2011ko apirilaren 6koa

Agiri mota

Mamia:

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2011ko apirilaren 6an, asteazkena, 19:35ean, eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira bilerara etorri Jesús María Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak hasiera eman dio bilerari. Jende artean Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen bi ordezkari daudenez alkateak proposatu du elkarte horrek aurkeztutako mozioaren eztabaida eta bozketa gai zerrendan aurreratzea, gai zerrendan seigarren gaia dena lehenengo tratatzea. Batzarkideak konforme dira alkatearen proposamenarekin.

1.- Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen mozioa (2011AL050001).

Honela dio mozioak:

"1965 eta 1985 bitartean, eta batez ere 1974 inguruan, erabili zen gure artean amiantoa. Eskuartean ditugun datuen arabera, 1970eko hamarkadaren erdialdera 100.000 tona amianto inguru erabiltzen ziren. 1965 eta 1985 bitartean jaso ziren eraikinik gehienetan aurkitzen da amiantoa, eraikuntzan erabilitako osagaietan edota haietan ipinitako instalakuntzetan. Aditu batzuek diotenez, Euskal Herriko hiritarrok milaka tona amiantoz inguraturik bizi gara.

Enpresa askok ezarri zituzten amiantoz egindako produktuak. "Halako asko, desagerturik egongo da jada, baina beste asko bizilekuetan eta eraikin industrialetan aurkitzen da oraindik". Beraz, behar-beharrezkoa da amiantoa non aurkitzen den kausitzea, desagerrarazi ahal izateko.

2002ko maiatzaren 31n Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen "Eusko Jaurlaritzari eskatzea egin dezala Udaletxeekin eta hiritarrekin elkarlanean, lantokietan, bizilekuetan eta gainerako instalakuntzetan instalaturik dagoen amiantoaren inbentarioa, langileen eta auzotarren osasunaren babesa bermatu ahal izateko amiantoa desgerrarazteko langintzak burutu bitartean".

Eusko Legebiltzarraren erabakiak zortzi urte bete dituenez eta betetzeke dagoela ikusirik, ASVIAMIE Elkartekook proposatzen diogu udalbatza honi eztabaida eta onar dezala ondorengo mozio hau:

1.- "Amiantoa daukaten udal eraikinen inbentarioa" egitea.

2.- "Udalerriaren barnean dauden eta amiantoa eduki dezaketen eraikinen inbentarioa" egitea.

3.- Eraikinetan lanak, berrikuntza edota eraispenak egin behar direnean, eta haietan sortutako hondakinak botatzen direnean, bete dadila zorroztasun osoz 396/2006 Errege Dekretua, Martxoaren 31koa, non ezartzen baitira langileak eta auzotarrak babesteko hartu behar diren aurrerazaintza neurriak, eta horretarako presta dadila udalerriko eraikinetan egin behar diren lanak baimentzeko Ordenantza arautzailea.

4.- Herritarrei jakinaraztea, ohiko hedabideen bitartez, amiantoa daukaten osagaiak eduki ditzaketela bere etxebizitzetan, eta hura manipulatzearen arriskuak zein diren.

5.- Bere jabetzako eraikinetatik amiantoa kentzeko lanak egin beharrean aurkitzen diren herritarrentzat zenbait diru-laguntza ipintzea."

Jende artetik Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen ordezkariak mozioaren zergatiak azaldu ditu eta aktan jasotzea eskatu du alkateak. Honela esan du:

"Jakingo duzuen bezala amiantoa gai kimikoa da, minbizia eragiten duten gaien artean lehen mailakoa, eta Europako langileen artean, lanetik eratorriko minbizien eragile handiena da.

Amiantoa arriskutsua da hura hausten denean fibramikroskopikoak askatzen baditu: fibra horiei amianto-hautsa ere deitzen zaie. Amiantoa manipulatzen edo transformatzen ez bada hori ez da horrela, ez da hautsik sortzen. Hala, hauts hori arnasten denean sor daitezke amiantoarekin lotutako gaixotasunak. Horien artean daude asbestosia, plaka pleuralak, biriketako minbizia, eta hainbat mesotelioma: pleurala, peritoneokoa, laringekoa etab.

Zientzialariek frogatua dute amianto-hautsa arnastetik, horrekin lotutako gaixotasunak sortu arte, gutxieneko denbora tartea dagoela. Asbestosirako, adibidez, tarte hori 20 urte baino gehiagokoa da, eta mesoteliomak agertzen dira amianto-hautsak arnastu eta 20-50 urteren artean, horren batez bestekoak 30 urteak gainditzen ditu.

