- LAU ZINEGOTZIK AURKEZTUTAKO MOZIOA, AURRERANTZEAN LEZOKO HIRIGUNE OSOA AÑARBEKO MANKOMUNITATETIK DATORREN EDATEKO UREZ HORNITZEKO PROPOSATUZ
- LAU ZINEGOTZIK EGINDAKO ESKAERA, BATZORDE BEREZI BAT SORTZEKO, "EUSKADIKO ITZULIA 95" DELAKOAREN AZKEN ETAPAKO KOMITE-ANTOLATZAILEAREN KONTUAK AZTERTZEKO HELBURUZ
Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abuztuaren hiruan, 19:00 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Mª Martiarena Jaka, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.
Mirari Rekalde Gonzalez, Pello Garbizu Azkue, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea eta Rafael Salaberria Etxezurieta, aurrez abisatu bezala, ez dira bilkurara etorri.
Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.
Alkateak gogorarazi du ezen, ezohiko osoko bilkura honen deialdia, lau zinegotzik 781/1986 RDLko 48 artikuluaren babesean eskatu izanaren ondorioz egin dela.
1.- LAU ZINEGOTZIK AURKEZTUTAKO MOZIOA, AURRERANTZEAN LEZOKO HIRIGUNE OSOA AÑARBEKO MANKOMUNITATETIK DATORREN EDATEKO UREZ HORNITZEKO PROPOSATUZ.
Deialdi hau eragin duen mozioak honela dio hitzez hitz:
"Añarbeko Uren Mankomunitatearen txosten batek, 1998ko ekainekoak, "HERRITARREI EMATEN ZAIEN UREN KALITATEAREN ARAZOA"-ri buruzkoa (Añarbekoak ez diren udal-uren bilketak), plazaratu du eztabaida Lezoko Udalak bertako herritarrei ematen dien uren kalitateari buruz.
Orain arte oposizioko zinegotzien "kexu aitzakia" besterik ez zena, jadanik "kezka larri" bihurtu da, Añarbez kanpoko antzinako ur-bilketetara eta hornidura-iturrietara itzuli izanagatik ((besteak beste, Lezon Jaizkibelgoak), aipaturiko dokumentuan Mankomunitateko teknikariek diotenaren arabera; hartan, ur horren kalitateak duen kalifikazioa "gutxienik arazogarria, argi eta garbi eskasa ez denean behintzat" esaten da, eta horren analisien emaitzak "oso txarrak".
Lezoko hiriguneko biztanleak 1993ko ekaina ezkero iturri desberdinetatik hornitzen dira: Jaizkibel menditik bildutako ura eta Añarbetik datorrena, eta horien arteko kalitate-diferentzia, Mankomunitatearen txostena ikusi ondoren, ukaezinekoa da.
Hornitzen diren uren iturburuaren arabera, Lezoko hirigunean bi sektore desberdin bereizten dira: Jaizkibelgo urez bakarrik hornitua (gutxi gora behera, Jaizkibel hiribidea, hirigune historikoa eta inguruak "biltzen" dituena), eta gainerakoa, normalean Añarbeko urez eta noizbehinka ur "nahasiz" hornitua. Sektore horietan jasotako uren analisiek frogatzen duten ur horien kalitate desberdina 1996 eta 1997 urteetan:
UREN KALIFIKAZIOA SEKTOREEN ARABERA |
1996 URTEA |
1997 URTEA |
Añarbeko urez hornitu ohi dena |
ONA |
ONA |
Jaizkibelgo urez hornitua |
ESKASA |
HOBEGARRIA |
Lezoko Udaleko Zerbitzuburuak berak, joan den maiatzaren 18ko txostenean, aditzera ematen du ezen, Osakidetzak zenbait alditan proposatu duela, jadanik, Iparraberriko (Jaizkibel) urtegitik datozen urak moztea, edangarria ez delako. Txosten beraren arabera, Iparraberriko (Jaizkibel) instalazioak zeharo desegokiak dira, iragazpen tratamendurik gabe, edangarritzekorik gabeak eta fluorazio gabeak.
Lezoko Alkateak eta bere Gobernuak (HB) badute eskasia horien berri eta herriko uren aldian aldiko laginketen eta analisien emaitzak ezagutzen dituzte. Alabaina, ura osasun-baldintza hoberenetan hornitzearen eta uraren "ez-edangarri" egoera horien arduradunak izan arren, ez dira gauza izan horri soluziorik emateko, eta beraz Mankomunitateko teknikariek, txosten horretan, alertatu egiten dituzte arazo larri hori hor dagoelako.
Hori nahikoa larria ez balitz bezala, gainera erantsi beharra dago ezen, ura kondizio onetan hartzen ez duten Lezoko herritarrek (Jaizkibeldik datorrena hartzen dutenek), Añarbetik garbi, garden eta baldintza higieniko eta osasungarri onetan hartzen dutenen prezio berean ordaintzen dutela ura. Egoera hori, beste gabe, jasanezinekoa da.
Jakin, badakigu erabat bideragarri dela hornitzea, berehala eta arazo teknikorik batere gabe, kalitatezko ura Lezoko hiriguneko biztanle guztiei (nahiz, tamalez, nekazal eskualde osorako hori hala ez izan).
"Azpiegitura Hidraulikoetan obrak egiteko eta martxan dauden hornidura-instalazioen transferentzia egiteko Mankomunitatearekin Elkarlan Hitzarmena" onartzea baldintza ez dela bistakoa denez, eta harekin, printzipioz, ados gaudelarik.
Lezoko biztanlegoaren parte handi batek orain hartzen duen uir eskasaren ordez kalitatezko ura kontsumitu ahal izan dezan, Alkate Jaunaren agindu propio bat besterik ez dela behar, jakin eta gero.
EA, EAJ/PNV eta PSE-EE-PSOE alderdietako zinegotziok, MOZIO hau sinatzen dugunok, Lezoko Udalbatzari proposatzen diogu har dezala Akordioa Alkate jaunari premiamenduz eskatzeko ezen, gerotik gerorako luzamendurik gabe, behar diren aginduak eman ditzala, Lezoko hirigune osoa aurrerantzean Añarbeko mankomunitatetik datorren uraz horni dadin."
Jose Mª Botok esan du, mozio honekin nahi dena, Herri Batasunak publikoki jarrera bat hartzea dela. Haren iritzirako, jende-sektore bat badago behar bezala tratatutako ura jendeak edatea nahi ez duena, eta gertakari horren erantzule alkatea eta HB egiten ditu, eta eskatzen die publikoki azal ditzatela, kontsumorako baldintza ez oso egokitako urez Jaizkibeldik hornidura mantentzera bultzatzen dituzten arrazoiak.
Iñake Urrestarazuk esan du, mozioak eztabaida sortu nahi lukeela: ez du ulertzen nolaz ez den mozten kontsumorako baldintzarik hoberenak, udal teknikariek eta alkateak berak aitortu duten bezala, biltzen ez dituen ura, eta, are gehiago, Añarbetik datorren ur kloratu eta fluoratuz inolako azpiegitura kostorik gabe horni daitekeenean. Iruditzen zaio ohartarazi beharra dagoela biztanlegoari haurrek ez dutela ur fluoratua hartzen, kontsumo hori oso erraz lor daitekeelarik. HBri gogorarazi dio ezen, duala 9 urte ur fluoratuaren hornidura baztertu egin zuela eta gaur, ordea, onartu egiten duela. Diskriminatzailea iruditzen zaio kalitate desberdineko urak prezio berean kobratzea.
Alkateak onartu du, Jaizkibeldik datorren urak osasungarritasun aldetik arazoak dituela. Defendatzen du, arazo horiek konpondu egin behar direla eta hautabide bakar gisa ezin dela planteatu hornidura hori bertan behera uztea. Lehenik, Jaizkibelgo uren osasungarritasunaren arazoa hain larria ez delako: 96ko urtetik 97rako txostenek aldatu egiten dute uren kalifikazioa eskasak izatetik hobegarri izatera. Horregatik uste du, bide horretan aurrera egin behar dela horniduraren kalitatea hobetzeko neurriak hartuz. Bigarren arrazoia, moztu nahi den ur-etorriaren garrantzia da: lehorte aldietan segunduko 12 litroko emaria du eta garai normalean segunduko 20 litro, eta horrek egunean milioi bat eta biren arteko litro kopurua suposatzen du. Beraz ondare garrantzizkoa da, eta ez alferrik galtzen uzteko bezain kalitate txarrekoa. Lezoko herria tradizioz Jaizkibeldik hornitu da eta iturri hori moztea oso arriskutsua da batik bat lehorte garaietarako. Alkateak seinalatutako hirugarren arrazoia zera da: ez berak ezta bere talde politikoak ere, ez dute sumatu inolako diskriminazio sentimendurik Lezoko herritarren artean haien ura Añarbetik ala Jaizkibeldik etorri izanaren arrazoiarengatik. Aitortzen du kexak izan direla Jaizkibeldiko hornidurarengatik baina ez diskriminazio arrazoirik emanez.
Bere adierazpena bukatzean alkateak bere gain hartu du erantzukizun politiko pertsonal propioa eta bere talde politikoaren kolektiboa Jaizkibeldik hornidura mantentzeagatik; Ez zaio iruditzen egoera alarmagarria denik edota alarma soziala sorrarazten ibiltzeko adinakoa denik ere eta, azkenik, azpimarratu du ezen gai horrek merezi duela jarraipen zehatzagoa. Gogorarazi du ezen, joan zen osoko bilkuran udalbatzak onartu bezala Añarbe Komunitatearekin hitzarmena izenpetuko denean, entitate horri exijitu egingo zaiola Jaizkibelgo urarentzat behar diren neurri guztiak har ditzan (filtroak, fluoratzea, obra zibila...). Estudio bat proposatuko du, larriakdi kasuetan Jaizkibelgo ura erabilpen industrialetarako edo ureztapenetarako izan dadin. Errepikatu du ezen, oraingoz, erabakia eta helburua hornidura mantentzekoa dela.
Iñake Urrestarazuk esan du, izenpetu dutenen gutizia bat ez dela alarma soziala sorraraztea baizik eta, beren iritzirako, herriak eskubidea duela udalak dituen datuak ezagutzeko. Haren iritzirako mozioak ez du planteatzen "Jaizkibel ez" "Añarbe bai", baizik eta Lezoko biztanleen eskubidea planteatzen du beren etxeetan hornidura baldintza osasungarri eta egokietan hartzeko, ura nondik datorren bost axola izanik. Ondasun urria denez, bat dator egoki gestionatzearen ideiarekin eta esan du, denak ados daudela Jaizkibel mantentzeko iritzian. Baina, noski, bere ustez hori ez da nahikoa argumentu ur hornidura kondizio egokitan eta kosto hadiagorik gabe emateari uko egiteko.
Jose Mª Botoren iritzirako, alkatearen hitzak ezezkorako erretolika bat dira. Errealitatea aldrebeskatzea dira. Eta Herri Batasunari gogorarazi dio ezen, haiek beraiek sortu zutela alarma soziala Añarbeko ur hornidura Jaizkibelgora aldatu zenean. Berriro dio ezen, mozioaren xedea Lezoko herritarrak ur onez hornitzea dela.
Jesus Mª Martiarenaren iritziz, herriari kalitatezko zerbitzuak eman behar zaizkio eta teknikarien esanak aintzat hartu behar dira.
Bozketa eginik, ez da onartu mozioa aldeko lau boto izan direnez: Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Mª Martiarena Jaka, Jose Mª Boto Sancho eta Nikanor Barradas Piris; eta kontrakoak bost: Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain eta Agustina Pontesta Garmendia.
2.- LAU ZINEGOTZIK EGINDAKO ESKAERA, BATZORDE BEREZI BAT SORTZEKO, "EUSKADIKO ITZULIA 95" DELAKOAREN AZKEN ETAPAKO KOMITE-ANTOLATZAILEAREN KONTUAK AZTERTZEKO HELBURUZ.
Bertan direnek aho batez erabaki dutepuntu hau mahai gainean uztea, hurrengo osoko bilkura batean tratatzeko
AKTAREN AMAIERA.
Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:40 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.