Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko abenduaren 27an, 19:03 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).
Ez dira bertan izan Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), bi hauek ezin etorri izana adierazi dute.
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.
1.- Proposamena: 107 Poligonoko (Industrial Salva, S.A.) Arau Subsidiarioen zenbait elementuren aldaketa espedientearen dokumentu osagarriari behin-behineko onarpena ematea.
Alkateak erabaki proposamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz:
"Lezoko Udalbatzak 2002ko azaroaren 8an egindako Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman zion 107 poligonoan (Industrial Salva, S.A.) Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen zenbait elementuren aldaketa dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriari.
Akordio honen iragarkia 220 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azaroak 20an eta prentsa idatzian ere argitara eman zen aipatu akordioa. Horrela azken argitarapena azaroaren 26an izan zenez data hau hartzen da kontuan informazio publikorako epeak zenbatzeko.
Dokumentu osagarri hori hilabete batez informazio publikoan egon da udaletxeko Hirigintza Sailean. Epe horretan dokumentu honen inguruan ez da alegaziorik aurkeztu.
ERABAKIA:
BAT: 107 Poligonoko (Industrial Salva, S.A.) Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen zenbait elementuren aldaketa dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriari behin-behineko onarpena ematea.
BI: Akordio honen berri interesdun orori jakinaraztea.
HIRU: Dokumentu Osagarri honen eta espedientearen kopia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea".
Proposamenak Hirigintza Batzordearen diktamenik ez duenez, gaurko bilkuran eztabaidatzeko urgentzia bozkatu da. Urgentziaren alde zazpi boto izan dira, alkatearena eta Batasuneko gainontzeko zinegotziena eta lau abstentzio, Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA)ko zinegotzienak.
Behin urgentzia onartuta, proposamena bera bozkatu da eta ahobatez onartu da, hau da, batzarrean diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin. Ondorioz proposamena onartu da TOALeko 47,3 artikuluan eskatutako korporazio kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso baitu hirigintza arau aldaketarako proposamenak.
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:05 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.476.etik 310.477.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.