Aurkeztu dugun mozioan azaldu dugun moduan, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan erabili zen gehien amiantoa. Hala, Euskal Herriko enpresa gehienetan amiantoarekin lan egiten zenean ez ziren ezarritako legearen araberako beharrezko segurtasun neurriak hartzen. Garai horietako langile asko, beraz, amiantoarekin zuzenean lan egindakoak dira, eta langile horiek lan egiten zuten enpresetako kutsadura jasan dute herritar askok ere.

Orain ari gara ordaintzen horien guztien ondorioa. Orian ari dira azaleratzen amiantoagatik sortutako gaixotasunak. Egun, Espainiako Estatuan 250-300 Mesotelioma Pleural Gaizto kasu agertzen ari dira urtero. Heriotza tasa oso handia duen minbizia da, eta kalkuluen arabera, 2015 urtetik aurrera, urteko 500dik gora horrelako kasu agertuko dira. Gainera, kontuan hartuta amiantoaren eraginez asbestosia, biriketako minbizia, peritoneoko minbizia edo laringeko minbizia bezalako gaixotasunak sortzen direla, zenbaki horiek nabarmen handituko dira, eta kalkuluek diote datozen 30 urteetan Europako Batasunean 500.000 pertsona hil egingo direla amiantoak eragindako gaixotasunengatik, horietatik 10.000 baino gehiago Euskal Herrikoak.

Europako Batasuneko zuzentarau baten arabera, 1999 urtetik Europako Batasunek herrialdeetan amiantoa ekoiztea, saltzea eta erabiltzea debekatuo zuen trantsizio epea ezarri zen, 2005 urtera artekoa. Espainiako Gobernuaren beste agindu batek, 2001eko abenduaren 7koa, zuzentarau hori indarrean jarri zuen Espainiako Estatuan. Beraz, 2002tik Espainiako Estatuan amiantoa debekatuta dago, eta hura ordezkatzeko beste materialeak erabili behar dira.

Honen guztiaren aurrean batek baino gehiagok galdetuko du ea zein arrazoi duen gaur egun horrelako mozio bat aurkezteak.

Mozioan esaten dugun moduan, eta amiantoa 2002tik debekatuta dagoen arren, amianto milaka tonen artean bizi gara oraindik. Kalefakzioetan (berogailuetan), ur hodietan, eraikinetan, industria instalakuntzetan edo abeltzaintza instalakuntzetan dago amiantoa. Hala, eraikinak eta pabilioiak eraistea, ur hodiak konpontzea, berogailuak alatzea eta abar oso arriskutsuak dira.

Zorigaiztoko egoerak saihesteko, eta amiantoarekin inor ere gehiago kutsatu ez dadin, mozio hau aurkezten dugu, hemendik aurrera beharrezkoak diren badaezpadako neurriak eta babes neurriak har daitezen, amiantoaren kalteak neurtzeko eta aurreikusteko legediak hala diolako."

Zinegotzi eta elkarteko ordezkarien artean elkarrizketa izan da eta guztiek azpimarratu dute informazio zabaltzearen garrantziaz, kaltea egina badago gaitzaren kontrako tratamenduak lehenbailehen hastea komeni delako.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ados dagoela mozioarekin baina arazoa erkidego, estatu edo Europa mailan tratatu behar dela udalaren gainetik dagoelako. Horregatik abstenitu egingo dela.

Bozketa egin da eta mozioa onartu da aldeko bederatzi botorekin eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalagarena).

2.- Egoki irudituz gero, 2011eko otsailaren 2ko eta martxoaren 23ko osoko bilkuretako aktak onartzea.

Mikel Antxon Arrizabalaga ,Otsailaren 2 Batzarrera ez zen etorri eta familiako kide baten gaixotasunagatik izan zela argitu du.

Azalpen horrekin bi aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

3.- Papresa, S.A.U.k sustaturiko Arau Subsidiarioen 27. aldaketa puntualaren espedientearen izapidetzea bertan behera uzteko diktamena (2009HO310003).

Alkateak diktamenaren onarpena eskatu du. Forma kontu bat dela dio, onartu berri den Hirigintza Plan Orokorrak jasotzen dituelako 27. aldaketa honetan jasotzen direnak. Honela dio diktamenak:

"Lezoko Udalak eta Papresa, SAUk 2009ko urriaren 7an osoko bilkuran onarturiko Hirigintza hitzarmen bat izenpetu zuten

Hitzarmen honen arabera, Lezoko Udalak, udalerrian gauzatzen ari den Plangintzako Arau Subsidiarioen berrazterketaren esparruan, Papresa, SAUren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko AA.SS 27 zenbakidun Aldaketa izapidetuko zuen hitzarmenean zehazten ziren baldintzetan eta bestetik Papresa, SAUk Lezoko Udalari hitzarmenean bertan adierazten ziren kontzeptuengatik, zehazturiko kopuruak eta adierazitako epeetan ordainduko zizkion.

Lezoko Udalak hitzarmena beteaz aipatu AA.SS 27 zenbakidun aldaketari haserako eta behin behineko onarpena eman zion. Espedientea Lurralde Antolaketa Batzordera igorri eta honen aldeko txostena ere jaso zen.

Haatik, AA.SS 27 aldaketa honen edukia Lezoko Hirigintza Antolaketa Plan Orokorrean jaso zen eta azken dokumentu hau 2010eko abenduaren 21a behin betikoz onartu zenez, hau da, aldaketa puntuala Foru aldundira behin betikoz onar zezan igorri baino lehen, ez du inongo zentzurik AA.SS 27 zenbakidun aldaketaren izapidetzea jarraitzea hitzarmenean jasotakoa bete baita.

Gogoan izan behar da aipatu hirigintza hitzarmenean ere, hain zuzen ere seigarren klausulan, aukera bezala jasotzen zela AA.SS 27. aldaketaren edukia HAPOan sartzea eta hau behin betikoz onartzen bazen hitzarmena betetzat jotzen zela Lezoko Udalari dagokionean.

Beraz administrazio prozedura arautzen deun 30/1992 Legearen 91.2 artikuluak xedatzen duena kontuan izanda, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2011ko martxoaren 30ean egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT: Lezoko Planeamenduk Arau Subsidiarioen 27. aldaketa puntualaren espedientearen tramitazioa bertan behera uztea.

BI: Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Papresa, SAUri aipatu akordioa jakinaraztea."

Kepa Garbizuk dio forma aldetik logikoa iruditzen zaiela diktamena, baina hirigintza arau aldaketa honen aurka zeudenez orain abstenitu egingo direla.

Mikel Antxon Arrizabalagak ere arau aldaketaren inguruan esandakoak mantenduz orain forma kontuko erabaki honetan abstenitu egingo dela esan du.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko zazpi boto eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

4.- Lezoko Udalerriko hirigintza plan orokorraren testu bateratua onartzeko diktamena (2007H0310001).

Jon Legorburuk, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak diktamena onartzea proposatu du. Foru Aldundiaren begiradapean egindako testu bateratua dela dio. Honela dio diktamenak:

"Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak 2010eko abenduaren 21ean Lezoko Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorrari behin betiko onarpena eman zion.

Behin betiko onarpen akordio honen lehen atalean, onarpenaren baldintzak ezarri ziren, hain zuzen ere, urak, bide azpiegiturak, kultur ondarea, etxebizitza babestua, lurzoru urbanizaezina, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioa, hirigintza arau bereziak eta dokumentuaren akatsak eta kontraesanen inguruan.

Halaber akordio honen laugarren atalaren arabera, 2/2006 legeko 88. artikuluan aurreikusitako ondorioetako plana gauzatzea kaltetu gabe, Lezoko Udalak hiru hilabeteko epean dokumentu bat onartu eta Foru Aldundira bidali behar du erabakiaren lehen atalean adierazitako baldintzak betetzen dituena.

Horrela Lezoko Planeamenduko Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorra idatzi duen taldeak, dokumentuaren Testu Bateratu bat aurkeztu du arestian aipaturiko baldintzak beteaz.

2/2006 Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko 91 artikuluak xedatzen duena kontutan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2011ko martxoaren 30ean egindako batzarraldian, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT: Lezoko Planeamenduko Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorraren Testu Bateratua onartzea.

BI: Akordio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraztea.

HIRU: Gipuzkoako Foru Aldundira aipatu Testu Bateratuaren kopiak igortzea."

Kepa Garbizuk dio Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziak kontra bozkatuko dutela edukiarekin ados ez daudelako. Mikel Antxon Arrizabalagak dio bera abstenitu egingo dela.

