- 1.- Herri ekimena, Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioei buruzko herri galdeketa egiteko (2006H0310001).
- 2.- Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren behin behinekoz onartzeko diktamena (2006H0310001).
- 3.- S-1 Sektoreko hiritartze obren lehen fasearen esleipena onartzeko diktamena (2006H0120004).
- 4.- Jauregialdeko hiritartze obraren kontratazio espedientearen hasera onartzeko diktamena
- (2007H0120001).
- 5.- Bonatxo inguruko udal jabegoko lursail baten desafekzioa permutarako diktamena.
- 6.- Alarguntza inguruko udal jabegoko lursail baten desafekzioa permutarako diktamena.
- 7.- Babes zibileko talde bat sortzeko diktamena (2007UD290001).
- Aktaren amaiera
Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko apirilaren 30ean, astelehena, 8:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA, egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Ainhoa Villanúa Ayuela ere (PSE taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Maria Luz Anglada González (PP taldea) eta Mayra del Carmen Cruz Robelo (PSE taldea).
Ez da bilkurara etorri Isabel López Aulestia (IU-EB taldea).
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.
Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.
1.- Herri ekimena, Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioei buruzko herri galdeketa egiteko (2006H0310001).
Alkateak 2006ko uztailaren 20an udalean erregistratutako Hirigintza Planeamenduko Arau Subsidiarioen inguruko herri galdeketa egiteko eskaera ekarri du gaurko bilkurara. Aurkeztutako idatzia, TOAL-aren 70. artikuluaren baldintzak betetzen dituelako ekarri da eta osoko bilkurak eztabaidatu eta haren inguruko erabakia hartu behar du. Alkateak esan du eskaera onartzen bada Estatuko Gobernuaren baimena eskatu beharko dela herri kontsulta egiteko.
Ondoren, alkateak udal idazkariari eman dio hitza. Honek gogoratu du joan den uztailaren 28an egindako txotenean esandakoa, eskaera babesten duten sinadurak herriko bizilagunen %15ekoa izan behar dutela eta erabakiak osoko bilkurako gehiengo osoaren aldeko botoa behar duela bere onarpenerako. Aurkeztutako sinadurak INEk egiaztatu dituela eta, urriaren 9ko ziurtagirian esan bezala, gutxienez 899 behar zirenean, INEk 906 sinadura balioztatu dituela. Beraz, eskaera osoko bilkurara aurkeztu eta bozkatu behar dela.
PSE taldeko Mikel Antton Arrizabalagak esan du, nahiz eta errespetu osoz hartu eskaera, bertan esaten diren gauza askorekin ez daudela ados. Zinegotziak hautatu omen dituzte erabakiak hartzeko eta ez duela ezagutzen aurrekaririk non hirigintza plana herri galdeketara jarri den. Horregatik guztiarengatik eskaeraren aurka bozkatuko dutela.
PP taldeko Mari Luz Angladak dio ez dela beharrezkoa herri galdeketa, zinegotzi hautatzen zaituztenean herritarren botoekin hautatzen zaituztelako eta haien ordezkaritzarako. Bestalde dio hirigintza arauen tramitazioak legedian agindutako jendaurreko epe guztiak bete dituela eta herritarren parte hartzea ahalbidetu dela. Eskaera hau onartzea beste batzutarako aurrekari bihurtzerik nahi ez duelako, kontra bozkatuko duela esan du.
EAJ-PNVren izenean alkateak dio arauena luze landu den proposamena dela eta, udalak egin beharreko tramitazioa bukatzear dagoenean, ez zaiola bidezkoa iruditzen herri galdeketan hastea. Esan du hirigintza arauak ez direla betiko, ez eta aldatu ezinak. Laster korporazio berria hautatzeko udal hauteskundeak izanda, hor izango dutela herritarrek aukera orain arte egindakoaren gain iritzia emateko. Horregatik guztiarengatik, momentu honetan herri galdeketa egitea ez dela egokia iritzi dio alkateak.
Jendartetik Iker Salaberriak, Lezoren Alde Herri Plataformaren izenean dio, arauak aldatu daitezkeen arren, gaur onartzera doana erabaki inportantea dela herriaren etorkizunerako, eskubideak sortzen dituelako eta zenbait erabaki hipotekatu eta baldintzatu egiten direlako. Galdeketen aurrekariak badaudela dio, Ondarroako kaiarena adibidez. Legeak aurreikusten omen du, bai estatukoak bai onartu berria den elkarte autonomoko Lur Zoru legeak, beraz, ez omen da beste munduko gauza herri galdeketa egitea. Bere kexa azaldu du eskaerak izan duen tratamenduarengatik, merezi zuen duintasunetik urruti: ekimen baterako inoiz Lezon lortu den firma kopuru handiena lortu, 1.000 herritarrena, duela 10 hilabete aurkeztu, udal zinegotzi talde bakarrak babesik eman ez eta orain, azken momentuan, arauen behin behineko onarpenarekin batera, eta gaiari amaiera emateko, plenoari aurkeztu atzera bota dezan. Bere ustez, korporazioak duen talantearen demostrazio nabarmena.
Jendartetik Itziar Alkortak dio, Lezoko udalera oraindik ez dela iritsi herritarren partehartzeari buruz Europan 1989az geroztik indarrean dagoen legedia. Udal zinegotziei leporatu die lege hau ez ezagutzea eta ez irakurtzea. Haren arabera, ez da egia herri galdeketen aurrekaririk ez dagoela esatea; aldiz, parte hartzea bermatzeko neurriak hartzen omen dira, eta ez, Lezon bezala, herritarren parte hartze eskaera aintzat ez hartu, isildu edo oztopatu egitea.
Besterik gabe eskaera bozkatu da eta aho batez ez da onartu, hau da, bilkuran diren hamaika zinegotziek eskaeraren kontrako botoa eman dute.
2.- Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren behin behinekoz onartzeko diktamena (2006H0310001).
Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamena irakurri du. Honela dio hitzez hitz:
"Lezoko Udalak 2006ko irailaren 18ko batzarrean Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuari haserako onarpena eman zion.
Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko urriaren 10ko 193 zenbakidun alean. Haserako onarpenerako dokumentua jendaurrean hilabetez egon ondoren 47 alegazio aurkeztu dira, hauetatik 7 epez kanpo.
Alde batetik, Roberto Gartzia Aizpiri, berrikuspen dokumentua idatzi duen Arkitektoak, idatziriko alegazioen txostenean aurkezturiko alegazioetatik batzuk onartzea proposatzen denez alegazio hauen onarpenak eta bestetik Lezoko Udalak, bere arkitekto aholkulariaren txostenean oinarrituz haserako onarpena jaso zuen dokumentuan agindu dizkion beste aldaketa batzuk Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenean suposatzen duten aldaketak jasoaz, proiektuaren gehigarri bat aurkeztu du .
Gehigarri honetan haserako onarpena jaso zuen dokumentuarekiko zenbait aldaketa jasotzen dira.
Hori dela eta 2/2006ko Lurzoruaren eta Hirigintzaren legeko Bigarren Xedapen Iragankorrak adierazten duena kontuan izanik eta 1976ko Lurzoru Legearen Testu Bateratuko 40, 41 eta 49 artikuluak eta Planeamendu Erregelamenduaren 130 artikuluak arautzen duenarekin bat etorriaz, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko apirilaren 20an egindako batzarraldian Jesús Mª Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazuren (EA) aldeko botoarekin eta Mikel Arrizabalaga Brusin (PSOE) eta Maria Luz Angladaren (P.P) abstentzioarekin,
DIKTAMINATZEN DU:
BAT: Roberto Gartzia Aizpiri Arkitektoak idatziriko alegazioen txostena onartzea eta bere edukiarekin bat, proposatzen diren alegazioen onarpena eta atzera botatzea egitea.
BI: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspen dokumentuari behin behineko onarpena ematea, onarturiko alegazioaren ondorioz aurkezturiko gehigarria erantsiz. Dokumentu honek ez du funtsezko aldaketarik suposatzen beraz ez da berriro jendaurrean jarri behar.
HIRU: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren espedientea eta dokumentazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea behin betiko onarpena eman diezaion."
PSE taldeko Mikel Arrizabalagak dio orokorrean ados daudela proposatutako dokumentuarekin, babestutako etxeak egitea posible egingo duelako eta lur industrial berria aurreikusten duelako.
PP taldeko Mari Luz Angladak dio bere botoa onartzearen aldekoa izango dela, gobernu taldearen aldeko konfiantza boto gisa.
PNV taldeko Aitor Mimendiak dio dokumentua hiru aukeratan oinarritu dutela, Herriondoko aukera proposatuz. Alde batetik, Algeposako aukera baztertu egin dutela jasanezina izango zelako, sortuko zituen hipotekengatik eta enpresa beraren desagerpenarengatik. Bestalde, baserri batzuen erabateko desagerpena suposatuko luketen aukerak ere baztertu egin dituztela. Eta hiru, nahiz eta jakin Herriondoren garapenak inpaktuak sortuko dituela, babes ofizialeko edota tasatuak izango diren 500 etxe egitea posible egingo duelako, sinatu den hitzarmen urbanistikoaren bidez bederatzi miloi euro jasoko direlako eta sistema orokor guztiak jabeek beraiek ordainduko dituztelako, hau hautatu dutela. Gogoratu du Zelaia inguruko konponketa ere ekarriko duela arauen dokumentuak.
Idazkariak hirigintzako teknikariak egindako txosten juridikoa irakurri du, non, tramitazioaren zenbait gai dela medio, eta dokumentuak dituen zenbait zehaztasun-premia kontuan izanik, haiek zuzendu eta argitu bitartean dokumentua ez onartzearen aldeko aholkua ematen duen. Idazkariak harekin bat egiten du, eta hasierako onarpenerako irailaren 13an emandako txostenaren edukia ere ekarri du gogora. Bestalde, ohartarazi du, dokumentua erdara hutsean idatzita egonik, ez duela betetzen euskararen udal araudia. Gogoratu du behin behineko onarpenak osoko bilkuraren gehiengo osoaren aldeko botoa behar duela.
Jendartetik Aitor Sarasolak, Lezoren Alde Herri Plataformaren izenean, dio, hiru urteren ondoren eta 50 miloi gastatu ondoren, bere onarpena zailduko duen gabeziaz betetako dokumentu hau aurkeztea, herriari egiten zaion iruzur handi bat dela. Iruzurra diru gastuarengatik eta iruzurra parte hartzeari: minimo formalak soilik bete direlako, partehartzea sustatzeko inongo borondaterik gabe, eta horren adibide jarri ditu alegazioei egindako erantzunak, kontraesanez eta hutsunez josiak, herritarrekiko errespetu falta agerian utziz. Iruzurra egin omen zaio Eusko Legebiltzarrak onartutako Lur Zoru Legeari, haren eragina saihestuz. Iruzurra etxebizitza premian dauden lezoarrei, lege berria saihestearekin, dokumentu honen arabera, babes ofizialeko etxebizitza kopurua %15ekoa delako eta ez lege berriaren arabera izan beharko lukeen %55ekoa. Bere esanetan, gezurra da dokumentuak babes ofizialeko 500 etxebizitza bermatzen dituenik, 185 baizik. Bere iritziz, dokumentua interes espekulatiboen arabera egina dago, adibidez Errekalden kotxe salmentarako, eta horretarako bakarrik, aurreikusi diren 25.000 m², hirigintza ordenaziotik ez du ezer eta bai, ordea, lagun arteko mesedetik. Herriondorako 700 etxebizitza aurreikustea interes espekulatibo horren beste adibidea dela dio. Duela hogei urte onartutako arauek konpondu zuten neurriz kanpoko garapen-eredua berriro ekartzen da orain. Horren adibide garbia omen da planeamendua, herritarren interes orokorren menpe egon ordez, lur jabe eta promotoreen agintepean egotea.
Jendartetik galdetu dute, baserri lurrekin egiten den 200.000 m² erreserba publikoaren ondorioak zeintzuk izango diren, alegazioa aurkeztu zutela baina oraindik ez dutela inongo esplikaziorik edo erantzunik jaso eta beldur direla horrek ondorio kaltegarriak ekarriko ote dizkion bere baserriari.
Alkateak dio, hain zuzen ere, gaurko bileran onartuko direla alegazioen erantzunak.
Aitor Mimendia zinegotziak esan dio, nahi duenean bilera egingo dutela eta eman beharreko azalpenak emango dizkiola. Argitu du, erreserba hori egiten dela, kaiko etorkizunaren inguruko zalantzak tarteko eta jarduera ekonomikoetarako lurra behar izanez gero, aurreikuspena egiteko eta Pasaiako udalari gertatzen ari zaiona ez gertatzeko, alegia, haiek zenbait jardueraren birkokapenerako ez baitute lurrik.
Jendartetik herritar batek galdetu du, nora eramango duten Zelai inguruko zentral elektrikoa. Aitor MImendiak esan dio, kokapen zehatza ondorengo dokumentuek argitu behar badute ere, inguru horretan geratuko dela.
Besterik gabe, diktamena bozkatu da eta aho batez onartu da, hau da, bileran diren hamaika zinegotzien aldeko botoa izan du.
Bozketaren ondoren, bi pertsona zinegotzien mahaietara inguratu dira eta porlan hautsa zabaldu dute mahian. Hori horrela, alkateak 9:30ak direnean bilera eten egin du.
9:45ean berriro ekin zaio bilkurari. Mari Luz Angladak eskatu du aktan jasotzeko gertatutakoa. Alkateak esan du aktan jasotzeko Iosu Pikabeak eta Miren Alkortak plenoko mahai gainera hondarra bota dutela.
3.- S-1 Sektoreko hiritartze obren lehen fasearen esleipena onartzeko diktamena (2006H0120004).
Alkateak Hirigintza Batzordeko diktamena irakurri du. Haren arabera erabaki proposamena hau da:
"Baldintza agiriaren 19., atalak xedatutakoari jarraiki, eta Hirigintza Batzordeak diktaminaturik, Osoko Bilkurak hemen heldu diren erabakiak hartu ditu:
BAT: S-1 Sektoreko Hiritartze Obraren Lehen Fasea Ansareao Saneamientos y Servicios, S.A.; Construcciones Dumboa, S.A.; Arquibil S.L.; Arkaitza, S.A. enpresei esleitzea.
BI: Esleipendunak esleipenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hastia egutegiko 15 egunetako epean honako hauek egin beharko ditu:
a) Behin betiko bermea eta berme osagarria jarri. Bi berme hauen zenbatekoa esleipenaren zenbatekoaren %10 izango da ( behin betiko bermea %4 eta osagarria %6), hau da, 212.946,95 €.
b) Jendaurreko zabalkunde ofizialean gastuak egin badira, aldizkari ofizial eta argitaraldietako gastuak ordaindu. Gastu horien zenbatekoa 1.500 € izango da, gehienez.
c) Azkenik, administrazio honen bulegoetara etorri, kontratua administrazio-agiri gisa formalizatzeko.
HIRU: kontratua formalizatu baino lehen esleipendun suertatu diren enpresak aldi baterako enpresen batasuna eskritura publikoan formaldu beharko dute eta ordezkari bakarra izendatu beharko dute kontratuaren eskubide eta betebeharren gauzatzeko ahalmenarekin kontratuak irauten duen bitartean."
Idazkariak ohartarazi du, Kontu-hartzailearen txostenaren arabera, ez dela gastu kontsignaziorik udal aurrekontuan, gastu hau agintzeko, eta beraz, erabakia hartuko balitz, baliogabea dela.
Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearena eta EAJ-PNV eta EA taldeetako zinegotzienak), eta lau abstentziorekin (PSE eta PP taldeetako zinegotzienak).
4.- Jauregialdeko hiritartze obraren kontratazio espedientearen hasera onartzeko diktamena (2007H0120001).
Alkateak Hirigintza Batzordeko diktamena irakurri du. Honela dio hitzez hitz:
"Lezoko Udalak 2007ko otsailaren 6ko 148 zenbakidun Alkatetza Dekretuaren bitartez Jauregialdeko Hiritartze Proiektuari haserako onarpena eman zion.
Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2007ko otsailaren 15ko 33 zenbakian, 15 egunez jendaurrean egon ondoren alegazio bat aurkeztu zen.
Horrela Jauregialdeko hiritartze obren kontratazio espedientea hastea posible da Hiritartze Proiektu honi behin betiko onarpena eman ondoren.
Obra hauek Jose Mari Aseginolaza eta Javier Telleria Arkitektoak idatziriko Hiritartze Proiektuaren arabera egingo dira.
Kontratu hau HAKLTBaren 120 artikuluan aurreikusitako obra kontratu bat da, beraz HAKLTBaren lehen liburuan aurreikusitakoa kontuan izateaz gain, bigarren liburuaren I tituluan xedaturikoari ere jarraitu behar diogu.
Espediente motari dagokionez, presazkoa bezala tramitatzea proposatzen da.
HKLTBaren 73., artikuluan ezarrita dagoenez, kontratuen esleipena egiteko jardunbide irekia, mugatua edo negoziatua erabili daiteke. Jardunbide irekian interesdun enpresari orok aurkez dezake proposamena, jardunbide mugatuan berriz Administrazioak espresuki hautaturiko enpresariak soilik aurkez dezakete proposamena, aurretik eskaera egin ondoren eta jardunbide negoziatuan enpresari desberdinekin negoziazio eta kontsulta egin ondoren Administrazioak hautaturiko enpresariari esleituko zaio.
HKLTBaren 74. artikuluaren arabera, Jardunbide irekia edo mugatua erabiltzen bada enkante edo lehiaketa bidez egin daiteke esleipena. Enkante bidez egiten bada, dirutan adierazitako tipo bati buruz izango da eta esleipena prezio baxuena eskaintzen duenaren alde egingo da beti ere aipatu tipoaren azpitik jotzen badu, lehiaketa berriz orokorrean eskaintza hoberena aurkezten duen lizitatzailearen alde egingo da esleipena, plegutan zehazturiko irizpidean kontuan izanda eta prezioari soilik begiratu gabe.
Bestalde 75. artikuluaren arabera, kontratazio organoek enkante edo lehiaketa bidez egingo ohi dute esleipena. Jardunbide negoziatu, aitzitik, aipatutako legean zehaztutako kasuetan baino ez da erabiliko ; obra kontratuei dagokionez, alegia 140 eta 141 artikuluetan jasotako kasuetan. Bi artikulu hauetan jasotako kasuak betetzen ez direnez, jardunbide negoziatua baztertu egin behar dugu hasieratik. HAKLTBaren 56 artikuluan eta 121 artikuluan aurreikusitako kontratu txikia ere ezin da aplikatu kasu honetan aipatu artikuluen kopuruetan sartzen ez delako obra hau.
Kontratu mota hau batere konplexua ez denez aipatu legearen 73.2 artikuluan aurreikusitako jardunbide irekia erabiltzea aukeratu dut osatu dudan administrazio-baldintza zehatzen agirian. Dena den jardunbide mugatua ere posible da eta aukerazkoa da.
Bestaldetik, kontratuaren ezaugarriak kontuan izanik, bidezkoa da lehiaketa bidez egitea kontratuan egin daitezken hobekuntzak ere garrantzi handia dutelako, administrazio-baldintza zehatzen agirian zehazturiko irizpide objektiboak erabiliz, HAKLTBaren 74.3, 75, 85, 86 artikuluek xedatutakoarekin bat etorriz.
Hona hemen akordio proposamena:
BAT: Jauregialdeko Hiritartze proiektua onartzea.
BI: Jauregialdeko Hiritartze obren kontratazio espedientea hastea, lehiaketa ireki jardunbidearen bitartez.
HIRU: Jauregialdeko Hiritartze obren kontratua arautuko duten Baldintza pleguak onartzea.
LAU: Jauregialdeko Hiritartze obren kontratua presazkoa izendatzea.
BOST: Kontratu honetarako gastua onartzea."
Idazkariak ohartarazi du, Kontu-hartzailearen txostenaren arabera, ez dela gastu kontsignaziorik udal aurrekontuan gastu hau agintzeko eta beraz erabakia hartuko balitz baliogabea dela.
Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da aldeko hamar botoekin (alkatearena eta EAJ-PNV, EA eta PSE taldeetako zinegotziena), eta abstentzio batekin ( PPko zinegotziarena).
5.- Bonatxo inguruko udal jabegoko lursail baten desafekzioa permutarako diktamena.
Alkateak Hirigintza Batzordeko diktamena irakurri du. Honela dio hitzez hitz:
"Joseba Matias Zabaletak, Bonatxo baserriaren aldamenetik pasatzen den herri-bidearen ibilbidea aldatzeko baimena eskatzen du. Horretarako bere jabegoko lur-sailak eta herri-bidea doan lur-sailen arteko permuta proposatzen du, helburua herri-bidea baserria dagoen eraikinetik zertxobait aldentzea baita.
Herri-bide hau udal ondasunen inbentarioan 19 zenbakiarekin jasotzen dena da. Joseba Matiasek aurkezturiko proposamenaren arabera aipatu herri-bidearen 183,251 m² desafektatu beharko lirateke, hau da, 57,811m luze bider 3,17 metro zabal bataz beste. Horren truke Joseba Matiasek bere lurzorutik herri-bide berria igarotzeko 224,878 m² azaleradun lursaila (75,936 metro luze bider 3 metro zabal) permutatuko lioke udalari arestian aipatu 183,251 m²rengatik.
Bonatxo baserriaren ondotik doan herri-bidea, jabari publikoa da, beraz besteren ezina Toki Entitateetako Araudi Orokorreko 5., artikuluaren arabera.
Haatik, Toki Entitateetako Araudi Orokorreko 8., artikuluaren arabera, toki entitateen ondasunen kalifikazio juridikoa aldatu daiteke dagokion espedientea izapidetu ondoren. Kasu honetan herri-bidea jabari publikoa da, erabilera publiko batetara dagoelako xedatua, beraz sailkapen juridikoa aldatzeko, ondasun hau desafektatu egin behar da ondare ondasun bilakatzeko.
Beraz Lezoko Udalak egoki baderitzo posible da aipatu herri-bidearen zati hori desafektatu ondoren permutatzea Toki Entitateetako Ondasunen Araudi Orokorreko 112., artikuluak xedatzen duena kontuan izanda.
Bestalde Toki Entitateetako Ondasunen Araudi Orokorreko 118., artikuluak permuta egin ahal izateko baldintza bezala xedatzen duen balorazio teknikoa espedientean dago.
Desafekziorako eta jabari publikoaren kalifikazio juridikoaren aldaketa prozedurari dagokionez, aipatu Ondasunen Araudi Orokorreko 8., artikuluaren arabera jendaurrean hilabete egon ondoren udalak udalbatzako gehiengo absolutuaren botoarekin onartu behar du.
Lezoko Udalak espedientea jendaurrean eduki du hilabetez, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007ko otsailaren 14ko 32 zenbakidun alean argitaratu ondoren eta ez da erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu.
Joseba Matias Zabaletak egiten duen proposamena udal interesentzako ere egokia denez, herri bidea etxebizitza partikular batetik gertuegi igarotzea ez baita udalarentzat ere konponbiderik egokiena.
Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko apirilaren 20an egindako batzarraldian Jesús Mª Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Mikel Arrizabalaga Brusin (PSOE) eta Maria Luz Angladaren (P.P) aldeko botoarekin
DIKTAMINATZEN DU:
BAT: Udal ondasunen inbentarioan 19 zenbakidun herri-bidearen 183,251 m² desafektatzea, espedientean agertzen diren planoetan jasotzen den moduan, Joseba Matias Zabaletaren lursailekin permuta burutzeko ondorengo baldintzetan:
1.- Joseba Matias Zabaletak 75,936 metro luze bider 3,20 metro zabal duen lursail bata, hau da, 243 m² eman beharko dizkio Lezoko Udalari arestian aipatu 183,251 m²en truke.
2.- Aipatu 243 m²ko lursail horretan Joseba Matias Zabaletak herri-bide zati berri bat eraikiko du. Hori baino lehen herri-bide zati horren proiektu tekniko bisatua, aurkeztuko du Lezoko Udalen, honek onar dezan.
3.- Permuta ez da gauzatuko herri-bide zati berria exekutatu eta obrak Lezoko udalaren ongi emana jaso eta Lezoko Udalak errezibitu artean. Horrela obraren zuzendaritza Lezoko Udalak izendatuko du Joseba Matias Zabaletaren kontu.
4.- Herri-bidearen zati berria exekutatzerakoan, interes orokorraren ikuspegitik konponbide egokiena gauzatzearren akordio honetan aurreikusi baino m² gehiago behar badira Joseba Matias Zabaletak konpentsaziorako eskubiderik ez luke izango.
5.- Desafekzio eta permuta espedienteak eragindako gastu guztiak, eskriturak, iragarkiak eta jabetza erregistro zein beste guztiak Joseba Matias Zabaletaren kontu izango dira.
BI: Permuta gauzatu ondoren Lezoko Udalak herri-bide zati berria erabilerara publikora xedatuko du."
Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatearena eta EAJ-PNV, EA eta PP taldeetako zinegotzienak), eta hiru abstentziorekin (PSEko zinegotzienak).
6.- Alarguntza inguruko udal jabegoko lursail baten desafekzioa permutarako diktamena.
Alkateak Hirigintza Batzordeko diktamena irakurri du. Honela dio hitzez hitz:
"Vitoriano Urzelaietak Lezoko Udalari Alarguntza Goikoa baserriaren inguruan lursailen arteko permuta bat egitea proposatzen dio, hain zuzen ere Lezoko Udalaren jabegoko 3 poligonoko 11 lursailaren 4410 m² bere jabegokoa den 3 poligonoko 2 lursailaren beste 4410 m²ren truke.
Lursail hauek lur ez urbanizagarrian kokatzen dira beraz Nekazal ustiaketen Berrikuntza arautzen duen 19/1995 Legearen 24 atalak dioen moduan lursail bat zatigarria izan daiteke baldin eta laborantzako gutxieneko unitate baten azalera baino txikiagoa den lursail berri bat sortarazten ez duen.
Horrela Euskal Autonomia Elkarteko Lehentasunezko Nekazaritza-Ustiapenak eta EAEko Eskualdeetako eta Lurralde Historikoetako Laborantzarako Gutxieneko Unitateak zehazten dituen 68/1997 Dekretuaren 7., atalean agintzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoan laborantzako gutxieneko unitatea hektarea batekoa dela, hau da, 10.000 metro karratu
19/1995 Legeko 25 artikuluak ordea 24, artikuluak xedatzen duenari salbuespenak arautzen ditu, eta horrela 25 artikuluko a) atalean zehazten dena kontuan izanda segregatzen den lursaila laborantzako gutxieneko unitate baten azalera baino txikiagoa izanda ere mugakide duen lursail batekin bateratzen bada eta sortzen den lursail berria naiz banaturiko lursaila aipatu unitate horren azalera baino handiagoak badira posible da segregazioa egitea.
Vitoriano Urzelaietaren proposamenean argi adierazten da trukearen ondorioz sortu liratekeen lursail berriak 19/1995 Legeko 25 a) artikuluak xedatzen duen kasuan sartuko liratekeela.
Lursailen trukaketa egiteaz gain berak Lezoko Udalari 11.064,9 €ko kopurua ordainduko lioke bi lursailen balio desberdina konpentsatzeko.
Katastroko 3 poligonoan dagoen 11 zenbakidun lursaila, jabari publikoa da, beraz besteren ezina Toki Entitateetako Araudi Orokorreko 5., artikuluaren arabera.
Haatik, Toki Entitateetako Araudi Orokorreko 8., artikuluaren arabera, toki entitateen ondasunen kalifikazio juridikoa aldatu daiteke dagokion espedientea izapidetu ondoren. Kasu honetan Katastroko 3 poligonoan dagoen 11 zenbakidun lursaila jabari publikoa da, Mendi Publiko baten partea delako, beraz sailkapen juridikoa aldatzeko, ondasun hau desafektatu egin behar da ondare ondasun bilakatzeko.
Beraz Lezoko Udalak egoki baderitzo posible da aipatu herri-bidearen zati hori desafektatu ondoren permutatzea Toki Entitateetako Ondasunen Araudi Orokorreko 112., artikuluak xedatzen duena kontuan izanda.
Bestalde Toki Entitateetako Ondasunen Araudi Orokorreko 118., artikuluak permuta egin ahal izateko baldintza bezala xedatzen duen balorazio teknikoa espedientean dago. Balorazio tekniko honen arabera Lezoko Udalaren jabegoa den lursailak VItoriano Urzelaietarenak baino balio handiago du, naiz eta balio desberdintasun hau ez den inondik ere %40ra iristen.
Dena den Vitoriano Urzelaietak proposatzen dun konpentsazio ekonomikoa bat dator espedientean dagoen balorazio teknikoak nabarmentzen duen balio desberdintasunekin beraz ez dago inongo arazorik permuta aurrera eraman ahal izateko.
Desafekziorako eta jabari publikoaren kalifikazio juridikoaren aldaketa prozedurari dagokionez, aipatu Ondasunen Araudi Orokorreko 8., artikuluaren arabera jendaurrean hilabete egon ondoren udalak udalbatzako gehiengo absolutuaren botoarekin onartu behar du.
Lezoko Udalak espedientea jendaurrean eduki du hilabetez, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007ko otsailaren 14ko 32 zenbakidun alean argitaratu ondoren eta ez da erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu.
Vitoriano Urzelaietak egiten duen proposamena udal interesentzako egokia denez, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko apirilaren 20an egindako batzarraldian Jesús Mª Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Mikel Arrizabalaga Brusin (PSOE) eta Maria Luz Angladaren (P.P) aldeko botoarekin
DIKTAMINATZEN DU:
BAT: Udal Katastroko 3 poligonoko 11 zenbakidun lursailaren 4410 m² desafektatzea, espedientean agertzen diren planoetan jasotzen den moduan, Vitoriano Urzelaietaren lursailekin permuta burutzeko ondorengo baldintzetan:
1.- Vitoriano Urzelaietak Lezoko Udalari 11.064,9 €ko kopurua ordainduko dio permutatzen diren lursailen balio desberdintasuna konpentsatzeko.
2.- Permuta gauzatu baino lehen udalak permutatu nahi diren lursailen segregazioa baimendu beharko du.
3.- Desafekzio eta permuta espedienteak eragindako gastu guztiak, eskriturak, iragarkiak eta jabetza erregistro zein beste guztiak Vitoriano Urzelaietaren kontu izango dira.
BI: Permuta gauzatu ondoren Lezoko Udalak jasotzen duen lursail berria, Mendi Publikoaren parte izendatuko du eta erabilerara publikora xedatuko du."
Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da aldeko zortzi botorekin (alkatearena eta EAJ-PNV, EA eta PP taldeetako zinegotzienak), eta hiru abstentziorekin (PSEko zinegotzienak). PSE taldeko Mikel Antton Arrizabalagak dio ez dagoela nahiko arrazoitua aldaketa.
7.- Babes zibileko talde bat sortzeko diktamena (2007UD290001).
Alkateak Pertsonal eta Barne gaietarako Batzordeko diktamena irakurri du. Honela dio hitzez hitz:
"Babes Zibileko talde bat sortzeko, Lezoko Udaltzaingoaren Buruzagitzak aurkeztutako proposamena, Barne Batzordeak, 2007ko apirilaren 20an eginiko batzarraldian, aho batez diktaminatu zuen, Kepa Garbizu Azkue, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Mari Luz Anglada Gonzalez eta Mayra del Carmen Cruz Robeloren aldeko botuekin.
Horiek horrela, Osoko Bilkurari honako ERABAKI hauek hartzea proposatzen diot:
BAT: Hasierako onarpena ematea Babes Zibileko Talde bat sortzeko egiten den eskaerari.
BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.
HIRU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke."
Bozketa egin da eta aho batez onartu da, hau da, bilkuran diren hamaika zinegotzien aldeko botoarekin.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:55etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.