1995.eko Maiatzaren 10ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko maiatzaren hamargarrena. Arratsaldeko zazpiak eta bostetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera EZ OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena eta Jose Antonio Dozagarat Andueza, Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho, Jose Varela Pampin eta Iñake Urrestarazu Azurmendi zinegotziak, bildu dira.

    Gemma Arrillaga Albisuk ez du bilerara etortzerik izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek itzultzailetza.

    Osoko Bilkurari hasiera ematearekin batera alkateak zorionak eman dizkie oposizioko zinegotziei aspaldi honetan plenoetara ez baitira agertu. Besterik gabe, bilkurari hasiera eman eta dagoen gai bakarrari heldu diote.

    1.- ISTALAZIO ETA AKTIBITATE PUBLIZITARIOA ARAUTZEKO ORDENANTZARI HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Gai honi buruz Zerbitzu Batzordeak maiatzaren 2an egindako diktamena mahai gainean dutela adierazi die alkateak zinegotziei.

    Osoko Bilkura oposizioko sei zinegotziek eskatuta deitu denez, beraiei eman die hitza ordenantza aurkeztu eta defenda dezaten.

    Pello Garbizu zinegotziak hartu du hitza. Herrian publizitatearekin eta kartelekin arazoa dagoenaren seinale dela dio 1994ko uztailaren 4an udalean errejistratutako eta lezoar ugarik sinatutako idatzia. Idatziaren zati bat irakurri du. Idatzi horren aurrean alkateak ordenantza prestatuko zuela esan zuen baina ezer egin ez duenez, beraiek ordenantza bat proposatzen dutela; orain hastapenez onartzea proposatu dute eta, jendeaurrean egon behar duen denboran, behin betiko onarpenaren aurretik, behar bada zuzentzea eta hobetzea.

    Martxoaren 27an eskatutako osoko bilkura asko atzeratu dela esan du eta Zerbitzu Batzordearen diktamenaren berri Osoko Bilkurararte ez izatea kritikatu du.

    J.M. Boto zinegotziak ordenantzari aldeko botoa emango diola esan du. Herritarrek aurkeztutako firmak gogoratu ditu eta alkateak denbora pasatzen utzi duela salatu. Diktamenarekin ez dator bat, denbora gehiago galtzea delako eta arazoa dagoen bezala uztea dakarrelako Euskadiko herri zikinenetarikoa izaten jarraituz.

    J.M. Martiarenak dio gai honi buruz esan beharreko guztia esanda dagoela eta herria txukunago eduki beharko dela, gaur egunean oso zikina baitago.

    I. Urrestarazu P.Garbizuren hitzekin bat dator egin duen aurkezpena oposizioaren izenean egin baitu.

    Alkateak ordenantzaren zenbait hutsune edo akats aipatu ditu: aplikagarria den eremua, panel hitzaren esannahia, telefono kabinetako publizitatean udalak duen konpetentzia, prezio publikoak ez aipatzea, e.a.. Halere, esan du, horiek forma kontuak direla eta hemen garrantzizkoena edukia bera dela. Herria garbi edukitzea udalaren zeregina denez, konpromezu hori hartu behar duela eta, ordenantza bidez, herritarren iharduna zuzendu. Dena den, ordenantza horrek bi printzipio nagusi errespetatu behar ditu: batetik, ezingo du beste eskubide bat zapaldu, are gutxiago adierazpen askatasunarena eta bestetik, publizitatea egiten dutenekin adostu behar da ordenantza. Printzipio horietan poto egiten du proposatutako ordenantzak, inposaketa planteatzen duelako.

    Era berean, HBk bat egiten duela esan du Zerbitzu Batzordeak egindako proposamenarekin: parteren bat duten alderdi guztiekin biltzea eta ondo aztertzea gaia, guztiak konforme heldu eta guztiek onartzeko moduko erabaki bat hartzeko bidea izan dadin; eta ordurako uztea erabakia, ordenantza onartzea ala baztertzea.

    Alkateak argazki batzuk erakutsi ditu, PNVren zenbait kartelenak, eta horien etika falta salatu, ordenantza joko politikoa egiteko eta beste helburu batzuk lortzeko tresna bezala erabili nahi dutela esanez.

    Alkateak esan duena gezurra dela aktan jasotzea eskatu du J.M. Martiarenak. Demostratu eta denuntziatu behar duena tribunaletan egiteko esan dio alkateari.

    P. Garbizuk erantzun dio esanez akatsak bazeudela emendakinen bidez zuzentzerik. Dena den, ordenantzaren edukiari helduz, proposatutakoak garbitasunaren eta adierazpen askatasunaren arteko oreka defendatzen duela. Bi kontzeptu hauek nahasten dituenak ez dakiela zer den adierazpen askatasuna. Alkatearen hitzen ondoren garbi dagoela gobernu taldeak ez duela ezer egin nahi, ez duela denborarik hartu izan nahi. Diktamenean agertzen ez denez, batzordera nor agertu zen jakin nahiko luke eta alkateari galdetu dio noiz arte atzeratu nahi duen ordenantzaren onarpena.

    J.M. Boto ez dator bat alkateak esandakoarekin. Bazekiela zeintzuk izango ziren alkatearen arrazoiak baina aipatu duen kontsentsurako izan duela nahiko denbora herritarrek idatzia aurkeztu zutenetik eta oposizioko zinegotziek plenoa eskatu zutenetik. Lotsagarria iruditu zaio alkateak etika faltaz eta moral bikoitzaz akusatu izana ordenantza aurkeztu dutenei.

    Alkatearen eta zenbait zinegotzien artean eztabaida piztu da bakoitzak besteari kartelak nahi duenean eta nahi duen tokian ipini izana leporatuz.

    J. A. Dozagaratek ordenantza baten beharra dagoela dio, baina interesatuekin eta taldeekin kontatu behar dela. Herria garbia izateko denen parte hartzea beharrezkoa iruditzen zaio, garbiena gehien garbitzen duena ez delako baizik eta gutxien zikintzen duena.

    Alkateak batzordeetan parte ez hartzea leporatu die oposizioko zinegotziei. Herriarentzat erabaki garrantzitsuak hartzen direnean ez daudela eta horrek argi azaltzen duela herriarekiko haien interesa zertan gauzatzen den, bere ustez, zentsura estali bat proposatuz ordenantzaren bidez. Zinegotzi karguagatik kobratzen dutena gaur azaltzearekin justifikatu nahi dutela.

    P. Garbizuk erantzun dio esanez alkatearen ahalmena dela zinegotziak ordaintzea eta hala irudituz gero ez dezala firmatu ordainketa hori. Berriro ere galdetu du ea noiz arte nahi den gaia atzeratu; planteatutakoa ez dela posible den ordenantza bakarra, beste aukeraren bat aurkezteko modua ere badagoela.

    M. Zabaletak dio alkate berria jarri zenetik gehiago kobratzen dutela zinegotziak. Aktan jasotzea nahi du berak dirua eman diola Lezoko Udalari, bere bitartez ipini baita dohainik eskola berriaren inguruko harria.

    Eztabaida eman da zinegotzien artean batzordeetan parte hartzeaz, ordenantzaren inguruan kontsentua beharraz, aurreko gobernu taldearen jokaeraz, e.a..

    Eztabaida horren ondoren, alkateak diktamena bozkatzea proposatu du. P. Garbizu ez dago ados; bere ustez, ordenantza bozkatzea da osoko bilkura honetako gaia eta ordenantzaren hasierako onarpena bozkatu behar da.

    Idazkariaren iritzi teknikoa eskatu dute zinegotziek.

    Idazkariaren iritziz lehenik diktamena botatu behar da. Oposizioko zinegotziak ez daude ados Idazkariak esandakoarekin.

    Alkateak, ordenantzari buruz Zerbitzu Batzordeak emandako diktamena botatzea planteatu du. Oposizioko zinegotziek ez dute parte hartu nahi botazioan. Hori, aktan, abstentzio bezala jasoko dela esan die idazkariak. Bozketan parte hartu nahi ez dutenez Osoko Bilkuratik aldegitea erabaki dute; beren eserlekuetatik altxa eta aretotik aldegin dute I. Urrestarazuk, P. Garbizuk, J.M. Martiarenak, M. Zabaletak, J.M. Botok eta J. Varelak.

    Osoko Bilkuran jarraitu duten sei zinegotziek alde botatu dutelarik, Zerbitzuetako Batzordeak 1995eko maiatzaren 4an emandako diktamena ONARTU da, hau da, gerorako uztea "Iragarkiak jarri eta egiteko ordenantza" onartzeko ala baztertzeko erabakia.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, 20:10etan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.

    Eguna