Bozketa egin da eta bilkura kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin, aldeko zazpi boto, aurkako bi (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga), diktamena onartu da.

Irati Aranburu zinegotziak bilkura utzi du.

5.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko hitzarmena sinatzeko diktamena. (2011ID360002).

Alkateak diktamena onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola eta Mikel Antxon Arrizabalagaren botoa alde dela, Barne Gaietarako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

Eusko Jaurlaritzako, Justizia eta Herri Administrazio Sailak lankidetza proposatu dio Lezoko Udalari, EAEko administrazioari zuzendutako idazkiak Lezoko udaleko udal erregistroan aurkeztu ahal izateko.

Lankidetza hitzarmenean Herri Administrazioen Lege-jaurbideari eta guztientzako administrazio ihardunbideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko proposatzen da. Artikulu horren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz Autonomi Elkarteetako edozein organotako erregistroan edota Toki-Administrazioko erakunderen batetakoan aurkez daitezke, beti ere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Agindu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da proposatzen den lankidetza hitzarmenaren helburua.

2001etik 2009a indarrean izan zen helburu bera zuen lankidetza hitzarmena: 2001eko martxoaren 28an sinatu zena, eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian 2001eko ekainaren 28an argitaratu zena. Hitzarmena 2009ko ekainaren 28an iraungi zen eta iraungitzearen iragarkia GAOn argitaratu zen 2010eko martxoaren 25ean eta udal iragarki oholean ere egon zen.

Indarrean egon zen azken hiru urteetan hauek dira Lezoko udalean erregistratu diren EAEko administrazioari zuzendutako idatzi kopurua: 2007an 23 erregistro, 2008an 27 eta 2009an 36.

2011martxoaren 22ko idatziz (sarrera 1032) Eusko Jaurlaritzatik lankidetza hitzarmen berri bat sinatzea proposatu du. Iraupenari dagokionez, lau urtekoa proposatzen da, hitzarmena EHAAn argitaratzen denetik. Epea beste lau urtez luzatzeko aukera ematen du proposatutako testuak.

Proposatzen den lankidetza hitzarmen hau betetzeko udalak bere gain hartzen du EAEko administrazioari zuzendutako idatziak erregistratzea eta administrazio horri bidaltzea, horrek suposatzen duen gastua bere gain hartuz (langileen dedikazioa eta, normalean, Donostiako EAEko administraziora idatzia bidaltzeko mezulari gastuak).

Lankidetza hitzarmena onartzeko ahalmena udalaren osoko bilkurarena da eta gehiengo osoaren aldeko botoa behar du onartuko bada, TOALaren 47.2, h) eta 22.2 p) artikuluen arabera.

Lankidetza hitzarmena sinatzeko espedientea azterturik, EAEko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteari buruzkoa, aldi berean, idazkariaren txostena ikusirik, alkatetzak honek Barne Batzordera darama ondorengo erabaki proposamena:

BAT: EAEko Administrazioaren eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea, Lezoko udal erregistroan EAEko administrazioari zuzendutako idazkiak aurkeztu ahal izateko.

BI: Alkatea ahalmentzea lankidetza hau gauzatzeko behar diren dokumentuak izenpetzeko."

Diktamena aho batez onartu da.

6.- D11/00301 dekretuaren berrespena, lankidetza hitzarmena sinatzeko liburutegiko erabiltzaileen datu-basearen erabilpen zuzena arautzeko (2011ID360001).

Alkateak diktamena onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola eta Mikel Antxon Arrizabalagaren botoa alde dela, Barne Gaietarako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Berrestea alkatearen D11/00301 dekretua, Eusko Jaurlaritza eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko, liburutegiko erabiltzaileen datu-basearen erabilpen zuzena arautzeari buruzkoa."

Diktamena aho batez onartu da.

7.- Usurbilgo Itunaren mozioa, hondakinen kudeaketaren inguruan (2011AL050002).

