2019KO EKAINAK 15

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2019ko ekainaren 15an, larunbata, goizeko 11:30ean, eratu da OSOKO UDALBATZA, iharduneko Alkate-Lehendakariak egindako lehen deialdian, maiatzaren 26ean izandako udal hauteskundeetan hautatuak gertatu ziren zinegotziak, eta hauek dira: Mikel Arruti Salaberria, Miren Ormazabal Urkizu, Aitzol Saizar Viaña, Ainhoa Inxaurrandieta Ezkurra, Axier Irastorza Alustiza, Mireia Cuesta Unzain (EHBILDU) Jesus Maria Martiarena Jaca, Laura Martinez Vizuete, Irlentz Ortega Ugalde, Laura Muñoz Aguado, Ion Pombar Hospitaler, Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV), eta Jose Angel Sanchez Gallardo (PSE-EE (PSOE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Bilkura honen xedea Udalbatzaren eraketa da, ondorengo prozedura honen arabera:

1.- Adineko Mahaia eratzea.

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

4.- Alkatearen hautaketa.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

1. Adineko Mahaia eratzea.

Idazkariak biltzarrari hasiera emanik, Adineko Mahaia eratu da, ekainaren 19ko Hauteskunde Erregimen Orokorraren 5/1985 Lege Organikoko 195.2 artikuluan eta, halaber, hau aldatzen duen martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoan aurreikusten den bezala. Adineko mahai hori eraturik geratu da, batetik Jesus Maria Martiarena Jaca da mahaia presiditzen duena, adinez nagusiena izaki, eta bestetik Aitzol Saizar Viaña zinegotzia adinez gazteena.

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

Bilkurara azaldu diren zinegotzi gaien kredentzialak egiaztatu dira eta baita ere haiek aurkeztu beharreko ondare-ondasunen aitorpena eta bateraezintasun kausen eta jardueren aitorpenak aurkeztu izana. Hamahiruek aurkeztuak dituzte aipatu dokumentuak.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

Aurreko egintza hori buruturik eta batzarraldi honetara hamahiru zinegotzi hautatu etorri direla kontuan izanik, beraz, legezko gehiengo absolutua, Adineko Mahaiburuak zinegotziei karguaren jabetza eman die, aldez aurretik promesa jasorik legez ezarritako formulari jarraiki, Adineko mahaiko lehendakariak irakurri duelarik.

EH BILDUko zinegotziek “Legeak behartuta, Euskal Errepublika lortu arte” erantzun dute; EAJ-PNVekoak “Legeak horrela aginduta, bai” eta PSE-EE (PSOE)ko zinegotziak “Hitz ematen dut” erantzun dute.

4.- Alkatearen hautaketa.

Adineko mahaiburuak, Jesus Maria Martiarena Jacak, bildutakoei adierazi die ezen, Hauteskunde Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. artikuluak xedatzen duen bezala, Udalbatzaren Erakuntzarako batzarraldi berean egin behar dela Alkatearen hautaketa.

Batzarraldi honetan alkatetzarako hautagaiak Mikel Arruti Salaberria, Euskal Herria Bildu (EHBILDU), Jesus Maria Martiarena Jaca, Eusko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV) eta Jose Angel Sanchez Garrido, PSE-EE(PSOE) hautets zerrenda buruak eta alderdiko zerrenda-buruak dira. Jose Angel Sanchez Garridok, PSE-EE(PSOE) hautets zerrenda buruak bere hautagaitza erretiratu du.

Hautesleei paper zuri bana banatu zaie eta seinalatu zaie, paper horretan idatzi behar direla alkatetarako bozkatu nahi den zinegotziaren izena eta abizenak, eta paperak tolesturik entregatu.

Paper guztiak jaso ondoren botoen zenbaketa egin da, adineko mahaiko gazteenak ozenki irakurriz paper bakoitzean alkatetarako proposatutako zinegotziaren izena eta abizenak, eta hau izan da emaitza:

- Mikel Arruti Salaberria 6 boto.

- Jesus Maria Martiarena Jaca 7 boto.

Bozketa horren emaitza ikusirik, eta alkatetzarako hautagaietako batek botoen gehiengo osoa eskuratu duenez, hauteskunde araubideak dioenaren arabera, bera izango da alkate. Beraz, Jesus Maria Martiarena Jaca (EAJ-PNV) zinegotzia gertatu da Lezoko alkate aldarrikatua.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

Alkatea hautaturik suertatu ondoren, Jesus Maria Martiarena Jacak kargua onartu eta betetzeko hitza eman du.

Mikel Arruti Salaberriak hartu du hitza. Gaurko bilerara gerturatu ezin izan direnak izan ditu gogoan. Besarkada bat bidali dio Fanekas lezoar presoari eta gainontzeko euskal presoei, 943 egun preso daramaten Altsasuko gazteei, Kataluniako preso politikoei eta Kataluniar herriari. Eskerrak eman dizkie bere bozka eman zieten 1.418 herritarrei eta eskertu ditu ere beste aukerak bozkatu zituzten bozkatzailei.

Dio berak sinesten duela desberdin arteko lankidetzan, aberatsa dela. Eta horregatik deitu ziotela EAJri eta azaldu omen zieten elkarlanerako gonbitea. Pentsatuko zutela eta deituko zietela. Atzo esan omen zieten PSErekin hitzartua zutela legealdia. Ez dutela alkatetza lortu, eta alkatetza ez zela helburu bakarra, tresna baizik, beste helburuak bideratzeko eta Lezo irekiago batentzako bidean. Halere irribarrea mantentzen dutela dio.

Aukera aprobetxatu nahi du, gaur etorri ezin izan duten bere gurasoei eskerrak emateko: azken urtebete gogorra izan dutela familian eta, halere, gurasoak beti izan dituela aldamenean beraren lan karga arintzen. Eskerrak eman dizkie eta izugarri maite dituela esan du.

Martzelino Legorburu “Argiñane”, lezoarrak alkate aukeraketei bertsoa jartzeko ohiturari eutsiz, asko gustatzen zaion Julio Sotoren bertso bat abestu du Mikel Arruti. Honela dio bertsoak:

Ez da uste bezain zaia

Zoriona aurkitzea

Bestei pakea eman

Zein norberak sentitzea

Baldintza derrigorra da

Orainean gelditzea

Burua atzoan edo

Geroan ez ipintzea

Nahiz gertatu gozatzea

Bezalaxe sufritzea

Ondoan norbait sortzea

Ondoan norbait hiltzea

Nahiz gertatu gozatzea

Bezalaxe sufritzea

Bere poz eta bere min

Ederra da bizitzea.

Gora Lezo esanez bukatu du bere mintzaldia Mikel Arrutik.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 11:40ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1432689tik 1432691ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna