Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren hogeita hamarrean, 19:00 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jesus Mª Martiarena Jaka, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.
Mirari Rekalde Gonzalez, Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi ez dira bilkuran izan, azken honek ezin etorriaren abisua bidali du.
Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.
Ezohiko bilkuraren deialdirako arrazoiak azaldu ditu alkateak: esan du kiroldegia praktikan bukaturik dagoela, seguruenik datorren astean egingo dela obren behin-behineko harrera eta egokia dela eraikinaren osoko gestiorako kontratua lehen bait lehen adjudikatzea, datorren urriaren 14ko ohiko bilkuraren zain egon gabe, horrela, enpresa adjudikaziodunak ekin ahal izan diezaien askotariko eginkizunei eta haren inaugurazioa azaroaren 1ean egitea posible izan dadin.
1.- BEKOERROTA UDAL KIROLDEGIAREN OSOKO GESTIORAKO KONTRATUA ADJUDIKATZEKO PROPOSAMENA.
Maixabel Unzain, Barne arazoetarako zinegotzi eskuordetua, izan da Udalbatzari akordio proposamena aurkeztu diona. Proposamenak honela dio hitzez hitz:
"Udalak Osoko Bilkuran onartu zuen, 1998ko uztailaren 29an, baldintza juridiko, ekonomiko eta administratiboen orria, Lezoko Bekoerrota kiroldegiko kirol-zerbitzuen gestio-emakida adjudikatzeko lehiaketa eraenduko zuena.
Lehiaketaren deialdia abuztuaren 10ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta eskainteak aurkezteko irailaren 5ean amaitzen zen epearen barruan, bi lehiaketari aurkeztu ziren: EULEN S.A. eta GEZAK S.L.
Aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, egin den txosten teknikoa zerbitzu hori GEZAK S.L.ri adjudikatzearen aldekoa da: txostenean aditzera ematen denez, EULEN S.A.k aurkeztutako eskainteak ez ditu betetzen baldintzetako 8.6. puntuan eta 1 Eranskinean jasotako baldintzak, alegia, zerbitzuari adskribatutako langileen euskara-ezagutzari dagokionez.
Txosten teknikoak gomendatzen du GEZAK S.L.ren 2. eskaintea onartzea, hartan, proposamen bat planteatzen baita Oiartzungo Elorsoro kiroldegiaren sozietate-jabearen eta Lezoko Udalaren arteko elkarlanerako, bi instalazioetako abonatuei horiek biak bereizi gabe erabili ahal izatea eskaintzeko.
Plikak irekitzearen akta eta kiroletako teknikari-aholkulariak egindako proposamena ikusirik, eta proposamena diktaminatu ezin izan zenez, horretarako deitutako Barne Batzordean quorum falta izan zelako, Osoko Udalbatzari proposatzen diot ondorengo erabaki hauek har ditzan:
BAT: Enkante-eskaintzaren egintza baliozkotzat deklaratzea eta GEZAK S.L.ri adjudikatzea Bekoerrota kiroldegiko kirol-zerbitzuen osoko gestiorako kontratua, urteko 500.000,- pta kanonarekin eta urteko 7.408.091,- pta kopuriko uda-ekarpenarekin.
BI: Adjudikaziodunari erabaki honen berri jakinaraztea eta, adjudikazioaren jakinarazpenetik aurrera 10 egunetako epean, hark behin betiko fiantza aurkeztuko du, horrela, adjudikazio egunetik kontaturik ondorengo 30 egun naturaletako epearen barruan, dagokion kontratu-dokumentua izenpetzeko.
HIRU: Mikel Arrizabalaga Pikabea alkateari ahalmena ematea erabaki hori aurrera eramateko eta akordio hau burutzeko behar diren dokumentu guztiak izenpetu ahal izan ditzan.
LAU: Erabaki honen berri ematea Udal Fondoen Kontuhartzailetzari, Diruzaintzari eta Kultura Departamentuari, jakin dezaten eta gainerako ondorioetarako."
Maixabel Unzainek auhendatu egin du udalbatzari proposamen bat aurkeztu behar izana, eta ez diktamen bat, zeren, gai hori diktaminatzeko deitutako barne batzordera ez baitzen inongo zinegotzirik etorri eta, beraz, quorum faltaz ez baitzen bilkurarik egin. Azaldu du ezen, aipatutako batzordean, bi lehiaketariek aurkeztutako proposamenen kopia banatu behar zela. Akordio proposamenak azaltzen duenaren arabera, Eulenek proposatutako plantilarekin ez du bermatzen instalazioaren euskarazko funtzionamendua, horrela baldintzetako 8.6 oinarria eta 1 eranskina bete gabe utziz.
Jose Mª Botok kritikatu egin du Udalbatzako kideei dokumentaziorik ez igorri izana: haren iritzirako, udal oposizioaren lana oztopatzearen beste exenplu bat gehiago da. Kritikatu egin du, halaber, txostena behar bezala izenpeturik ez egotea.
Gaiaren muinari dagokionez, ez dator bat akordio proposameneko argumentuarekin, haren iritziz, Eulenen plantilan pertsona bat bakarra da euskararen ezagutzaren baldintza betetzen ez duena. Deitoratu egiten du adjudikazioko gai nagusiei txostenak ez heltzea: alde ekonomikoak, esperientzia e.a. Haren ustez txostenak ez du ezertarako balio, agian pertsona aproposak egin ez duelako.
Maixabel Unzain ez dator ados Jose Mª Botorekin: ez da partaide bat bakarra zerbitzua euskaraz ematea bermatuko lukeen hizkuntza eskakizuna eskaintzen ez duena, haren iritziz batzuk dira eta, kasu batean salbu, enpresak ez du bermatzen baldintza pleguan eskatutako zerbitzua.
Jesus Mª Martiarenaren iritziz, txostena ez du idatzi pertsona aproposak: kirol-aholkulariak ez dauka nahikoa esperientzia. Halaber ez zaio iruditzen txostena aurkeztun den era zuzena denik. Haren iritzirako, aurkeztu diren eskainte ekonomikoak ere jaso beharko lirateke. Bere artean galdetzen du ea zergatik udala ez den saiatu baldintza ekonomiko hobeak lortzen proposatutako enpresarekin, esate baterako, baztertu den enpresaren baldintzak onartzea proposatuz.
Jose Mª Botok eskatu du, gaia mahai gainean gera dadila. Iruditzen zaio, informaziorik gabe gaia ezin dela erabaki; esan du ezen, ageri diren presa horiek pentsaraz dezaketela ezkutatu nahi den zerbait ote dagoen, gaiak udalbatzara espedientea betetzeko ekartzen direla.
Maixabel Unzainek esan du presa kontu horienik ezer ez dagoela: horretarako batzorde bilkurarako deia egin zela, zinegotzi bat bera ere ez zela etorri, inork ez duela galdetu ez aztertu ere espedientea eta inor ez dela gaiaz kezkatu orain arte, gaia eztabaidatzeko edo hartaz informazioa jasotzeko aukerak izan direla. Bere adierazpena bukatu du esanez ezen, bistan dagoela Eulenek aurkeztutako proposamenak ez duela baldintza plegua betetzen.
Gaia mahai gainean uzteko bozketa planteatu du alkateak. Aldeko botoa eman dute Jose Mª Boto Sancho, Nikanor Barradas Piris eta Jose Mª Martiarena Jaka zinegotziek eta kontrakoa Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkateak, Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta eta Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea zinegotziek. Alegia, gaia mahai gainean uztearen aldeko hiru boto eta kontrako zazpi eta, beraz, Jose Mª Botoren proposamena ez da onartu.
Proposamena aldez aurretik diktaminaturik ez dagoenez, egindako botazioak proposamenaren premiazkotasunaren estimuan antzeko edukia duela ulertzen da eta, beraz, hori tratatzea onartutzat emanez, proposamena jarri da bozketarako. Zazpi boto eman dira alda: Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkateak, Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta eta Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea zinegotziek, eta hiru kontra: Jose Mª Boto Sancho, Nikanor Barradas Piris eta Jose Mª Martiarena Jaka zinegotziek. Eta beraz, erabaki hau hartu da:
BAT: Enkante-eskaintzaren egintza baliozkotzat deklaratzea eta GEZAK S.L.ri adjudikatzea Bekoerrota kiroldegiko kirol-zerbitzuen osoko gestiorako kontratua, urteko 500.000,- pta kanonarekin eta urteko 7.408.091,- pta kopuriko uda-ekarpenarekin.
BI: Adjudikaziodunari erabaki honen berri jakinaraztea eta, adjudikazioaren jakinarazpenetik aurrera 10 egunetako epean, hark behin betiko fiantza aurkeztuko du, horrela, adjudikazio egunetik kontaturik ondorengo 30 egun naturaletako epearen barruan, dagokion kontratu-dokumentua izenpetzeko.
HIRU: Mikel Arrizabalaga Pikabea alkateari ahalmena ematea erabaki hori aurrera eramateko eta akordio hau burutzeko behar diren dokumentu guztiak izenpetu ahal izan ditzan.
LAU: Erabaki honen berri ematea Udal Fondoen Kontuhartzailetzari, Diruzaintzari eta Kultura Departamentuari, jakin dezaten eta gainerako ondorioetarako.
AKTAREN AMAIERA.
Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:40 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.