2015eko urriak 26 (Ezohikoa eta Presazkoa)

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2015eko urriaren 26an, 21:05ean, eratu da OSOKO UDALBATZA EZOHIKOA ETA PRESAZKOA egiteko xedez, alkateak berak ahoz egin duen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arbera Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Garazi Kuesta Unzain, Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Halaber, bileran egon da Pedro Etxarri Ollokiegi kontuhartzailea.

Alkateak proposatu du ezohiko eta presazko udalbatza bat egitea. Bertan, herritarren sinadurekin irailaren 17an aurkeztutako mozioa tratatuko da. Alkateak dio deskuido batengatik ez zuela sartu gaurko deitu duen ezohiko bilkurako deialdian sartu eta herritarrak aretoan egonik eta gaiaren epeak amaitzear egonik aparteko eta presazko bilera hau egitea proposatu die osoko bilkura osatzen duten zinegotzi guztiei. Zinegotzi guztiek ahobatez onartu dute ezohiko eta presazko osoko bilkura egitea orain bertan egitea.

1.- Donostialdea-Bidasoa Beheko eremu funtzionalaren Lurraldearen Zatikako Planari buruzko mozioa.

Herritar batek irakurri du irailaren 17an udalean erregistratuko mozioa. Honela dio:

“Donostialdea-Bidasoa Beheko eremu funtzionalaren lurraldearen zatiko planak (LZP) orokorki gure bailaran eta zehazki Lezoko herrian dituen eraginengatik kezkatuta gauden Lezoarrok, zera adierazi nahi dugu:

Donostialdea-Bidasoa Beheko LZP Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan osatu den plan bat da, inguruko udalen eta are gutxiago bertako herritarren iritziak kontuan hartu gabe egina, nahiz eta memorian (DOC. A 1.88) aipatzen den. LZPren tramitazio prozesua herritarren parte-hartzearekin eta eragile sozial eta sektorialen iritziak kontrastatu eta kontuan hartuz egin behar dela.

Jaurlaritzak LZPri hasierako onarpena eman ondoren, kontraste soziala bideratzeko bide bakarra, derrigorrezkoa den informazio publikorako epea izan da. Herritaren informazio gabezia orokorrak talka egiten du planak duen garrantziarekin, hain zuzen, plan horrek guztion bizi kalitatean eragina duelako, lurraldea zein komunitatearen ondasunak sakrifikatuz.

LZP garapen-zalekeria oinarri duen plan zaharkitua da. Laurogeita hamarreko hamarkadan hasi ziren martxan jarri nahian; ondoren, 2003 urtean, 2011n eta orain, 2015ean, berriro. 2011ko alegazioak aurkezteko epean, aurkako 20.000 alegazio baino gehiago aurkeztu ziren, 8.436 Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoaren eta intermodalaren aurkakoak, honako arrazoi hauetan oinarrituak: Lur antolaketa eta ekonomian dituen eraginak, ingurugiroari dagozkionak, eragin sozialak eta proiektuaren beharraren justifikazio eta. (Ikus alegazioaren idatzi gehigarria.)

Errekalde bailaran etxebizitza eta baserri ugari desagerraraziko lirateke. eta baita Iturringo industria eremua ere

Gaintxurizketako nekazal lurrek jasango luketen inpaktua bereziki bortitza eta larria da. Nekazal lur horiek estrategikoki balio gorena dute sektorearentzat, gero eta urriagoa den baliabide diren heinean. Horiek suntsitzeak oztopatu egingo luke Donostialdea-Bidasoa Beheko kontsumitzaileak elikagaiez hornitzen dituen bertako eta kalitatezko nekazaritza ekologiko hasi berriaren garapena.
Dagoeneko lau urte baino gehiago pasa dira herritarrek, zenbait elkarte eta alderdi politikok 8.436 alegazio horiek aurkeztu zituztenetik, eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dute. Orain proiektu zaharra berria balitz bezala aurkezten digute, eta berriro ekin diote tramitazioari.

Plataforma logistikoaren beharra eta erabilera oraindik ere arrazoitu gabe daudela baieztatzen dugu. Ez dute eragin positibo bakarra ere aipatzen, ez eta haren bideragarritasun ekonomikorik edota eragin kaltegarririk ere. Begi-bistakoa da, lurren okupazio handiagatik beste herriek nahi ez dituzten jarduerak Lezora ekarri nahi dituztela.

Lezoko Udalak bere erabakitzeko ahalmena galduko luke eta horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, LZP loteslea da eta udalen erabakien gainetik dago (DOC A. memoria II.67). LZP onartu ondoren, Lezoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakundeen esku utziko lituzke bere lurren antolaketan dituen ahalmenak.

Aipatutako arrazoiengatik, Lezoko bizilagun garenok LZPren lanketan herritarron parte-hartze eza salatu nahi dugu, eta Lezoko Udalari zera eskatzen diogu:

Prozesu bat martxan jartzea, benetako informazioa, eztabaida eta parte-hartze sozialerako aukera egon dadin, eta bizi garen lurraldearen antolaketa ereduari buruz erabakitzeko aukera izan dezagun.

Lezoko Udalak ez ditzala utzi beste erakundeen esku herriaren etorkizunerako estrategikoa den eremuaren gaineko erabakiak; defenda dezala bere lurraldea antolatzeko duen eskumena, eta egin ditzala beharrezko diren ekimenak alegazioak aurkeztu eta horiek kontuan hartuak izan daitezen.”

Jendartetik hitza hartu dutenek lurraren defentsan aritu dira, potere faktiko batzuen interes ekonomiko eta negozioak besteen bizkar, Lezoko lurraren bizkar lortzea ahalbidetzen duen planaren aurka azaltzea eskatzen diote udalari, benetan herritarren defentsan aritzeko erabaki guneak udal herrian mantenduz.

Alkateak dio erabakia ez dela udalerriarena zabalagoa dela erabaki gunea. Horregatik ezezko botoa emando duela EAJ-PNV udal taldeak.

Jendartetik leporatzen diote alkateari gai batzuetako galdeketa defendatzen duelako, hondakinen bilketan adibidez, eta kasu honetan ez.

Bozketa egin da eta mozioa ez da onartu kontrako 7 botoekin (6 EAJ-PNV udal taldea, 1 Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos) eta aldeko 6 botoekin (EH BILDU udal taldea).


Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:30ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1105993tik 1105995ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna