2003.eko Abenduaren 3ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko abenduaren 3an, 8:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Ocerin Ibañez (EA taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea) Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Isabel Lopez Aulestia (IU-EB taldea) eta Maria Luz Anglada Gonzalez (PP taldea) .

Ez da bilkurara etorri: Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea),

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

Alkateak bilera hastearekin batera gai zerrendari mozio berri bat gehitzea proposatu dio osoko bilkurari. Zinegotzi guztiei banatu dien mozioan, Lezoko Etxeratek abenduaren 28rako antolatuko duen manifestazioari udalaren atxikimendua eskatzen da. Alkateak dio hau dela urteko azken ohiko bilkura eta, urjentziaz, gaia gaurko bilkuran eztabaidatzearen alde azaldu da. Urjentziak aldeko zortzi boto izan ditu (alkatea eta EAJ/PNV, EA eta IU-EB taldeetako zinegotzienak) eta bi boto aurka (PSE eta PP taldeetako zinegotzienak). Ondorioz behar den gehiengoaren aldeko botoekin onartu da gaia gaurko bilkuran eztabaidatzea.

Alkateak dio mozioa aztertuko dela lehenik, bilkura aretoan dagoen jendearen erosotasunerako, eta deialdiko beste gaien tratamendua atzeratu egingo dela horregatik.

1.- Mozioa, Lezoko Etxeratek abenduaren 28rako antolatuko duen manifestazioari atxikimendu mozioa.

Mozioak honela dio hitzez hitz:

? Mendekua eta gorrotoa lege bilakatu dutenean....

euskal presoak euskal herrira.?

2003.urtea bukatzear eta 2004. hastear dagoen honetan, gabonak atarian ditugu. Baina gabon hauetan ere Lezoar hainbat familiak, hara nola, Javirenak, Imanolenak, Xabierrenak, Juanitorenak eta Lorentxorenak ez dugu senide guztiak biltzeko aukerarik izango, ez da, ez dugulako elkarrekin egon nahi, Estatu espainolak zein Frantsesak gure senideak sakabanaturik dituztelako baizik.

Lezoko Etxerat elkartetik beste behin ere, presoengan eta, bide-batez, senideengan ematen ari den eskubide urraketa salatu beharrean aurkitzen gara. Espainiar eta Frantziar gobernuek, kartzela politika diskriminatzailea ezartzen diete preso politikoei, une bakoitzeko irizpide politikoen arabera. Ez dugu ahaztu behar, gobernu hauek presoen gaian, haiek ezarritako legeak ez dituztela betetzen. Lege urraketa hau dela eta Euskal Herrian gehiengo zabalak, azken urteetan zehar, modu desberdinetan, hots, Gasteizko Legebiltzarrean, hainbat eta hainbat udaletan, baita Lezokoan ere, sindikalgintzan, mota guztietako elkarteengandik ere, presoei ezarritako zigorra Euskal Herrian betetzeko duten eskubidea dion legea bete dadin eskatu da.

Gu geu, senideok ere, egoera honen biktima gara. Gure etxekoei berotasun pixka bat emateko, honek dakarren arrisku eta kostu ekonomiko galantarekin, milaka eta milaka kilometro egitera behartuak aurkitzen gara.

Mendekua eta gorrotoa lege bilakatu duten honetan, sekula baino zure/zuen beharra handiagoa dugulako, Lezoko Etxeratekook, zuek ordezkatzen duzuen elkarte zein alderdi politikori zera eskatzen dizuegu:

- Abenduaren 28an eguerdiko 12,30etan, ?Eta gure eskubideak zer?? lemapean, Lezon antolatu dugun manifestazio isilari zuen atxikimendua ematea.

- Aipaturiko manifestazioan parte hartzea.

- Zuek parte zareten taldekoei, manifestazioaren berri eman eta parte hartzera bultzatzea.

Besterik gabe, zuen atxikimendu eta parte hartzea izango dugulakoan.?

Jende artean diren Lezoko Etxerateko zenbait kide presoek eta haien senitartekoek duten egoeraz mintzatu dira: dispertsioa, osasun arazoak, bisitak, bidaiak, ikasketak, ... .

Isabel Lopez zinegotziak dio, bai berak bai bere taldeak sinatu dezaketen mozioa dela aurkeztutakoa. Hala ere dio ezin dela ahaztu egoera hori ez dela kasuala eta beste egoera batzuekin zer ikusia duela. Bizitza eskubidearen urraketari eta kalean libre ibiltzeko eskubidea ukatzeari aipamenik gabeko mozioak presoen eskubideak defendatu baino haien eskubideen erabilera interesatua dirudiela dio. Horrela mozioan ETAri biolentzia uztea eskatzen lerro berria gehituko balitzaio mozioa sinatu eta manifestazioan ere izango litzatekeela dio.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio bat egiten duela Isabel Lopezek esandakoarekin eta gehitzen du ETAk hildakoek ez dutela osasun, bisita eta ikasketa arazorik.

Jende artetik mozioari buruzko Lezoren Alde Plataformaren adierazpen idatzia irakurri dute.

Besterik gabe mozioaren bozketa egin da eta mozioa onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta EAJ/PNV eta EA taldeetako zinegotzienak), aurkako bi (PSE eta PP taldeetako zinegotzienak) eta abstentzio bat (IU-EB taldeko zinegotziarena).

2.- Egoki irudituz gero, ondorengo osoko bilkura hauetako aktak onartzea: ekainaren 14koa, uztailaren 8koa, uztailaren 14koa eta urriaren 1ekoa.

Urriaren 1ean egindako osoko bilkuran mahai gainean gelditu ziren lau bilkuratako aktak (ekainaren 14koa, uztailaren 8koa, uztailaren 14koa eta uztailaren 30ekoa), ?legezko ordezkaritzarik gabe Udalbatzaren Bilkura Aretoko aulkietan eseri ziren pertsonen izenak jaso ez direlako?. Zuzenketa horiek egin asmoz lau akta horietatik hiru aurkeztu dira gaurko bilkurara.

Ekainaren 14ko aktari alkateak ondoko zuzenketa hau proposatu dio: euskarazko aktan lehen orriko 19. lerroko ( erdarazkoan 20. lerroko) esaldia osatu. Orain dio: ?... Lezoren Alde Plataformako kideek okupatuak daude. ...? Eta esan behar du ? ... Lezoren Alde Plataformako kideek okupatuak daude: Aitor Sarasola, Mikel Mitxelena, Juli del Sol, Ima Muñoz eta Iker Salaberria. ....?

Zuzenketa horrekin akta onartu da aldeko hamar botorekin (alkatea, EAJ/PNV, EA, IU-EB eta PP taldeetako zinegotzienak) eta aurkako boto bat (PSE taldeko zinegotziarena).

Uztailaren 8ko aktari alkateak zuzenketa hau egitea proposatu du: euskarazko aktaren lehen orrialdeko 12. lerroan (erdarazkoan 14. lerroan) hau esan ordez: ?... , Lezoren Alde Plataformako lau kideei eskatu die...? hau esatea ?... , Lezoren Alde Plataformako lau kideei (Mikel Mitxelena, Juli del Sol, Ima Muñoz eta Iker Salaberria) eskatu die ...?.

Zuzenketa horrekin akta onartu da aldeko hamar botorekin (alkatea, EAJ/PNV, EA, IU-EB eta PP taldeetako zinegotzienak) eta aurkako boto bat (PSE taldeko zinegotziarena).

Uztailaren 14ko aktari alkateak zuzenketa hau egitea proposatu du: euskarazko aktaren lehen orrialdeko 12. lerroan (erdarazkoan 13. lerroan) hau esan ordez: ?... , Lezoren Alde Plataformako hiru kideei eskatu die...? hau esatea ?... , Lezoren Alde Plataformako hiru kideei (Aitor Sarasola, Juli del Sol eta Ima Muñoz ) eskatu die ...?.

Zuzenketa horrekin akta onartu da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, EAJ/PNV, EA eta PP taldeetako zinegotzienak), aurkako boto bat (PSE taldeko zinegotziarena) eta abstentzio bat (IU-EB taldeko zinegotziarena) ez baitzen bilkuran izan.

Urriaren 1eko aktari alkateak zuzenketa hau egitea proposatu du: euskarazko aktaren 310688 orrialdeko azken-aurreko lerroa (erdarazko aktan 310701 orriaren bukaera aldera) beste modu batean idaztea proposatu du, hau da, hau esan ordez ? 500 euro hilean alkatearen delegazio bakoitzeko, 321 euro hilean, talde politiko bakoitzeko, 129 euro hilean, zinegotzi bakoitzeko?, honela jasotzea ? alkatearen delegatu bakoitzeko 500 euro hilean, talde politiko bakoitzeko 321 euro hilean gehi 129 euro hileko taldea osatzen duten kontzejal bakoitzeko?.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio alkatearen proposamena ez dela zuzenketa hutsa, akordioa aldatzeko proposamena baizik. Ogasun batzordeak landutako proposamena eta espedientea begiratzea eskatu du, ea han jasotakoarekin bat datorren alkateak proposatutakoa. Aldaketa balitz erabaki proposamena behar bezala aurkeztea eskatu dio alkateari eta ez erabiltzea akta zuzenketa tramitea akordioa aldatzeko.

Eskaera hori dela medio, osoko bilkurak aho-batez erabaki du akta mahai gainean uztea espedientea begiratu ahal izateko.

3.- Proposamena: 3. Sektoreko Plan Partzialaren Aldaketaren behin betiko onarpen erabakiaren baldintzak betetzea onartzea.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, Jesus Mari Martiarenak, ondoko erabaki proposamena aurkeztu dio osoko bilkurari.

?Gipuzkoako Foru Aldundiak 2003ko Irailaren 30eko batzarraldian, Lezoko udalak izapideturiko S-3 Alorreko Planaren Aldaketa behin betikoz onartzea erabaki zuen.

Onarpen hura, hala ere, baldintzatua izan zen, hain zuzen ere ondorengo akats hau zuzendu behar zen :

?1 eta 3 alorrei dagokien Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa? dokumentuaren behin betiko onarpen erabakian adierazitako baldintzaren arabera, espazio irekien sistema orokorraren kalifikazioarekin Jaizkibel mendian dauden terrenoak (980 m²) ez daude 3. Alorraren barruan (7.652 m²) eta, beraz, kendu egin behar dira, 3. Alorreko arautegi taulatik eta 2, 3 eta 12 planoetatik, terreno horiek 3. Alorrean daudela esaten duten aipamenak.

Aldaketa horiek jasotzen dituen dokumentua plenoak onartu behar duenez

PROPOSAMENA:

1.- S-3 Alorreko Planaren aipatu akatsak zuzentzea eta zuzenketa horiekin onartzea

2.- Zuzendutako dokumentazioa igortzea Gipuzkoako Foru Aldundiari.?

Ahobatez onartu du proposamena osoko bilkurak.

4.- Diktamena: UAD 7 Unitateko Zehaztapen Azterlanaren onarpenari jarritako errekurtsoa ez onartzea.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, Jesus Mari Martiarenak, Hirigintza Batzordeko diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

? Lezoko Udalak 2003ko uztailaren 30ean UAD.7 unitateko zehaztapen azterlanari behin betiko onarpena eman zion. Abuztuaren 26an aipatu akordioaren iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako aldizkari ofizialean. Hilabeteko epearen barruan Iñaki Zipitriak birjarpen helegitea aurkezten du UAD.7 zehaztapen azterlanaren behin betiko onarpenaren aurka.

Hirigintzako Batzordeak aho batez DIKTAMINATZEN DU:

Haren eskakizuna zehazki ondorengo hau da, alegia ez dadila bera bizi den etxetik, Donibane kaleko 12tik, 5 metrotara beste etxebizitzarik eraiki, hori arrazoitzeko azken aldian Lezon eraiki diren etxebizitza berrien distantzia jartzen du adibidetzat (Bikario-enea).

Lurzoru legearen testu bateratuaren 14., artikuluak eta Hirigintza planeamenduko erregelamenduaren 65 eta 66 artikuluek agindutakoaren arabera zehaztapen azterlanek, besteak beste, arau subsidiarioetan ezarritako lerrokadurak osatu edo berregokitu ditzakete, azken dokumentu hauek jasotako baldintzetan.

1987ko maiatzaren 27an onartu ziren behin betikoz Lezoko Arau Subsidiarioak, dokumentu horretan jada jasotzen da UAD.7 unitatea eta bertan Donibane kaleko 12 zenbakitik 5 metrora eraiki daitekeela ere argi uzten da. Beraz distantzia honetara eraikitzeko aukera 1987tik existitzen da.

Bestalde 2003ko urtarrilaren 28an Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onarpena eman zion, besteak beste, UAD.7 unitatean egindako arau subsidiarioen aldaketa bati. Aldaketa horretan aipatu 5 metroko distantzia hori mantendu egiten da nahiz eta Iñaki Zipitriak alegazioak egin zituen arau subsidiarioen aldaketa hau egiteko eman zen prozeduran.

Onartu berri den UDA.7ko zehaztapen azterlanak ezartzen duen lerrokadura arau subsidiarioetan ezarritakoarekin bat dator eta, beraz, ezin da inondik ere aurkezturiko helegitea onartu, dokumentu horrek arau subsidiarioek UAD.7 unitaterako onartzen dutena betetzen baitu.

Iñaki Zipitriak 5 metrotako distantzia horri egoki ez bazeritzon arau subsidiarioen behin betiko onarpenaren aurka jo beharko zukeen, Lezoko Udalak alegazioak ez baitzizkion onartu. Orain, ordea, horretarako ere beranduegi dela ere esan beharra dago, esan bezala arau subsidiarioen aldaketa 2003ko urtarrilean onartu baitzen eta helegiteko gehienez 2 hilabeteko epea izaten baita.

Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

Jakinarazten dizugun berraztertzeko errekurtsoari buruz espresuki emandako ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakezu EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, administrazioarekiko auziak arautzen dituen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46.4 artikuluan ezarritakoaren arabera eta zure eskubideak babesteko egoki irizten dituzun egintza edo errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe.?

Osoko bilkurak diktamena onartu du aldeko bederatzi botorekin (alkatea, EAJ taldeko zinegotziak, EA taldekoak, IU taldekoa eta PP taldekoa) eta abstentzio bat (PSE taldekoarena).

5.- Diktamena: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren alde trafiko-zigorren eskumena eskualdatzeari buruzkoa.

Alkateak Barne Batzordeak diktaminatutako erabaki proposamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

Martxoaren 2ko 339/1990 Errege Legegintza-Dekretua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onartzen duenaren 68.2. artikuluarekin bat etorriz, eta Tokiko Araubidea Arautzeko 771985 Oinarrizko Legearen 47.3 artikuluarekin bat etorriz, eta kontuan harturik udal zerbitzuen eskasia dela eta, trafikoari buruzko zigortzeko eskumena Udalak ezin duela behar bezala bete, trafikoari buruzko zigortzeko eskumenaren eskualdaketa egin nahi da.

Proposamena, Pertsonal eta Barne Batzordean aztertua izan da eta Kepa Garbizu (alkatea), Jesus Mª Martiarena (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA) eta Mari Luz Angladaren (PP) botoa alde dela diktaminatu egin da, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren alde trafikoari buruzko zigortzeko eskumenaren eskualdaketa egitea. Eskumen eskualdaketak jarraituko du orain dugun bitarteko eskasiak irauten duen bitartean.

BI: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eskumena onartuko balu, Lezoko Udaleko Motordun Ibilgailuen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna arautzen duen Udal Ordenantza indarrik gabe geldituko litzateke.

HIRU: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari akordioaren edukia jakinaraztea dagozkion ondorioetarako.

Osoko bilkurak ahobatez onartu du diktamena.

6.- Proposamena: Bozeramaile-Batzordearen eraketa eta antolaketari buruzkoa.

Alkateak bozeramile batzordea eratzeko proposamena egin dio osoko bilkurari. Hau da proposamena hitzez hitz:

? Udal talde politikoen artean informazio eta elkar hizketarako bide bat izan nahi duen Bozeramaile Batzordea eratzeko proposamena egiten dizuet. Nire irudikoz batzorde horrek funtsezko garrantzia du, politika eta administrazio mailako informazio eta eztabaidan ez ezik, udalerriarentzako eta udal jarduerarako garrantzirik handiena duten gaietan partehartzeko.

Hona hemen nire proposamena,

Izena: Bozeramaile Batzordea.

Funtzioak :

Udal gestioko organoen osagarri gisa eratzen da organo hau, baina horien ordezko izan gabe.

Udaleko talde politikoen artean informazio eta elkar hizketarako bide bat izatea du eginkizun.

Organo horrek komunikatu komunak egin ahal izango ditu eta Plenoari proposamenak egin ahal izango dizkio.

Osaketa:

Batzorde hau Alkateak, beronen lehendakari izango denak, eta udaleko Talde Politikoetako bozeramaileek osatuko dute.

Bozeramaileek ezingo balute bilkurara etorri, bere talde politikoko kideren batek ordezkatu ahal izango du.

Idazkaria: jardunbide administratiboa egiten denetan, Bozeramaile Batzordeak erabaki proposamena edota irizpena eman ahal izango die organo erabakitzaileei. Horrelakoetan bakarrik hartuko du parte pertsona batek Idazkari lanak egiteko. Udaleko idazkari orokorra joango da bilera horietara edo bestela berak delegatzen duen funtzionarioa, eta egindako bileraren akta egingo du eta emandako diktamenak jaso.

Funtzionamendua:

Bilera deialdiak: Bozeramaile Batzorderako deia edozein unetan egin ahal izango du Alkate-Lehendakariak. Bere kabuz edo/eta bi udal talde politikok eskatzen duenean.

Deialdiak nola: Bozeramaile Batzordea administrazio mailan arituko denean bakarrik egingo da bilkurarako deia idatziz.

Quorumak: Aipatutako batzorde hori ontzat emateko kide guztien erdia eta bat gehiagok parte hartu behar dute eta, era berean, udalbatzaren gehiengo absolutua ordezkatu.

Bozketak: Bozeramaile Batzordearen irizpenak, botoen gehiengoz emango dira eta talde politiko bakoitzak udalbatzarrean duen ordezkari zenbatekoaren arabera ponderatuko dira.?

Alkateak proposamenarekin batera 2003-07-08ko Osoko Bilkuran eratutako talde politikoak, talde kideak eta bozeramailea jasotzen duen taula bidali dizkie zinegotzi guztiei.

Osoko bilkurak ahobatez onartu du proposamena.

7.- Proposamena: Pasaiako eta Oiartzungo udalekin egingo den mugaketa-batzorderako udal teknikaria izendatzea.

Alkateak urriaren 1ean hartutako erabakiak osatzea eskatu dio osoko bilkurari. Hau da proposamena:

? Joan den urriaren 1ean egindako osoko bilkuran Lezo eta Pasaia eta Oiartzun udalerrien arteko mugaketa espedienteei hasiera eman zitzaien eta mugaketa horietaz arduratuko den Batzordean partaide izango diren Lezoko Udalaren ordezkariak izendatu ziren.

Ez zen zehaztu ordea nor izango den udal teknikaria. Hutsune hori osatzea eskatzen diot osoko bilkurari ondorengo erabaki proposamenarekin.

ERABAKI PROPOSAMENA

BAT: Pasaia eta Oiartzungo udalerriekin mugaketa batzordeetarako udal teknikari gisa Joseba Eizagirre Manzisidor izendatzea.

BI: Erabaki honen berri ematea interesatuari, beste udalerriei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.?

Osoko bilkurak ahobatez onartu du proposamena.

8.- Alkatearen Dekretuak berrestea.

Alkateak dio ez dagoela osoko bilkurak berrestu behar duen erabakirik. Dena den bi konturen berri eman nahi duela. Bat, Correos-ek uda alderako prestatuko duela bulegoa Lezon, aurreko korporazioak hasitako tramiteak eta Guillermo de Lazon kalean utzitako lokala azaroaren 14an hartu ondoren.

Eta bi, Euskara eta Kultura udal zerbitzuak kokatzeko Donibane kalean lokal bat eskuratzeko erosteko aukera kontratua sinatu duela lokalaren jabeekin.

9.- Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Aitor Ocerinek, Ingurugiro gaietarako zinegotzi delegatuak San Markos Mankomunitateko bileren berri eman du: 2004ko aurrekontuak onartu dituztela eta zabor errauste berriaren kokapenerako Urnieta herria hautatu dela.

Zinegotzi berak Añarbeko Uren erabakien berri eman du: datorren urteko aurrekontu eta tasak onartu direla esan du.

Aitor Mimendiak, udalak Behemendin duen ordezkariak, dio Behemendik ere onartu dituela datorren urteko aurrekontuak eta haien inguruko xehetasunak eman ditu: bide garbiketagatik Lezok ordaindu beharreko kuota, martxan jarriko diren bi zerbitzuen berri ere eman du: landa berriak egiteko makina eta arbolen azpiak eta tratamenduak egiteko zerbitzua.

Jesus Mari Martiarenak, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, dio datorren astean hasiko dela Construcciones Sukia Auñamendi inguruan babes ofizialeko 56 etxebizitza eraikitzen. Etxe horien zozketa arautuko duen plegu berria laster jarriko dela denon ezagutzan.

Iñake Urrestarazuk, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak dio Euskal Fondoko asanblada egin zela urriaren 3an: azken lau urteko balantzea onartu omen zen eta kontseilu berria izendatu omen zen (orain artekoek jarraituko dutela esan zuen). Dena den kontseiluaren bilerak irekiak omen dira joan nahi duenarentzat. Azaroan egindako bileran Guatemalan izan diren hauteskundeen jarraipenaren berri eman omen zen eta abenduan Oarsoaldea S.A.koekin batera Kubara egingo den bidaia aurkeztu omen zen.

Alkateak dio azaroaren 12an Oarsoaldea, S.A.ko kontseiluaren bilera izan zela. Bertan besteak beste, Inkolanen aurkezpena egin zen, Oarsoaldeako euskara batzordearen estruktura, funtzionamendua eta organigraman duen kokapena azaldu ziren, SPRI-Lurri Lintzirin gaineko terrenoak utzi omen zitzaizkion, Izartu programaren diru eta gastuen ajustea egin, komertzioa sustatzeko teknikoaren gastuak banatu eta 2004ko gestio plana eta aurrekontuaren abantzea aurkeztu omen zen.

10.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu dio Ingurugiroko zinegotzi delegatuari, errauskailu berria Urnietan kokatzearen erabakia aldatu dela azaldu dela egunkarietan eta, ea hori horrela den.

Aitor Ocerinek dio Urnietan konkatzearen erabakia ez dela aldatu eta horren inguruan txosten batzuk eskatu direla.

Isabel Lopez Aulestiak dio ea San Markos Mankomunitateak aurrera jarraitu behar al duen errauskailuekin hiritarren iritzien kontra.

Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea Txingudiko errauskailu proiektuak zer eragin duen Lezon.

2.- Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea Portuaren inguruan berririk baden, eta ea jaso den udalean kanpoko portuaren aurreproiekturik.

Portuko Kontseiluan udalaren ordezkaria den Jesus Mari Martiarenak dio abenduaren 18an dagoela kontseilua eta besterik ez dagoela.

3.- Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea nola dagoen 0-3 urte bitarteko eskolen gaia.

Alkateak dio abenduaren 9an Bilbon Eudelek bilera egingo duela Hezkuntzak proposatutako akordioaren inguruan.

4.- Bilkura aretoan den jende artetik baserri bide baten inguruko azken egunetako gorabeherei buruz galdetu dute eta alkateak dio atzo baserritarrekin bildu zela eta denbora baterako lortutako akordioaren berri eman ziela.

Jendartetik ere Aitor Sarasolak bide horren inguruan, eta Algeposa tartean dagoenez, gardentasuna eskatu du udal erabakietan eta batzorde bat eratzea auzi horretarako, baserritarrak bertan direlarik. Baita ere Auñamendin egingo diren etxebizitzen zozketari buruz aritu da eta euskara kultura zerbitzuentzako lokala erostearen asmoez, bere desadostasuna azalduz.

5.- Mikel Antxon Arrizabalagak Hirigintza zinegotziari batzordea deitzeko eskatu dio: Auñamendin eraikiko diren etxebizitzen proiektua azaltzeko eta zozketarako plegua aztertzeko eta diktaminatzeko.

6.- Maria Luz Anglada kexatu da jendartetik hitza hartu duen pertsonetako bat ez datorrela hiritar normal bat gisa ilegalizatuta dagoen alderdi bat ordezkatzen baino. Osoko bilkuretan gaur bezala jarraituz gero bere egunean alkateari egindako erregua indarrean jartzea eskatuko omen du.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 10:10 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310. .etik 310. .era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna