2012ko irailaren 27a

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2012ko irailaren 27an, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ohikoa egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Eneko Lartige Zabaleku, Garazi Kuesta Unzain, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral (guztiak Lezoko Bildu Udal taldeko kideak), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa (azken hiru hauek EAJ-PNV taldekoak, eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldekoa.)

Ez da bileran egon Miren Tarragona Perez (Lezoko Bildu Udal taldekoa).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak hasiera eman dio bilerari. Jesus Garcia Garde Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren ordezkaria dagoenez, elkarte horrek aurkeztutako mozioaren eztabaida eta bozketa gai zerrendan aurreratzea erabaki du, hau da, gai zerrendan hamaikagarren gaia dena bigarren bezala tratatzea.

1. Egoki irudituz gero, 2012ko uztailaren 26ko osoko bilkura eta irailaren 12ko ezohiko osoko bilkurako aktak onartzea.

Uztailaren 26ko erdarazko aktan, akats bat dagoela ohartarazi da. Bertan, ez dira agertzen bilerara etorri ez zirenen izenak, baizik eta egonak bezala agertzen dira. Garazi Kuesta Unsain eta Mikel Arruti Salaberria dira bileran egon ez zirenak. Akatsa zuzendu ondoren, akta onartu eta sinatu da.

Irailaren 12ko ezohiko osoko bilkurako akta onartu eta sinatu da.

2. Mozioa, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztua (2012AL080024)

Jesus Garciak aurkeztu duen mozioak honela dio:

1936.eko Uztailean Francok burututako altxamendu militar-faxistak Errepublikaren bidezko Gobernua eta Gobernu Autonomiko guztiak ezabatu zituen, industri, nekazal eta finantza oligarkiaren laguntzarekin, Elizaren agintari eta partaideek tarteko, eta erregimen politiko totalitario bat ezarri zuen askatasunaren, justizia sozialaren eta Estatuko Nazioen eta Herrien eskubideen aldeko pertsona ororen suntsitze fisikoa eraginaz.

Diktadura hura, ideologikoki “nacional-catolicismo” delakoaren zutabeetan finkatua, armadak, finantza eta industria oligarkiak, lur-jabeen klaseak eta Elizak hurrengoko berrogei urteetan mantendu zuten errepresio bortitza eta jeneralizatuaren bitartez edozein oposizio saihestuaz, torturak, “paseoak”, heriotza-zigorrak, eta gainontzeko kondenak jarriaz erregimenaren aldeko epaileen bitartez, atxilotuak inongo defentsa aukerarik izan gabe.

Francoren heriotzaren ondoren, herriaren borrokek eta presio internazionalak frankistak behartu zituzten nolabaiteko aldaketa batzuk egitera, “trantsizio politikoa” delakoaren babesarekin, zeinek inpunitate guztia bermatzen zien 1977.eko Amnistia Legea medio. Prozedura guzti honetan botere politikoa, judiziala, ekonomikoa, militarra eta errepresiboa mantentzea lortu zuten, frankismoaren zutabe nagusienak bermatuaz: Estatuaren batasuna, Kapitalismoaren jabetza eta lehentasuna edozein interes sozialetik gain, eta Elizaren estatus pribilegiatua.

“Trantsizio” horretako urteetan torturak eta erailketak jarraitu zuten poliziaren eta para-polizien esku, eta baita manifestazioen errepresio bortitzak ere, estatus hori mantentzeko asmoz. Egun, herrien autodeterminazioaren aurkako mantentzen den jarrera, Ibarretxeri, alderdi sozialistari eta ezker abertzaleko partaideei epaiketa saiakera ezaguna bezalakoa; erakunde politikoak legez-kanpo lagatzea; egunkari nahiz irratien itxierak; Entzutegi Nazionalaren epaiketa antzuak; eta abar luze batek zera adierazten du nabarmen: diktadoreak utzi zuen “lotua eta ondo lotua”k hor dirauela Borbon monarkiaren bitartez.

Baina “trantsizio” hartatik hogeita hamabost urte geroago argentinar epaile batek frankismoaren aurkako kereila bat onartu du genozidio eta gizateriaren aurkako delituegatik, preskriba-ezinak eta inongo “azken puntuko legeak” amnistiatzerik ezin dituenak. Nahiz eta erakunde internazionaletik izan, kereila honek frankismoaren zutabeak zartatzen hasia du, hainbat memoriaren aldeko erakundeek urteetan zehar ahalegintzen ari garen bezala. Beraz, Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren aldeko une garrantzitsu baten aurrean gaude, milaka eta milaka errepresaliatuen duintasuna lortzeko ahalmen berezia bilakatuaz.

Esandako guzti honegatik, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, Altafaylla Kultur Taldea, CNT Euskal Herria, Durango 1936 Kultur Elkartea, Euskal Memoria Fundazioa, Eusko Lurra Fundazioa, Egiari Zor Fundazioa, Garraxika Taldea, Gernika Batzordea, Goldatu Elkartea, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Lau Haizetara Gogoan Elkartea, Martxoak 3 Elkartea, Oroituz eta Sare Antifaxista Elkarteek osatzen dutena, ondoko proposamena luzatzen dizue:

MOZIOA

1.- Lezoko Udaletxeak 1931.ean bide onez burututako Errepublika eta Gobernu Espainol, Katalan, Galego eta Euskaldunaren aurka 1936.eko Uztailean Francok antolatutako altxamendu militar-faxista kondenatzen du.

2.- Lezoko Udaletxeak gerora ezarritako diktadura erregimena kondenatzen du, berrogei urteetan zehar eragindako triskantza odoltsuengatik justizia soziala aldarrikatzen zutenen aurka eta baita Katalunia, Galizia eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak aldarrikatzen zutenen aurka.

3.- Lezoko Udaletxeak kolpe militar haren alde eta gerora bere gobernuen alde egin zuten industria, nekazal eta finantza oligarkiak eta Elizaren agintari eta partaideak salatzen ditu.

4.- Lezoko Udaletxeak 1977.eko Amnistia Legea salatzen du, frankismoaren inpunitatea eragin zuelako eta inongo garbiketarik egin ez zutelako botere estrukturetan, batez ere diktaduraren arlo juridiko eta errepresiboetan (armada, polizia eta guardia zibila).

5.- Lezoko Udaletxeak 1977.eko Amnistia Legea ezabatzea eskatzen du, eta altxamendu militarragatik, erregimen frankistagatik eta Estatu terrorismoagatik errepresaliatuak izan zirenei bere eskubideak bermatzeko ahaleginetan ardura hartuko du, erregimen haren EGIA plazaratzen, bere oinordekoek egiten ari diren historiaren errelato faltsua salatuaz; JUZTIZIA aldarrikatzen, egungo inpunitatea saihestuaz eta frankisten erantzukizuna exijituaz; milaka eta milaka biktimentzat ERREPARAZIO duin eta diskriminazio gabea eskatzen; eta, azkenik, gizarteak behar dituen aldaketa sozio-ekonomikoak, juridikoak eta instituzionalak eragiten, ERREPIKA-EZINAREN BERMEA ezartzeko.

6.- Ildo honetan, Lezoko Udaletxeak bere laguntza eta atxikimendua ematen dio Argentinako Errepublikan, Buenos Aireseko 1 Epaitegian, 4591/10 Kereilari, zein Maria Servini de Cubria Epaileak daraman genozidioaren eta gizateriaren aurkako frankismoaren krimenegatik.

7.- Lezoko Udaletxeak hiritar orori eskatzen dio Kereila honen alde egin dezan, bai kereilatzaile gisa errepresiorik sufritu duenak, berak edo bere familiakoren batek; edo baita diktaduraren aurka bere salaketa eginaz eta atxikimendu pertsonala sinatuaz.

Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziak eskatuta, mozio-aurkezleak testuaren 4. erabaki proposamenaren zergatia azaldu du. Haren iritziz, 1977ko Amnistia Legeak -frankismo garaian, erregimeneko aparatoak egindakoak amnistiatzeko legeak- preso politikoak askatzea ahalbideratu bazuen ere haiek guztiak tortura jasan ondoren lortutako autoinkulpazioz zeudelako preso. Mozioaren aurkezlearen ustez, politikoki salatu behar da 1977ko Amnistia Legea ez dadila izan frankismoak egindako basakeriak ixteko bide bat.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio mozioaren izpirituarekin ados dagoela, ez ordea bere 4. puntuarekin. Bere ustez, 1977eko Amnistia Legeari esker, demokraziarako transizioa egin ahal izan zen. Zigor erantzukizunak eskatzearekin ere ados dago, baina zentzu handirik gabeko erabakia iruditzen zaio egile gehienak hilik baitaude. Ados dago behin betiko egia ezagutzearekin, egindako minaren erreparazioarekin eta foroak irekitzearekin.

Mozioa onartu da, aldeko 8 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak), eta 4 abstentzioekin (EAJ-PNV taldeko hiru eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat)

Kepa Garbizuk, EAJ-PNV taldearen boto esplikazioa gisa, hau dio:

1. EAJk gaitzetsi duela eta gaitzesten duela 1936an, Franco Jenerala, besteren artean, protagonista izan zuen altxamendu faxista. Orduan ere, EAJk ankerkeria militarrari aurre egin ziola eta odolezko zergaz ordaindu zuela libertateen defentsan, herri honen alde bere bizia eman zuten milaka gizon-emakumeren sakrifizioarekin.

2. Indarkeriazko ekintza basati haren ondorioak, atzerria, kartzela, errepresioa eta iraina, geure haragietan sufritu genituela, berrogei urtetako euskaldun belaunaldi askoren giza-eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura krudel hura inposatu zuen erregimenaren aldetik.

3. 1977an Amnistia Legearen alde egin genuela, gure politikagintza aurrera eramateko demokraziaruntzko transizio marko berrian ezin besteko urrats bat zelako. Ez dugu ahaztu nahi Amnistia Legeak frankismoak errepresaliatutako preso politiko guztiak kartzeletatik ateratzea eta erbesteratuak itzultzea ahalbideratu zituela, bai eta erregimen zaharrak zuzengabeki emandako auzi bete gabeak ezabatzea ere.

1977ko amnistia erregimen totalitario baten azken arnasa izan zen; beraren aparatu errepresiboak ere, gizarte berri bat bakean eta askatasunean eraiki nahi genuenon eskuzabaltasun demokratikoari esker, onuradun izan ziren. Gizarte oroimenduna, betirako lurperatu nahi genuen frankismoaren biktima errugabeekiko aitorpenduna.

4. EAJ harro dago bere militante zein ankerkeria hura borrokatu zuten pertsona guztiez, zeukaten gauzarik kuttunena sakrifikatu zutelako: beraien bizitza. Eta, beraz, memoria historikoaren berreskuratzea eta diktaduraren biktimei ordaina ematea ahalbidetuko diren neurri guztiak babestuko ditu.

Alde horretatik konprenitzen dugu indibidualki, urteetan zehar urratutako eskubideak ordaintzeko egoki iruditzen zaizkien ekimen judizialetatik hasteko premia sentitzen dutenen interesa. EAJk ulertzen ditu eta babesten, Argentinako Buenos Aireseko 10. Epaitegian, 4591-10 kereilaren bitartez edo erregimen frankistak fusilatuen eta desagertuarazien senitartekoak ere aurkeztutako ekimenaren bitartez beren eskubideak baliatu nahi dituztenak.

5. Alabaina, EAJk ez du uste ahal izango denik , kolektiboki nahiz instituzionalki, proposatutako neurriak bereganatzea, ez duelako legitimitate juridikorik eta gogoan hartuz , biktimen kasuan, ez litzatekeela zuzen izango ez beren sentimendu libreak partidu interesen azpian jartzea ez eta beraien erabilpen politikoa ere.
Ainhoa Intxaurrandietak dio beraiek ere ikusten dizkiotela onurak 1977ko Amnistia Legeari, hari esker euskal herritar askok beraien herrira itzuli ahal izan zirelako. Beraz, legearen alde; baina beti ere erantzukizunetatik salbuesten duen legea ez bada
Mozioaren aurkezlearen esanetan Lege hori frankistak bere buruari eman zioten autoindultu bat da, amnistiatzen ziren gainontzekoen %90en kondenak torturapeko autoinkulpazioak zirelako.

Mikel Antxon Arrizabalagari deigarria egiten zaio Lege honen kontra azaltzen direnak ez direla PNV, PSOE edo PCE bezalako partido historikoak baizik eta beste jende bat.

3. Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 6 OLATZAR eremuko Aldaketa Puntualari Behin behineko onarpena ematea. (2012HO310001)

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Diktaminak honela dio:

“Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 6 OLATZAR eremuari dagokion Aldaketa Puntualaren dokumentua idatzi zuten udal teknikariek Lezoko udalaren aginduz.

Horrela 2012ko uztailaren 26an osoko bilkurak haserako onarpena eman zion Lezoko Hirigintza Antolakuntzaren Plangintza Orokorraren 1 zenbakidun aldaketari, HIE 6 OLATZAR eremuari dagokiona. Osoko bilkura honetan halaber herritarren partaidetzarako egitaraua ere onartu zen .

Dokumentuaren ale bat Lezorekin mugakide diren udalerrietara ere igorri da.

Aipatu akordioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2012ko abuztuaren 9an. Prentsa idatzian ere argitaratu zen eta espedientea jendaurrean egon den hilabetean ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu

2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren 85, 90, 102 eta hurrengo artikuluetan jasotakoa kontuan hartuz.

Hirigintza eta Ingurumen batzordeak 2012ko Irailaren 24an egindako batzarraldian, Eneko Lartige Zabaleku eta Angel Portugal Formoso (BILDU)-ren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizu Azkue (EAJ) Azkueren abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT: Lezoko Hirigintza Antolakuntzaren Plangintza Orokorraren 1 zenbakidun aldaketari, HIE 6 OLATZAR eremuari dagokiona, behin behineko onarpena ematea.

BI: Akordio hau eta onarturiko dokumentua Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeari dokumentua igortzea txostena egin dezan.”

Diktamina onartu da aldeko 8 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak), eta 4 abstentzioekin (EAJ-PNV taldeko hiru eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat)

4. Terrazak eta Mahai multzoak jartzeko Udal ordenantza (2012H0290002)

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Diktaminak honela dio:

“Lezoko Udalak 2012ko maiatzaren 31ko ohiko osoko bilkuran Bide publikoan edo erabilera publikoko eremuetan terrazak eta mahai multzoak jartzea arautzeko Udal Ordenantza haseraz onartu zuen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 19an, 116 zenbakidun alean.

Araudi hau jendaurrean egon den 30 lanegunetan alegazio bakar bat aurkeztu da.

Udal arkitekto teknikariak egindako txotena kontuan izanik,

Halaber, 7/1985 Legearen 49 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik,

Hirigintza eta Ingurumen batzordeak 2012ko Irailaren 24an egindako batzarraldian, aho batez, diktaminatzen du:

BAT: Aurkezturiko alegazioei udal arkitekto teknikariaren txostenaren arabera erantzutea.

BI: Bide publikoan edo erabilera publikoko eremuetan terrazak eta mahai multzoak jartzea arautzeko Udal Ordenantza behin betikoz onartzea, onarturiko alegazioek eragindako aldaketekin.

HIRU: Araudiaren testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko web orrialdean argitaratzea alegazioen onarpenen ondorioz eragindako aldaketak sartu ondoren.”

Diktamina onartu da aldeko 11 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak eta EAJ-PNV taldeko hiru) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

5. Gazte Lokalak arautzeko Udal Ordenantza (2011H0290001)

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Diktaminak honela dio:

“Lezoko Udalak 2012ko maiatzaren 31ko ohiko osoko bilkuran Gazte Lokalak arautzeko udal ordenantza haseraz onartu zuen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 19an, 116 zenbakidun alean.

Araudi hau jendaurrean egon den 30 lanegunetan alegazio bakar bat aurkeztu da.

Udal hirigintza teknikariak egindako txotena kontuan izanik,

Halaber, 7/1985 Legearen 49 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik,

Hirigintza eta Ingurumen batzordeak 2012ko Irailaren 24an egindako batzarraldian, aho batez, diktaminatzen du:

BAT: Aurkezturiko alegazioei hirigintza teknikariaren txostenaren arabera erantzutea.

BI: Gazte Lokalak arautzeko Udal Ordenantza behin betikoz onartzea, onarturiko alegazioek eragindako aldaketekin.

HIRU: Araudiaren testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko web orrialdean argitaratzea alegazioen onarpenen ondorioz eragindako aldaketak sartu ondoren.

Diktamina onartu da aldeko 11 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak eta EAJ-PNV taldeko hiru) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

6. Salmenta Ibiltaria Arautzeko Udal Ordenantza (2012H0290003)

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Diktaminak honela dio:

“Lezoko Udalak 2012ko maiatzaren 31ko ohiko osoko bilkuran Salmenta Ibiltaria arautzeko udal ordenantza haseraz onartu zuen.
Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 19an, 116 zenbakidun alean.

Araudi hau jendaurrean egon den 30 lanegunetan alegazio bakar bat aurkeztu da.

Halaber, 7/1985 Legearen 49 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik,

Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuetako batzordeak 2012ko irailaren 24an aho batez, diktaminatzen du:

BAT: Aurkezturiko alegazioak onartzea.

BI: Salmenta ibiltaria arautzeko Udal Ordenantza behin betikoz onartzea, onarturiko alegazioek eragindako aldaketekin.

HIRU: Araudiaren testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko web orrialdean argitaratzea alegazioen onarpenen ondorioz eragindako aldaketak sartu ondoren.

Diktamina onartu da aldeko 11 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak eta EAJ-PNV taldeko hiru) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

7. Uraren Kudeaketa Arautzeko Udal Ordenantza. (2012H0290004)

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Diktaminak honela dio:

“Lezoko Udalak 2012ko maiatzaren 31ko ohiko osoko bilkuran uraren kudeaketa arautzeko udal ordenantza haseraz onartu zuen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 19an, 116 zenbakidun alean.

Araudi hau jendaurrean egon den 30 lanegunetan alegazio bakar bat aurkeztu da.

Udal hirigintza teknikariak egindako txotena kontuan izanik

Halaber, 7/1985 Legearen 49 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik,

Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuetako batzordeak 2012ko irailaren 24an aho batez, diktaminatzen du:

BAT: Aurkezturiko alegazioak onartzea

BI: Uraren kudeaketa arautzeko Udal Ordenantza behin betikoz onartzea, onarturiko alegazioek eragindako aldaketekin.

HIRU: Araudiaren testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko web orrialdean argitaratzea alegazioen onarpenen ondorioz eragindako aldaketak sartu ondoren.”

Diktamina aho batez onartu da

8. 2013. ekitaldirako Ordenantza Fiskalen aldaketa (2012KO290006)

Ainhoa Intxaurrandieta Ogasun zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Honela dio Diktaminak:

“Ogasuneko batzordeko lehendakariak azaldu ditu 2013. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontuhartzailetzaren informeetan oinarriturik.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren Kontu eta ogasun batzordeak, 2012ko irailaren 20an egindako bilkuran behean heldu dena, Ainhoa Intxaurrandieta, Ainhoa Zabalo eta Eneko Lartigeren botoa alde dela eta kepa Garbizuren abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT.- Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:
? 2012ko egutegi fiskala eta Zergen kudeaketa eta bilketaren Ordenantza Orokorra
? 1. Ondasun Higiezinen zerga
? 2. Ekonomi Jardueren zerga
? 3. Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen zerga
? 4. Hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga.
? 6-1. Lurzoru, lurpe edo hegal-kinaren aprobetxamendua
? 6-2. Ibilgailuen sarrerak eta ibiak
? 6-3. Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa
? 6-4. Jabari publikoaren erabilpen pribatiboak jaietan
? 6-5. Udal lokalak erabiltzearen tasa
? 6-6. Kotxeak erretiratzea
? 6-7. Igogailuak, antenak eta besteak
? 6-8. Udal Baratzak
? 7-1. Ura
? 7-2. Estolderia
? 7-3. Zaborra
? 7-4. Herriko Kanposantua
? 7-5. Autotaxi Lizentziak
? 7-6. Jarduera Lizentzia
? 7-7. Establezimenduak irekitzea
? 7-8. Hirigintza lizentziak
? 7-9. Eskaera bitartez emandako dokumentuak
? 7-11. Bekoerrota Kiroldegia eta Altzate igerilekuak
? 7-12. Plazeta Futbol Zelaia
? 7-13. Udalekuak
? 7-14. Ludoteka
? 7-15. Material Kulturala
? 7-16. Udal Zerbitzuaren lan orduak
? 7-17. Etxebizitza tutelatuak

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.”

Ainhoa Intxaurrandietak, Haziendako zinegotzi delegatuak, diktamina azaldu du.

Zerga eta tasetarako, %2,2ko igoera proposatzen da, hiru salbuespenekin: uraren tasan %10ekoa proposatzen da; hutsik dauden etxebizitzen Hiri Kontribuzio Zergan %150ren igoera proposatzen da eta Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen zergan ez da igoerarik proposatzen. Azken azalpen honen inguruan zalantza sortu da bileran, Kepa Garbizuk dio zinegotziei banatutako dokumentazioan besterik esaten duela, kasu batzuetan %10aren igoera proposatuz. Mikel Antxon Arrizabalagak dio diktamenak aldatzeko proposatzen dituen ordenantzen artean dagoela ibilgailuena. Bai Ainhoa Intxaurrandietak eta baita alkateak berak argitu dute Lezoko Bildu udal taldearen proposamena dela Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen zerga gaur egun dagoen bezala uztea, inongo aldaketa eta igoerarik gabe.

Berezitasun bezala aipatu du Ainhoa Intxaurrandietak ur kontsumoen prezioa jeistea proposatzen dela kiroldegi eta igerilekurako, zerbitzuak duen larritasun ekonomikoa arindu nahiean.

Kepa Garbizuk dio poztekoa dela ibilgailuen zergan Bilduk egin duen zuzenketa, Estatu mailako preziorik garestiena Lezokoa delako. Dena den ez dago ados proposatutakoarekin. Bilduri leporatu dio, bere legealdiko bi urtetan zergak nabarmen igotzea, aurtengo %2,2ko igoerari iaz egindakoa gehitu behar zaiolako eta horrela zabor bilketan %12,42ko igoera egon dela dio; %41,97koa Gezalako Auditoriumaren erabileran, %6,33koa ibilgailuen engantxean; %21eko igoera uraren tasan. Bestalde, kiroldegi eta igerilekurako proposatutako prezioa oso merke iruditzen zaio, ez zaio oso zuzena iruditzen, eta ez dago ados zerbitzuaren galerak udalak soilik ordaintzearekin.

Mikel Antxon Arrizabalaga ez dago ados hutsik dauden etxebizitzen Hiri Kontribuzio zerga Gipuzkoako Batzar Nagusiak onartutako gehiengo kopuruetan jartzearekin. PSEk aldaketaren alde egin zuen Batzar Nagusietan baina gehiegizkoa iruditzen zaio kopuru maximoa jartzea. Ainhoa Intxaurrandietak dio hori izan dela kontuhartzaileak eta Aldundiak eman dioten gomendioa.

Mikel Antxon Arrizabalaga ere ez dago ados Jarduera Ekonomiko gaineko Zerga kopuru maximoetan jartzearekin. Dio, zergak diru sarrerak direla, udal gastua egiteko erabiltzen dena. Proposatzen den gastuarekin ados ez dagoenez ez dago ados ere proposatzen diren diru sarrerekin.

Diktamina zuzenduta (trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga ez da aldatzen eta zerrendatik kendu egiten da) onartu da, aldeko 8 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak eta) eta kontrato 4 botoekin (EAJ-PNV taldeko hiru eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat)

9. 2012. ekitaldirako Tomas Garbizu musika Eskolako ordenantza fiskalaren aldaketa (2012KO290007)

Ainhoa Intxaurrandieta Ogasun zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Honela dio Diktaminak:

“Ogasun batzordearen lehendakariak azaldu du Tomas Garbizu musika eskolako ordenantza fiskalaren aldaketa onartzeko proposamena.
Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun batzordeak, 2012ko irailaren 20an egindako bilkuran behean heldu dena, Ainhoa Intxaurrandieta, Ainhoa Zabalo eta Eneko Lartigeren botoa alde dela eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT: Aldaketa hastapenez onartzea, indarrean dagoen ordenantza fiskalari ondorengo tarifa berria erantziz:

- Ikastaroa (12 astekoa): 90,-€

Hobaria: Lezon erroldatuta dauden ikasle guztiei, matrikularen tasan %15eko hobaria dagozkie.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Kepa Garbizu kexatu egin da, haren ustetan, gurdia idien aurretik jarri delako eta gaur proposatzen diren prezioak 2012-13 kurtsokoak izanik, Musika Eskolak kobratu dituelako. Gaur onartuko ez balira zer gertatuko zen galdetu du.

Ainhoa Intxaurrandietak onartu du akatsa.

Diktamina onartu da aldeko 8 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak), eta 4 abstentzioekin (EAJ-PNV taldeko hiru eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat).

10. Kutxabankekin Oarsoaldea S.Ak duen Kontu Kreditua berritzea.

Ainhoa Intxaurrandieta Ogasun zinegotzi delegatuak, diktamina onartzea proposatu du. Honela dio Diktaminak:

“Ogasuneko delegatuak proposamenaren berri eman du. Proposamenak honela dio:

Oarsoaldea, S.A.k Kutxabankekin orain arte duen kreditu kontua berritzeko, Osoko Udalbatzak idatzi honekin batera doan konpromiso gutuna onartu eta sinatzea beharrezkoa da.

Hori ikusirik, ogasuneko delegatu honek, Kontu eta Ogasun Batzordeari proposatzen dio diktaminatzea ondorengoa:

BAT: Kreditu Kontua berritzeko, konpromiso karta onartu eta sinatzea.

Ogasun eta Kontuetako batzordeak, 2012ko irailaren 20an egindako bilkuran, Ainhoa Intxaurrandieta, Ainhoa Zabalo eta Eneko Lartigeren botoa alde dela eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan, zenbatekoa 200.000 eurokoa dela zehaztuz.

Kepa Garbizuk ez du ondo ikusten orain kontu kreditua onartu behar zaiolako Oarsoaldeaz aritzea osoko bilkura honetan inoiz inongo informaziorik eman ez bada Oarsoaldeari buruz. Bere ustez, bai Oarsoaldearekin bai beste mankomunitateekin gauza bera gertatzen da: ez da ezer informatzen.

Diktamina onartu da aldeko 9 botoekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak zortzi eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat), eta 3 abstentzioekin (EAJ-PNV taldeko hirurak).

11. Mozioa, Bilduk aurkeztutakoa, Preso gaixoen eskubideen aldekoa (2012AL050025)

Honela dio mozioak:

“Giza eskubideen ikuspuntutik egoera gordina ari gara bizitzen. Azken asteetan, Josu Uribetxeberria presoaren osasun egoera atzera ezina izan dugu mahai gainean. Legea beteaz, eta berandu bada ere, baldintzapeko askatasun egoeran geratu da preso arrasatearra. Hala ere, ba dira oraindik oso gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten presoak. Hamahiru herritar hain zuzen ere. Egoera hau, beren egoera fisikoa eta bere senitartekoen ezinegona okertu eta areagotzea ari da eragiten. Pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak ukatuz.

Hamahiru preso gaixo hauek, sufritzen dituzten gaixotasunei behar bezalako jarraipena egitea bateraezina da espetxean egotearekin, honako arrazoi hauengatik: Espetxeak ezin duelako eskaini tratamendu berezituarik; gaixotasun hauek arreta zorrotza behar dutelako; kartzelan egonik, balizko larrialdi baten aurrean erantzunik emateko gaitasun ezagatik; Josu Uribetxeberriaren kasuan, argudio guzti hauek dagoeneko Madrilgo Barne Ministeritzatik ere berretsi dira.

Josu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren ondoren, beste hamahiru dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta aipatutako argudio berdinak kontutan izanik, kaleratu behar direnak. Hamalau preso eta beraien senitartekoak zigor gehigarria ari dira nozitzen. Preso hauei baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari da Madrilgo arduradun politikoak.

Nazioarte zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dute. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona horiek, beharrezkoa duten tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea delarik.

Hau guztia kontutan harturik, honako puntu hauek aurkezten ditugu Osoko Udal Batzarrera, bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:

1.- Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrilgo gobernuari.

2.- Udal honek, nazioarteko eta espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du. Beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan.

3.- Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzea.”

Kepa Garbizuk, mozio alternatiboa aurkezten du. Honela dio Mozioak:

Azken hamarkadetan, euskal herritarren gehiengoak, pertsona ororen giza eskubideen errespetua aldarrikatu eta eskatu du, zalantza gabe arbuiatu dituelarik berauen edonolako urraketak eta elkarrizketaren alde egin du gatazkak konpontzeko tresnatzat hartuz.

Euskal gizarteak demokrazia eta etika eskatzerakoan izan duen iraunkortasuna erabakiak hartzera bultzatzeko ezinbestekoa izan da, guztioi aro berri bati ekiteko aukera emateko. Indarkeriaren ondorioen aurrean, biktima eta presoen aurrean, neurri berriak ezartzeko eta oinarri demokratikoak ez besterik erabiliz, gatazka politikoa konpontzeko aukerari heltzeko denbora.

Azken hilabete hauetan jakin izan dugu badirela presoak gaixotasun larriak dituztenak, eta presondegietan jarraitzen dutenak. Guzti honengatik, udalbatzak hurrengo hau onar dezan proposatzen dugu:

1.- Udal honek, nazioarteko eta Espainiako legedia aplikatuz gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du.

2.- Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzea.

Mikel Antxon Arrizabalak dio ados dagoela mozioaren zati batzuekin eta beste batzuekin ez. Horregatik abstenitu egingo dela.

Lehenik EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa bozkatu da. Onartuko balitz ez da beste mozioa bozkatuko. EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa ez da onartu aldeko hiru boto izan ditu (EAJ-PNV taldeko hirurak), zortzi boto kontra (Lezoko Bildu Udal Taldekoak) eta abstentzio bat (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat),.

Mozio alternatiboa onartu ez denez, deialdiarekin banatutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin (Lezoko Bildu Udal Taldekoak), aurkako bi (EAJ-PNV taldeko Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta bi abstentzioekin (EAJ- PNV taldeko Xubero Ubillos Apaolaza eta Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena).


12. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

12.1.- Aurrekontuen aldaketen kontu ematea: Alkateak habilitazioz egindako aurrekontua aldaketaren berri eman du 2012KO03001 eta 2012KO010006 espedienteetan jasoa.

12.2.- Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak: Eneko Lartigek, Hirigintza, obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak dio, datozen egunetan, Oarsoaldeko lorategi ikastaroan dauden hamabi pertsonek, Lezoko lorategiak txukuntzen hasiko direla.

San Pedro auzo ondoan prestatzen ari diren herri baratzetako obrak aurrera doazela dio.

San Pedro eta Errekalde auzoetako biztanleekin bilerak egin direla dio zinegotziak, haien kezkak eta beharrak ezagutzeko.

12.3.- Kultura. Mikel Arruti kulturako zinegotzi delegatuak pasa berri diren Santakrutz festeen balorazio positiboa egin du, herritarren parte hartzea handia izan delako. Gainera, eguraldi ona lagun izanda, egitaraua aparteko arazorik gabe bete da.

Ludotekaren itxieraren inguruan, herrian dabilen iskanbilaren inguruan dio, gurasoekin beste bilera bat egiteko asmoa dutela eta kudeaketa alternatiboak aztertzen ari direla.

12.4. Kirola. Luis Garrido zinegotziak kirol entitateei banatzen zaizkien dirulaguntzak emateko prozedura martxan dagoela esan du. Baita ere komentatu du urria-apirila bitartean Oarsoaldeako kiroldegietako bazkideek lau herrietako igerilekuak erabiltzeko aukera izango dutela.

12.5. Garazi Kuesta zinegotziak Oarsoaldea mailan koordinatzen ari den Irrien laguna taldearen bultzatzaile dela udala.

12.6.- Alkateak Lezo eta ingurutan liztor asiatikoa ugaritu egin dela dio. Lezon 12 kabi aurkitu eta suntsitu dira.

12.7. Eguneko zentroa martxan dagoela dio alkateak.

12.8.Estatutuko Administrazioak iragarritako auzi errekurtsoaren ondoren, osoko bilkuren eta Tokiko Gobernu Batzarreko bilkuren aktak, legeak agindu bezala, eta orain arte egiten ez zen bezala, Estatutuko eta Autonomia Elkargoko Administraziora bidaliko direla dio alkateak.


13. Galde-eskeak.


Kepa Garbizuk zazpi galdera idatzi berri erregistratu ditu udalean. Guztiak beste erakunde batzuk eta udal intereseko izan daitezken gaietarako dirulaguntza deialdien ingurukoak dira (Liburutegietako liburu funtsak berritzeko edo handitzekoa; Artxibo sistema jarri edo sendotzekoa; Ikastetxetan obrak egitekoa; Enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutakoa; Drogomenpekotasunaren prebentzioa; Genero ikuspegia udal hirigintzan eta Gazte ekipamenduen sarea).

Alkateak esan dio ez dizkiola osoko bilkuran erantzungo. Alkateak akta jasotzea eskatu du, nola behin eta berriz esan izan dion udaleko ate guztiak irekiak dituela udal tekniko eta departamentu buruei honetaz galdetzeko.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:55ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 930027tik 930041ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna