2018KO UZTAILAK 26

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko uztailaren 26an, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bilerara etorri Igor Cordero de la Fuente eta Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldekoak).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Alkateak gai zerrendaren ordena aldatu du lehenbizi 9. gaia tratatzea proposatuz “Desgaitasuna duten pertsonen enplegu politiken inguruko mozioa”, jendartean mozioa aurkeztu dutenak daudelako.

Jendartean ere kale garbitzaile daude eta alkateak dio haiek aurkeztutako mozio-eskaera ez dagoela gai zerrendan baina bilera honetako 2. gai bezala azalduko duela zergatik ez dagoen gai zerrendan eta hitza emango diela bertaratuei.

Bilkurakideak ados daude alkateak egindako bi aldaketa hauekin.

1. Desgaitasuna duten pertsonen enplegu politiken inguruko mozioa (2018AL050005).

Alkateak dio Oarsoaldeako beste udaletan egin bezala, deialdiarekin batera bidalitako Arrastalo eta Aldurak aurkeztutako (maitzaren 21eko 1.246 sarrera erregistroan) mozioaren alternatiba daukala EAJk eta mozio alternatibo hori aurkeztu eta bozkatzea eskatu du.

Honela dio EAJ-k aurkeztutako mozio alternatiboak:

“Behar gehien duten pertsonei lan aukerak eskaintzearekin eta gizarte kolektibo kaltetuenak babestearekin guztiz konprometituta dagoen herrialdea da gurea.

Helburu partekatua dugu pertsonekin konprometitutako gizarte moderno eta solidario baten eraikuntzan.

Eszenatoki honetan kokatzen dira babes behar handien duten desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren enplegagarritasuna hobetzeko gizarte-ekimen sektorea lehenestera bideratutako neurriak.

Horregatik eta horretarako, Eusko Jaurlaritzatik egin den planteamendua garrantzitsua dela uste dugu. Horren arabera, Enplegu Zentro Zerezien erregistroa, aipatu egoeran dauden pertsonen enplegua sustatzeko politiken defentsa suposatuko duen marko legal bat egitera lotuta egon behar da.

Gobernuaren dedikazioa baloratzen dugu, izan ere, Euskadiko Enplegu Zentro Bereziak ordezkatzen dituzten erakundeekin (Ehlabe eta Berezilan) estuki lotuta egin du lan.

Desgaitasuna duten pertsonen enpleguarekin dugun konpromisoa azpimarratzen dugu, bistakoa den konpromiso, egun sortuta dauden lan postuak mantentzeari zein lan aukera berriak sortzera emandako bultzadari dagokionez.

Enplegu Zentro Berezien erregistroa, aipatu egoeran dauden pertsonen enplegua sustatzeko politiken defentsa suposatuko duen marko legal bat egitera lotuta egotearen beharra izan da dekretua indarrean sartzea atzeratu duen arrazoia.

Prozesu honek aukera historikoa suposatzen du EAEren berezko araudi batean pertsona desgaituen programa eta enplegagarritasun zerbitzu guztiak elkartu eta finkatzeko.

Dekretuak sektorearentzako oinarrizkoak diren hiru helburu beteko ditu:

• Araudi bakar batean bilduko ditu pertsona desgaituentzako zerbitzuak eta politika aktiboen programa guztiak, eskumenei erantzunez eta enpleguaren politika aktiboak Euskadira eskualdatuz.

• Gure Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enpleguaren egoera eta garapen berezia balioan jarri eta aitortu, “euskal enplegu eredua” deritzenaren, eta Euskadi estatu zein Europa mailan erreferente bihurtu dituenaren bitartez. Bereziki, desgaitasuna duten, babes behar handien duten eta lan merkatuan barneratzeko zailtasun handien duten pertsonen gizarteratzean.

• Euskadin desgaitasuna duten pertsonentzako programak eta enplegurako politika aktiboak zuzendu eta horien barne kudeaketa hobetu.

Hori guztiagatik, Ohiko Osoko Bilkuran mozio hau onartuta, Udal Gobernu hau Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egitera konprometitzen da, lege hau onartzeko beharra gogoraraziz, eskatuz:

• Desgaitasuna duten pertsonen enplegurako politika aktiboak arautzen dituen dekretua onartzea, argitaratzea eta abiaraztea.

• Enplegu Zentro Berezien erregistroa martxan jartzea.

Erabaki hau udal webgunean eta komunikabideetan argitaratuko da.”

Mikel Arrutik kritikatu EAJk bere mozio alternatiboan kendu egiten dituela mozio orijinaletik Eusko Jaurlaritzak azken zortzi urteetan gai honetan izan duen utzikeriaren aipamena.

Jose Angel Sanchezek dio ados dagoela bi elkarteek aurkeztutako mozioarekin ez ordea bertan jasotzen diren zenbait esaldirekin “Eusko Jaurlaritzaren utzikeria” adibidez hori ez delako egia. Bere ustez, honelako gai bat ahobatez onartu beharko litzateke.

Bilkuran diren Arrastalo eta Aldurako ordezkariak hartu du hitza eta dio beraiek ez dutela sesioa piztu nahi, baizik eta egoerak eskatzen duen konpromisoak eta laguntzak lortu Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari presioa egiteko. Beraiek Lezoko udalaren konpromisoa lortu nahi dute, eta hori EAJren mozioa alternatiboa onartuz lortzea berdin zaie.

EH Bilduko Ainhoa Zabalok dio taldearen lehen asmoa elkarteek aurkeztutako mozioa onartzea zela baina hemen entzundakoak entzun ondoren eta korporazioaren ahobatezko konpromisoaren mesedetan eta elkarteak horretarako ados egonik, aldeko botoa emango diotela mozio alternatiboari.

EAJk aurkeztutako mozio alternatiboa bozkatu eta ahobatez onartu da.

2. Kale garbitzaileen mozioa.

Alkateak dio uztailaren 20an kale garbitzaileek erregistratutako mozio eskaera ez duela bilkura honetako gai zerrendan sartu aurrez udal teknikariak eta enpresak aztertu behar dituztelako. Behin txostenak eskuratu ondoren egingo direla behar diren bilerak.

Jendartetik langileen ordezkari batek hartu du hitza eta dio Serbitzu kontratak langile bat lekualdatu nahi duela beste herri batera. Langileak ez daudela ados eta lehendik ere eskaintza baino langile bat gutxiago duen zerbitzua behar bezalako lan baldintzak izatea eskatzen dutela eta horretarako udalaren babesa eskatu dutela, enpresaren inposaketaren aurrean.

Alkateak dio txostenen ondoren egingo direla bilerak.

3. 2018ko maiatzaren 31n ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2018ID200003).

Akta inolako aldaketarik gabe onartu da.

4. HIE 15 Algeposa 2ko (Lehen 6 Poligonoa) “E-3” edo “I” eta E-4 edo “J” Eraikinen Xehetasun Azterlanaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2018H0400001).

Lezoko Udalak 2018ko maiatzaren 14ko 2018/514 Alkatetza Dekretuaren bidez, TRANSTIC, S.Ak sustaturiko HIE 15 ALGEPOSA 2KO (lehen 6 poligonoa) “E-3” edo “I” eta “E-4” edo “J” Eraikinen gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2018ko ekainaren 1an, 105 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: HIE 15 ALGEPOSA 2KO (lehen 6 poligonoa) “E-3” edo “I” eta “E-4” edo “J” Eraikinen gaineko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea.

BI: TRANSTIC, Sari Xehetasun Azterlanaren dokumentazioa Lezoko HAPOaren erreferentziekin aurkezteko errekeritzea. 6 Poligonoa beharrean HIE 15 ALGEPOSA 2 jarriko da eta erreferentziak “E-3” eta “E-4” lursailak izango dira, “I” eta “J” eraikinen ordez.

HIRU: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea aurreko puntuan errekeritutakoa bete ondoren.

5. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena onartzeko diktamena, “Bizikleta eta oinezkoentzako Lezo eta Donibane arteko bidea egiteko proiektuaren” 2. zatia gauzatzeko eta finantzatzeko (1.2 zk. Ibilbidea: Errenteria-Pasai Donibane 01 008f zatia) (2018H0360003).

“Bizikleta eta oinezkoentzako Lezo eta Donibane arteko bidea egiteko proiektuaren” 2. zatia gauzatzeko eta finantzatzeko (1.2 ZK. Ibilbidea Errenteria-Pasai Donibane 01 008F Zatia) Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzeko proposamena diktaminatu du Batzorde Informatibo Orokorrak.

Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako lau botorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea, “Bizikleta eta oinezkoentzako Lezo eta Donibane arteko bidea egiteko proiektuaren” 2. zatia gauzatzeko eta finantzatzeko (1.2 ZK. Ibilbidea Errenteria-Pasai Donibane 01 008F Zatia).

BI: Hitzarmen hau sinatzeko Alkatea ahalmentzea.”

Mikel Arrutik dio EH Bildu ez dagoela ados Aldundiari dagokion azpiegitura bat udalak egitearekin. Beste herrietan gertatu bezala Aldundiak egin eta ordaindu beharko lukeela.

Jose Angel Sanchezek dio egia dela bidegorrien azpiegitura Aldundiarena dela eta Lezoren eta Pasai Donibanen kasurako azpiegitura inportantea dela. Egia dela Dusi dirulaguntzak beste udal azpiegiturentzat ere bideratu izan ahal genuela eskualdeko beste herriek egin bezala, baina Lezoko udalak azpiegitura hau eskatu zuela. Dio beste udal batzuetan ere antzerako hitzarmenak sinatu izan dituela Aldundiak. Horregatik berak alde bozkatuko duela dio.

Idazkariak dio azpiegitura aldundiarena dela eta elkarlanaren hitzarmenak behar duen memoria justifikatiboa gehitu zaiola espedienteari. Batzorde berriemailean txosten juridikoaren berri ematez gain ohartarazi zuela ordurarte zegoen memoria ez zela nahikoa eta orain gehitu dena berriz iruditzen zaio ez duela behar bezala justifikatzen udalaren finantzazioa. Akordioak onartzeko behar zuen gehiengo osoaren aldeko botoak lortu dituela dio.

6. 2017 ekitaldiko kontu orokorra behin betiko onartzeko diktamena (2018KO080001).

Udal honetako Kontuen Batzorde Bereziak, 2018ko maiatzaren 14an egindako bilkuran, bere oniritzia eman zion 2017 ekitaldiko Kontu Orokorrari.

Kontu Orokorraren espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon da araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez da haren aurka aurkeztu.

Beraz, proposatzen da 2017 ekitaldiko Udal Kontu Orokorraren behin betiko onarpena.”

Hori ikusirik, Batzorde Informatibo Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako lau botorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: 2017 ekitaldiko Kontu Orokorra onartzea.

7. Kontuhartzailearen eta Diruzainaren txostenak.

Udal kontu-hartzailearen bi txosten eta diruzainaren diruzaintza planaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin uztailaren 19ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hauek dira banatutako txostenak:

1. 2018ko 2. hiruhilekoari dagokion ordaintzeko bataz besteko epeari (OBE) buruzko txostena.

2. 2018ko finantza eta aurrekontuen arloko informazioa (21/2003 Foru Arauaren 49.3 art.)

3. Diruzaintza plana: 2018ko irailetik azarora bitartekoa.

8. 2018. Urterako udal langileen ordainsariak igotzeko diktamena (2018PE290003).

2018ko ordainsarien igoerari dagokionez, 2018-07-04an Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean; arau horrek aukera ematen du neurriak hartu, eta administrazio publikoko langileen ordainsaria igotzeko.

Hain zuzen, Lege horren 18-Bi artikuluak hau xedatu du:

2018. urtean, sektore publikoko langileen ordainsarien igoera globala ez da inola ere izango 2017ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariak baino %1,5 handiagoa, konparatutako bi denboraldien homogeneotasunari dagokionez, hala langileei begira, nola antzinatasunari begira.

