- 1.- Proposamena, Izartu II (2004-2008) Dirulaguntza programarako eskaera.
- 2.- Proposamena, Tokiko Agenda 21 Proiektua aurrera eramateko lankidetza hitzarmena.
- 3.- Mozioa, Partido Popular Taldeak aurkeztua, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren (Euskal Y) onartutako behin betiko trazatuaren aldekoa.
- 4.- Mozioa, emakumearen nazioarteko egunaren oroitzapena dela eta.
- Aktaren amaiera
Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2004ko martxoaren 17an 8:45etan, eratu da OSOKO UDALBATZA EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Ocerin Ibañez (EA taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea) Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea) eta Isabel Lopez Aulestia (IU-EB taldea).
Ez dira bilkurara etorri Maria Luz Anglada González (PP taldea) eta Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea).
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.
Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.
1.- Proposamena, Izartu II (2004-2008) Dirulaguntza programarako eskaera.
Alkateak erabaki proposamena aurkeztu die gainontzeko zinegotziei. Diktaminatu gabe dagoenez gaurko bilkura honetan erabaki ahal izateko haren urjentzia berresteko eskatu dio alkateak osoko bilkurari. Ahobatez onartu da urjentzia. Ondoren alkateak proposamena irakurri du. Honela dio proposamenak:
“Lezoko Udalak aditzera izan du Izartu Programaren bigarren deialdia egin dela, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Kontseilaritzaren 2004ko urtarrilaren 21eko Aginduan arautua (EAO zk. 14, 2004ko urtarrilaren 22koa), haren bidez aldarrikatzen baita laguntzak ematea abenduaren 16ko 306/2003 Dekretuak finkatzen duen markoaren barruan, haren bidez finkatzen baitira sostengu-neurriak Euskadiko Autonomi Erkidegoan hirigune galeratsuen sustapen sozio-ekonomiko eta lurralde birgaitze programa integralen alde.
Udal honi iruditzen zaio, programa hori aukera bat dela Lezo inguruaren arazo handiei aurre egiteko, eta batik bat Lezoko Hirigune Historikoa eta horren garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko.
Horretarako, txostenean eta espedientean zehaztutako jarduerak gauzatzea proposatzen du Udal honek, eta hauek dira:
· Markesane parkea eta Euskal Herria Plaza + parking + Pildain Gizarte-Zentroa berritzea.
· Goiko Plaza eta elizaren fatxada eta argiak berregokitzea.
· Jauregialde.
· Bekoerrotako plataforma.
· Hirigune Historikora sarbideak.
Programa horien jarraipen teknikorako, udalaren beraren pertsonalaz gain, Oarsoaldea, S.A. Eskualdearen Garapenerako Agentziaren laguntza teknikoa izango da.
Aurreikusitako inbertsioa 12.000.300 € da eta burutzeko epea 2004-2008 bitartekoa.
Behar diren inbertsio handi horiek aholkatzen dute aipaturiko laguntzak eskatzea.
Hori dela eta, Udalbatzari proposatzen diot ondorengo akordio hauek har ditzan:
BAT: Euskadiko Autonomi
Erkidegoan hirigune galeratsuen sustapen sozio-ekonomiko eta lurralde birgaitze
programa integralen (IZARTU II) aldeko laguntzetarako eskabidea egitea onartu, alegia, 306/2003
Dekretuan eta 2004ko urtarrilaren 21eko Aginduan aurreikusitakoa, hain zuzen
Lezoko Hirigune Historikoaren Biziberritze Integralaren Programa gauzatzeko,
akordio honen azalpen-partean aipatzen den bezala, aurreikusitako inbertsioa 12.000.300
€ eta burutzeko epea 2004-2008 ekitaldien arteko denbora izaki.
BI: Oarsoaldea S.A. Eskualde Agentziarekin hitzarmena onartzea, Eusko Jaurlaritzak onartuko duen programaren asistentzia teknikoa, koordinazioa eta jarraipena egiteko.“
Aitor Mimendiak xehetasun gehiagorekin azaldu du ekimen bakoitza. Eskaera honek Zomad Arquitectosek egindako txostena omen du oinarri, eta espedientean dago.
Jendartetik Aitor Sarasolak dio proposamena interesgarria dela nahiz eta luze hitz egin daitekeen lehentasunetaz. Dena den Pildain eraikina eguneko zentro egokitzeko proposamena kritikatu du. Alkateak esaten dio ez errepikatzeko aurreko Gizarte Zerbitzuetako batzordean esandakoa eta laburra izateko. Sarasolak gogoratu ditu aurreko legealdiak eguneko zentroa Auñamendiko eraikin berrian kokatzeko emandako pausoak eta lortutako dirulaguntzak eta oraingo erabakiarekin 2005 bukaerarako martxan egon zitekeena atzeratu eta galtzeko arriskuan gelditzen omen da. Berak ordezkatzen duen taldea kokapen berri horren aurka dagoela dio.
Jendartetik Iker Salaberriak eskatu du hitza. Alkateak esan dio ez al den Aitor Sarasolaren taldekoa eta mesedez laburra izateko. Salaberriak Kultura Batzorde berezi bat deitzea eskatu du, non udal eraikinen erabileraz arituko diren herriko kultur eragileak, batik bat aurreko legealdian batzorde horretan kultur eragileek Pildain eraikinerako aurreikusitako erabilerak aldatzeko proposamena egiten delako eta Alondegiaren erabilera aldaketarekin gertatutako desadostasunak eta onartutako hanka sartzeak berriro ez gertatzeko.
Proposamena bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoekin onartu da.
2.- Proposamena, Tokiko Agenda 21 Proiektua aurrera eramateko lankidetza hitzarmena.
Alkateak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak aurkeztu proposamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Ohartu du, gaztelaniaz idatzitako proposamenaren bigarren erabakia zuzendu egin behar dela, alkatea ahaldu behar baita behar diren dokumentuak sinatzeko. Behin zuzenketa hori egin ondoren honela dio proposamenak:
“Deitutako Hirigintza, Obra eta Zerbitzuko Batzordeak quorum nahikorik izan ez zuelako diktaminatu gabe gelditu zen gaia osoko bilkurari aurkezten zaio bere onarpenerako, haren urgentzia aurrez onartzen badu.
ERABAKI PROPOSAMENABAT:Onartzea Gipuzkoako Foru Aldundiak-Garapen Eramangarrirako Departamentuaren bitartez, IHOBE SA Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak, OARSOALDEA, SA Eskualdeko Garapeneko Elkarteak eta Oarsoaldeko udalek sinatzekoa den Lankidetza Hitzarmenaren Proiektua, UDALTALDE 21 OARSOALDEA proiektuaren barne, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriaiko udaletan Tokiko Agenda 21 ezartzeari buruzkoa.
BI: Alkateari baimena ematea Lezoko Udalaren izenean hitzarmen hori sinatzeko eta zuzen bete dadin komeni den guztia egin, erabaki eta ebazteko.”
Aitor Ocerinek proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu.
Jendartetik Aitor Sarasolak hartu du hitza eta eskatu dio alkateari argitzeko ea iritzia emateko eskubidea duten eta argitzeko ea publikoa edo taldea diren. Alkateak eskatu dio gaiaren inguruan zerbait esateko badu esateko eta labur aritzeko. Aitor Sarasolak dio proposamena ondo dagoela irudi ona emateko, modan eta kanpora begira hartutako erabakia dela, baina baita, iruzur txikia iruditzen baitzaio, gobernu taldeak ez dituela ingurua babesteko baloreak asumitzen, adibidez, kanpoko kaia eta antzerako proiektuak babesten baditu.
Alkateak behin baino gehiagotan esan dio labur aritzeko eta, eztabaida sortu denez, bilkura etetea erabaki du eta jenderik gabe, Gobernu Batzar Gelan bilkura jarraitzea.
Etenaldi ondoren, bilkurak jarraitu egin du batzar gelan. Beste parte hartzerik gabe proposamena bozkatu da eta ahobatez onartu da.
3.- Mozioa, Partido Popular Taldeak aurkeztua, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren (Euskal Y) onartutako behin betiko trazatuaren aldekoa.
Alkateak dio aurkezlea ez dela bilkurara etorri eta, mozioa urjentea ez denez eta defenditzeko aukera izan dezan, gaia beste bilkura baterako uztea proposatu du. Zinegotzi guztiak ados azaldu dira alkatearen proposamenarekin.
4.- Mozioa, emakumearen nazioarteko egunaren oroitzapena dela eta.
Alkateak mozioaren aurrerakoak azaldu ditu. Nola Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotziak otsailaren 13an gai honi buruzko mozioa erregistratu zuen udalean eta, ahalik eta adostasun handiena eman nahian, orain aurkezten den testua EAJ, EA eta PSE taldeen arteko adostasunetik sortua dela. EB-IU taldeko zinegotziari barkamena eskatu dio, presak medio, ezin izan duelako aurrez berarekin gaia tratatu. Dena den esaten dio akordioaren mesedetan, testua aldatzeko prest dagoela.
Honela dio mozioak:
“Milloika emakume eta gizonek ospatzen dute munduan Nazioarteko emakume eguna martxoak 8an. Ekintza ugari antolatzen da emakumeen aurrerapenak ospatzeko, berdintasunaren aldeko aurrerapausuak aztertzeko eta gaurko gizarteak emakumeei dakarzkien erronkei aurre egiteko.
2000. urtean munduko agintariak Nazio Batuetan bildu ziren munduaren aurrerakuntzarako eman beharreko pausuak finkatzeko. Helburutako bat zen 2015 urterako haur guziek lehen hezkuntza bukatzeko modua izan zezatela. Baina emakumearen papera bultzatzea ez da bere horretan agortzen den helburua; ezinbestekoa da milaurteko beste helburu guziak lortzeko, besteak beste pobrezia eta VIH/IHES aren aurkako borrokari ekiteko.
Urte horretan bertan, Nazio Batutako Ziurtasun Kontseiluak aitortzen zuen “pakea gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren eskutik etorriko dela ezinbestez”, “aginte egiturekiko aukera berdintasuna eta emakumeen partaidetza eta bere ahalegina gatazken konponbiderako beharrezko direla bakea eta seguritatea mantendu eta indartuko badira”.
Aukera berdintasuna gure artean ere erronka da oraindik. Emakumeentzako zenbait aukera areagotzen ari den arren emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak zenbait alorretako parte hartzean handiak dira: lan munduan, etxean, gizartean eta politikan. Beirazko zapaiak hortxe jarraitzen du eta soldata ezberdintasuna ez da desagertu. Emakumeak soldatarik bajuenak dituzten lanpostutan biltzen dira eta pobreziaren emakumetasuna eta bereizketa gaur egungo ogi dira.
Bereizketaren agerraldirik larriena emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria da. Gogoratu behar dugu, gaur egun, gure artean ere, emakume batentzat lekurik arriskutsuena bere etxea dela. Munduko Osasun Erakundeak dioenez, hiru emakumetatik bat bere bizitzan zehar fisikoki zein sexualki erasotua izango da.
Horrela, gure lana emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ezinbestekotzat hartuz eta ezberdintasunaren oinarrian dagoen bidegabekeriari aurre egiteko konpromesuz,
LEZOKO UDALAK, MARTXOAREN 8ko OROITZAPENAREN ILDOTIK, BERDINTASUNAREN ALDEKO BERE KONPROMISOA ADIERAZTEN DU ETA, BATIK BAT, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERTARAZTEKO BEHAR DIREN NEURRI GUZTIAK HARTZEKO KONPROMISOA.”
Mozioa ahobatez onartu da.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:05 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.759tik 310.761ra, eta 310.763tik 310.763ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.