Alkateak deialdiarekin batera aurkeztu duen mozioa onartzea eskatu du. Honela dio mozioak:

"Hondakinen kudeaketaren inguruan eztabaida soziala puri-purian dago Gipuzkoan. Hondakinak , hau da, lehengaiak zabor bilakatzen dira gaikako bilketarik behar bezala sustatzen ez delako. Ondorioz birziklagarriak diren lehengaiak nahasita bildurik arazo bihurtu dira eta, aldi berean, gure osasuna eta ingurumena kaltetuko lukeen errauste planta baten proiektua bultzatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ondorioz, errauste plantaren proiektuak 580 milioi euroko kostua izango duenez, udalok kezkaz bizi dugu egoera, datozen hamarkadatan menpekotasun ekonomikoak kezkatzen gaituelako. Baina, aitzitik, udalok irizten diogu Gipuzkoan %80tik gorako bilketa selektiboa lortzen duten bilketa sistemak badaudela, eta hondakinen arazoari irtenbidea ematen diotela. Beraz, egoera honen aurrean udalerri honek zera onartzen du:

1.- Hondakinen kudeaketa egiteko orduan gipuzkoarron osasuna lehenesten du irizpide gisa.

2.- Osasunaz gain, hondakinak kudeatzeko orduan ingurumena kalte lezakeen edozein tratamendu baztertzen du.

3.- %80tik gorako bilketa selektiboa lortzeko bideak dauden bitartean hondakin eta isurketa toxikoak eragiten dituen errausketaren bidea baztertzen du.

4.- Hondakinak biltzeko orduan, Gipuzkoan indarrean dagoen 10/98 legea betearazteko konpromisoa hartzen du, zeinak dioen 5.000 biztanle baino gehiago duen udalerriak derrigorrez materia organiko guztia gaika bildu behar den.

5.- Gipuzkoan zero zabor programa garatzeko Zubietan egin nahi duten errauste plantari hiru urteko moratoria ezartzea eskatzen dio Gipuzkoako Foru Diputazioari.

6.-Errauste plantaren proiektuak 580 milioi euroko kostua duela kontuan hartuta eta udalbatzar honek ez duela ez eztabaidatu eta erabakirik hartu erabaki horren gainean, larritzat jotzen dugu proiektu honek hamarkadatan udal honi eragingo dion menpekotasun ekonomikoa.

7.- La Caixari, Banestori eta EIBri eskatzen diegu lanposturik sortzen ez duen eta etekin ekonomikoak lortu asmoz ingurumena eta osasun publikoa kaltetzen duen proiektuaren finantzazioa bertan behera uztea.

8.- Erabaki honen berri, herriko komunikabideez gain, Gipuzkoako Diputatu Nagusiari, Banestori, La Caixari eta EIBri jakinaraztea."

Kepa Garbizuk EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio mozioak:

"Gipuzkoako Lurralde Historikoa pauso garrantzitsuak ematen ari da iraganeko hondakinen kudeaketa-sistema ixteko eta XXI. Mendearekin hobeki datoren beste sistema batera pasatzeko, Europako araudian eta,zehazki, Hondakinen Kudeaketari buruzko Esparru zuzentarauan xedatutakoarekin bat etorriz.

Horregatik, Lezoko Udalbatzak:

1.- Errespetatu egingo duela Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko politika, Batzar nagusiek eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko Batzarrak gehien-gehiengoz erabaki eta onartua eta PIGRUG Aurrerapen Dokumentuan jasotakoa (abenduaren 23ko 7/2008 Foru Araua), eta, zehazki, errespetatu egingo dituela 4. artikuluan zehaztutako kudeaketa-aukera estrategikoak, Hondakinen Kudeaketari buruzko Esparru Zuzentarau berrian ezarritako komunitate-hierarkia bildu eta erabat errespetatzen baititu:

  • a) Prebentzioa maximizatzea.
  • b) Ahalik eta lehen mailako hondakin gehien gaika biltzea eta birziklatzea.
  • c) Ahalik eta materia organiko konpostagarri gehien gaika biltzea eta konpostatzea eta/edo biometanizatzea.
  • d) Sortutako bigarren mailako hondakinak albait gehien balioztatzea.
  • e) Lehen mailako hondakinik ez isurtzea.

2.- Errotik baztertzen du gure zaborra tratatzeko aurreikusi diren azpiegitura berriak egiteko edozein moratoria. Begi bistakoa da albait gehien prebenitu, birziklatu eta konpostatuta ere beti izango dela hondakinen parte bat birziklatu eta konpostatu ezin dena.

Guk argi egiten dugu hondakin horiek balioztatzearen alde, hau da, horien energia aprobetxatzearen alde, zabortegietara botata alferrik galdu ordez.

3.- Uste du argi frogatuta dagoela errausketaren bidez energia balioztatzeko planta modernoak ez direla arriskutsuak pertsonen osasunerako. Ozenago esan liteke, baina ez argiago.

4.- Elkartasuna adierazten die hiri zabortegiak dauzkaten eta gure zaborra hartzen duten udalerriei. Hala, San Markoko zabortegia itxita, albait azkarren eraiki behar dugu Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroa, Urteta, Lapatx eta Sasietako zabortegiak ixteko.

5.- Adierazten du guztiz prest dagoela San Markoko Mankomunitatearekin eta Hondakinen Partzuergoarekin elkarlanean aritzeko, hondakinak pixkanaka, egokitzat jotzen diren ekimen guztiak abian jar daitezen zentzuz eta gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik jasangarria izango den modu batean bildu eta kudeatzeko sistemak hobetzeko."

Mikel Antxon Arrizabalaga alkateak aurkeztutako mozioaren aurka azaldu da. Bere ustez Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Aldundiak eta mankomunitateak onartua dute hondakinen plana. Errauskailua egiteko obrak emanak daude. Beraz erabakitzekoa erabakita dago eta ez da atzera egiteko garaia.

Iñigo Esnaolak dio Batasunaren ilegalizazioa aprobetxatuz hartu direla erabaki horiek, erakundeetatik kanpo dagoela aprobetxatuz.

Urko Lopetegik dio gaia erabakita ez, inposatua dagoela.

Horiez gain, beste kontu batzuk ere badirela dio alkateak. Alde batetik plana bera, Pigrug delakoa. Era traketsean onartu da udalen on iritzirik eskatu gabe eta egin diren alegazioei muzin eginez. Horregatik plana errespetatu behar izatea zalantzazkoa dela dio, endemas onartu zutenek planean aurreikusitakoa ez dutela beteko esan berri dutenean. Gainera, eraiki behar ziren hiru konpost plantak ez dituztela egingo esan dute eta halako bat eraiki nahi izan duen Usurbilgo Udalari eraikitzea eragotzi diote. Horiez gain, alkateak dio errausketak ere zabortegia behar duela, sortzen diren hondakin toxikoak jasotzeko. Bestalde, osasunarentzat arriskutsua da eta kokapenak Gipuzkoako herrien artean sortu zuen egonezina gogoratu du., Inork ez zuen errauskailua bere lurretan nahi, Donostiako udala behartu zuten arte, eta hark Donostiatik ahalik eta urrutien kokatu du errauskailua, lehenik Landarbaso proposatuz eta azkenik Zubietako lurrak eman dituelarik

Alkateak bozketa proposatu du. Lehenik EAJ-PNV-ren mozio alternatiboa bozkatu da. Onartuko balitz ez litzateke alkatearen mozioa bozkatuko eta onartuko ez balitz, alkateak aurkeztutako mozioa bozkatuko da.

EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa onartzearen alde hiru boto izan dira (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga) eta sei boto kontra. Beraz mozio alternatiboa ez da onartu eta alkateak aurkeztutakoa bozkatuko da.

Kepa Garbizuk bozkatu aurretik, mozioa eztabaidatu nahi du. Lehenik galdetu dio alkatea eta gobernu taldeari errauskailura ez bada nora eraman nahi dituen zaborrak, ea gainezka dauden zabortegietara eraman nahi dituen. Gogoratu du Lezoko osoko bilkurak onartua duela zabortegirik ez onartzea. Bere ustez demagogikoa da 580 milioiko gastuari mozioan egiten zaion aipamena. Zentzu horretan gogoratu du Lezoko udalak ez duela inoiz San Marko Mankomunitateko aurrekontua onartu.

Alkateak dio atez ateko bilketa ezartzeko azterketa egiten ari direla, errauskailua eraikitzen hasteko luzamendua eskatu dela, beste aukeren bideragarritasuna eta onurak probatu ahal izateko.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio erabakita dagoela eta ez dagoela atzera bueltarik.

Alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi boto eta aurkako bi botorekin (Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

8.- 2011eko maiatzaren 22an izango diren hauteskundeetan hautets mahaietan aritu direnen zozketa alkatearen esku uzteko proposamena (2010ID25001).

Alkateak proposamena azaldu du. Honela dio:

"Maiatzaren 22an egingo diren Udal-Hauteskunde eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetarako hautets mahaietan egongo direnen zozketa, apirilaren 23tik 27 bitartean egin behar da osoko bilkuran. Beste bilerarik deitu eta egin behar ez izateko, alkateak aurkeztu nahi dio plenoari honako erabaki proposamena:

BAT: Alkatearen gain uztea zozketa eginkizuna. Zozketa publikoa Areto Nagusian egingo litzateke, oraindik zehaztu gabeko data eta orduan."

Bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi boto eta bi abstentziorekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa).

9.- Alkatearen, organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak aurrekontuetan egindako aldaketa baten berri eman du, habilitazio bidez egindakoa eta 2010KO090009 espedientean jasoa.

Jon Legorburuk dio Herri Eskolako jangela handitzearen obraren esleipen prozedura bideratua dagoela obrak ekaina-iraila bitartean egiteko.

Auñamendiko apartamentu babestuetatik bi apartamentu okupatu direla esan du Jon Legorburuk.

Jon Legorburuk informatu du udal langileen lan hitzarmenaren negoziazioa aurrera doala. Gaur langileen asanblada egin dela dio eta gobernu taldearen proposamenari ongi emana eman diotela. 2010 eta 2011 urteetako hitzarmena lotzeko adostasuna dagoela dio. Ez ohiko osoko bilkura deituko dela dio gai eztabaidatu eta onartzeko.

Iñigo Esnaolak dio onartu berria den aurrekontua gauzatzen ari direla kulturan eta kirolean: dirulaguntzak, hitzarmenak, .... Festetako eta kirol mahai sektorialak martxan jartzeko prozesuan ari direla ere esan du. Mendekoste festak prestatzeko gonbidatu ditu zinegotziak. Kiroldegi eta igerilekuak mantentze lanak behar dituztela esan du eta Musika Eskolako kontuekin dio Lesoinu datorren astean egingo dela. Musika Eskolako kontseiluak egin dira eta oposizioko zinegotziak bileretara joateko deituak izan diren arren, horiek ez joatea kritikatu du.

Alkateak euskararen mahai sektoriala martxan jartzeko pausoak ematen ari direla dio eta hurrengo bilkurara haren araudia aurkeztuko duela. Euskaran ere ahozkotasunezko ondarea zaindu asmoz Ahotsakoekin hitzarmena lantzen ari direla aipatu du. Korrika apirilak 12-13ko gauean izango dela Lezon, udalak kilometro bat erosi duela eta korporazio kide guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.

Portua eta Jaizkibiaren inguruan alkateak salatu du askotan prentsa bidez gehiago jakiten dela bileretatik baino. Donostialdeako PTParen araberako Portuko Master Planaren arabera baloratu nahi dira portuko lurrak eta balio horren araberako partaidetza izango luke portuak Jaizkibian. Jokaera iluna eta arriskutsua iruditu zaio alkateari.

10.- Galde-eskeak.

1.- Kepa Garbizuk bost galdera erregistratu ditu idatziz. Bestalde, lehendik erantzun gabe dauden 125 galdera daudela gogoratu du eta hauek horiei gehitu behar zaizkie. Legealdi honetan egin dituen galderen artean 63 galdera bakarrik erantzun zaizkiola kritikatu du.

Alkateak onartzen du 125 galdera horiek ez direla zuzenean erantzun. Halere,, galdera horietatik asko, erregistroan kontsulta ginez erantzuten om,en dira. Esate baterako egiten diren dirulaguntza eskaera guztiak hor erregistratuak gelditzen dira.

2.- Kepa Garbizuk galdetu du zertan den martxoaren 31rako aurkeztu behar izaten den aurreko urteko likidazioa.

Alkateak dio bukatzear dagoela azken detaile batzuen zain.

3.- Kepa Garbizuk errespetua eskatu du ikurrina eta Lezoko banderarentzako, udaletxeko

balkoitik zintzilik daudenak nahiko egoera kaxkarrean omen daude.

4.- Darietako eskaileraren babeserako onartutako mozioaren tramitazioari buruz galdetu du Kepa Garbizuk. Alkateak dio Eusko Jaurlaritzak ez diela aparteko balorerik eman.

5.- Alkateak hemendik legealdi bukaera bitarte izango diren bilkuren berri eman du: hauteskunde mahaietan arituko direnen zozketa apirilean, maiatzean ez ohiko bilkura bat eta ekaina hasieran ohiko bilkura.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 929.745.etik 929.754.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna