Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko abenduaren hogeita zortzia. Arratsaldeko zortziak hamar gutxi. Udalbatza Udaletxeko Biltzar Aretoan bildu da, ohiz kanpoko eta premia handiko osoko-bilkura egiteko. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate-Lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Iñake Urrestarazu Azurmendi, José Mª Boto Sancho eta José Varela Pampin, zinegotziak, bildu dira.
Martzial Zabaleta Salaberria ez da etorri.
Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionariak.
Lehendakariak saioa ireki eta nornahirentzako izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, gai-zerrendako puntuak aztertzen hasi dira.
0. Gaia aztertzeko premia berrestea.
Gaia aztertzeko premia badagoela aho batez berretsi dute.
1.- Prezio publikoak eta zergak arautzeko ordenantzak aldatzeko espedienteari egindako alegazioak erabaki eta behin-betiko onartzeko proposamena.
Alkateak, gaia aurkeztu du esanez prezio publikoak eta zergak arautzeko ordenantzak aldatzeko espedienteari alegazio batzuk egin dizkiotela, eta alegazioei buruzko lege eta ekonomi aldeko informeak ere eginda daudela. Segidan zinegotziei eman die hizpidea.
Lehenengo J.M. Botok hitz egin du, eta idazkariak lege aldetik egin duen informeko 4. eta 5. puntuak betetzen diren galdetu dio.
Idazkariak, laugarren puntuan dioena adierazi dio lehenbizi: alegazioetan aipatzen den legedia indargabetua dagoela eta ez dagoela horiekin erabiltzerik, beraz, ezingo lukeela hura bete. Bosgarren puntuaren gainean, informeak egin beharrari buruz 11/1989 Foru Arauak dioena irakurri du: "informe tekniko-ekonomikoak egin beharra zerbitzu berriak osorik edota haien zati bat finantzatzeko tasak jarri behar direnean izango da". Alde horretatik, ez dela halakorik gertatzen hemen esan dio, zeren dagoen asmoa ez dela tasa berriak jartzea zerbitzu berri batzuk finantzatzeko, lehen zeuden zerbitzuei zegozkien tasak aldatzea baizik. Halarik ere, dio, kontuhartzailearen informearen argitan, eginda dago bakoitzari dagokion informe ekonomikoa.
Segidan P. Garbizuk hartu du hitza. Alegazioetan zerga eta prezio publikoen gainean ez dela ezer ere adierazten esan du, tasen gainean baizik.
P. Garbizuk dio, Udalbatzari bere ordenantza fiskalak egiteko aukera ematen zaionean, tasa, zerga eta prezio publikoak argi eta garbi bereizten direla. Hark dio, orobat, tasentzako bakarrik jartzen duela aurretik informe ekonomikoa egin beharra, eta horren arrazoia tasen izaera bera dela: ez direla dirua biltzeko sortuak, ez dagoela gastatzen dena baino gehiago biltzerik, alegia.
Alegazioei eman dieten erantzunaren gainean, berriz, idazkariak berak egindako informeak ere -kontuhartzailearen aldez aurreko espedientea, erabil zitekeen legedia adierazi behar baitzuen, kenduz gero, beste guztia indarrean dagoen legediari lotuta egina dago- akatsen bat badagoela esanahi duela. Aipatutako legedia indargabetua izateaz ez daukala ezer esatekorik, amen; baina paperari begiratu eta hartan bakarrik gelditzerik ez duela nahi, izateari ere piska bat begiratzea nahi duela, alegia, ez dagoela gastatzen dena baino gehiago biltzerik, eta hori legezkoa dela, eta horixe zela 2. alegazioan azpimarkatu nahi zuena.
Zaborrak biltzeaz -alegazioetako hirugarren puntua-, Udaleko zein bi langile dauden Udal honetan esan diezaioten nahi duela esan du P. Garbizuk.
Alkateak erantzun dio eztabaidatzeko moduko gaia dela zaborrak biltzeko tasaren barruan kaleak garbitzea ere sartuta dagoen ala ez, eta ez dela zaborra ateratzea bakarrik. Hala balitz, berriz, ez liratekeela bi langile finko besterik izango, aldi baterakoak ere barruan izango liratekeela.
Hori eztabaidagarria dela esan du, eta litekeena dela P. Garbizuk ezezkoa eta P. Etxarrik baiezkoa esatea. P. Garbizuk dio, ordea, arrazoia hori bada (kale-garbitzaileen kostua sartzea), 11/1989 Foru Arauko 11. artikuluak galarazi egiten duela. Beraz, hori atera egin beharko litzatekeela hortik (6,9 milioiak kanpoan geldituko lirateke), eta ez legoke tasen barruan sartzerik.
Bestetik, automobil berria erosteak handitu egiten duela uren gastua. Automobil hori ez dela eginkizun horretarako bakarrik; beraz, ez dela lojikoa uraren zergaren kontura ordaintzea. Gainera, urte betean amortizatu nahi izatea ere gehiegizkoa iruditzen zaiola, aldi bat behintzat beharko duela eta amortizatzeko.
Erremolkeaz, berriz, oraindik ibili ere egin gabe dagoela eta, hortaz, gehiegizkoak direla gastu horiek. Gastatuko dena baino gehiago bildu behar dutela uraren tasatan eta lehen aipatutako Foru Arauak (20. art.) dioenetik kanpora geratzen dela.
Alkateak 1.go alegazioaren arrazoia zein den galdetu du.
Informe ekonomiko-finantzario bat nahitaez behar zela uste zutela esan du P. Garbizuk.
Alkateak galdetu du ea zer arrazoi dagoen tasaren beraren gainean, ea formari buruzkoren bat den ala portzentaiari edo kopuruari buruzkoa den.
P. Garbizuk erantzun dio tasa jartzeko zenbat gastatu behar den jakin behar dela, eta horren gainean ez dela ezer ere ageri informeetan.
Tasarik garrantzitsuenak ez igotzea dela alegazioen helburua esan du P. Garbizuk.
Alkateak, hitza hartuz, hark ez duela esango informeak ondo ala gaizki eginda dauden adierazi du. Izan ere, Hazienda batzordeak espediente hori aztertzeko egin zituen bileretan, kontuhartzaileak egindako informeak erabili zituztela eta haien argitan eztabaidatu eta aztertu zutela ordenantza fiskalak aldatzea. Ez zaiola lojikoa iruditzen batzordeetara joan ez, ordenantzak aldatzeko espedienteari hasierako onespena ematea aztertu zuten osoko-bilkurara ere joan ez, eta gero, argitaldiaren azkeneko egunean, alegazioak egitea. Eta horrek, haren ustez, tasak ezartzeari maratilak jartzea beste asmorik ez dutela erakusten duela.
Alkateak esan du Haziendako batzordea bi aldiz bildu zela gai hauek aztertzeko, eta horri buruzko informazioa ere garaiz bidali zela, guztien artean eztabaida zitezen egin-ahalak eta bi eginez. Ez batzordeetara eta ez osoko-bilkurara ere ez etortzeak, haren ustetan, axolagabekeri handia esanahi duela zinegotzi batentzat.
Tasak ez direla dirua irabazteko hura ere konforme dagoela, baina dudakoa dela kale-garbitzaileen kostua zaborrak biltzeko tasaren barruan sartu behar den ala ez. Halaz guztiz, San Markosko kuotan ere sartu ez izana kritikatu dio P. Garbizuri, eta esan du hark erakutsi dezakeela tasetatik ez dela irabazirik ateratzen. Beste kontu bat dela kontuhartzailearen informea ikusi eta irabazia dagoela esaten badute; funtsezkoena, ordea, zerbitzu horrekin dirua galdu ala irabazi zer egiten den ikustea dela, eta hark erakutsi dezakeela betere dirurik ez dela irabazten. Hori ondo dakiela P. Garbizuk, eta tonto papera egiten badu, bada, bere kontua duela.
P. Garbizuk, berriz, kontuak atera dituztela eta hortxe daudela haien kontuak esan dio.
Alkateak esan du, uraren kontuan, ez dagoela aurtengo pezetak eta datorren urtekoak konparatzerik. Aieka horretatik, alegazioetan Añarberi hainbeste pezeta ordaindu behar zaionik ere ez duela jartzen kritikatu du. Gainera, aurten ordaindu beharrekoa eta datorren urtean ordaindu beharreko kopurua ere ez direla igoalak. Orduan, P. Garbizuk esan du haiek ez daukatela ezer ere esan beharrik. Azkenean, Alkateak, funtsezkoena tasak ez duela irabazirik ematen esan du. Beraz, aurkaritzako taldeak duen kezka arrazoirik gabekoa dela.
P. Garbizuk, ordea, informeak eginkizun baldin badaude Alkatearen errua edo erantzunkizuna dela esan du.
Alkateak, berriz, informeak zuzenak ez direla jakin eta hala ere aintzakotzat hartu izana kritikatu dio.
P. Garbizuk esan du hark ez dakiela Alkateak zer dakien; eta Alkateak ere ez dakiela hark zer dakien, jakitekotan ere bere buruaren berri jakingo duela.
Alkateak erantzun dio P. Garbizuk jakin nahi duena bakarrik dakiela, eta esan duena berari komeni zaiolako esango zuela. Halarik ere, P. Garbizuk badakiela tasa horiekin ez dela dirurik irabazten, eta ez dela lojikoa arrazoi horiek esanez etortzea, informe zehatzago batzuk eginda argitu baitaitezke alderdiok. Horregatik, onartuta dauden tasak baliogabekotzat jotzeko alegazioak ez direla aintzakotzat hartzeko modukoak. Gainera, zinegotzien egitekoa batzordeetan eta osoko-bilkuretan esku hartzea dela, eta horietara joan ez eta informaziorik ez dietela eman esatea adarra jotzea iruditzen zaiola.
P. Garbizuk onartu egin du Alkateak esandakoa, alegia, ez dagokiola baliogabekotzat hartzea, eta hark ez duela sekula esan gai horren gainean informaziorik izan ez denik. Bestetik, batzordeetako kontuaren gainean, lehenbiziko hura oso xelebrea izan zela esan du, eta hala den esateko eskatu dio J. Varelari.
J. Varelak baietz esan du, Alkatea, J.A. Dozagarat eta hura bera izan zirela bileran. Zer ordutan izan zen-eta, berriz, hura sei t'erdietarako etorri zela esan du, baina Biltzar-Aretoan inor ere ez zegoela; orduan, K. Legorburu jaitsi zela lehen esandakoen bila eta zazpiak laurden gutxiagotik bederatzietatik aurrera egon zirela.
Orduan, zenbait zinegotzi elkarri txandarik eman gabe hasi dira hizketan, eta zer esan zuten ez dago ulertzerik. Beraz, J. Varelak esandakoari lotuko gatzaio. Hark, lehenbiziko batzorde hartan gertatu zena azaltzen segitu du, esanez, galdetu zuen gauzetako bat urteko igoera % 5 ingurukoa izan zela eta ea zergatik % 10 igo nahi zuten izan zela. Alkateak 1993 eta 1994ko igoerak zirela esan ziola.
Hurrena Alkateak hartu du hitza, eta esan du kontuhartzailearen informea zuzena ez dela esatea gauza bat dela eta tasekin dirua irabaziko dela esatea beste bat dela, eta azkeneko hori ez dela egia.
Segidan J.M. Botok hartu du hitza, esanez, ez dakitela esaten dutela, eta informeak izateko batzordeetara etorri behar dela. Hark, ordea, ezin duela halakorik ametitu, zeren haiek, zinegotzi diren aldetik, eta batzordeetara joatea gorabehera, kostuei buruzko informazio guztia jasotzeko eskubidea dutela, baina, hala ere, ez dutela informaziorik.
Alkateak erantzun dio diren informe guztiak izan dituztela, informeak zuzenak diren ala okerrak diren beste kontu bat dela.
J.M. Botok esan du kontuhartzailearen informean kostua besterik ez zela ageri, inguruko herriekiko balorazioa.
Datu horiekin batera zeudela informe ekonomikoak ere esan du Alkateak, eta, beraz, erabaki aurretik jakin behar zuen informazio guztia bere esku zuela, ez batzordeetara eta ez osoko-bilkuretara ere ez etortzea beste kontu bat dela.
P. Garbizuk esan du batzordeetara joaten direnak ere ez direla jabetzen, horixe dela han gertatzen ari dena.
J.M. Botok berriz dio informaziorik ez dutela, eta hark etxean 100 litro ur gastatzen badu industria batek adina edo gehiago ordaindu behar duela.
Alkateak esan dio ea orain gehiago ordaintzen duen.
Behin-behingoz onartu dituzten aldaketei buruzko zehaztapena dela hori esan dio J.M. Botok.
Alkateak, duda egiten duela esan du. J.M. Botok, orduan, zer onartu duten ere ez dakiela erakusten duela horrek erantzun dio, 100 litro ur gastatzen badu industrialak baino gehiago ordaindu behar baitu.
J. Varelak esan du tasa horrekin industrialei mesede egitea besterik ez dutela egin. Gainera, ez zaiola ondo iruditzen 1992an, denekin ondo egoteagatik, tasarik ez igo eta 1993an, krisiaren erdian, bi halako igotzea.
Esan duenez, Hazienda batzordeak gai honezaz egin zuen lehenengo bileran, langabezian egon eta ezin ordaindu zuten pertsonei ez zitziaela ezer ere kobratuko esan zuten. Haren ustez, berriz, lanik gabekoak ez dira eskaleak, eta tasak denek ordaindu behar dituzte; ordea, tasa bajuak izanez gero, zeren oraingoak % 11,2 igo dituzte. Alkatearekin eta J.A. Dozagaratekin eztabaidatu zuela, baina ez zuela ezer garbirik atera, eta hura ez doala gehiago bileretara, izan ere, nahi dutena egin behar badute, bada, egin dezatela nahi dutena.
Alkateak, berriz, edozein puntutaz arituta ere ez dela gaiari lotzen, eta horregatik ez duela ezer garbirik ateratzen erantzun dio.
J.M. Martiarenak hartu du hitza hurrena. Arrunt harritua dagoela esan du, eta ez duela ulertzen nola J.A. Dozagaratek, Hazienda gaietako zinegotzi izan zenak, orain ez duen Kontuhartzailetzara ezta azaltzerik ere nahi, eta tasak bere erara egiten dituela.
Parte hartzeko txanda bukatu denez gero, alegazioak aintzakotzat ez hartzea eta Udalaren ordenantza fiskalak aldatzeko espedientea behin-betiko onartzeko proposamena Udalbatzaren iritzira jarri da. Beraz, lege eta ekonomi aldetik egindako informeak aztertu ondoren, Udalbatzak, gehiengo osoz -legeak eskatzen duen kuoruma badena-, behean datorren erabakia hartu du. Baiezkoa A. Sarasola, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta eta J.A. Dozagaratek eman dute; J.M. Martiarena astenitu egin da; eta J.M. Boto, J. Varela, I. Urrestarazu eta P. Garbizuk ezezkoa eman dute. Hauxe da erabakia:
A) 1.- Udaleko bost zinegotzik egindako alegazioak tramiteak egiteko onartzea.
2.- Lehenbiziko alegazioa aintzakotzat ez hartzea, 7/85 Toki-Jaurbidearen Oinarriak Arautzeko Legearen 49. artikuluak eta 11/1989 Foru Arauko 16 eta 25. artikuluek diotena betetzen ez duelako tramiteak.
3.- Bigarren, hirugarren eta laugarren alegazioak ere aintzakotzat ez hartzea, kontuhartzaileak egindako informeak dioenagatik.
B) Prezio publikoak eta zergak arautzeko ordenantzak aldatzeko espedientea behin-betiko onartzea.
C) Erabaki honen berri ematea Kontu eta Hazienda batzordeari.
Aktaren bukaera.
Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, Alkate-Lehendakariak, arratsaldeko zortziak eta hamazazpi direla, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.