Horrez gain, prezio egonkorreko Barne Produktu Gordinaren (BPGd) igoera 2017an %3,1era iristen bada edo ehuneko hori gainditzen badu, 2018ko uztailaren 1etik aurrera beste igoera bat egongo da ordainsarian, hain zuzen, 0,25ekoa.

Gainera, soldata-masaren %0,2ko igoera gehigarria baimendu ahal izango da, besteak beste, produktibitatea edo efizientzia hobetzeko planak edo proiektuak abiarazteko, funtzio berdintsuak dituzten lanpostuen arteko berariazko osagarriak berraztertzeko, lanpostu-mailako osagarriak homologatzeko edo pentsio-planei ekarpena egiteko. Artikulu honetan definitutakoaren arabera 2017ko ekitaldian aurrekontuko superabita duten erakundeetan, igoera gehigarri hori %0,3koa izan daiteke.

Era berean 5/2017 Legeak, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, sektore publikoko zerbitzuko langileen urteko guztizko lansariak %1,5ean igotzea aurreikusten du.

Bestalde, 7/1985 Legearen 103 bis arabera, tokiko korporazioei dagokio urtero udal langile laboralen soldata masa onartzea.

Horiek horrela, Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Udal langile laboralen 2018. urteko soldata masa onartzea, guztira 182.003€.

BI: Udal langileen ordainsariak, eta ordainsarietan jasotzen diren kontzeptu guziak %1,5ean igotzea 2018. urteko urtarrilaren 1etik aurrera, 2017ko abenduaren 31ean indarrean zeuden soldaten aldean.

HIRU: Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legea kontuan izanik, eta 18-Bi artikuluan ezarritakoak betetzen ba dira:

- %0,25eko soldata-igoera gehigarria gauzatzea,2018-07-01etik aurrerako eraginarekin.

- soldata-masaren %0,2ko igoera gehigarria baimentzea edota %0,3koa 2017ko ekitaldian aurrekontuko superabita egon ba da, Legeak igoera hau gauzatzeko ezarritako eskakizunak betetzen ba dira.

LAU: Aipatu igoerak aplikatzea udal langileen nominetan.

9. 2018ko Lan Postuen Zerrendaren aldaketari hasierako onarpena emateko diktamena (musika irakasleen lan portzentajeak) (2018PE290002).

2018/2019 ikasturterako Musika Eskolako matrikulazio ofizialaren kanpaina amaituta, zuzendariak matrikulazio datuak aurkeztu ditu, eta datu horien baitan 2018ko irailaren 1ean hasiko den 2018-2019 ikasturtean musika-tresna bakoitzari dagozkien dedikazio portzentajek kalkulatu ditu.

Funtsezko aldaketarik aurreikusten ez bada ere, musika-tresna batzuen dedikazio portzentajek alda daitezke, egin daitezkeen matrikulazio berrien edota ikasturte hasierako bajen baitan. Halere, aldaketa txikiak izango direla aurreikusten da. Balizko aldaketa hauek 2019. udal langileen Lan Postuen Zerrenda orokorra onartzeko garaian kontuan hartuko dira.

Horiek horrela, Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2018ko Lan Postuen Zerrendaren aldaketari. Bertan, 2018/2019 ikasturtean irakatsiko diren instrumentu bakoitzaren lan postuaren lanaldien ehunekoak ezartzen dira. Dedikazio portzentaje hauek 2018ko irailaren 1ean indarrean sartuko dira.

BI: 2018/2019 ikasturteko lanaldien ehunekoak hurrengoak izango dira:

- Perkusioa + osagarriak: %26,83.

- Pianoa + osagarriak: % 25,50.

- Akordeoia + osagarriak: 16,92.

- Flauta + osagarriak: %12.

- Musika Mintzaira: %6,25.

- Trikitixa + osagarriak: %24,17.

- Saxofoia + osagarriak: %16.

- Biolina + osagarriak: %10,67.

- Tronpeta + osagarriak: %12.

- Klarinetea + osagarriak: %13,33

- Gitarra + osagarriak: %25,5.

- Txeloa + osagarriak: %6,67.

HIRU: Informazio publikorako 15 eguneko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

10. Bekoerrota kiroldegiko frontoiari eta Goiko plazakoari, proposatutako izenekin plakak jartzeko diktamena (2018KI320032).

Udalean Bekoerrota kiroldegiko frontoiari “Koldobike Gezala Udal Pilotalekua” eta Goiko Plazakoari “Josetxo Etxandi Udal Pilotalekua” izenak ematea eta hori adierazteko izena jasotzen duen plaka bana jartzea proposatzen duen eskaera jaso da.

Bi herritar horien familiak proposamena ezagutzen dute eta beraien oniritzia dago, herritar talde baten izenean Joxeluix Agirretxe eta Agustina Pontestak eginiko lehen proposamen bat berea egin eta Lezoko Arkirun Pilota Klubak (pilota arloan lanean aritzen den herritar ezberdinen bilgunea izanik)egiten du proposamena eta esan behar da ere, aipatutako eraikinek ez dutela aurretiko izendapen propiorik.

Guzti hau kontuan izanik eta eskaeran jasotzen den bi herritar horiek nabarmentzeko argudioa azterturik, Batzorde Informatiboaren aldeko diktamenarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Lezoko Bekoerrota Kiroldegian kokatua dagoen frontoiari “Koldobike Gezala Udal Pilotalekua” izena ematea eta bertan hori adierazten duen plaka bat jartzea.

BI: Lezoko Goiko Plazan kokatua dagoen frontoiari “Josetxo Etxandi Udal Pilotalekua” izena ematea eta bertan hori adierazten duen plaka bat jartzea.

11. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

11.1.- Irlentz Ortegak kirol inguruko berriak eman ditu: kirol instalazioak itxi egingo direla udarako egun batzuetan mantentze lanak egiteko, kirol elkarteko dirulaguntzak banatzeko dirulaguntza mahaia bildu berri dela, Euskal Herria Plazan eta Altamiran parke osasungarrietarako gailuak jarri direla; eta , Santakrutz festetan onartu berri diren frontoietan izen berriekin bi plaka jarriko direla.

11.2.- Miguel Angel Sanchezek dio Altamirarako igogailuaren obrak egiteko kontratua sinatu dela eta epeak martxan daudela; Elia Salaberriako espaloia berritzeko obrak kontratatzeko lehiaketa martxan dagoela eta Eskola Garraioa zerbitzua kontratatzeko lehiaketa ere. Orain bidegorriaren jarriko dela martxan behih lankidetza hitzarmena onartu ondoren.

11.3.- Alfredo de la Puentek dio Musika eskolako matrikulazioa ondo joan dela 289 matrikula daudela oraingoz hurrengo ikasturterako.

12. Galde-eskeak.

12.1. Ainhoa Intxaurrandietak eskatu du Kale Nagusiko 28an dagoen gai organikoen hondakinontzia aldatzeko: kiratsa handia duela, hustutzen denean likido lixibiatu guztia Kale Nagusian barrena zabaltzen duela bilketa kamioiak, etab. Jendea kexatu dela baina ez dela inor pasa garbitzera.

Miguel Angel Sanchezek dio Sanmarko mankomunitatearekin hitz egin dutela kamioia konpontzera eramateko.

12.2.- Mikel Arrutik galdetu du zertan den dirulaguntza araudiaren azken aldaketa. Idazkariak dio alegazioak tarteratzeko jendaurreko epean dagoela.

Eskatu du ere kontratatutako enpresen hizkuntza betebeharrak zaintzeko.

Galdetu du Altamirako igogailua martxan jarri eta gero eskola garraio zerbitzua mantenduko den. Miguel Angel Sanchezek esan dio igogailua ez dela instituturaino iristen eta mantenduko dela.

Galdetu du nola joan zen merkatariekin egindako bilera. Jose Angelek esan dio oso gutxi azaldu zirela eta irailean beste bat egitekotan direla.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:55ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1432589tik 1432597ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna