi botoz, alkateak, Batasunako sei zinegotzik, EAJko batek eta EAko batek emanak, eta PSEko Mikel Antxon Arraizabalagaren abstentzioarekin.

3.- Diktamena: Itturrin (108) poligonoko fitxa urbanistikoa onartzeko, Lanbarren Parke Logistikoari dagokionez Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualerako espedientearen barruan.

Alkateak proposatu du Hirigintza Batzordearen 2002-06-18ko diktamena onartzea.

Diktamenak honela dio:

"Diktamena, Itturrin (108) poligonoko fitxa urabanistikoa onartzeko, Lezoko N-I errepideko sistema orokorrak hartzen dituen Lanbarrengo lotuneari eta industrialdeetarako sarbide berriei (GI-2638 errepidearekin lotura) dagokien Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa barruan.

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2001eko urriaren 30eko bileran, Lezoko N-I Errepideko Sistema Orokorrak hartzen dituen Lanbarrengo lotuneari eta industrialdeetarako sarbide berriei (GI-2638 errepidearekin lotura) dagokien Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa, behin betiko onartzea erabaki zuen. (GAO 2001-11-28)

Aipatu erabakian ondorengoa ezarri zen: "Bigarrena: 108. Poligonoari buruzko zuzendutako fitxa aurkeztu behar du Lezoko Udalak hilabeteko epean." 2002ko apirilaren 4ean bidali zen zuzendutako fitxa, baina Aldundiko Hirigintza Departamentuko teknikoek diotenez fitxaren dibujoetan 10. Sistema Orokorraren balizko trazatuaren afekzio markatu beharra dago.

Arau Aldaketa idatzi zuten egile berak egin dute zuzenketa hori eta Hirigintza batzordeak haren onarpena proposatu dio udalaren osoko bilkurari alkatearen aldeko botoekin eta EAJ, EA eta PSEko ordezkarien abstentzioarekin.

Ondorioz, erabaki hauek proposatzen zaizkio osoko bilkurari:

BAT: Onartzea 108. Poligonoko fitxa urbanistiko berria, Lezoko N-I errepideko sistema orokorrak hartzen dituen Lanbarrengo lotuneari eta industrialdeetarako sarbide berriei (GI-2638 errepidearekin lotura) dagokien Hiri Antolaketako Arauen Aldaketaren ondorioz aldatu beharrekoa.

BI: Gipuzkoako Aldundiko Hirigintza Departamentura igortzea aipatu Arau Aldaketaren behin betiko onarpen baldintza betetzat eman dezan".

Diktamena onartu egin da aldeko bederatzi botoz, alkateak, Batasunako sei zinegotzik, EAJko batek eta EAko batek emanak, eta PSEko Mikel Antxon Arraizabalagaren abstentzioarekin.

4.- Diktamena: Lezo eta Errenteriaren arteko eremuen bereizketa. Espedienteari hasiera eman, batzordea osatu eta partaideak izendatzeko proposamena.

Alkateak udalbatzari proposatu dio hirigintza batzordearen 2002-06-18ko diktamena onartzea.

Diktamenak honela dio:

"Diktamena, Lezo eta Errenteriaren arteko eremuen bereizketa. Espedienteari hasiera eman, batzordea osatu eta partaideak izendatzeko proposamena.

2002ko maiatzaren 10ean egindako osoko bilkurak Errenteriako Udalaren Plan Orokorreko Abantzea jendaurrean zegoela eta, Errenteria eta Lezoko udal planeamenduak osagarriak eta bateragarriak izan daitezen, bi udalerrien arteko mugak aztertuko dituen udalen arteko batzorde baten eraketa onartu eta horrela proposatu zion Errenteriako Udalari.

Errenteriako udalbatzak, maiatzaren 28ko bileran Lezoko eskaerari erantzunez, muga bereizketarako espedienteari hasiera ematea erabaki zuen osatu beharreko batzordekideak izendatuz.

Ondorioz, alkateak batzorde horretan eta espedientean Lezoko udala ordezkatuko duen partaideak izendatzea proposatu du. Lezoko partaideak hauek lirateke: alkatea bera, udal idazkaria, udal arkitekto aholkularia eta hirigintza batzordeko partaide bat.

Hirigintza batzordeak proposamen hori onartzea proposatu dio udalaren osoko bilkurari alkatearen eta PSEko ordezkariaren aldeko botoekin eta EAJ eta EA ordezkarien abstentzioarekin.

Ondorioz, erabaki hauek proposatzen zaizkio osoko bilkurari:

BAT: Lezo eta Errenteriako udalerrien muga bereizketa egiteko batzorderako ondoko udal partaideak izendatzea: Alkatea eta Hirigintza Batzordekide den zinegotzi bat, udaleko idazkaria eta udal arkitekto aholkularia.

BI: Erabaki hau jakinaraztea Errenteriako udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari".

Alkateak dio bi zinegotzi izan behar direla Lezoko udalerria batzordean ordezkatu behar dutenak, beraz, batzordea osatzeko Mikel Mitxelena Iza zerbitzuetako eta barne erregimeneko zinegotziaren izendapen proposamena egin du.

Pello Garbizuren ustez irizpena motz gelditzen da. Honek dio oposizioko zinegotziek ez dutela inolako zozketarik egingo erakunde arteko batzorde honetan parte hartuko duen hirigintza batzordeko zinegotzia hautatzeko. Ez dago ados udal arkitekto aholkulariaren aldeko proposamenarekin. Bere ustez, udal langileen artean bada tekniko egokiagoa, kontuan hartuz antzeko gaietan duen eskarmentua. Udal aparejadoreaz ari da. Honengatik guztiagatik, batzordean parte hartzeko gonbitea ez dutela onartzen diote.

Alkateak erantzun dio berak ez duela inolako irizpiderik erabakitzeko hirigintza batzordeko zein zinegotzik joan behar duen oposizioaren ordezkari gisa. Bestalde, proposatutako teknikaria egokia dela ez du zalantzan jartzen, bera baita azken bederatzi urtetan udal planeamenduari buruz arduratzen ari dena, eta hau Errenteriako udalerriarekin mugen inguruko gaiak aztertzeko orduan funtsezkoa da.

Pello Garbizuk nahiz Iñake Urrestarazuk adierazi dute ez dutela inolako borondaterik aipatutako batzordean parte hartzeko.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez datorrela bat alkatearen proposamenarekin.

Bozketa egin da eta, alkateak proposatutako zuzenketarekin, irizpena onetsi egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearena eta Batasunako gainerako zinegotziena), bi abstentziorekin (PSEko eta EAko zinegotziena) eta Pello Garbizu Azkue EAJko zinegotziaren kontrako botoarekin.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:00 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.376.etik 310.384.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna