Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko uztailaren seigarrena, arratsaldeko zazpiak. Udalbatzak ohizko bilera izan du Udaletxeko Biltzar Aretoan. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Mª Martiarena Jaca, Martzial Zabaleta, José Varela Pampín eta José Mª Boto Sancho, zinegotziak, bildu dira.
Pello Garbizu Azkue ez da bileran izan.
Idazkaritza Pedro Etxarri Ollokiegik egin du.
Lehendakariak saioari hasiera eman eta nornahirentzako izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, zerrendako gaiak aztertzen hasi dira.
Hasi aurretik, nolanahi ere, eskolaren izen berriari buruzko puntua premiazko hartzea proposatu du Alkateak. Hala, proposamena aho batez onartu dute eta 8. gaia izango da eskolaren izenari buruzkoa.
1.- 1994ko ekainaren 8an egindako bilerako akta irakurri eta onartzea, hala balegokio.
Seigarren puntua, Musika-Eskolako iharduera-araudia onartzeko proposamena, ez beste guztia ontzat hartu dute. Seigarren puntuan transkripzio hutsa gertatu zen eta horregatik gelditu da onartukizun. Dena dela ere, honako zuzenketa hauek ere egin dituzte ekainaren 8ko aktan:
Seigarren orrialdean, hirugarren puntuan, Alkatearen erantzunean, honako hau jarri behar du: Alkateak, eztabaida bukatukizun degoela eta, gauza guztiak ere batzu-batzuk iruzur egiten dutela kontutan hartuta aztertu behar direla esan dio. Dirulaguntzaz baliatzen zirenak beharrik gabekoak zirela baina, beti ere, izan den arautegia betetzen zutelarik.
2.- Alkatearen 100. dekretua berrestea.
Dekretuaren berri jaso ondoren, aho batez onartu dute. Dekretua aktari erantsita doa (I. Eranskina).
J.M. Botok ea ordaintzeko modua betikoa den galdetu du. Hala, M. Mitxelenak erantzun dionez, beti-beti ez da hala egin, baina azkeneko egin dituzten ordezkaketetan hala egin dute.
3.- Proposamena, 1. Sektoreko Plan Partziala behin-behingoz onartzea.
Lehenbizi, Hirigintza informazio batzordeko diktamena (II. Eranskina) eta Plan Partzialaz izandako alegazioen gainean egindako informeak, Idazkaritzak eta Teknikariak egindakoak, aurkeztu dituzte.
Hala, Alkatearen proposamenari buruzko botazioa egin ondoren, legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoarekin
onartu da.
4.- Proposamena, Arretxene, S.A.k (2. Sektore osoaren jabea) aurkeztutako Konpentsazio Proiektua onartzea.
Aurrena, Alkateak eman du bere proposamenaren berri (III. Eranskina). Ondoren, Arkitektuaren eta Idazkariaren informeak aurkeztu dituzte.
Hala, Alkatearen proposamenari buruzko botazioa egin eta gero, aho batez onartu dute.
I. Urrestarazuk ea lehen 221 m2 zen lursaila zergatik den 156 m2 orain galdetu du.
Tipografi hutsa izan zela erantzun dio Alkateak.
Bestetik, I. Urrestarazuk dio Hirigintza batzordeko proposamenean "Ijurko" auzoa jartzen duela baina, haren ustez, "Urdaburu" auzoa jarri behar zukeela. Alkateak, kontuan hartuko dutela erantzun dio.
5.- Proposamena, 2. Sektorea Urbanizatzeko Proiektua onartzea.
Hirigintza informazio batzordeko diktamena (IV. Eranskina) eta Idazkariaren nahiz Teknikariaren iformeak aurkeztu dituzte lehendabizi.
Botazioa egin eta gero, diktamena onartzea erabaki dute, aho batez.
J.M. Botok, Lope Isastikoa plazaren artean eta ertzaren artean egin behar den urbanizazioa berariaz begiratu beharko litzatekeela esan du.
Hirigintza informazio batzordeko diktamenean, 4. puntuan, 40 cm-ko hesia eginarazten duela esan dio Alkateak.
6.- Proposamena, Euskadiko Kutxarekin interes finkora hitzartutako kreditu operazioa berriz finantzatzea.
Alkatearen proposamena (V. Eranskina), Idazkariaren informea eta Kontuhartzailearen Finantza-Plana aurkeztu dituzte lehenbizi.
Ondoren botazioa egin eta proposamena onartzea erabaki dute, aho batez.
J.M. Botok ea lehengo kredituak zer korritu zuten galdetu du. Idazkariak, 024-k %14 eta 371-k %15 dituztela erantzun dio, finko biak ere.
I. Urrestarazuk, berriz, ea zer berri dagoen Aldundiarekin hitzartutako kredituaz galdetu du.
Alkateak, berriz, Aldundiak berak esan ziela amortizatzeko gutxi falta zela eta hargatik hobe zutela berriz ez finantzatzea adierazi dio.
7.- Mozioa, Ikurriñaren 100. urtemuga dela eta Herri Batasunak aurkeztua.
Alkateak aurkeztu du Herri Batasunak ekarritako mozioa (VI. Eranskina).
J.M. Botok esan duenez, mozioaren muinarekin konforme daude, baina Herri Batasunak aurkeztearekin ez, betiko montaia egiten dutelako. Horregatik, ez dute botazioan parterik hartuko; herriak aurkeztuko balu hartuko lukete, baina montaia iruditzen zaienez, ez dute botazioan sartzeko asmorik.
Jokabide hori, Ikurriñak esan nahi duen guztiarekin, odola ere isuri baita haren kariaz, odol horri barre egitea iruditzen zait, esan du K. Legorburuk.
J.M. Botok ez diola erantzungo esan du, odola franko izan dela eta arrazoi askogatik.
K. Legorburuk, ordea, Ikurriñaz ari direla esan dio.
J.M. Martiarenak, aldeko botoa emango dutela esan du, baina, edozein moduz ere, mozioa Aitor Sarasolak Gorporazio guztiaren izenean aurkeztua izan behar zuela iruditzen zaiola.
Alkateak, berriz, proposatu, Herri Batasunak egin duela, baina, azkenean, erabakia osoko bilkurak hartu behar duela erantzun dio. Osoko bilkura osatzen duten Talde Politikoak politikariz osatuta daudela halaber, eta proposamena zinegotziei egiten bazaie ere, erabakia Talde Politikoek hartzen dutela. Herri Batasunak ez duela kapitalizatu nahi gaia, baina beste inork ere ez zuela ezer ere eskatzen eta berek egin dutela.
Beraz, botazioa egin eta onartu egin dute mozioa. Alde A. Sarasola, J. Pontesta, M. Mitxelena, K. Legorburu, G. Arrillaga, J.L. Agirretxe, J.M. Martiarena, M. Zabaleta eta J.A. Dozagarat izan dira; I. Urrestarazu astenitu egin da, eta J.M. Botok eta J. Varelak ez dute botazioan parte hartu.
8.- Lezoko Eskola Kontseiluaren eskabidea, eskolaren izena jartzeari buruzkoa.
K. Legorburuk aurkeztu du gaia (VII. Eranskina), eta osoko bilkurari onartu dezan proposatu dio.
I. Urrestarazuk, ordea, ez zaiola izenik egokiena iruditzen esan du, lehen ere badela eta Jaizkibel izena duen eskola bat, eta baita elkarte bat ere Jaizkibel Azpi izenekoa. Gainera, badakiela saio hartan izena jartzea tramitea betetzeko dela eta gero ere, nahi izanez gero, aldatu litekeela, eta hari herriko pertsona ospetsuren baten izena jartzea egokiago iruditzen zaiola.
K. Legorburuk, berriz, orain hilabete eskatu ziola eskolak Kultura batzordeari kontu hau begiratu zezan esan du, baina han ez zela batere izenik proposatu. Batzuk Lope Isastikoa jartzea proposatu zutela, herriko pertsona ospetsuetako bat zela eta, baina ez zela aurrera atera, orain proposatu dutena onartu zuela batzordeak.
Ea osoko bilkuran onartu beharreko kontua den galdetu du I. Urrestarazuk. K. Legorburuk baietz esan dio, Udalaren osoko bilkurak onartu behar duela, eta dexenteko presa duela.
Hala, bada, botazioa egin eta Euskara eta Kulturako ordezkariak egindako proposamena aho batez onartu dute.
9.- Alkate eta ordezkarien informeak.
Alkateak, herriko zikinkeri, pintada eta kartelei buruzko eskabide bat jaso dutela jakinarazi du. Eskabidean, orobat, herriak alde horretatik lan gutxi egiten duela salatzen dute, eta gaia hurrengo osoko bilkuran azter dadin eskatzen.
Alkateak esan duenez, proposamen hori beste toki batean aztertu eta erabaki beharko litzateke, osoko bilkuratik kanpora.
Gainera, Udal Ordenantza bat prestatzen ari direla esan du kontu horiek eta antzekoak arautzeko.
10.- Galderak eta erantzunak.
1.- J.M. Botok, ekainaren 8ko bilkurako akta irakurri duela, eskoletako ateak ixteari buruzkoa, eta zinegotziak esandakoa egia den dudarik ez egiteko eskatu die G. Arrillagari eta Alkateari. Izan ere, eskoletako atezainak esan eta aktan datorrena gezurra dela, bistan dagoela eta eskoletako ateak noiznahi irekita daudena.
G. Arrillagak esan duenez, hark ez du zinegotziak esandakorik dudan jarri, atezainak esan ziona, hiru aldiz egon baitzen hizketan harekin, esan besterik ez zuen egin.
J.M. Botok, berriz, Herriak diru asko gastatu duela segurtasun-neurriak jartzen esan du, eta ez dituztela batere erabiltzen gero.
G. Arrillagak erantzun dionez, atezaina esanda dago dauzkan segurtasun-neurriak erabiltzeko.
M. Mitxelenak, ordea, ez dagoela eskolako ateak beti itxita egon behar duten horrekin konforme esan du, herritarrek erabili eta probetxu ateratzeko moduko istalazioak direla eta ez luketela erabat itxita egon behar.
I. Urrestarazuk eta J.M. Botok ere segurtasun-neurriak ez direla eskola erabat itxita edukitzeko esan dute, behar bezala zainduta edukitzeko baizik.
2.- J.M. Botok, Joannes Etxeberri eskolako atezaina egiten ari den txabolaz galetu du.
G. Arrillagak bietz esan dio, konturatu direla nola ari diren txabola egiten, baina aparejadorea ez dela lanera etorri eta ezin izan dutela aztertu. Dena dela ere, aparejadorea berriz etortzen denean aztertuko dutela.
3.- J.M. Botok Jaizkibel mendiaren erdi inguruan estalpe bat dagoela eta han ari direla zerbaitetan esan du, eta Udaltzainak bidaltzeko eskatu dio Alkateari zer gertatzen ari den ikustera. Alkateak, baietz, kontuan hartuko duela, eta ikertuko dutela zer gertatzen den agindu dio.
4.- I. Urrestarazuk, herriko komunen gainean, honako alderdi hauek aipatu ditu: Gobernu Batzordeak onartu ziuen komunak egitea; apirileko osoko bilkuran urtarrilaren 1ean zen Errolda onartu zutela eta, han ageri zenez, 2.805 emakumezko eta 2.730 gizonezko ziren Lezon; herriko komunak egiteko erabakia 2 emakumezkok eta 2 gizonezkok hartu zuten; Laezon aldizkariak dakarrenez, elbarrientzako komun mixto bat, emakumezkoentzako beste bat eta gizonezkoentzako 3 pixa-toki izango dira; poz hartzekoa da horren Udalbatza gazteak txixari eutsi ezinaz, prostatismoaz eta abarrez horrenbesteko ardura izatea; Gobernu talde horrek behin baino gehiagotan diskrimitatu ditu emakumeak emakumeen mesedetan: administraritarako, peoitarako... emakumeak hartuz. Edozein moduz ere -esan du I. Urrestarazuk-, mugimendua ibiliz erakusten da eta, hala, pixa egiteko bidea izango duten hiru gizonezkoren aldean emakumezko batek bakarrik izango du aukera hori. Beraz, berdintasuna eskatzen duela esan du I. Urrestarazuk.
Alkateak, ordea, gizonezkoek eta emakumezkoek ez dutela denbora igoal behar pixa egiteko esan du, eta ezta toki eta altzari berak ere; nolanahi ere, elbarrientzako komun mixtoa elbarri ez direnentzako ere badela. Axolazkoa dena, edozein moduz ere, itxurazko toki batean pixa egiteko bidea izatea dela esan du, etxera edo tabernara joan beharrik gabe; eta orain, lehen ez zuen toki bat izango duela herriak.
5.- Udaleko Idazkari Nagusiaren omenez egindako bazkaria dela eta, J.M. Martiarenak esan du J.A. Dozagarat haiek joan zirelako gelditu zela joan gabe, haiek enbarazu egiten diotelako. Orduan, enbarazu egiten badiote, ea J.A. Dozagarat horrek osoko bilkuretan zer egiten duen esan du, handik ezkutatu egin behar zukeela. Era berean, pertsona hori gehiago ez etortzeko eskatu du, pertsona non grata dela eta.
Alkateak, ordea, han, herriari dagozkion kontuak esateko eskatu dio, kalean esan beharreko kontuak esaten ez hasteko.
J.M. Martiarenak, Udaleko Idazkari Nagusiak ez duela inor alderdi politiko batekoa edo bestekoa izatearen kulparik esan du.
Aktaren bukaera.
Iluntzeko zortziak eta laurdenean, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, alkate-lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta sendetsi egiten dut.