2016ko maiatzak 26

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko maiatzaren 26, osteguna 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa eta Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente eta Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Halaber, Pedro Etxarri Ollokiegi udal kontuhartzailea egon da.

1.Egoki irudituz gero 2016ko urtarrilaren 28ko ohiko osoko bilkuraren akta eta martxoaren 17ko, apirilaren 4ko, apirilaren 14ko eta maiatzaren 13ko ezohiko osoko bilkuretako aktak onartzea.

Martxoaren 17ko, apirilaren 4ko eta maiatzaren 13ko aktak inongo zuzenketarik gabe onartu eta sinatu dira.

Urtarrilaren 28koan, Jose Angel Sanchezen eskariz, zuzenketa bat egin da: bilerako 3. gaian, aktaren bigarren orrian, bosgarren lerroaldean Europara eskatutako DUSI dirulaguntzetara aurkeztu diren proiektuen zerrendan aipatutako proiektu bat aktan jaso behar dela, hau gehituz bostgarren lerroaldeari “dar solución al paso peatonal y ciclista sobre la carretera 636-rotonda de Altamira”. Aldaketa horrekin akta onartu eta sinatu da.

Apirilaren 14ko gaztelerazko aktan zuzenketa bat egitea eskatu du Jose Angel Sanchezek: aktaren bigarren orrialdean, bigarren gaiaren bukaeran, bozketaren emaitzan ez da zuzen jaso. Hau dio gaztelerazko aktak “Una vez efectuada la votación se aprueba el dictamen con 8 votos a favor (5 del grupo municipal EAJ-PNV y 3 del grupo” eta hau esan beharko luke: “Una vez efectuada la votación se aprueba el dictamen con 8 votos a favor (5 del grupo municipal EAJ-PNV y 3 del grupo EH Bildu) y una abstención ((Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos). Zuzenketa horrekin akta onartu eta sinatu egin da.

Gai zerrendako bigarren gaiarekin hasi aurretik Ainhoa Zabalok galdetu du Lezoko Hezkuntza Plataformak erregistratutako mozioa zergatik ez dagoen gai zerrendan eta eskatu du urjentziaz osoko bilkura honetan sartzea gai zerrendako 2. gai bezala, horrela mozio hori zelata bilkuran dagoen jendeari gaia eztabaidatzeko aukera orain eman beste osoko bilkura egin arte edo honen bukaerararte zain egon gabe.

Alkatearen baimenarekin, jendartetik azaldu dute mozioaren edukia, Lezo LOMCErik gabeko udalerria izatea nahi dute eta horretarako udalaren babesa eskatzen dute, beste hezkuntza eredua posible dela iruditzen zaielako.

Mozioaren urgentzia ahobatez onartu dute bileran diren zinegotziek eta gaia bilerako bigarren gai bezala eztabaidatzea ere.

Mozioa, Lezoko herria LOMCErik gabeko herria dinamikari babesa emateko. (2016ALO500008).

Jendartetik maiatzaren 19ean udalean erregistratutako mozioa irakurri dute. Honela dio mozioak:

“Hezkuntza eskubide unibertsala da, pertsona ororen eskubidea alegia.

Eskubidea unibertsala den heinean, administrazioarena da eskubidea bera bermatzearen ardura; eskubidea bermatzen dela ziurtatzea gizarte zibilaren ardura den moduan.

Eskubidea izateko, hezkuntzak ikasle guztion garapen osoa bermatuko duen heziketa behar du izan. Parte hartzailea, askatzailea, hezkidetzailea, inklusiboa, demokratikoa, anitza, integratzailea...

Azkenengo urteetan ordea, oso bestelakoa izaten ari da hartutako norabidea eta LOMCE eta HEZIBERRIren bidez aplikatzen ari den hezkuntza erreformak bide antzu hau jorratu besterik ez du egingo.

LOMCEk oinarrizko hezkuntza eskubideari erasotzen dio eta horregatik bere kontra agertu da Euskal Hezkuntza Komunitatea, eskola inklusiboa baztertzen duelako, autoritarioa delako, segregatzailea delako, euskara eta euskal kultura heriotzara kondenatzen dituelako, familien eta herritarren parte hartzearen kontra doalako, erlijioa inposatzen duelako, ikasleen berezitasunen errealitatetik urrun dagoen hezkuntza inposatu nahi duelako, sistema merkantilista baten beharrei erantzun nahi diolako eta abar eta abar

LOMCE hezkuntza eskubidearen kontrako eraso argia da, hezkuntzaren oinarrizko printzipioen kontra doalako eta gizartearen nahiaren kontra inposatu nahi delako. Hezkuntza, eskubidea izateari erasotzen diona alegia. Eta erasoa administrazioaren aldetik etorrita (eskubide bermatzaile paperari uko eginda); guztion ardura da eskubidearen defentsa. Horregatik Euskal Herriko herri ezberdinetako plataforma eta talde ezberdinek bat egin dugu eta LOMCErik GABEKO HERRIA dinamika abiatu dugu.

LOMCErik GABEKO HERRIA dinamika hezkuntza komunitateko eta norbanakoen konpromisoei esker aurrera eraman nahi da. Gure gelak eta ikastetxeak LOMCErik gabeko guneak izateko, hezkuntza komunitateko kideek horrela adostuta.

Bestetik LOMCErik GABEKO HERRIA dinamikaren bidez, Euskal Herria Hezkuntza Sistema Propioa eraikuntzan kokatzen dugu, hezkuntza eragileen gehiengoaren eskaerei jarraituz.

Aurreko guztia dela eta, LOMCE-ren kontrako LEZOko Udalbatzari mozio hau aurkezten dio, eztabaidatu eta onartu dezan:

Udal hau, LOMCE hezkuntza erreformarekin erabat aurka agertzen da eta lege honetatik aplika daitezkeen atalei ezezkoa ematen dio, hezkuntza eskubidearen kontrako eraso argia delako.

Udal honek gure Hezkuntza propioa garatzeko bidean, indar aktiboa izateko eskura dituen neurri guztiak aktibatzeko konpromisoa hartzen du, hurrengo lehentasun baitan:

  • Ikasleen garapen, behar eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa, laikoa...) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
  • Curriculum propioa izango duena.
  • Heziguneen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
  • Euskal Herrirako hezkuntza marko normatibo propioaren alde egingo duena.

Udal honek ikastetxeetan LOMCEren ez aplikazioan indar aktiboa izateko eskura dituen neurri guztiak aktibatzeko konpromisoa hartzen du, hurrengo lehentasunen baitan:

  • Ikastetxearen gestioa, eskola komunitate osoaren ardura izango da, funtzionamendu eta kudeaketa demokratikoa ziurtatzeko.
  • Euskara ardatza izango da hezkuntzan, ikasle euskaldun eleanitzak hezteko
  • Ikaslea hezkuntza prozesuan eskubidedun subjektu aktibo nagusi gisa aitortuko da.
  • Aukera berdintasuna bermatzeko, ikasleen arteko sailkatzea eta mailakatzea saihestea, baita ibilbide orokorretik ateratzea emaitza akademiko jakin bat lortzen ez duten ikasleak (Oinarrizko Lanbide Heziketa).
  • LOMCEk eta HEZIBERRIK ezartzen duen ebaluazioen gainetik, irakasleen ebaluazio jarraituari garrantzia aitortzea, dagozkion xedeetarako.
  • LOMCEk eta HEZIBERRIK ezartzen dituen ebaluazioen emaitzak publikoak ez egitea babestuko du.
  • Irakasleen lan-tresna gisa curriculum propioa izatea ahalbidetzeko.

Udal honek, maila pertsonalean hasi eta kolektiboan garatuak izan beharko diren LOMCEren kontrako konpromisoak bere egiten ditu eta LOMCERIK GABEKO HERRIA DINAMIKAri bere babes osoa ematen dio eta LEZO LOMCErik gabeko Udalerria izendatzeko proposamena onartzen du.

Mozioa ahobatez onartu da aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak)

3.Udalbatzaren Ohiko Osoko Bilkuren ordutegia aldatzeko proposamena (2016ID100002).

Alkateak ohiko osoko bilkuren ordutegia aldatzeko proposamena egin dio osoko bilkurari. Proposamenak honela dio:

2016ko uztailaren 16an, Udalbatzak, Ohiko Osoko Bilkuren bilerak egiteko maiztasuna eta ordutegia onartu zuen.

Ikusirik, ordutegia aldatzea komenigarria dela,

Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Erregimen juridikoaren Arautegiko 38. artikulua aplikatuz, Udalbatzari proposatzen diot ondorengo akordio hau hartzea:

BAT: Udalbatzak bere ohiko osoko bilkurak bi hilabetez behingo maiztasunez egingo ditu, hil bakoitietako azken ostegunean, 09:00etan.

Osteguna jai suertatuko balitz, hurrengo asteko ostegunera pasako litzateke.

BI: Ebazpen honen berri interesatuei ematea. Eman biezaio honen berri Udalbatzari.

Eztabaida sortu da proposamenaren inguruan. Ainhoa Zabalori, Ainhoa Intxaurrandietari eta Mikel Arrutiri ez zaie bidezkoa iruditzen bilkurak goizez egitea, lan orduetan egitea, taldeko zinegotzi askok arazoak izango zituztelako etortzeko eta, baita ere, herritarrei ere bilkurara etortzeko aukera murrizten zaielako.

Alkateak eta Enrique Figueroak diote arratsaldeko ordutegiarekin arazoak dituela bere taldeko zinegotzi batek. Eztabaida luzatu egin da.

Ainhoa Intxaurrandietak proposatu du gaia mahai gainean uztea denei ondo datorkion ordutegia adostu bitarte.

Konforme proposamen horrekin alkateak proposamena gai zerrendatik kendu du, gaia mahai gainean utziz.

4.Oarsoaldean eta Euskal Fondoan korporazioaren ordezkariak izendatzeko proposamena (2016ID100001).

Honela dio proposamenak:

“2015eko uztailaren 30ean Osoko Bilkurak, Organo Kolegiatuetan Korporazioaren ordezkariak izendatzen dituen proposamena onartu zuen.

Ikusirik Xubero Ubillos Apaolazak zinegotzi karguari uko egin diola,

Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Erregimen juridikoaren Arautegiko 38. artikuluan finkatzen dena aplikatuz, Udalbatzari proposatzen diot ondorengo izendapen hauek egitea, organo kolegiatuetan bere ordekari izan daitezen:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT:

ORGANOAK/Órganos

TITULARRA /Titular

ZINEGOTZIA/Concejal

Oarsoaldea

Titularra

Jose Angel Sanchez Gallardo

Ordezkoa

Ainhoa Zabalo Loiarte

Euskal Fondoa

Titularra

Maria Noemi Arberas Oses

BI: Erabaki hau organo kolegiatuei eta zinegotzie jakinaraztea.”

Proposamena onartu da aldeko 6 botoekin (5 EAJ-PNV eta 1 Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos) eta kontrako 5 botoekin (EHBILDU).

5.Bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko prozedura hasteko onartzeko diktamena (2016PE090002).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

“2014/09/22ko Osoko Bilkuran Agustina Pontesta Garmendia Bake epaile titular bezala izendatzea erabaki zuen eta Eneritz Arruti Osanbela ordezko bezala.

Agustina Pontesta Garmendia 2015/06/19an jubilatu zen eta data horretatik aurrera Eneritz Arruti Osanbelak burutzen ditu Bake epaile lanak, ordezko gisa.

Ildo honetatik, EAEko Auzitegi Nagusitik udal honi eskatu zaio Bake Epaile titular eta ordezkoa izendatzeko prozedura berri bat hastea, Botere Judizialeko Lege Organikoko 101. artikuluak eta hurrengoek, eta ekainaren 7ko 3/1995 Bake-Epaileei buruzko Araudiak xedatutakoari arabera.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/05/19an egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Udaleko Bake Epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko prozedurari hasera ematea.

BI: Hautagaiek bete behar dituzten baldintza nagusienak zehaztea:

  • Adinez nagusia izatea eta 2016ko urtarrilaren 1etik Lezon erroldatua egotea.
  • Eskola graduatua edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.
  • EGA edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.
  • Botere Judizialeko Lege Organikoak ezarritako ezgaitasun eta bateraezintasun kasuetan barne ez egotea.

HIRU: Udalak astean 14 orduko lan kontratua gauzatuko du Bake Epaitegiko lan administratiboak egin ditzan.

LAU: Bando bat zabaltzea deialdi honen berri emanez eta deialdiaren iragarkia G.A.O.an argitaratzea

Diktamena ahobatez onartu da aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

6.Lankidetza Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko onartzeko diktamena (2016ID360002).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

“Euskadiko administrazio publikoetako elkarreragingarritasun-sistema orokorraren xedea administrazioen arteko datu-trukaketa erraztea da, herritarrek paperezko ziurtagiririk aurkeztu beharrik izan ez dezaten.

Herritarrek zerbitzu publikoak baliabide elektronikoen bitartez erabiltzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak ezarri du herritarrek eskubidea dutela herri administrazioek badituzten datuak eta agiriak ez emateko. Eskubide hori bermatu nahirik, Eusko Jaurlaritzak hainbat hitzarmen formalizatu ditu edo formalizatzekotan dago Lehendakaritza Ministerioarekin, Estatuko Administrazio Orokorraren, foru-aldundien, udalen eta beste administrazio publiko batzuen datuak eskuratzeko.

Administrazio-prozedurak izapidetzeko orduan, elkarreragingarritasun-zerbitzu horiek administrazio publikoei aukera emango diete herritarrei, enpresei eta erakundeei eskatzen zaizkien datuak eta ziurtagiriak elkartrukatzeko. Horrela, herritarrek ez dute ziurtagiriak paperean aurkeztu beharrik izango eta, aldi berean, administrazio-prozeduraren legezko berme guztiak eta datuen babesa bermatzen dira.

Momentu honetan hainbat elkarreragingarritasun-zerbitzu daude erabilgarri, bai EAEko beste administrazio batzuekin, bai Estatuko Administrazio Orokorrarekin, eta pixkanaka zerbitzu gehiago gehituko zaizkio elkarreragingarritasun-zerbitzu orokorrari.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen eredu bat du Udalekin sinatzeko, EHAAn 2013ko urriaren 17an argitaratua. Hitzarmen horren bidez elkarri uzten dizkiote informazio zerbitzuak, administrazio zerbitzuak eta kudeaketa elektronikoa.

Zerbitzuen katalogoa anitza da, baina nabarmendu beharra dago bide horretatik Eusko Jaurlaritzako departamentuek, haien artean Lanbidek, erroldatze datuak eskuratu ahal izango dituztela herritarra udaleko leihatilara joan behar izanik gabe; adibidez, Bidegi eta Garraioen Agintaritzan egun gertatzen den antzera.

Egun Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari da Izfe zerbitzu hau integratzeko eta, ahal bezain laster, hitzarmen hori sinatua duten udalentzat eskuragarri egoteko.

Aipatu hitzarmenaren edukia Udalarentzat interesgarritzat jotzen denez, alkateak proposaturik, batzorde informatibo orokorrak ahobatez udalaren osoko bilkurari ondorengo ERABAKI hauek hartzea proposatzen dio:

BAT: Onartzea Lankidetza hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saila eta Lezoko udalaren artean, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko.

BI: Onartutako lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko, Lezoko alkatea den Jesus Maria Martiarena Jaca, ahalmentzea.

HIRU: Hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen udal-ordezkapena Jesus Maria Martiarena Jaca alkateak eta Xabier Loiola Aristi udal idazkariak osatuko du.

LAU: Interesatuei erabaki honen berri ematea.”

Diktamena ahobatez onartu da aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

7.2016.urteko Plantilla Organikoa eta Lan Postuen Zerrenda aldatzeko diktamena (2016PE290004).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

Udalbatzak, 2015eko azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, 2016. urteko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa onartu zituen.

Ondoren, Udal Osoko Bilkurak 2016/04/14an egindako bilkuran lan postuen zerrendaren aldaketa onartu zuen arkitekto teknikoaren lan postuaren ezaugarriak finkatuz.

Orain berriz, Ingurumen Teknikariaren plaza eta lan postua sortu nahi da, lanaldiaren %50eko dedikazioa izango duena, eta aipatu plaza eta postua sortzeko 2016.urteko plantila organikoa eta lanpostuen zerrendaren aldaketa egin beharrean gaude.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/05/19ean egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2016. urteko Plantila Organikoa eta Lan Postuen Zerrendaren aldaketari, Ingurugiro Teknikari plaza eta postua sortuz.

BI: Ingurumen Teknikari plaza eta postuaren ezaugarriak hurrengoak dira:

- Plazaren izena: Ingurumen Teknikaria, admistrazio bereziko eskala, azpieskala teknikoa, klasea erdi mailako teknikaria, erregimena funtzionarioa eta lan postu kopurua (1).

- Lan postuaren ezaugarriak:

  • Izena: Ingurugiroko Teknikaria.
  • Postu kopurua: 1.
  • Dedikazioa: %50.
  • Hornitzeko era: Oposizio lehiaketa.
  • Erregimena: Funtzionarioa.
  • Enpresa maila: 14.
  • Destino Osagarria: 21.
  • Osagarri Espezifikoa: 7.000,07€.
  • Sailkapen taldea: A2.
  • Eskala: Administrazio Berezia.
  • Azpieskala: Teknikoa.
  • Klasea: Erdi mailako teknikaria.
  • Hizkuntza eskakizuna: 4.
  • Derrigortasun data: 2016/05/26.
  • Titulazioa: Ingurumen zientzietan lizentziatua/gradua, zientzia biologikoetan, baso ingeniaria edo agronomoa (edo parekidea).
  • Beste eskakizunak: B motako gida baimena indarrean izatea.

HIRU: Espedientea jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

LAU: Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketa behin betiko onartutzat hartuko da eta argitaratzeko agindua emango da, bestelako erabakirik hartu beharrik gabe.”

Diktamena ahobatez onartu da aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

8.Ingurumen Teknikari Postuaren funtzioak eta ezaugarriak onartzeko diktamena (2016PE290005).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

“Korporazio honek, Hirigintza Obra eta Zerbitzutako Departamentuko jarraibideak kontuan izanik, Ingurumen Teknikari plaza eta postu bat sortzeko asmoa du deialdi publiko bidez betetzeko.

Hori dela eta, udal honetako Hirigintza, Ingurumen, Obrak eta Zerbitzu departamentuko arduradunak lanpostuak bete beharko lituzkeen funtzioen zerrenda egin dute, Udal Osoko Bilkurak onar dezan.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/05/19ean egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Onartzea Ingurumen Teknikari lan postuaren funtzioak eta gainerako ezaugarriak eta aipatu funtzioak eta ezaugarriak udaleko lan postuen katalogoan jasotzea.”

Diktamena ahobatez onartu da aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

9.AOU 34 Salvako hiri antolaketarako plan bereziaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2015HO40002).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

“Lezoko Udalak D16/331 Alkatetza Dekretuaren bitartez, SALVA INDUSTRIAL S.A. enpresak sustaturiko HIE 34 SALVA eremuko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Bereziari haserako onarpena ematea erabaki zuen, dekretuan bertan adierazten diren hainbat baldintzekin

Halaber Plan Berezi hau GAOn argitaratu eta jendaurrean 20 egunez edukitzea erabaki zen.

Akordio horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2016ko apirilaren 14an, 69 zenbakian. Pentsa idatzian ere (Diario Vasto eta Berrian) argitaratu zen 2016ko apirilaren 13an

Jendaurreko epean ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu.

Bestalde 2016ko maiatzaren 17an (1250 erregistro sarrerakin) SALVA INDUSTRIAl, SA-k plan bereziaren haserako onarpenean zehazturiko baldintzak betetzen dituen dokumentu berriaren hiru kopia aurkeztu ditu.

Plan Berezi honek, dokumentazioari dagokionenan, Lurzoruaren eta Hirigintza 2/2006 Legearen 68 artikuluak xedaturikoa betetzen du eta edukiak lege beraren 56 artikuluak xedaturikoa ere betetzen du hirigintza antolaketa xehekatuaren mugak ez dituelako gainditzen.

Hori dela eta 2/2006 Legearen 95 eta 96 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik,

Joan den 2016-05-19an, osteguna, Batzorde informatibo orokorrak aho batez, ondorengoa diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

DIKTAMINA

BAT: HIE 34 SALVA eremuko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Bereziari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau eta Plan Bereziaren araudiaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Argitaratzea.”

Diktamena ahobatez onartu da aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

10.3 Poligonoko 31 lursaila soberako lursail aitortzeko diktamena (2016H0380001).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

Lezoko Udalak 2016ko otsailaren 8ko Tokiko Gobernu Batzordean zera erabaki zuen, Lezoko Gaintxurizketa Goikoa bailaran, ondare-ondasun gisa kalifikatua dagoen Katastroko 3 poligonoko 31 lursaila, udalaren jabetzako lur-eremuaren soberako lursaila aitortzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabetez.

Hirigintza Teknikariak jarraitu beharreko prozedurari eta aplikatu beharreko legeriari buruz, eta lursailaren egoera fisikoari eta soberako lursail aitortzearen egokitasunari buruzko txostenean oinarritu zen adierazitako akordioa.

Erabakiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2016ko otsailaren 19an, 33 zenbakian. Hilabeteko jendaurreko epean ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu.

Ondare-lurraren soberako lursaila aitortzea egokia da, izan ere, egun, ez du ezelako erabilgarritasun edo erabilera publikorik, bertatik pasatzen den herri-bidea izan ezik. Gainera, forma irregularra duenez eta dagoen tokian dagoenez, ez du balio erabilera egokirik izateko, ezta bertan eraikuntzarik egiteko ere, bere azalera eraikitzeko gutxienez egon beharreko lursaila baino txikiagoa baita

Soberako lursaila aitortzea egokia dela zeharo egiaztatu da, ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuak 7.eta 8. artikuluetan galdatu denarekin bat etorriz –Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen arau horrek, TEOE–.

Horiek horrela, arestian aipatu Hirigintza Teknikariaren txostena kontuan izanik,

Joan den 2016-05-19an, osteguna, Batzorde informatibo orokorrak aho batez, ondorengoa diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

DIKTAMINA

BAT: Lezoko Gaintxurizketa Goikoa bailaran, ondare-ondasun gisa kalifikatua dagoen Katastroko 3 Poligonoko 31 lursaila, udalaren jabetzako lur-eremua soberako lursaila aitortzea, bertatik igarotzen den herri-bideak okupatzen duen zatia izan ezik.

BI:- Erabaki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.”

Mikel Arrutik dio herri lurrak zuzenean saltzea forma aldetik ez zaiela oso txukuna iruditzen.

Diktamena onartu da aldeko sei botorekin (EAJ-5, PSE-1) eta kontrako bost botorekin (EHBILDU).

11.Kontuhartzailearen txostenak: 2016KO040001 aurrekontu aldaketena; 2016. ekitaldiko finantza eta aurrekontuen informazioa ematea 2016/04/30eko datan; 2016ko 1.hiruhilekoari dagokion ordaintzeko bataz besteko epea eta Diruzaintza-plana.

Kontuhartzaileak, Alkateak egindako aurrekontua aldaketaren berri eman du 2016KO040001 espedientean jasoak.

Udalak egindako kreditu aldaketa espedienteean aurrekontu egonkortasunaren, finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzko txostena egin du.

Espedientea ondokoa da: 2016-KALD-0000-01-00 (2016KO040001)

Halaber, 2016. urtearen lehenengo hiruhilabeteari dagokion ordaintzeko bataz besteko epeari (OBE) buruzko txostenaren eta Diruzaintza planaren berri eman du.

Udalbatza jakinaren gainean geratu da.

Jose Angel Sanchezek eskatu du zinegotzien intranetera igotzea aldaketa honen inguruko informazioa.

12.EHBILDU udal taldeak aurkeztutako mozioa: Asilo eskatzaileen ingurukoa (2016ALO50009).

Ainhoa Zabalok mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

Nazioarteko erakundeek zabaldutako datuen arabera, munduan 60 milioitik gora pertsona desplazatuta bizi dira, gerrak, barne-gatazkak, eta, gero eta gehiago, klima-aldaketaren eraginek areagotutako pobrezia-egoerak direla-eta.

Nagusiki Siriako gerrak eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko, milaka eta milaka pertsona Europar Batasunera iritsi dira laguntza eske. Asko eta asko Mediterraneoan hil dira, Europaren atean, herriak batu beharrean, hobi komun erraldoi bihurtu den itsasoan, Europar Batasunak hegoaldeko ertzean bultzatutako politiken ondorioz neurri handi batean.

Europar Batasuna, eta estatu kideak bereziki, eskas ibili dira ez dutelako "bide segururik" ezarri, ezta pertsonak salbatzeko behar diren bitartekoak ere; gainera, asilo-eskatzaileak birkokatzeko kupoak ere ez dituzte bete, eta Turkiarekin akordio lotsagarri bat sinatu dute pertsonak itzultzeko. Giza Eskubideak bermatzeko gauza ez den Estatu bat ez da inoiz segurua izango gatazka eremuetatik ihesi dabilen jendearentzat.

Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela pertsonen joan etorri askerako eskubidea berriz ere indarrean jartzea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikuluan ezarritakoa betez. Eskubide humanitarioetan oinarritutako harrera politikak abian jarri behar direla uste dugu, baita, oro har, gatazkak konpontzeko politikak sustatu behar direla ere, bitarteko baketsu eta demokratikoak erabiliz.

Horregatik, Udal honek honako hau erabaki du:

- Asilo-eskatzaileak ez itzultzeko eta ez kanporatzeko exijitzen du, eta Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa indargabetzeko eskatzen du, nazioartean asilo-alorrean indarrean dagoen legeriaren aurka doalako.

- Europar Batasunari eta Estatu espainolari estatu kideetan harrera-prozesua azkartzeko erreklamatzen die, asilo-eskatzaileak hartzeko ezarritako kupoen arabera, eta Europar Batasunak eta estatu kideek pertsona horiek birkokatzeko ardura atzeratzen ari direla salatzen du.

- Udalerri honek dagozkion errefuxiatu eta asilo-eskatzaileak lehenbailehen hartzeko prest dagoela adierazten du, eta erakundearteko akordio bat egiteko deja egiten du, pertsona horien eskura bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren bitartekoak jarriko dituen akordioa.

Mozioa ahobatez onartu da aldeko aldeko aldeko 11 botoekin (5 EAJ udal taldea, 5 EHBILDU udal taldea eta 1 Eusko Sozialistak).

Une honetan udal kontuhartzaileak osoko bilkuratik alde egin du.

13.EHBILDU udal taldeak aurkeztutako mozioa: Diru sarrerak Bermatzeko Errenta eta Diru sarrerak Bermatzeko Laguntzen ingurukoa (2016ALO50010).

Alkateak dio EAJ-PNV udal taldeak deialdiarekin banatutako mozioari testu alternatiboa aurkezten diotela eta mozio alternatibo hori banatu die zinegotziei. Mozio alternatiboak honela dio:

“Pasa den apirilaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, Gizarte Politika departamentuak (AGI) DSBLa aldatzeko aurkeztutako proposamena berretsi zuen.

Erabaki hau hartzea bultzatu Buen oinarrizko arrazoia,(AGI) DSBLaren onuradunak gizarteratzen ez duela lagundu izan da, ahultasun egoeratik irten eta biziproiektu bat garatzeko tresnarik ez duelako eskaintzen.

Gipuzkoara bakarrik xedatuta egoteak, lurralde desoreka ekarri du Elkargoan, zein Gipuzkoa Lurralde Historikoko herrien artean.

Indarrean dagoen legediaren arabera, oinarrizko gastuen estaldura, Dirusarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barnean aplikatu behar da EAE osoan.

Aurretik esandako guztia kontutan hartuz, Lezoko udalak ondoko mozioa onartzen du:

  1. Gipuzkoara iristen diren pertsonak, egoki hartu, lagundu eta gizarteratu daitezen beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
  2. Gizarte- baztezketan edo bazterketa arriskuan dagoen pertsona ororen arreta hobetzeko hasitako bideari jarraituz, iragarritako Elkar-ekin Gizarte-esku hartzeko Plan Integrala, martxan jartzeko eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
  3. Arreta eta Gizarteratze Euskal Eredua aldarrikatzen du.”

Bai Mikel Arrutik eta Ainhoa Intxaurrandietak azpimarratu dute AGI dirulaguntzak kentzea Gipuzkoan 1.422 familiei eta 700 adin txikikoei eragingo diela Gipuzkoan eta Lezon 9 familiri eta 4 adintxikikoei. Behar bada dirulaguntza araudia aldatu behar dela onartzen dute baina ez kentzea, hopbetu dagoena baino ez ezer kendu bitarte horretan.

Jose Angel Sanchezek eskatu du Lezoko 9 famili horiei babesa ziurtatzea.

EAJk aurkeztutako mozio alternatiboa bozkatu da eta mozioa onartu egin da aldeko sei botorekin (5 EAJ udal taldea, 1 Eusko Sozialistak) eta kontrako bost botorekin (EHBILDU udal taldea).

Mozio alternatiboa onartu izanaren beste ondorioa da deialdiarekin batera banatutako EHBilduk aurkeztutako mozioa ez dela bozkatu behar.

14.EHBILDU udal taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala: Elkarbizitza sustatzekoa (2016ALO50011).

Ainhoa Zabalok irakurri egin du euskaraz dagoen mozioa. Honela dio:

“Gipuzkoako Diputazioak Diru-sarrera bermatzeko laguntza (AGI) kentzeko hartutako erabakiaren aurrean eta erabakia bera justifikatzeko erabilitako argudioei dagokionean, gipuzkoako jendarteari zuzendutako mezuak jarrera xenofoboak sustatzen dituela uste dugu. Hori hala, eta insitutzio publikoetatik mezu xenofoboak desagerrarazi eta elkarbizitzarako mezuak eta praktikak landu behar direla ulertuta, adierazpen insituzional hau aurkezten dugu, kargu publiko den orok konpromisoa hartuaz elkarbizitzarako balioak sustatu eta jarrera xenofoboak bultzatu ditzaketen adierazpenik ez egiteko.

Aldi berean, bere jatorria zein den begiratu gabe gure herrian erroldatzen den pertsona ororekin lehen unetik Udaleko zerbitzuen eta herriko elkarteen informazio osoa jasotzeko Harrera protokoloa ezartzeko proposamena aurkezten dugu.

Guzti honengatik Udal honek honako adierazpena onartzen du:

- Lezoko Udalak gure lurralde historikora iristen ari diren pertsona berri guztiak ongi etorriak direla aldarrikatzen du; eta ondorioz, gure instituzioek hemengo edozein herritar bezala tratatu behar dituztela, bai betebehar zein eskubideei dagokionez.

- Lezoko Udaleko kargu publiko guztiek hizkera eta argudiategi xenofoboak diskurtsotik ezabatzeko konpromisoa hartzen dugu, erakartze-efektua eta antzeko espresabideak, modu bidegabean, kolektibo oso bat susmopean jartzen duelako bere jatorri etnikoengatik.

- Lezoko Udalak Foru Aldundiari eskatzen dio xenofobia eta diskurtso arrazisten aurkako plana landu dezaia, arloko eragile sozialekin batera, eta martxan jar dezala, gurean ere zabaltzen ari den xenofobia desaktibatzeko asmoz.

- Lezoko Udalak gure herrian erroldatzen den pertsona oro integratzeko Harrera protokoloa martxan jartzeko konpromisoa hartzen du.”

Mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko hamar botorekin (5 EAJ-PNV udal taldea eta 5 EH Bildu udal taldea) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

15.Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

15.1 Irlentz Ortegak dio Kirol Instalazioen kudeaketa kontratua urtearekin bukatzen dela eta kontratazio berria pentsatzen ari direla lehiaketa lehen bait lehen deitzeko.

Mikel Arrrutik galdetu dio ea ze irizpiderekin ari diren eta Irlentzek esan dio aukera ezberdinak daudela aldundia berak eskualde mailako kudeaketaren azterketa burutzen ari delako ere.

Mikel Arrutik galdetu dio kirol instalazioen erabiltzaileen artean egindako partehartze eta galdeketaren ondoriorik atera den. Horretan ari direla dio Irlentz Ortegak, eta bai, ondorioak izango dituela instalazioetan egin beharreko egokitzapenetan eta aipatutako lehiaketan.

Jose Angel Sanchez dio Aldundiko Kirol Saila instalazioetarako dirulaguntza deialdia lantzen ari dela.

Momentu honetan publikoan dagoen alkate ohi izandako Kepa Garbizu eta Jose Angel Sanchez zinegotziaren artean irain batzuk tartekatzen dira.

15.2 Noemi Arberasek dio, Zerbitzu Sozialen mapa eta zerbitzuen kartera aztertuko duen Gipuzkoa mailan eratuko den erakunde arteko mahaian bera izango dela Oarsoaldeako ordezkaria.

Baita ere dio aztertzen ari direla udal Zerbitzu Sozialetarako kokapen berri bat, aukera ezberdinak dituztela baina oraindik ezer zehatzik ez.

15.3 Mikel Arrutik dio herritarrekin eta elkarteekin udalak deitutako bileretara ez dela agertzen udal gobernu ordezkari politikorik eta adibide jarri du festa batzordean berdintasun plana aurkeztu zen bilera. Kontu horiek zaintzeko eskatu du.

15.4. Alkateak esan du Oarsoaldeako beste hiru herrietako alkateekin batera Gipuzkoak Batzar Nagusietako batzorde baten egon zirela Europara eskatu diren DUSI dirulaguntzen inguruan azalpenak ematen. Dio ekainean jakingo dela Europaren erantzuna.

Ainhoa Zabalok bilera utzi du.

16.Ekainaren 26ko Estatuko Gorte Nagusietako hauteskundeetan hautets mahaietan egongo direnen zozketa (2016ID2800001).

2016ko ekainaren 26an egingo diren Hauteskunde Orokorreko hauteskundeetan arituko diren hautez mahaiak aukeratzeko, INEren CONOCE aplikazio informatikoa erabiliz zozketa egin da.

Zozketa egin ondoren berriz pizten da publikoan dagoen Kepa Garbizu, alkate ohia, eta Jose Angel Sanchez zinegotzien arteko irainak. Lasaitu ondoren elkarri eskua eman eta barkamena eskatuz amaitu zuten.

17.Galde-eskeak.

Ez da ezer galdetu.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 22:10ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243226tik 1243239ra eta 1243265 zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta sendespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna